Kontzeptua

Artisaua

XV. mendetik ageri dira arma- eta altzairu-fabrika garrantzitsuak gure herrialdean; esate baterako, honako herri hauetan: Soraluze-Placencia de Armas, Eibar, Arrasate eta Azkoitia (herri horretan XVII. mendean ere besoz egiten zen altzairua). Garai hartan Gaztelako monarkiak etengabe egiten zituen arma-eskariak. Ikus Armak.

Durango, Orbaizta, Elorria eta Bergara ere gerra-industriaren guneak ziren. Hiru gune aukeratuko ditugu, manufaktura-industriarako trantsizio-garaiko ekoizpen-modua tipifikatzeko: Soraluzeko, Tolosako eta Eugiko arma-fabrikak. Lehena herriak berak sortu zuen 1573an eta jabetza estatuari eman zitzaion, "hiribilduan bertan errotzeko berorren maiestateak behar lezakeen edozein arma motaren fabrikazioa. Eta hala lortu omen zen biztanle langileentzako lana eta bizibidea" (Gorosabel). XVIII. mendean Caracasko Konpainiaren mende egon zen, baina hura desagertzean, berriro igaro zen estatuaren eskuetara. Langileak lau gremiotan banatuta zeuden: errementariak, aparejadoreak, kanonistak eta kajistak. Lantegia zuzentzen zutenek erregeak emandako tituluak zituzten: kontrolatzailea, gobernadorea, ikuskatzailea eta aztertzailea.

Eugiko fabrika (Real Fabrika de Municiones de Eugi), burdinola izandakoa, Nafarroako errege-erreginen mende egon zen gero (XVI. mendea) eta hango gastuak inguruko zazpi herriek (Eugi, Urtasun, Iragi, Usetxi, Agorreta, Saigots eta Leranotz) hartzen zituzten beren gain. 1608an errentan hartua zuten zenbait partikularrek. XVI. mendearen amaieran, Filipe II.ak milandar armagin ospetsu batzuk (urreztatzaileak, grabatzaileak...) ekarri zituen eta eskola ezarri zuten herrialdean. 1756an, Manuel Tomas Borja zen buru, Francisco Mendietaren izenean. 1630ean sortu zen Tolosako arma-fabrika, hura ere hiribilduak sustatua. Bertan egiten ziren gobernuarentzako armak "aizkorak, aihotzak eta sarrailagintzako hainbat manufaktura, ofizialen kontura" (Gorosabel). XIX. mendean, fabrika desagertua zen eta hango langile izandako ofizialek beren lantegiak zituzten (Gorosabelen arabera).

Bankako (Nafarroa) forjak frantziar errege-ontzidiaren eskariak ere jasotzen zituen. Fabrika haiek muntaketa-guneak ziren, eta hainbat lanbidetako artisauak biltzen zituzten. Artisau bakoitza bere etxean edo lantegian eskariz egindako produktuekin etortzen zen bilerara. Halako fabrika asko zeuden, baina berezia zen Eibarko arma-fabrika. Ontziolen industriak, berriz, kontzentraziorako joera handiagoa zuen. Lapurdiko kostaldetik (non normandiarren ontzigintza-tradizioaren eragin nabarmena zuten) hasita, Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetaraino, untzigintzak garrantzi handia izan zuen Berant Erdi Aroan. Esan liteke XV. mendetik XIX. mendera, Orio, Pasaia eta Bilbokoak izan zirela penintsulako ontziolarik eskatuenak (Portugalgoak salbu). Haien ostean, garrantzitsuak ziren, besteak beste, Lekeitio, Ondarroa, Mundaka eta Plentzia. Untzigintzaren garai gorena Caracasko Konpainiarena izan zen. Konpainia 1728an sortu zen. Ordurako, untzigintzaren prozesua manufaktura-fabrikazioa zen, zenbait lanbide espezializaturen kontzentrazioan oinarritua. Ikus Ontziolak. Ontzigintzaren eskutik eta antzinatik zetorren arraunen eta ainguren fabrikazioa. Arraungintzaren gune nagusia Donostiako Santa Katalina izan zen, harik eta XVIII. mendean, Portugalera eta Frantziara esportatzea debekatu zenean, desagertu zen arte. Aingurak, esate baterako, Donostian, Usurbilen, Hernanin, Urnietan, Aian, eta Errenteriolan egiten ziren.