Kontzeptua

Artisaua

Burdina-meatzeak erromatarren garaitik ezagutzen badira ere, ia ez da jaso haiek ustiatzearen gaineko berririk. Erdi Aroko olagizonak mendietan bizi ziren, eta oinarrizko langintza mota zuten: besoz mailukatzea. Sistema horrek, neurri batean, XVII. mendera arte iraun zuen. Indar hidraulikoa erabiltzeak -XIV. menderako nahiko hedatuta zegoen- ibaiertzetara jaitsiarazi zituen olagizonak. Burdinola haietan ekoizten ziren, besteak beste, berehala erabiltzeko ondasunak -etxerako gauzak, nekazaritza-tresnak etab.- eta salgaiak -iltzeak, gurpilak, armak, nabigaziorako tresneria etab.-. Segurako hiri-gutun batean (1290) idatziz jasota dago XIII. mendean bazirela burdinola "matxukeroak" Legazpiko haranean. Gorosabelek dioenez, aro kristaua baino lehenagoak direlako herri-ustetik datorkie "jentil-olak" izena. Burdinola kopuruaren arabera, honako ordena honetan leudeke gure herrialdeak: Bizkaia, Gipuzkoa, Arabako iparraldea, Nafarroa Beherea, eta Nafarroako iparraldea. Bizkaikoez gainera, honako hauek dira lehenen ustiatu ziren meategiak: Larraun, Santa Engrazia, Ortzaize, Bera, Lesaka, Aramaio, Oiartzun, Etxebar, Araia eta abar.

1388an, Nafarroako erregea 28 burdinolaren jabe zen, eta haiekin urtean 700 florineko errenta ateratzen zuen. Bestela, burdinolak ahaide nagusiren batenak izan ohi ziren. Foru-legedia toki hauen aldekoa zen: Abellanedako Batzarrak ezartzen zuen mineralaren salneurria; garraiotik atera zitekeen etekina, berriz, legeak ematen zuen zehazki. Gipuzkoako foruan ikusten da, aldeko zituzten beste hainbat onuraz landa, debekatuta zegoela olagizonei aurre egitea. Bizkaiko Burdinolen Foruaren arabera (1440) olagizonek ez zuten "deitura" edo mobilizazio orokorrera joan beharrik. Barne-auziak burdinolako alkateak ebazten zituen; hala, eskulangile independenteek ihes egin zezaketen elizaren edo nobleziaren eskumenetik, eta ezin zitzaien ondasunik bahitu. Irun eta Oiartzungo Burdinolen Foruak ere antzeko xedapenak ezartzen ditu. Hona hemen zer dioen Arocenak "Guipúzcoa en la historia" liburuan:

Argi ikusten da neurri horien guztien multzoak maila pribilegiatuan jartzen zituela olagizonak; nolabait esateko, lanaren aristokrazia batean; izan ere, olagizonen pribilegioen maila altuagoa zen kapareena baino.

Dena dela, ez dezagun uste olagizonen maila homogeneoa eta uniformea zenik. Hainbat agiritan (besteak beste, Bizkaiko Foruan, II. tit.V. legean) jasotzen denez, "ezberdintasunak daude burdinoletan eta arragoetan, mazolarien, langileen, jornalarien, maizterren eta jabeen artean.

Larramendik deskribapen bizi baten bidez adierazten du zer garrantzi zuten XVIII. mendean burdinolek herriarentzat:

"Hainbat (gipuzkoar) bizi dira burdinoletatik, edo haien mendeko lanbide eta zereginetatik. Isasti doktoreak, bere garaian, 80 burdinola handi eta 33 gabi zenbatu zituen Gipuzkoan... Eta haietako bakoitzean 30 gizon behar omen ziren, kontuan harturik olagizonak nahiz meatzariak, egurginak, ikazkinak, mandazainak, mea-garraiolariak eta abar. Kontu horren arabera burdinoletatik bizi ziren 3.500 gizon ezkondu eta haien familiak; familia bakoitza 3 lagunekotzat hartuta, 10.000 lagun baino gehiago lirateke, beren alokairu eta soldatekin, eta emazteek ekarritakoarekin, alai eta ikararik gabe bizi zirenak."

(Modos de vivir de Guipúzcoa, "Corografía de Guipúzcoa").