Kontzeptua

Itzulpengintza Euskal Herrian

Itzulpengintza literarioaren aldetik, pentsatzekoa da euskal ahozko literaturan eta esaera zaharren bildumetan itzulpenaren lekukotzak ere agertzen direla (are gaztelaniaren jatorritzat jotako X. mendeko glosetan ere), baina anonimotasunak eta iturrien urrunak gandututa daude. Bestalde, testu arkaikoen bildumetan ere azaltzen dira beste testigutza batzuk ere, askotarikoak gai aldetik (are administrazio eta lege alorrekoak ere); dena dela, printzatxoak baino ez dira, mende horietan literatur genero klasiko eta ospetsuenen itzulpen ezagunik ez baita agertzen, erlijio itzulpengintza utilitarista nagusi gertatzen zen-eta.

Gaur arte ezagun diren testuak gogoan, euskal itzulpengintza 1571. urtean hasitakotzat jo beharra dago, urte hartantxe heldu zen-eta plazara Joana Albretekoa erreginak eraginik eta babesturik Joanes Leizarragak itzulitako Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, euskal literatura leheneko bigarren idazlanik ospetsuena.

Leizarragak latinezko bulgata eta haren arabera eginiko frantsesezko zenbait itzulpen erabili zituen. Lantalde bat aritu zen, Leizarraga taldearen zuzendari zela: Landetxeberri, Tardetz eta Tartas zuberotarrak, eta Joanes Etxeberri lohitzundarra. Beste lan batzuk ere itzuli zituzten: ABC edo Christinoaen Instructionea othoitz eguiteco formarequin izeneko katixima eta Kalendrera (erlijio jaiak kokatzeko ilargi egutegi betiereko bat).

Literatur historiaren aldetiko garrantzi ukaezinaz gain, lan horiek esanguratsuak dira, bateko, gaur arte heldu den ekialdeko itzulpen modu "klasiko" baten eredu bihurtu zirelako; besteko, Leizarragak berak Testamentuaren aurkezpenean aitortu bezala, eskura aurreko belaunaldietakoek izkiriaturiko tradiziorik ez izatearen ondorioz, itzulpen molde bat asmatu beharrean egon zirelako, itzulpengintzaren aldetik eginbehar handi bati izan baitzuten aurrez aurre: hartzaile zen herriarentzat testu ulergarria egitea letra (eta edukia) traditu gabe.

Aipatu beharrekoa da Joana Albretekoa erregina nafarrak unibertsitate bat ere bultzatu zuela, eta haren bidez eta itzulpengintza zela medio, euskara goi mailako zereginetarako jorratzeko bidean jarri zuela, baina bide hura etenda geratu zen protestanteen mugimenduak pairatutako jazarpen politikoaren eta erlijiosoaren ondorioz (1994. urtean egoera aldez zuzendu zen, Bibli Elkarte Batuak itzuliriko Elizen arteko Bibliari esker).

Erromako Elizak Trenton abian jarri Kontrarreformak katolikoen ikuspegiaren araberako erlijio testuen itzulpengintza abiarazi zuen, hizkuntz ikuspegiaren aldetik ere estuagoa zelarik protestanteenaren aldean, Jainkoaren hitzaren interpretazio katolikoa bestelakotzearen beldurragatik.

Sekularizatze bidea zein neketsu gertatu zen konturatzeko, begiratu besterik ez dago XIX. mendea arte zen gertatu zen, euskal ekoizpenaren txikia gorabehera, Thomae Malleoli à Kempis monje alemaniarraren De imitatione Christi libri liburuak bost bertsio izan zituen-eta.

Besteak beste, nabarmendu beharrekoak dira Materre (Dotrina christianatik, 1617), Joannes Etxeberri Ziburukoa (Manual Devotionezcoa, 1627; Noelac, 1631; Elizara erabiltzeko liburua, 1636), Haranburu (Debocino eskuarra, mirailla eta oracinoteguia, 1635) eta Argaiñaratz (Avisu eta Exortacionea probetchosac bekhatorearentçat, 1641).

XVII. mendeko itzultzailerik oparoenetakoa Silvain Pouvreau da: Guiristinoen dotrina (1656), Philothea (1664) eta Gudu espirituala (1665).

Garai hartako lan sekular banaka batzuk ezagutzen ditugu: Mongongo Dassança zirujau-botikariak Laborarien abissua (1692) izenburuaz itzulitako Charles Estienneren Praedium Rusticum (1554) eta Piarres d'Etcheverryk 1677.ean itzulitako Liburu hau da ixasoco nabigacionecoa, oinarri hartuta Hoyarzabalen Les voyages aventureux du capitaine Martin de Hoyarsabal (1633).