Kontzeptua

Artisaua

XVII. eta XVIII. mendeak erabakigarriak izan ziren gure eskulangintzarako. Manufaktura agertu zen: merkataritzako kapitalak sortutako lantegietan hainbat lanbidetako artisauak biltzen ziren eta lan- banaketa zehatza egiten hasi zen. Horrek eskulangintzako ekoizpen-modua desagerrarazi zuen. XVIII. mendearen amaieran Gipuzkoan 3.220 eskulangile ziren, honela banatuta, motarik ugarienetik urrienera: zurginak, errementariak, jostunak, ehuleak, zapatariak, txokolategileak, gozogileak, larruginak. Larramendik ematen du hainbeste motatako langileak biltzen dituen gizarte-maila horren ikuspegi orokorra:

Gizonak (asko, gainera) eskulangileak eta ofizialak dira: errementariak, sarrailagileak, iltzegileak... Horiek guztiek burdina lantzen dute. Burdina errementeri handietan erosten dute edo, bestela, jabeei erosten diete. Errementari entzutetsuak daude Eibarren, Elgoibarren eta Bergaran, balkoiak, balaustreak eta beste pieza handi batzuk egiten dituztenak; Soraluzen, fusilak eta haien txinpartak, giltzak eta kanoiak egiten dituztenak, hantxe edo inguruan ur-makinaz zulatuz. Pasaian, itsasontziek behar dituzten hainbat pieza egiten dituzte (hain bitxiak, gainera). Donostian eta inguruetan gauza bera. Sarrailagileak gutxi eta narrasak, ez dakitenak. Iltzegile asko daude, onak, edonolako iltze handiak nahiz txikiak egiteko... Gipuzkoan, gainera, hargin eta zurgin asko daude. Elizetan eta beste eraikin batzuetan, antzinako zein oraintsukoetan, ikusten da trebe eta argiak izan direla eta orain ere badirela. Zurginak gehiago dira, haien lanak eskari gehiago duelako, batik bat ontzigintzan... Gipuzkoan, harginak eta zurginak bertarako ez ezik kanpora bidaltzeko ere badaude. Gaztelan, Aragoin edo Nafarroan ez dago lanik gipuzkoar harginik ez duenik. Zurginekin ere berdin gertatzen da, etxean behar ez eta milaka abiatzen baitira beste leku batzuetara. Gipuzkoarrez beteta egon dira, eta egun ere badaude, Espainiako itsas armadaren ontziola eta sail guztiak... Oraindik ere Frantziara igarotzen dira, haien trebezia estimatzen baita. Gauza bera gertatzen da errementeria handietako ofizialekin eta ikazkinekin: hainbeste dira Gipuzkoan, ezen beste probintzia batzuetara bidal baitaitezke; olagizonak Nafarroako errementerietara eta Aragoin dauden apurretara joaten dira; asko Bizkaiko Jaurerrira abiatzen dira. Han dauden errementeria ugarietan ez da gipuzkoar ofizialik faltako. Izan ere, bertakoak baino estimatuagoak dira, batez ere tiratzaileak, burdina tiratzen eta lantzen trebeagoak direlako. Ikazkin kopuru handia abiatzen da Bizkaira eta Mendira (hemen ofizial guztiak dira gipuzkoarrak, bertakoek ez baitira gai ez ikatza egiteko, ez errementeriak gobernatzeko"

(Modos de vivir en Guipúzcoa, "Corografía de Guipúzcoa").

XVIII. mendean ere manufaktura aurreko metodoen bidez ziharduten, etxean ekoitziz eta lantegi batean muntatuz. Jovellanosek honako hau esan zuen 1791an Eibarren ikusitakoaz:

"Arma-fabrika deritzena ez da uste daitekeena. Ermuan, Eibarren, Soraluzen, Elgoibarren eta Arrasaten diharduten artista batzuek fusilaren piezak egiten dituzte. Arte hori hiru ataletan banatuta dago, eta bakoitza toki batean burutzen da: kanoiak, giltzaginak, kaxagileak. Hala ere, bada gehiago egiten jakin eta egiten duenik ere, nahiz eta ordenantza zaharrek debekatu; baina, gehienetan, artista bakoitzak bere adarrari ekiten dio soilik. Kanoigileek maisuki txertatzen dituzte burdinan zilarrezko mirak eta puntuak, eta urrezko apaingarriak, baita esku onez ilundu ere; giltzaginek burdina lantzen eta zizelkatzen dute, nahi dituzten formak ematen dizkiote eta garbiro leuntzen dute, armadoreek bezala. Kaxagileek beste horrenbeste egiten dute kaxekin. Artista horietan guztietan ospetsuena Esteban Bustindui jauna da: haren ospearen oinarria kanoien bikaintasunean datza, nahiz eta pieza guztiak egiten dituen. Lan asko egiten ditu Gorteko nagusi eta jaunentzat, baita Amerikarako, Ingalaterrarako, Frantziarako, Errusiarako eta beste hainbat lekutarako ere, enkarguak sarri-sarri egiten baitizkiote".

Hala eta guztiz ere, eskulan ugari zegoen, hazkunde demografikoagatik, burdinoletako krisialdiagatik eta erakunde gremialen bereizketa geldiagatik.

"Herrietan, jende xume lanbiderik gabeak, inorentzat dihardu lanean, soldatapean, eta horiek dira miseriarik gorrienean bizi direnak. Kontzejuko biztanleek beren milakoak eta baliozko haziendatxoa izan behar dituzte. Baina mantenurako aski ez badute, lanari lotuko zaizkio, dela lanbide mekanikoren batean, dela lanbide liberalen batean, beren familiak elikatzeko adina irabazteko. Bestela, tratulari sartzen dira, edo beharrezko gaien eta gauza arrunten birsaltzaile"

(Modos de vivir en Guipúzcoa, "Corografía de Modos de vivir en Guipúzcoa").

Burdinolen krisia XVIII. mendetik zetorren eta areagotu egin zen zuhaitz faltagatik, lan-metodo zaharkituak erabiltzeagatik eta metala galdatzeko metodo berrien konpetentzia latzagatik. Gogoratu beharra dago lehen faktoria haietan galdaketa eta transformazioa bereizezinak zirela, eta denetariko objektu heterogeneoak egiten zirela, kantitate ez-konpetitiboetan. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak hainbat saiakera egin zituen modernizatzeko (zimendu-labea), baina ez zuten arrakastarik izan olagizonen pentsamoldean. Olagizonek, kapital gutxi zuten, eta ekoizpen-modu zaharretara itzultzea erabaki zuten. Adierazgarriak dira honako datu hauek: 1796an, 142 burdinola zeuden Bizkaian. Handik 20 urtera, haietako 25ek porrot egin zuten, eta beste asko ez zebiltzan. Berdin gertatu zen ordura arte hain ugariak izan ziren errotekin. Horretaz gainera, antzinako antolakuntza gremiala erabat pitzatuta zegoen. Gizarte-egitura gogor hartako lehen pitzadura mingarriak XIV. eta XV. mendeetan hasi ziren. Lehenago aipatu da 1365ean Karlos II.a Gaiztoak soldaten inguruan ezarritako araudia. Gipuzkoako gremioetako eskulangileen jarduerak kanpotik jasotako lehen esku-sartze kaltegarria 1492an izan zen: hitzarmen bidez erabaki ohi ziren prezioak, halako batean, laurden bat merkatu ziren. 1535ean hasita, Batzar Nagusiek erabakitzen zituzten soldatapeko langileen prezioak, haiek betetzea udalen ardurapean utziz. Gai hau argitze aldera, Yanguasek bildutako Nafarroako foruko legedia transkribatuko dugu. Hona hemen zer zegoen indarrean eskulangileei buruz, foruak baliogabetu aurretik:

"Edozein merindade-buru edo herri salbuetsitan aztertu eta onetsia izan den maisu orok erresuma osoan jardun dezake bere lanean eta bere artean, beste azterketarik egin beharrik gabe. Haien lan eta tresnak erresumako edozein lekutan sal daitezke, egindako herriko gremioen ziurtagiriarekin, ordenantzen arabera landu direla bermatzeko; eta saltzen diren herrietako gremioek haiek ikuskatzeko eskubidea dute, eta akatsik antzemanez gero, legeek edo ordenantzek ezarritako zigorrak eskatzeko eskubidea ere bai. Eskulangileen alargunei, lehen senarraren lanbidekoa ez den norbaitekin ezkonduz gero, ezin zaie eragotzi haien denda eta lantegiak edukitzea eta usatzea, eskubide guztiak atxikiz, eta gremioetako banako guztien ardurapean; kontuan izanik baietsitako maisuek izan behar dutela denden buru. Gremioek ez dute oztoporik jarriko emakumeei eta neskatoei beren sexuari dagozkion eginkizunak eta tresneriak irakasteko, ezta egindako eskulanak beren kabuz saltzeko ere. Emakumezkoek lan egin dezakete, bai hari-lantegian, bai nahi duten beste edozein artetan, baldin eta beren sexuari dagozkion indarrarekin eta lotsarekin bateragarriak badira. Gremioen eta lanbideen ordenantzak Kontseiluari aurkeztu behar zaizkio aipatuko den legea argitaratzen denetik hasita lau hilabeteren barruan, Erresumako Aldundiaren audientziak zuzen ditzan: aurkeztu ez daitezenak indargabetu egingo dira. Trebetasun ezaguneko artisauek, edozein lanbidetakoek, libre jardun dezakete, Kontseiluak haien egokitasuna egiaztatuta. Galtzerdi-fabrikatzaileak libre dira puntuzko prakak egiteko eta saltzeko, bi sexuetako jostunak izan ditzakete, egokienak, direnak direla gremioen ordenantzak edo beste batzuenak. Halaber librea da mota guztietako mihiseak fabrikatzea, kontu eta marka edo zabalera handiagoz edo txikiagoz, egokien iritzitako orraziez, lihoa eta kalamua lantzen dituzten gremioek, fabrikatzaile edo ehuleek kontsumorako komenigarri joz gero; emakumezko edo gizonezko diren bereizi gabe. Gainera, gremioek eta udalek ez dute beste eskakizunik egingo, lege falta edo ontasun falta zorrozki saihestea baino, edozein marka, kontu eta kalitatetako ehunetan. Lanbide batean jarduteak ezin du oztopatu beste batean jardutea, behar adinako gaitasuna izanda, zein bermatuta geratzen den trebetasuna epaitu behar duenak idatzitako azterketa-gutunarekin. Azterketa horietara aurkezteko aukera nahi duen orok izango du, eta ez da oztopo izango ikaskuntzarik, ofizialtasunik edo helbiderik eza edo egin nahi duten lanbidearen ordenantzetan ageri den beste gabeziaren bat. Eta gela horietan ez da beste gastu ez eskupekorik izango, aztertzaileei azterketa-ordua ordaintzeko behar den adina baino. Edozein arte edo ofizio egiteko, ez du eragozpen izan behar legeak aurreikusten duen legitimotasunik ezak, legeetan ezartzen dena epaile eta eskribauen eskumena baita. Larrugin, errementari, jostun, zurgin eta halako lanbideak zintzo eta prestuak dira: horietan aritzeak ez du familia doilortzen, ezta horretan diharduen pertsona ere, eta ez du gaitasungabetzen udal-lanak hartzeko edo kaparetasunaz gozatzeko. Justiziek zaindu egin behar dute artisauek beren lanbideak ondo eta fideltasunez betetzen dituztela; batez ere, bermatu egingo dute ikaskuntza-eskriturak zehazki betetzen direla, bai maisuen aldetik, bai ikastunen gurasoen edo haien arduradunen aldetik; saihestu egin beharko dute kontratua bete aurretik kaleratzea edo lanbidetik ateratzea, justiziak onetsitako bidezko arrazoirik gabe; halakoetan, beste maisu bat jartzeko aginduko dute, ikastunak bere lanbidea ikasi arte".

Iruñeko artile-ehunen fabrikan, 1802an, 200 langile zeuden bi sexuetakoak. 1817. eta 1818. urteetako Nafarroako Gorteek erabaki zutenez, edozein mota edo kalitatetako ehunen manufaktura-fabrikatzaileek nahi adina ehungailu eduki zitzaketen, bakoitzari zegozkion ordenantzek bestelakorik agindu arren. Zegoeneko, fabrikatzaileek berrikuntzak egin zitzaketen, ehunak imitatu edo nahierara aldatzea zeukaten, baldintza bakarra ehunetan fabrikatzailearen izena eta bizilekua jartzea izanik. Gremioen arabera egindako manufakturetan haien ohiko zigilua jarri behar zen, hala "ehunen arteko aldea nabarmena izanik, gehiegikeriarik gerta ez zedin eroslearen kaltetan." Argi ikusten zen orduan gremioen antolamenduaren gainbehera ezaugarri liberaleko konpetentzia librearen aurrean; gainera, eskulanean gero eta gehiago ziren emakumeak eta haurrak, hurrengo aldian gertatuko zen bezala. Desegindako burdinoletatik eta erakunde gremialetatik zetorren eskulan ugari horren laguntzarekin, batez ere 1841etik aurrera, manufaktura-kontzentrazio handiak ugaldu ziren, artisau langabeak hartzen zituztenak. XVI. eta XVII. mendeetan hainbeste gizon treberi lana eman zieten muntaketa-lantegietatik haiek guztiak kontzentratzera pasatu zen. Langile bakoitza bere lanbidearen arlo bakar batez arduratzen zen; hark fabrikatutakoa produktu osoaren zatiki bat besterik ez zen izango. Bide horretatik iritsi ginen lanbideen zatiketara, produktibitatea areagotzea eta bizkortzea helburu zuena. Aldi berean, produkzio-baliabideak ere kontzentratu egin ziren; lehenago, sakabanatuta egon ziren, eskulangile independente bakoitzaren eskuetan. Artean, landa inguruan, eskulangileak lurra lantzen zuen, abere batzuk zituen, eta soldatapean parte hartzen zuen auzotegiko nekazaritza-lan handietan.

Panorama hori guztiz irauli zuen makina agertzeak. Industria-iraultzak bururaino eraman zuen manufakturen kontzentrazioa, eta landa-artisauaren lanak zentzua galdu zuen, gai gehiago eta merkeagoak merkaturatu baitziren.

Ekoizpen-modu zaharraren hondarrek XX. mendearen hasierara arte iraun zuten: Iratiko eskalapoiak; Santikurutze Kanpezuko tresneria (koilarak, txokolate-errotak); Oñati, Zumarraga, Deba eta Beasaingo saski eta altzariak; Maule, Durango, Baiona, Hazparneko larrugintza; Nafarroako haranetako ehuleak; Tolosa, Azkoitia eta Balmasedako txapelak; Azkoitia, Barakaldo eta Mauleko abarkak; Ataun, Kanbo, Otxandio eta Uitziko iltzegintza-lantegi txikiak... Euskal landa-artisau kontinentalak - zeramikariak, ehuleak, txokolategileak, ilaginak (duranguiers)- sarritan etortzen ziren Ainhoatik eta Hazparnetik Pirinioen alde honetara. Gure mendearen hasieran, herrialdean zehar dabiltza tinko errotutako bizimoduari eusteko, zorrotzaileak, galdaragileak, igeltseroak, ehuleak, sokagileak, perratzaileak, saskigileak, potingileak, kardariak, gaztaginak, jostun ibiltariak eta abar. [B. Estornes Lasak iruzkin zorrotza egin zuen (Orígenes de los vascos) horren gainean. Zuberoako maskaradez ziharduela, xehetasun esanguratsu bat nabarmendu zuen: dantzari guztiak dira lanbideren baten ordezkari, eta denek dituzte tresnak eskuetan: Txerrero (erratza), Gathuzain (guraizeak), Kerestua (zikiratzailea), Maritxala (erremintaria), Laboraria eta Etxeko anderea, Kauterak (galtzaragileak), Txorrotxak (zorrotzaileak)... Argi geratzen da Erdi Aroko eskulangile ibiltaria pertsonaia herritarra izan zela eta haren irudia sendo errotuta dagoela folklorean (Iturengo arotza)].

Manufaktura Industria Iraultzaren oinarria izan zen. Lehenak sortutako makineriaren ondorio izan zen industria handiak sortutako ordezkoa. Kontzentrazio kapitalistak eskulangintzaren garaiaren amaiera markatu zuen; eskulangile ugari xurgatu zituen eskulan-egarri zen kapitalak. Eskulangileen espezializazioak -nahiz eta partziala izan- lekua utzi zion (makina sartzearekin) eskulanaren berdinzaletasunari. Horrek gero eta gutxiago behar zuen langileen elementu pertsonalek eta intelektualek parte hartzea, errutina areagotu zuen eta makinarekiko mendekotasuna ekarri zuen. Gainera, makinak erabiltzen ikastea erraz samarra izanik, mugikortasun handia iritsi zen lanpostuetara; hain zuzen ere, eskulangintzaren ekoizpen-moduaren aurkakoa, hura erabat espezializatua baitzen. Horrexek bereizten ditu azken fase batean eskulangilea eta langile espezializatua. Lantegi txikia fabrikako areto bilakatzen da -etxez etxeko lana- baina haren abantailarik gabea, lan gehiena oraindik eskuz egiten baita. Landako eskulangilea eta eskulangile ibiltaria dira gure hirien sorrera ahalbidetu zuen ekoizpen-moduaren azken ordezkariak. Erabilera-ekonomiaren mugetara baztertuta, azkenetan daude, eta aldi berean museoetan giltzapetu dituzte, etnologia fitxategiak gizentzeko.