Kontzeptua

Artisaua

Artisau-bizimodua sekula baino urriagoa izan zen inbasio eta borroka etengabeko mende ilun haietan. Erromatarren bakearen garaian mendialdetik lautadetara jaitsitako jendea, goialdeetara itzuli zen babes bila. Han bordak eratu zituzten, nekazaritza- eta artzaintza-unitate txikiak. XVII. mendetik aurrera bordak etxebizitza iraunkor bihurtu ziren. Izan ere, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako iparraldeko hainbat herriren osaera askoz modernoagoa da gorago dauden herriena baino. Goiz Erdi Aroko ekonomia nagusiki artzaintzan eta nekazaritzan oinarritu zen. Gipuzkoan XII. mendean egindako dohaintza, gutun eta foruek erakusten dute bazirela labore-lurrak, sagastiak eta abar.

Donejakue Bidearen inguruko monasterioetatik abiatu zen kolonizazioa. Orduan, nekazaritzaren pizkundea mendialdean gertatu zen, monasterioak eta erromesentzako ospitaleak zeuden inguruetan. Jakina da Bizkaian, X. mende aldera, Somorrostro eta Muskiz aldean itsasontziak ("venaqueros y chumaqueros") ibiltzen zirela mea kargatzen, Bizkaiko beste portu batzuetara, Gipuzkoara, Baionara eta Donibane Lohitzunera eramateko. Nafarroan eta Araban ere oinarria nekazaritzak eta artzaintzak eratzen zuten. Burdinola goiztiarren bat kenduta, herri eta haranek beren premiak bete behar zituzten: jantziak, lanabesak, apaingarriak eta abar. Salgaiak hirietan ekoizten ziren. Haietan lanbide bakoitzak bere kalea edo auzoa zuen: espartzugileak, alfagemoak (bizarginak), errementariak, zapatariak, galtzagileak, traskogileak, ehuleak, aiztogileak eta abar. Ordain-sari batzuk dirutan ematen ziren, baina gehienak -batez ere eguneroko gauza txikiak- gauzaz ordaintzen ziren, trukea baitzen ondasunak lortzeko bide arrunta. Hirietan izan ezik, eskulangileak noizeanbehingoak eta ibiltariak ziren: teilaginak, errementariak, ilaginak, saskigileak, eltzegileak eta abar.

Islamari hartutako lurraldeak kolonizatu eta jendeztatu zirenean, eskulangileak are gehiago urrundu ziren elikagaiak ekoitzi behar izatetik; Aragoiko dinastiako monarkek eskuzabal jokatu zuten, eta foruak, frankiziak eta erregaliak eman zituzten. Alfontso I.a Borrokalariak (1104-34) foruak eman zizkien, besteak beste, honako hauei: Peña, Arguedas, Caparroso, Tutera, Santakara, Funes, Zangoza, Araciel, Zarrakaztelu, Cabanillas, Kaseda, Artaxoa, Marañon, burgo de San Cernin. Antso Ramirez ere birpopulatzaile handia izan zen. Uxueri eman zizkion foruak 1076an. Jakako eredua errepikatu zuen Lizarran, hari eman zion foru bera emanez. 1090ean, Lizarran gaztelu bat eraikitzea eta "frankoen" (adiera biekin, alegia, atzerritar eta libre esanahiekin) herrixka ezartzea erabaki zuen. Herrixkako lehen biztanleak frankoak izan ziren; eta aurrerago, bai frankoak, baita nafarrak ere. Haietako gehienak eskulangileak, ostalariak eta merkatariak ziren, eta herrixka Donejakue Bidean zegoen, estrategikoki kokatuta. Udal-egoera goiztiar hori meditarreneoko zibilizazioaren funtsezko kontzeptu politikoa da. Horretaz Campionek dioenez, "ez da kointzidentzia hutsa Aragoiko adarreko monarkak izatea udal-gutun gehien eman zituztenak. Errege-erreginek biztanleak erakartzeko baliatzen zituzten hiribilduei ematen zizkieten frankizia eta erregaliak." Ondorengo monarkek berdin jokatu zuten: Antso Jakitunak foruak eman zizkien Guardiari, Artaxoari, Donostiari (1150) eta Gasteizi (1181); Antso Azkarrak (1195-1234) Vianari. Garai hartan foruak nekazarien herrixketara eta haranetara hedatzen hasi ziren: Aezkoa, Larraun, Burunda eta abar. Bilbok, hala ere, ez zuen fundazio-gutunik hartu 1300era arte; Azpeitiak 1310era arte; Tolosak Gasteizko forua zuen 1256tik. Herrialdearen artisau-fisionomia honelaxe muga liteke:

  1. Iparraldea. Larruz eta artilez (artzainak) baliatutako eskulangintza. Ikazkinak eta errementariak.
  2. Hegoaldea. Ehungintza (nekazariak).
  3. Itsasaldea. Ontzigintza, arrantza-industria eta merkataritza.
  4. Hiriak. Gremio-eskulangintza, lehengaien zuzeneko ekoizpenetik bereizitakoa, eta korporazio-araudi zurrun baten menpekotasunean zegoena.

Gremioak herririk garrantzitsuenetan osatzen ziren. Ordenantzek arautzen zituzten lanbideen bizitza eta interesak: ikasketen iraupena; lan-kategoria batetik bestera (ikastun, ofizial nahiz maisuentzat) igarotzeko betebeharrak, ordaindu beharreko dirutzak, ahaidetasuna...; herri eta lanbide bakoitzean egon zitekeen maisu kopurua eta abar. Barne-arazoetan Batzar Nagusiek, merioek edo alkateek esku hartzen zuten.

Gremio-korporazioen ezaugarri nagusiak lautara ekar ditzakegu:

  1. Elkartearen izaera solidarioa.
  2. Zegokion gremioan nahitaez izena eman beharra, horrela estatutu bereziak, administrazio ekonomiko propioa eta elkarren arteko laguntza izanik -1534an, Bilboko zapatarien gremioak funtsezko antolaera hori berretsi egin zuen, zapatari libreei hiribilduan jardutea debekatuz-.
  3. Denda irekia izatea, produktuak saltzeko.
  4. Zenbait urtez ikastun aritu ondoren, maisu-titulu ofiziala eskuratzeko aukera.

Nafarroan judu asko aritu zen eskulangintzan, nahiz eta haiek osperik onena sendagile- eta lukurari-lanetan lortu. Baionan gremioek araudi hertsia zuten. 1320an, aurrez argitaratutako arau sorta baten jarraipen gisa, alkate berriak erabat debekatu zien kanpotarrei txikizkako merkataritza. Oihaldun, harakin, zapatari, larrugin edo mertzero izateko, edo denda nahiz saltoki bat irekitzeko, auzotasun-eskubidea behar zen: harakinei debekatu egin zitzaien ardi- edo amuarrain-haragia saltzea, ez bazen bereziki haragi haiek ikusgai jartzeko ezarritako lekuetan; sokagileei debekatu egin zitzaien sokak ehuntzea edo zabaltzea, euria, ihintza edo lainoa zenean. Are gehiago: kalamuek, landu aurretik, lau epaile adituren onespena behar zuten; kalitate txarreko iritziz gero, sokagileak itzuli egin behar zituen Nafarroara, handik ekartzen baitziren; sokak ere azterketa hura gainditu behar zuten, zabaldu aurretik, hariei erreparatzeko eta nahasteak saihesteko.

Gipuzkoan parekatuta zeuden lanbide mekanikoak eta medikuntza, zirujautza, botikagintza edo arkitektura, besteak beste. Erdi Aroko eskulangintza hark uharte txiki batzuk baino ez zituen eratzen barnealdean, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren munduan, non bizimodu hiritarra geldiro baitzihoan aurrera.

Nafarroan, Champagneko eta Frantziako etxeek erregali, salbuespen, hiri-gutun eta hobekuntza asko eman zizkieten udalerri sortu berriei. Politika hori sarritan erabiltzen zen nobleziarekin orekatzeko, herri xehea haien menpetik ateratzean.

Gipuzkoako eta Bizkaiko itsasaldean orduantxe ezagutu zen gizarte-maila berri bat: burgesia merkatari eta ontzigilea, kaien inguruan eta lurraren egoera onari esker sortua. Teobaldoen garaian, artista finak agertu ziren eskulangileen artetik, erregeen edo udalerrien kontura pintatzeko eta zizelkatzeko. Eskulangintza artistikoak XIV. mendean lortu zuen maila gorena, nahiz eta oso gutxi dakigun elizak eta jauregiak apaindu zituzten bertoko artistez. Aldi garrantzitsu hartan bi errege nabarmendu ziren Nafarroan: Karlos II.a Gaiztoa eta Karlos III.a Prestua. Lehenak jauntxoen nahiei aurre egin zien eta nekazari asko libratu zituen, gerrako gastuetarako dirua biltzeko asmoz. Ehundegiak ezarri zituen Lizarran, oihalak egiteko. Horretarako, maisu-ehule bat, tindatzaile bat eta zortzi irule ekarri zituen, zergak ordaintzetik libre eta erregearen kontura ostataturik. Iruñean (1365) arautu egin zituen nekazarien soldatak (batik bat burgo de San Cernin eta San Nicolasen) eta eskulangileenak. Ezarritako kopuruak mesedegarriak izan ziren burgesia lur-jabearentzat, haientzat egiten baitzuten lan. Karlos III.ak, ordea, amore eman zuen jauntxoen aurrean, eta hiriak eta lekuak eman zizkien. Horrek bando-gerrak ekarri zituen lurralde osora.