Kontzeptua

Euskal Herriko soinu-tresnak

Txistulari-danbolinteroek esku batekin jotzen duten hiru zuloko flauta da. Hau da, aldaera ezberdinetan, gure herri-musikan soinu-tresna zabalduena eta gure herri musikaren historian ezagunena.

Batzuen ustez, lehen aztarna Nafarroa Behereko Isturitzeko "Laminazilo" leize-zuloan agertutako hezurrezko txilibitua da (adituek diotenez, hau orain 25.000 urte ingurukoa da). Isturitzekoa gaurko txistuen abiapuntu izan ala ez, dakiguna honakoa da, bere musika belaunaldi askotako euskaldunek entzun dutela. Dokumentu zaharretan ikus dezakegunez, txistularia bere inguruko gizartearekin erabat lotuta zegoen baserritarren eta antzinako kultura eta ohitura zaharrak mantentzen ziren inguru horietan, eta bere musikarekin herriko bizitzan hartzen zuen parte; lan, festa, dantza, gizarteko ospakizun eta bestelako ekintzetan.

Txistuak bide luze eta zabala egin du gure historian eta aspaldidanik oso hedatua dagoenez, nahiz eta itxuraz bat izan, jotzeko aldaera eta estilo asko dira eta horrekin batera, joera, errepertorio eta txistularien funtzioaren aldetik ezberdintasun nabarmenak ere bai. Baina orokorki txistularien izaera bi estilo nagusitan bana daiteke: "baserritarra-ez-akademikoa" bata eta "kaletarra-akademikoa" bestea.

Zaila da txistulari akademikoa noizkoa den jakitea, musikari mota hau hiri eta herri handietan estudiozko musikari ofizial gisa onartua noiztik ari den jakitea. Erdi Aroko datu ikonografiko askotan azaltzen da, gehienetan gorteko ingurunearen barruan, bakarka edo beste soinu-tresnekin taldea osatuz. Ez dugu ahaztu behar garai hartan, eta geroago ere, Europa osoan Errenazimentuko kultur mugimendu indartsua zegoela eta horrelako soinu-tresnak (tambourin) asko erabiltzen zirela.

Hemezortzigarren mendetik aurrera xehetasun asko ditugu. Txistulari hauek orduko dantzak eta kontzertuak jotzen zituzten, bakarka edo taldeka.

XIX. mendetik aurrera Euskal Herriko hiriburu eta herri nagusietan Diputazio eta Udaletako talde ofizialak dira, korporazioari bere aurkezpenetan lagunduz, prozesio erlijioso eta bestelakoetan, kanpotik etortzen diren handikiei ongi etorria emateko eta bestelako ekintzetan musika jarriz.

Taldea osatzean ere, inguruan zer zeukatenaren arabera "formula" asko erabili izan direla ikusten dugu. Hona hemen txistulariek historian zehar osatu dituzten musika-talde desberdin batzuk: Txistua eta danbolina ("tamboril", "tamborin", "tambolitero" edo halako izendapenekin agertzen da) jole bakar batek jota agertzen den modu arruntenetako bat. Dokumentu askotan "salterio" hitza agertzen da eta halakoetan txistuarekin batera sokazko danborra erabiliko zutela uste dugu. Txistu eta panderoa. Txistu-danbolina eta atabala erritmo aldetik laguntzen. Bi txistu-danbolin (duoa eginez, hala uste dugu) eta bestetan atabalaren laguntzaz. Txistu-danbolina eta arrabita (tamboril y rabel / tamborin y rabete).

Noiz sortu zen ez badakigu ere, azken garaian talde finko bat agertzen zaigu: Txistu 1ª, txistu 2ª (biak danbolinekin), silbotea eta atabala, gure garaira iritsi den laukotea. Talde-mota honek indar handia hartu zuen mende honen hasieran eta aldaketa gutxirekin jarraitzen du gaur egun txistulari-talde ofizial gisa. Hego Euskal Herriko Udal handi gehienek eta Diputazio guztiek, badute halako talde ofizial bana. Kontzertu eta dantza-saio ugari eskaintzen dute urtean zehar.

Handiagoa bada ere, txistuak duen egitura bera du. Hiru tonu eta erdi baxuago afinaturik dago. Duen luzeragatik zaila da esku batekin jotzea eta silbote-joleak bi eskuak erabiltzen ditu jotzeko.

Aurreko bi txistu eta atabalez osatutako hirukoteari silbotea erantsi zitzaion. Silboteari buruzko aipamen zaharrena Humboltek 1801an idatzitakoan agertzen da:

Para la musica de varias partes, usan de otro silvo mayor, que está naturalmente en tono de Capilla, y entonces, este hace la segunda voz. 14

Honek garbi adierazten du XVIII. mendean soinu-tresna hau erabiltzen zela txistularien formazioetan.

Xirula, txistua bezala, euskal hiru zuloko flautaren aldaera bat da. Txistua baino motzagoa da eta hiru tonu eta erdi altuago afinaturik dago (gutxi gorabehera Do tonuan afinatua dago. Goi-afinazio honek berezitasun eta bizitasun handia ematen dio eta bere hotsa beste soinu-tresnen gainetik entzuten da. Gaur itxura eta egitura aldetik ere ez dira berdinak. Dirudienez, txirulak aldaketa edo eboluzio gutxi izan du. Ezpel-zurez egiten da, dena puska batean. Askotan goiko eta beheko muturrak adarkiz sendotzen dira, hauek baitira kolpez puskatzeko arriskurik handiena duten zatiak.

Gaur egun Euskal Herriko Ipar-Ekialdeko tradizioaren dantzen errepertorioarekin lotzen da. Zuberoan ez da festarik eta dantzarik xirularik gabe.

Xirula jotzeko modurik arruntena danburiarekin jotzea da. Xirulari berak xirula eta danburia, biak batera jotzen ditu. Azken aldian Zuberoan danburia gero eta gutxiago erabili izan dute eta Xirulak eta atabalak osatzen dute talde arruntena. Txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, xirulariek ere beste soinu-tresnen joleekin elkarturik bestelako taldeak osatu dituzte, hala nola biolinarekin edo akordeoi diatonikoarekin.

Soinu-tresna hauek (xirula-danburia) atzerakada handia izan dute azkenaldian. Antzinako idazlanei begiratzen badiegu ia Nafarroa osoan (Tuteraraino) azaltzen da, eta Iparralde osoan ere bai, kostaldetik Zuberoraino.

Sasi trapezoidala den ezpelezko taulatxoa da. Goialdeko ertzean bertikalki egindako luzera ezberdineko zuloak ditu. Behealdeko muturra, helduleku gisa, txoriburu itxura duen errematea du.

San Telmo Museoko soinu-tresna honen fitxa zaharrean 1920. urtean D. Telesforo Aranzadik emandako informazio hau aurkitu dugu:

Ahuntzainen txulubita (Silbato de cabrero). Ezpelezko zurez, Oloronen egina. Frantzialdeko Euskal ahuntzainek erabiltzen dute eta zikiratzaileek Euskal Herriko herri eta toki askotan.

Paris, Londres eta Oxfordeko zenbait museoetan ikusgai daude XIX. mendean Euskal Herritik eramandako halako flautak.

Urritzaren azal zinta bat bilduz egindako tutu konikoa duen oboe motako soinu-tresna bat da. Goiko muturra zapalduz egiten zaio mihi bikoitzeko pita. Tonu-aldaketarako bi zulo ditu.

Euskal Herrian baditugu mota horretako bi soinu-tresna: aipatutako sunpriñua eta "tronpeta" edo tutubia. Bigarren hau, zulorik gabe eta haurren hots-jostailu gisa, gaztainondozko azal zinta batekin egiten da.

Nafarroako Larraungo bailaran, Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan dira azkeneko sunpriñu-joleak. 1936ko gerra bitartean normal jo izan dute, eta geroago ere baten batek jo izan du noizbait.

Bi zulo dituenez, hiru notako doinuak jo ahal izaten dira. Sunpriñuarekin jotzen den doinu nagusiari "Durunbele" deitzen zaio, eta jole bakoitzak askatasun handiz, bere gustura eta estiloan jotzen zuen, batzuek azkar eta txio asko eginez, beste batzuek polikiago eta nota luzeak joz. Entzuleek entzuterakoan berehala ezagutzen zuten zein zen jotzen ari zena.

1974an Iribasen egindako sunpriñuak.

1974an Iribasen egindako sunpriñuak

Juan Mari Beltran, 1974an sunpriñua jotzen (Arg. Mikel Lizartza)

Juan Mari Beltran, 1974an sunpriñua jotzen (Arg. Mikel Lizartza).

Mihi bikoitzeko haizezko soinu-tresna da, denok ezagutzen dugun dultzaina-gaitaren antzekoa, baina pixka bat txikiagoa. Mihiak, kanaberazkoak, adarrezkoak eta (Pierre Caubet Lakarriko txanbelariak azkenean egiten zituen bezala) plastikozkoak izaten ziren. Tutua, konikoa eta ezpelez egindakoa da. Luzeraz berriz, dultzaina baino motzagoa da, gutxi gorabehera dultzainak belarriak deitutako zuloetarainokoa (txanbelak ez du horrelakorik). Tonu-aldaketarako, dultzainak bezala zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean eta bat goiko atzealdean.

Txanbelak 15 antzinako euskal musikaren estilo eta joera berezi bat mantendu du, gure herri-kantutegian dugun musika era zaharrenetariko bat, zaharrena ez bada. Horregatik guretzat txanbela ez da soinu-tresna bakarrik, musika egiteko era ere bada. Estilo honi buruz, Zuberoan bada esaera bat; "txanbela bezala ari da kantatzen".

Dultzaina-gaita da oboe motakoen artean euskal herri soinu-tresna ezagunena eta zabalduena.

Hauek dira dultzaina-gaitaren osagai edo zatiak:

- Mihi bikoitzeko pita. Kanaberazko bi mihi metalezko tudel bati lotuak. Tudela tutuan sartzen da, mihiak eta tutua lotuz eta hauen soinu-bibrazioak tutura bideratuz.

- Tutua. Konikotasun irregularreko formarekin (zenbat eta beherago konikotasun handiagoa). Gehienetan zurezkoak izaten dira eta ezpela izan da zur erabiliena. Joan den mendearen bukaeran Bizkaian eta Gipuzkoan metalezkoak egiten hasi ziren. Hauek arrakasta handia izan zuten (bereziki Bizkaian). Horregatik gaur egun jende askorentzat metalezko dultzaina Bizkaiko dultzainaren sinonimoa da.

Tonu-aldaketarako zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean eta bat goiko atzealdean. Behatz txikiarekin ixten den behealdean dagoen lehena, erosotasunagatik pixka bat alboratua da (dultzaina zahar batzuek ez dute zulo hau eta horregatik nota bat gutxiago ematen dute). Dultzaina guztiek behealdean beste bi zulo dituzte alboetan, biak parean, dultzainaren tonua finkatzen dutenak. Hauetatik bukaerara dagoen tutu-zatiak bozgorailu-zeregina du.

Txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, honetan ere bi motako musikariak ditugu: Baserritar ingurukoak, musika eskolarik gabekoak eta kaletarrak musika eskoladunak.

Baserritar ingurukoek belarriz ikasten zuten eta erromeria eta herri txikietan ibiltzen ziren. Errepertorioa, pasodoble eta baltsa eta bestelako salbuespen gutxi izan ezik, fandango jota, arin-arin, porrusalda, martxa eta herri kantuz osaturik zegoen. Etxeko edo inguruko dultzaineroak entzunez ikasten zuten. Geroago ere, jotzen aritzen zirenean, belarriz ikasten zituzten pieza berriak.

Kaletarrek, horrezaz gain, errepertorioan beste musika estilo batzuk ere jotzen zituzten eta beste funtzio musikalak eta sozialak betetzen zituzten. Hauen azken garaietako erreferentzia nagusia Nafarroako dultzainero-gaiteroena izan da.

XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako musikarien zerrendan, dultzaina eta gaita 16 askotan agertzen dira.

Gipuzkoa eta Bizkaian salbuespen gutxi izan ezik, dultzaineroak musika ofizialetatik urruti aritu badira, Araba eta Nafarroan gehienetan musika eskoladunak izan dira, eta kasu askotan banda edo orkestrako beste soinu-tresnaren bat jotzen zutenak.

Kaletar inguruko herri eta hirietan entzuten da soinu-tresna honen hotsa festetako goiz-soinua ematen, erraldoi eta buruhandien konpartsak mugitzen, plazetan kontzertuak eta dantzarako musika eskaintzen. Antzinako errito edo ospakizunetako dantza berezi askotan erabiltzen da.

Nafarroako gaiteroak aspaldidanik ezagunak dira beren lurraldeetatik kanpo ere. Gipuzkoako eta Bizkaiko kaletar inguruetan esate baterako, nahiz eta inguruan bertako "herri-dultzaineroak" eduki, festa handi eta nagusietarako Nafarroakoak ekartzen zituzten.

Musikari hauen errepertorioa txistulari kaletarren kasuan bezala oso bariatua eta garaiko estiloetakoa da. Horregatik, bertako musika eta erritmoez gain, sonatak, polkak, mazurkak, habanerak, rigodoiak, pasodobleak, schotisak aurki ditzakegu beraien errepertorioan.

Alboka, mihi bakun batientea sistemako klarinete bikoitz bat da. Mihi bakunekoa, hots eragile diren fitak halakoak direlako, eta bikoitza, alboan edo erantsita jarritako bi klarinete txiki direlako.

Jotak, porrusaldak eta martxak dira bereziki bere errepertorio tradizionalean agertzen diren dantzak. Errepertorio hau pandero eta koplarekin lotuta doa. Panderoak laguntzen du dantza horietan erritmoa markatzen eta doinu gehienek badute koplak kantatzeko zati berezi bat.

Alboka jotzean haizea etengabe bota behar da, isildu gabe, kornamusa edo xirolarrua balitz bezala. Baina albokak ez du haize-erreserba gordetzeko zaku edo poltsarik eta albokariak "haizeari buelta ematea" teknikaren bidez lortzen du hori, hau da, haizea hartzen du botatzen duen bitartean.

Euskal Herrian alboka noizkoa, nondik edo nola sortua den esatea oso zaila da. Erdi-aroko ikonografian alboka behin baino gehiagotan agertzen da. Dokumentu zaharretan garbi ikusten da XV. mendetik aurrera gaur arte albokaren etengabeko presentzia gure artean.

Euskal Herriko herri soinu-tresna berriena. Akordeoi hau XIX. mendearen bukaeran indartsu sartu zen gure herriko musikaren munduko bazter guztietan, kaletar eta baserritar inguruetan. Baina azkeneko honetan lortu du herrikoitasunaren kategoria edo plaza.

Txistu, alboka, dultzaina eta antzeko soinu-tresna zaharren munduan sartu zen eta neurri handi batean hauen errepertorioa bereganatu zuen. Soinu-tresna zaharren errepertorioaren eta soinu berri honen baliabide handiagoaren elkartasun edo nahastetik musika-estilo berri eta berezkoa sortu zen euskal herri-musikaren barruan.

Soinu-jole haiek alde batetik estilo zaharraren ezaugarri funtsezkoenak mantendu zituzten eta bestetik soinu-tresna polifoniko-harmoniko izate horrek aukera ematen zien musika hura aberasteko. Kasu askotan aurreko soinu-tresnekin aritzen ziren familiak berak izaten ziren akordeoi hau hartzen zutenak eta zenbait alditan pertsona berak ziren soinu-tresna berrira pasatzen zirenak.

Mende honen hasieran azaldu zen txirula eta atabalarekin taldea osatuz, eta dultzaina eta panderoz lagunduta ere bai. Horrela mantendu da orain arte toki gutxi batzuetan, baina ospe eta arrakasta handiena Gipuzkoa eta Bizkaia aldean lortu du pandero eta kantuaz lagundurik. Hau da trikitixa deitutako talde ezagunena.

Akordeoi diatonikoaren ondoren Akordeoi kromatikoa azaldu zen. Hauek bi eratakoak ziren: bata eskuinean "botoizkoa" den sistema duena, kromatikoa deitzen dena, eta bestea eskuinean teklazko sistema duena, "pianozkoa" izenez ezagutzen dena.

Larrinaga Guerrini.

Larrinaga Guerrini. San Sebastián Guipuzcoa. 1920. hamarkadan Donostian egindako akordeoi kromatikoa.

Manuel Larramendik 1745ean argitaratutako Diccionario trilingue del castellano, bascuence, y latin hiztegian honako aipamena ageri da: Gaita, instrumento musico de cuero inchado, y flauta, chirolarrua. Lat. Tibia utricularia. 17

1926an Pierre Lhandek idatzitako Dictionnaire Basque-Français hiztegian horrela agertzen da: Xirolarru: L (Hb.) musette (mus.).

Erdi-aroko Euskal Herriko ikonografian nabarmena da soinu-tresna honen presentzia. Dokumentazio zaharrean ikus daitezke honen inguruko informazioak:

XIV. mendearen bukaeran Aymeric de Peyrat-ek idatzitako Stromatheus Tragicus de gestis Caroli (800-814) idatzitakoan, egin ziren festei buruz honakoa dio:

quidam cabreta vasconizabant, levis pedibus persaltantes

Frantziako zenbait tokitan xirolarru gisako soinu-tresnei Cabreta deitzen diete.

1573an Ambroise Parék idatzitako "Des monstres et Prodiges" liburuan marraztutako euskal bale-arrantzaleen irudietan, hauekin batera eta hauen lan jarduera girotzeko halako musikaria agertzen da xirolarrua jotzen. 1611. urteko Oion herriko dokumentu zahar batek honela dio:

...Sortzez Garbiaren festetako "bota" jotzeagatik gaitariari hirurogeita hamazazpi ogerleko ordaindu zitzaizkion.

Arabako Errioxa aldean halako soinu-tresnak XX. mende-arte erabili izan direla.

Errioxako

Errioxako "Gaita de bota".

14DONOSTIA, P. (1994): Cancionero Vasco P. Donostia. (III. liburuki).

15IRUÑEKO GAITEROAK (1977): Caubet Chubuko Arhan: txanbela eta khantoriak.

16BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari (2004): Dultzaina Gipuzkoan. La dulzaina en Gipuzkoa. 1950. hamarkada arte.

17Beltran Argiñena, Juan Mari. Xirolarru - Gaita. La cornamusa en el País Vasco.