Kontzeptua

Itzulpengintza Euskal Herrian

Gerra Zibilak eta Frankoren Diktadurak kultur eten handia sortu zuten euskarazko ekoizpenean, eta horrek zuzen eragin zion itzulpengintzari, batez ere jorratu behar izan zutelako erbestean eta ekialdeko probintzietan, Frantziaren eskumenekoetan. Mendebaldeko probintzietako euskarazko kultur basamortuan, Eliza Katolikoaren ingurukoek jardun zuten batez ere itzulpenean.

Itzulpengintzaren aldetik, bi gertaerak berebiziko garrantzia dute: Euskaltzaindiak Arantzazun 1968.ean batuaren oinarriak onartu izanak, itzulpengintzan ere apurka islatuz joan zela, eta Autonomia Estatutua onartu izanaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak euskarazko kultur eta irakaskuntza politikak abiarazi izanak.

Ekimen pribatuen artean, aipagarri da Itxaropena argitaletxearen "Kulixka Sorta" bildumaren hasiera, Jon Svensson jesuitaren Nonni und Manni (1914) lanaren gainean Plazido Mujika jesuitak alemanetik euskaraturiko Noni eta Mani. Islandiar mutiko biren gertaldiak (1952) liburua.

Bilduma berekoak dira, esate baterako, Jon Etxaidek Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia eleberriaren gainean eginiko Itxasoa laño dago (1959) itzulpena eta Anjel Goenagak euskaraturiko Hemingwayren Agurea ta itxasoa (1963). Sorta berean agertu zen Luis Jauregi "Jautarkol" apaizak itzulitako Paskual Duarte'ren sendia (1967), Camilo Jose Cela Nobel espainiarrarena.

Andima Ibinagabeitiak eta Santi Onaindia karmeldarrak Virgilioren lan guztiak euskaratu zituzten: Idazlanak osorik: Unai-Kantak; eta Alor Kantak. Enearena (1966). Onaindiak berak, bakarrik, euskarara ekarri zituen, besteak beste, Horacioren Odak (1955.enetik aurrera, hainbat zatitan), Evtushenko, Machado, R. Tagore eta hainbat olerkariren poemak, Danteren Jainko-antzerkia (1985) eta Homeroren Odisea (1985). Gogoratu beharra dago Intxauspek 1892. urtean Danteren comediaren lehen zatia euskaratuta utzi zuela.

Jon Gotzon Etxebarria "Dirauket" apaiz bizkaitarrak (1934-1996) euskarara ekarri zituen Carmina Burana bildumako poema batzuk, Anakreon, Boezio, Horazio, Katulo, Martzial, Safo eta beste klasiko batzuk; Esopo, Fedro eta Perraulten alegi batzuk; baita Jean Aicard, Machado, Mistral eta beste zenbait poeta modernoago ere.

Dena dela, itzulpengintzaren nahiz kulturgintzaren aldetik, ezinbestean ekarri behar da lerrootara berriz Jokin Zaitegi jesuita (1906-1979). Gerra ostean erbesteratutakoan, 1950.ean Euzko-Gogoa aldizkaria eratu zuen, hainbat euskal idazle atzerriraturen biltoki izan zena. Gerra aurreko lanez gain, ondoko lanak euskaratu zituen: H.W. Longfellowen Ebanjeline (1945) [Evangeline, A Tale of Acadie], Sofoklesen antzerki guztiak (1946-1958), Euripidesen Medeia (1963), eta erbestetik bueltatuta, Platonen solasaldiak (1975-1979).

Itzultzean Zaitegik joera formalista itxi samarra zerabilen, jatorrizkoaren hizkuntz egituretatik hurbil, baina Olabide eta Seber Altuberen ereduen jarraitzaile izatearen ondorioz, maileguak alde batera utzi eta euskal jatorrizko adierazpideetara jotzen zuen.

Toki nabarmena merezi du beste erbesteratu batek, Andima Ibinagabeitiak (1907-1967), abadea ez izanagatik ere, eragin nabarmen-nabarmena izan zuelako. Lan handia egin zuen Euzko-Gogoa aldizkarian. Onaindiarekin batera itzulitako Virgilioren lan guztiez gain, Ovidioren Ars Amandi euskaratu zuen, Maita-bidea (1952), adiskide eta ikasle zuen Jon Miranderekin erotismorako bidea zabaldu zuela euskal literaturan eta itzulpengintzan. Benaventeren La fuerza bruta, Abere-indarra (1953) ere ekarri zuen euskarara. Azkue, Mirande, Olabide, Orixe eta Peillenekin bat egiten zuen hizkuntz ereduari zegokionez, eta euskara batzearen alde irmo agertu zen.

Bedita Larrakoetxeak (1894-1990) Shakespeareren lan itzuli batzuk argitaratu zituen Euzko-Gogoan: Macbeth (1957), Lear erregea (1958) eta Ekatxa [The Tempest] (1959). Euskal Herrira itzulita, Shakespeareren literatura dramatiko itzuli guztia plazaratu zuen 1974tik 1976ra bitartean. Hizkuntz ereduaren aldetik, bizkaiera garbizale samarra zerabilen.

Bingen Ametzagak (1901-1969) ere erbestetik itzuli zuen Shakespeare: Hamlet. Danemark'eko Erregegaya (1952). Gainera, Eskilo, Goethe, Juan Ramon Jimenez, Plinio, Wilde, Zizeron eta beste batzuk ekarri zituen euskarara.

Euskal idazleek betidanik esku hartu dute gustukoen zituzten egileen lanak euskaratzen, eta joera horrek oso isla nabarmena izan du XX. mendetik aurrera: Maria Dolores Agirrek batez ere dramaturgoak euskaratu zituen, besteak beste, Baroja, Buero Vallejo, Casona, Lorca, Tagore; Jon Mirandek Baudelaire, Bocaccio, Hemingway, Kafka, Nietzscheren, Poe, Saki eta beste egile batzuen zatiak eta poemak -batzuk duela gutxi arte ezezagunak ziren-; Gabriel Aresti, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandiak Eliot euskaraz (1983) plazaratu zuten; Sarrionandiak Pessoaren Marinela (1985), hainbat portaren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), Coleridgeren Marinel zaharraren balada (1995) eta Manuel Bandeiraren Antologia (1999).

Joxe Austin Arrietak Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak (1985), Jaume Fuster (Beirazko giltzak, 1997), William Golding (Eulien ugazaba, 1990), Max Frisch (Homo Faber, 2001) eta Proust (Denbora galduaren bila - Swann-enetik, 2010) [À la recherche du temps perdu Du côté de chez Swann].

Juan Kruz Igerabidek Baudelaireren La Fanfarlo (1991) euskaratu zuen, eta egile klasiko batzuen bertsio laburtuak: Homero, Ovidio...

Koldo Izagirre Castelaoren Retrincos eman zuen Zirtzilak izenburuaz eta Un ollo de vidro lanaren ordainez Kristalezko begia (1986); Novoneyraren Bazterrak / Os Eidos (1988); Maiakovskiren Poemak (1993); Prosper Merimeren Mateo Falcone (1995); Victor Hugoren Idi orgaren karranka (2002) eta Charles de Costerren La légende d'Ulenspiegel, Ulenspiegelen elezaharra (2007).

Mikel Lasak euskarara isuri zituen J.P. Sartreren Le Mur, Paretaren kontra (1980), Alfonso Sastreren [Historia de una muñeca abandonada, 1962] Bazterrean utzitako panpinaren ixtorioa (1984), Marcel Schwoben Mimoak (1985) eta Rimbauden Denboraldi bat infernuan (1991) eta Poemak (1993).

Itzultzaile jardun ohi duten beste idazle batzuk ere aipatu beharrekoak dira: Jon Alonso, Xabier Amuriza, Begoña Bilbao, Itxaro Borda, Andolin Eguzkitza, Lukax Dorronsoro, Jüje Etxebarne, Luzien Etxezaharreta, Felipe Juaristi, Juan Kruz Igerabide, Pello Lizarralde, Pello Otxoteko, Jose Luis Padrón, Eider Rodríguez, Patxi Zubizarreta...

Idazletzarekin zerikusia duen beste gertaera baten berri ere jaso beharrekoa da noraezean: euskal idazle batzuek beren buruaren itzultzaile izatea, dela gaztelaniara, dela frantsesera. Ezin aipatzeke utzi horietako batzuk, itzulpenak barik, egokitzapenak edo bertsio emendatuak ala laburtuak izateraino ere heltzen direla.