Kontzeptua

Euskal Herriko soinu-tresnak

Asko izan dira beraien ezaugarrietan oinarriturik soinu-tresnak sailkatzeko eta kategori edo multzo ezberdinetan taldekatzeko proposatutako irizpideak. Modu horretan soinu-tresnen arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak antolatu eta finkatu nahi izan dira.

Hona hemen soinu-tresnak sailkatzeko zenbait sistema:

  1. Soinu-tresnaren funtzio musikalean oinarrituak: melodikoa, erritmikoa, harmonikoa,...
  2. Bere osaketan parte hartzen duten materialen arabera: metala, zura,...
  3. Soinu-tresnaren hots iturrien eta akustikaren arabera.

Azken honetan oinarriturik, antolatu zuten 1914an, Erich M. von Hornbostel eta Curt Sachs alemaniarrek euren sistema. Musikologo hauek oinarrizko bost talde proposatzen dituzte, bosgarren taldea Elektrofonoena da, eta berau alde batera utziko dugu, momentuz herri soinu-tresnen esparrutik at geratzen baita.

Hauek dira Erich M. von Hornbostel eta Curt Sachsek proposatzen dituzten beste lau taldeak:

Idiofonoak

Bibratzen duen elementua soinu-tresnaren gorputza bera denean. Honek beraz, aparteko tenkaketarik ez du behar (sokek edo partxeek behar duten bezala) eta soinua sor dezaketen materialekin egina izaten da.

Menbranofonoak

Hotsa zabaldu eta tinkaturiko mintzaren bibrazioek sortzen dutenean.

Kordofonoak

Bibratzen jarritako soka tinkatuek osatzen dituzten soinu-tresnak dira.

Aerofonoak

Haizezko soinu-tresna esanda ere ezagutzen diren hauek oinarrizko bi elementu dituzte: aire-zutabea gordetzen duen hodi edo ontzia eta aire hori bibrarazteko behar dugun eragilea.

Talde hauen barnean, beste azpisailkapen batzuk egingo ditugu, ondoko aldagai hauen arabera:

  1. Hots bibrazio-eragilea (adibidez, haizezkoetan aire-zutabeari bibrazioak transmititzen dizkiona).
  2. Hotsa emango duen materiala eragiteko era (adibidez, sokazkoetan soka bibrarazteko erabiltzen den modua: pultsatua, kolpatua, igurtzitakoa).

Sistema honetan oinarriturik, atalez atal sailkatuko ditugu Euskal Herrian herri musikan erabilitako zenbait soinu-tresna. Zerrenda honetan, gaur egun erabiltzen direnak, orain dela gutxi arte erabilitakoak eta dokumentu zaharretan agertzen direnak azalduko ditugu:

Idiofonoak

  1. Zuzenean kolpekaturikoak: txalaparta, toberak, kirikoketa, ote jotzea,... eskuak-txaloak, zurruma edo takoiak, bata bestearen kontra jotako makilak, ezpatak, almerizak, triangelua.
  2. Zeharka kolpekaturikoak: arxaluak-txaramelak, kaskainetak, kriskitinak, goilareak, kalaka, matraka-mailuak, ezkilak, kaskabiloak, kanpaiak, panderoaren txindak, kanabera, kaskabeleta, kilikalaska, klasketa (behatzak), txepetxa-intxaurrak, kaskamelan-kokoa.
  3. Igurtzi edo arraskaturikoak: karraka, igurtzitako botilak, hezurrak, kerrika-gurtardatza.
  4. Punteaturikoak (malguak): tronpa-mosugitarra-mosumusika.

Menbranofonoak

Hauek tinkatutako mintza eragiteko eraren araberan oinarriturik sailkatuko ditugu.

  1. Kolpekatuak, makilaz edo eskuaz: danbolina, atabala, danborra, kaxa, dunba, arizkungo zanbonba, panderoa.
  2. Igurtzitakoak:
    • Zuzenean: panderoa.
    • Zeharka, ziri edo soka baten bitartez bidalitako bibrazioa: eltzagorra, tupinutsia-ttipiontzia-zanbonba.
  3. Airearen bidez (mirliton delakoa): turuta, tulurtea, turuta-orrazia, paperezko soinu-tresnak.

Kordofonoak

Tinkaturiko eta bibrarazitako soka bat edo gehiagoz osaturiko soinu-tresnak dira. Hauek monodiko edo polifonikoak izan daitezke, eta gehienetan erresonantzi kaxa bat dute. Soka eragiteko moduetan oinarriturik hiru taldetan sailkatuko ditugu:

  1. Pultsaturiko soka: lautea, bandurria, gitarra, maniura-harpa.
  2. Igurtzitako soka: arrabita, biolina, zarrabetea, Arizkungo inauterietako "harpa".
  3. Kolpekaturiko soka: danburia - ttunttuna.

Aerofonoak

Airea bibrarazteko erabiltzen diren sisteman edo hots eragilearen araberan sailkapena.

  1. Flautak:
    • Moko-flauta zuzenak: txulubita eta txilibitua (jostailuzko flautak). Esku bateko flautak: txistua, xirula, silbotea. Bi eskuko flautak: txilibitoa, txilibitua, txifloa.
    • Zeharkakoak: kanaberazko flautia, flauta, pifanoa.
    • Bestelakoak: zikiratzaile-txilibitua (Pan flauta), txulubita (pistoia), okarina, txulubita (abrikot-hezurra), txulubita (latorrizkoa).
  2. Mihidunak:
    • Mihi bikoitzekoak (oboea): turuta, tutubia, sunprinua, txanbela, dultzaina, nafar gaita.
    • Mihi bakunekoak:
    • Mihi batientea-klarinetea: turuta, korneta, alboka, klarinetea.
    • Xirolarruak: xirolarrua, gaita de bota.
    • Librea: aho-soinua, soinu txikia - trikitixa, soinu handia - akordeoia (kromatikoa).
  3. Ezpainen bibrazioa (tronpeta):
    • Naturala (inongo mekanismorik gabe): Adarra.
    • Kromatikoak (musika bandakoak): Tronpeta, tronboia, bonbardinoa, tuba.
  4. Aerofono libreak:
    • Burruna, burrunda, furrunfarra, firringila, ziria.

Ikus dezagun euskal soinu-tresna batzuen deskribapena, historia eta bestelako informazio orokorra.