Kontzeptua

Euskal Herriko soinu-tresnak

Txalapartaren1 itxura ez da beti eta toki guztietan berdina izan. Txalaparta tradizionalean itxurari buruz, gehien azaltzen zaiguna honakoa da:

Bi euskarri; otarrak edo saskiak ahoz behera jarririk, aulkiak edo bankuak. Hauen gainean, isolatzen duen zerbait; arto-hostoa (maizorria), belar idorra, zaku zaharrak,... Gainean horizontalki jarririk, gutxi gorabehera bi metro luze, hogei zentimetro zabal eta sei zentimetro lodi den ohol bat.

Jotzeko lau makila. Hauen luzera eta itxura desberdina izaten da tokiaren arabera: Luzera, Lasarteko Zuaznabartarrenak 52 zentimetro, Astigarragako Goikoetxeatarrenak 60 zentimetro eta Billandegikoak 88 zentimetro. Hiru kasuetan makilak kono-enbor formakoak dira.

Jotzeko era: Horizontalki (eta erresonantzia galdu ez dadin, isolaturik) jarrita dagoen ohola jotzen dute bakoitzak dituen bi makilekin, goitik behera eta makilak bertikalki hartuz. Bi izaten dira joleak. Bien artean osatzen dute joaldiaren musika. Tokiaren arabera jole bakoitzak izen desberdina du: ttakuna edo tukutuna batek eta herrena edo urguna besteak.

Izen hauek adierazten dutenez, jole bakoitzak bere zeregina du. Batek ordena-oreka jartzen du eta besteak bikotekideak jarritako erritmoa desegiten eta desorekatzen du. Horrela jotzen dute, joaldian zehar erritmoa egin eta deseginez, gero eta azkarrago hautsiezinezkoa den lauko azkar eta orekatu batera iritsi arte.

Txalapartak baditu jotzeko arauak, eta hauek oso zehatzak badira ere, askatasun handia ematen diete jotzaileei bere sormena eta inprobisatzeko gaitasuna erabil ditzaten.

Batek "ttakun" edo "tukutun" deitzen dena egiten du, denbora guztian bi kolpe emanez, eta besteak, "ttakunak" jotzen dituen kolpe bikoitzen artean, "herrena" edo "urguna" deitzen dena jotzen du. "Herrenak " egiten ditu joko eta aldaketak, bi kolpe bezala kolpe bat nahiz batere ez sartuz, eta konbinazio desberdinak osatuz.

Honen gainetik bada beste aukerarik ere musika egiteko: hotsaren intentsitatearekin eta kolorearekin, tonuarekin eta abiadurarekin jokatzea.

Ramon eta Asentsio Goikoetxea.

Ramon eta Asentsio Goikoetxea. Erbetegi-Etxeberri, 1984.

Azken urteetan txalapartaren inguruan aldaketa batzuk sortu dira:

- Ohol bat, edo bi, eta palanka bat, bi edo hiru erabiltzetik, politonalitatearen aukerak handitu nahian, lau, bost edo ohol gehiago erabiltzera pasa da.

- Tradizioz jotzen diren ohol eta metalezko palankez gain, gaur egun, tinbrika edo kolorea aberastu nahian, harriak eta bestelako materialak ere erabiltzen dira.

- Aurreko joera tradizionalak erabiltzeaz gain, gaur egun asko zabaldu da jotzen diren erritmo errepertorioa. Bestalde, tonu gehiago erabiltzeak gaurko txalapartarekin joko melodikoak eta harmonikoak egitea eragin eta bultzatu du.

- Nagusiki baserritar ingurukoa izatetik, txalaparta kaletarra egin zaigu. Bakarlari izatetik, askotan musika taldeetako kide izatera pasa da, eta bere izaera berezia galdu gabe txalapartarekin hamaika musika mota jotzen dira.

Dena dela, badira txalapartak aldatu ez dituen betiko bere bi ezaugarri nagusi:

- Jotzeko alternantzia sistema eta inprobisazioa. Nagusiki biren artean (kirikoketa joeretan hiruren artean eta ote-jotzean lauren artean izan daitekeena) alternantzia sistema erabiliz jotzen da.

- Aukeratutako jo behar den erritmoan txalapartari bakoitzak, bere trebetasun, sormen eta inprobisatzeko gaitasunaren arabera, momentuan erabakitzen duena joko du, beti joaldi berria emanez.

Txalapartaren "aldaera" hau (askotan nahastu egiten dira txalaparta eta tobera izenak ere) ez da soinu-tresna bakarrik, baizik eta festa-giroan egiten den ekintza bat. Itxura aldetik aldaera batzuk badaude ere, arruntena honelakoa izaten da: gutxi gorabehera metro eta erdiko altzairuzko palanka. Bi muturretatik zintzilik dago, bi pertsonak sokekin helduta. Jotzeko 30 zentimetro luzeko lau burdin ziri.

Toberak, txalapartaren antzeko ekintzetan jotzen ziren, baina azken denboraldian izan zuen zeregin nagusia, bai Lesakan eta bai Oiartzun inguruan, eztei ospakizunei lotua dago. Lesakan Pregoi-egunean eta Oiartzun aldean eztei-egunean jotzen ziren. Toberen saioak txandaka egindako palanka joaldiaz eta kopla kantatzeaz osatzen ziren.

Bi jotzaileak. Bi burdin ziri dituzte, bat esku bakoitzean. Biekin txalapartarekin egiten den antzeko jokoa egiten da. Lesaka aldean, erritmoa markatzen dionari "bia" deitzen diote, eta "pikatzailea" edo "errepikia" besteari (bigarren honi Oiartzun aldean "bata").

Koplaria, bertsolaria. Honek, palanka joaldiarekin tartekatuz kantatzen ditu, bai saio hauen bertso zaharrak, saio horretarako prestatutakoak, eta bai bertso berriak bat-batean jarriak.

Gure tronpak2 giltza zahar baten itxura du. Itxi gabeko zirkulu antzekoa den uztaia. Muturretatik paraleloki bi beso ateratzen dira aurrealdera. Bi beso horien erdian, behatzarekin eraginez bibratzen duen altzairuzko mihi bat du. Dena metalezkoa da.

Tronpa, mosugitarra eta mosumusika, hiru izen hauekin ezagutzen da Euskal Herrian mundu osoan oso zabaldurik dagoen soinu-tresna hau.

Soinu-tresna txiki eta sinple hau Euskal Herrian asko jotzen omen zen joan zen mendera arte. Mende honen hasieran jotzaile batzuk baziren Gipuzkoan eta Bizkaiko Durangaldean.

Aita Donostiak idatzitakoan besteak beste honako informazioa irakur daiteke 3: Durangokoei "tronperriko" deitzen zieten goitizenez, bertan tronpak egiten baitziren, eta 1910 arte jo ere bai. XIX. mende hasieran, Hernaniko plazan "tronpa dantza" izeneko dantza egiten omen zen. Dantza honek izena erabilitako soinu-tresnetatik hartzen zuen, tronpekin (guimbardes) jotzen baizen.

Aita Barandiaranek esaten zuenez, XX. mendearen hasieran Ataungo plazan jendeak tronparen musikarekin dantza egiten zuen. Garai horretan Bedaioko Zumizketa baserriko J. A. Sarasola txistulari zenaren amak, ilunabarretan, etxeko sukaldean jotzen zuen tronpa txiki bat besteek kanta eta dantza zezaten.

Orio eta Aretxabaletan ibili ziren, biak eskaleak zirela, ezagutu ditugun azken tronpa-joleak.

Bedaioko Zumizketa baserriko etxekoandreak jotzen zuen tronpa.

Bedaioko Zumizketa baserriko etxekoandreak jotzen zuen tronpa.

1BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari (2004): Txalaparta eta beste aldaera zaharrak. (2009): Txalaparta.

2BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari (1996): Soinutresnak euskal herri musikan.

3DONOSTIA, P. (1952): Historia de las Danzas de Guipúzcoa-Instrumentos Musicales del Pueblo Vasco.