Kontzeptua

Artisaua

Zentzu zabalean, eskulangile deritzogu arte edo lanbide mekanikoa egiten duen norbanako orori. Kontzeptu hori adiera soziologikora ekarrita, argi ikusten da eskulangileek ekoizpen-modu naturaletik -bilketa, ehiza, nekazaritza, artzaintza- nabarmenki bereizten den gizarte-maila bat osatzen dutena. Izan ere, eskulangileen ezaugarri nagusiak dira elikagaiak ekoiztean parte-hartze zuzena izatetik emantzipaturik egotea eta objektuak eskuz egitea, dela erabiltzeko -lehen fasean-, dela truke egiteko (truke- edo aldaketa-fase garatuagoan).

Lurretik urruntzea, hau da, lurrak bizibide-izaera galtzea, eskulangintzan jarduten hasi aurreko urratsa da. Eskulangileak jabetza-harremana du lanabesekin eta lanbidearekin. Ikusiko dugunez, eskulangintzaren bilakaeran lanabesak eta trebetasun profesionalak bereizezinak izan ziren, eta eskulangileak jabe eta langile izan ziren, harik eta manufaktura handia gailendu zen arte, makinismoak bultzatuta. Definizio orokor hori kontuan izanik, honako atal hauetan bereizi dugu artikulu hau:

  1. Ekonomia naturala: lehen eskulangile independenteak (Burdin Aroko eta erromatarren garaiko herrixkak).
  2. Erdi Aroko hirien eta hiribilduetako foruen sorrera: gremioak.
  3. Landa-eskulangintza independentea: olagizonak.
  4. Manufaktura aurreko eskulangileak: Eskulangintzaren amaiera: makinismoa eta industria handia.

Bilakaera kronologikoaren zirriborroa egindakoan, argitu beharra dago, aurkakoa uste badaiteke ere, bilakaera hori ez dela homogeneoa izan herrialde osoan; eta, gainera, aurrerakuntza guztiekin batera, historiaren joera ebolutiboari aurka eginez, beti izan direla eskulangintza zaharkituak -aldi batekoak nahiz ibiltariak-, gaur egunera arte iraun dutenak.