Kontzeptua

Itzulpengintza Euskal Herrian

Euskaltzaindiak Xabier Mendiguren Bereziarturi antolatzeko agindua emandakoan, 1980. urtean Martuteneko Itzultzaile Eskolak itzultzaileak era egituratu eta sistematikoan prestatzeko lehen pausuak eman zituen. 1990. urtean itxi zuten eskola, besteak beste, titulazioak legeztatzeko arazoen ondorioz.

1984. urtean Martuteneko Eskolak Senez itzulpen aldizkaria sortu zuen, euskal itzulpengintzan ekarri teoriko ukaezina izan duena. Eratu zenetik, EIZIE elkartea arduratu da aldizkariaz. Gaur egun, sarean eskura daiteke, oso-osorik Senez.

Autonomia Estatutua onartu ondoren, haren mendeko hiru probintzietako administrazioak eta Nafarroakoak administrazio itzultzaileak eta interpreteak kontratatzen hasi ziren. Jaurlaritzak 1983. urtean EAEE/IVAP eratu zuen, eta hark administraziorako itzultzaileak trebatzeko Administrazio eta Lege Arloko Itzultzaile Eskola 1986an dekretu bidez abiarazi. 1991. urtean ateak itxi zituen, titulazioak homologatzeko arazoek eraginda, besteak beste.

IVAP erakundeak IZO itzulpen zerbitzu ofiziala ere antolatu zuen, eta egun haren bitartez Legeria euskaraz deritzon lege testu euskaratuen biltegia eskaintzen du.

Martuteneko esperientziatik abiaturik, 1987. urtean Lurdes Auzmendik, Juan Mari Lekuonak, Xabier Mendigurenek eta Josu Zabaletak Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea abian jartzeko akta sinatu zuten. "Urrezko Aroa" izendatu dugun aldia ezin uler liteke elkartearen eragintzarik gabe.

1990.ean eta 1991.ean Deustuko Unibertsitateak eta EHUk itzulpen masterrak jarri zituzten abian. EHUrenak itzulpen juridiko eta administratiboa jorratu zuen, batez ere.

1990. urtean Jaurlaritza Euskadi sariak ematen hasi zen, tartean Itzulpen Saria ere badela. Gaur arte banatzen iraun du, eta Gasteizko Udalak haur eta gazte literaturaren alorreko itzulpenak sariztatzeko abian jarritakotik at, itzulpen sari ia bakar eta garrantzitsuena da euskarari dagokionez.

1990. urtean Eusko Jaurlaritzak eta EIZIEk "Literatura Unibertsala" bilduma jarri zuten abian. Lehen aroan (1990-2002), 100 liburu itzuli plazaratu zituzten, Ibaizabal argitaletxearen bidez. Bigarren aroan (2002-2010), beste 52 liburu, Elkar eta Alberdania etxeen bidez. 2011. urtean hirugarren aroa hasi zen, Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeak arduratuko direla liburuak argitaratzeaz.

Nabarmentzekoa da lanak epaimahai batek esleitzen dituela, lehiaketa ireki bidez. Urtean-urtean aditu batzuek itzulgai zerrenda bat prestatzen dute eta izangaiek lanen laginak aurkezten dituzte, gutun azal itxien sistema erabilirik.

Aipatu bilduma unibertsal horretan agortutako liburuak ostera ere kaleratzen hasi dira Elkar argitaletxearen "Urrezko biblioteka" bildumaren bitartez. Lehenengo aroko liburuak sarean daude: Armiarma.

1991. urtean Klasikoak izeneko fundazioak "Pentsamenduaren klasikoak" bilduma itzuliari ekin zion, eta 2010ean helburuak beteak zirelakoan, 130 liburu argitara eman ondoren, proiektua amaitutzat ematea erabaki zuen. Lanak esleitzeko lehiaketarik ez zuen egiten, eta arduradunek eurek erabakitzen zuten itzulgaiak nori eman. Gaur egun itzulpen horiek sarean aurki daitezke: Pentsamenduaren Klasikoak corpusa.

Elkar argitaletxea 1983an literatura itzulia era sistematikoan plazaratzen hasi zen, izen handiko egileak euskarara ekarrita.

Igela argitaldaria 1989.ean literatura poliziako eta beltz itzulia argitaratzen hasi zen, eta azken urteotan bestelako azpigenero mota batzuk ere plazaratu arren, itzulpenari atxikia iraun du.

1991.ean Erein argitaletxea itzulpen laburrak plazaratzeko asmoz "Bartleby" bilduma argitaratzeari ekin zion, baina ez zuen luzaro iraun.

Alberdania argitaletxeak 1993. urtean eratu zutenetik, beti plazaratu izan ditu itzulpenak, eta zenbait egileren lanak gainerako hizkuntzetako edizioen epe berberetan aurkeztea lortu ere du.

Haur eta gazte literatura itzulia oso indartsua izan da beti, irakaskuntzari esker merkatu sendo-sendoa dutenez gero hartan argitaratzaileek.

2000. urtean EHUk Arabako Campusean itzulpengintza eta interpretazio lizentziatura antolatu zuen. Azken urteotan Bologna eredura egokitu dute. Ikerketa unibertsitarioak bultzada handia jaso du aspaldi honetan lizentziatura horri esker. EHUk bultzatu dituen beste itzulpen ekimen batzuk ere lerrotara ekarri beharrekoak dira: "Zientzia Irakurle Ororentzat" bilduma eta "LIMES" sorta (literaturaren bidez pentsamendua azaldu duten literaturagileen ahotsa jasotzekoa). Horiek ere deialdi publikorik gabe jardun dute.

Ikus-entzunezkoen eta hedabideetako itzulpenak indar handia hartu zuen EITB eta euskarazko beste hedabide nahiz produkzio etxe eratu zituztenean, baina gaur egun krisialdi larrian murgilduta dago.

Itzulpengintza baditu beste bi alde, ezinbestean aipatu beharrekoak: interpretazioa eta zuzenketa. Aspaldi honetan gorabidean doazen bi alorrak dira.

Eusko Jaurlaritzak euskarazko zinpeko itzultzaile eta interpreteak izendatu zituen 2010. urtean, eta errolda ofizial bat du abian.

EIZIE elkarteak bi egitasmo aipagarri ditu abian jarrita sarean: Euskal Literaturaren Ataria, Basque Literature, eta ItzulBaita, euskal itzulpengintzaren etxea, erreferentzi gunea eta antena izateko sortutako egitura. Gainera, webgunean bi katalogo eskaintzen ditu: literatur itzulpenena eta itzulpenen orokorra.

2004. urtean Euskal Pen Kluba eratu zuten idazle eta itzultzaile batzuek, eta egun Itzulpena eta hizkuntza eskubideak deritzon egitasmoa du abian klubak.

Softwarearen lokalizazioa alor berri samarra den arren, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1981-1982 ikasturtean ikas material mota guztiak (baita ikus-entzunezkoak eta softwarea ere) euskaratzeko egitasmoa abian jarri zuenetik, oso katalogo garrantzizkoa eratu dute.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak informatika alorreko programa erabil-erabiliak euskaratzeko ahalegin nabarmena egin du aspaldion: Euskarazko softwarea deskargatzea.

Sarean gero eta hizkuntza eta teknologi baliabide ugariagoak egoten dira denon eskura, eta horrek itzulpengintzaren kalitatea eta kantitatea areagotzen ditu inoiz ikusi ez bezalako neurrian.

Euskal itzulpengintzan azken urteotan teknologi berrikuntza nabarmena gertatu da, eta itzultzaileak ordenagailuz lagunduriko itzulpengintzan murgilduta dabiltza, are literatura euskaratzean ere.

Teknologiaren alorrean ere aipatu beharrekoa da Euskalterm izeneko terminologiako banku publikoa, itzultzaileei eskaintzen dien laguntza tekniko eta zientifikoagatik. UZEIk sortu zuen 1987an, eta 2001ean publiko bihurtu zen, UZEIren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenaren ondorioz. Bestalde, itzulpena automatizatzeko tresnak garatzen hasi dira erakunde publikoak nahiz pribatuak.

Noraezekoa da beste gertaera aipagarri baten kontu ematea: euskal itzulpengintzan emakumeek XX. mendetik aurrera duten protagonismo eta ikusgarritasun gero eta handiagoak.