Kontzeptua

Euskal Herriko soinu-tresnak

Musikari forma ematen dioten osagarriak asko dira, baina nabarmenenak, doinuaren forma eta neurria, erritmoa, harmonia eta tinbrea.

Munduan zehar sortu izan den herri musika bakoitzaren itxura hartzen eragina izan duten arrazoiak zehazteko, ikerketa sakona egin beharko litzateke. Baina, zalantzarik gabe, herri bakoitzeko musika autoktonoaren itxura estetikoan besteak beste soinu-tresna autoktonoak izan dira eragina izan dutenak.

Herri musikak dituen bezala, herri soinu-tresnek ere badituzte beren ezaugarrien artean unibertsalak eta partikularrak direnak. Gehienetan "Autoktono"-"Unibertsala" bi kontzeptu hauen mugak ez daude oso definiturik.

Honekin zera esan nahi dugu: ez dela ezagutzen erabat autoktonoa edo unibertsala den soinu-tresnarik. Neurri batean edo bestean, denetan aurki ditzakegu alde bateko edo besteko osagaiak.

Soinu-tresna guztiak unibertsalak dira oinarrizko funtzionamendu akustikoan, hots eragilea den materialean eta eragiteko sisteman.

Herri batek tradizioz erabiltzen dituen soinu-tresnek berezkotasuna hartzen dute besteak beste beren itxuran (eraikuntza eta materiala), interpretatzeko moduetan, beren hots koloreetan eta musika edo funtzio berezietan.

Zalantzarik gabe, soinu-tresna hauen tinbreek eta eskala partikularrek, hotsaren emisio moduek, hauen tesitura nahiz hedapen ezaugarriek berezko kolore eta forma melodikoa eman diete herri musika autoktonoei. Talde-eraketak eta soinu-tresna polifonikoen ezaugarriek eragin dute musika hauen eraketa harmonikoetan ere.