Kontzeptua

Artisaua

Euskal Herriko lehen biztanleak Behe Paleolitoan (K.a 200.000) kokatzen dira. Milaka urteko aldi luze batean (191.000 urtean, gutxi gorabehera) ehiza izan zen haien jarduera nagusi bakarra; hazi- eta sustrai-bilketa, berriz, ehizaren osagarri edo bigarren mailako jarduera izan zen. Lehen esku-jarduera, beraz, ehizarako premiak eragin zuen: armak eta lanabes bakunak egin behar zituzten zurez, harriz edo hezurrez. Biztanleria urria zen eta alderrai zebilen. Behar izan ahala egiten zituzten azkonak, pikak, jaurtitzeko borrak eta aizkorak (Aitzabalen, Gasteizko hegoaldean, aurkitutako aizkoraren antzekoak). Ez zegoen lan-banaketa zehatzik, ehiztari bakoitza aldi berean biltzaile eta egile ere bazelako. Aranzadullako (Urbasa mendilerroa) silex-lantegiak noizean behingo lan-banaketa iradokitzen du: baliteke ehiztarien kanpaleku izatea, eta haietako batzuek taldearentzat lan egitea.

Eskasia nagusi zen lehen milurteko haietan, Erdi Paleolitoan (K.a. 30.000), klimaren laztasunak haitzulo naturaletara bultzatu zituen tribuak. Industria xume bat agertu zen, lauzak (levalloisarra) eta ofitazko aizkorak (mousteriarra) egiteko.

K.a. 30.000. urtearen inguruan, lanabes perfekzionatuagoak egin ziren, eta haiek markatu zuten hurrengo mugarria: Goi Paleolitoa. Orduko ekoizpen-oinarria ehiza zen, eta ez ziren aldatzen ehizatzeko teknikak eta naturari kendutako espeziak baino. Bizilekuak mendateetatik hurbil ezartzen ziren, hau da, animalien berezko igarobideetatik gertu (Santimamiñe, Isturitze); edo, bestela, ibaietatik edo itsasotik, alegia, arrantza-tokietatik gertu (Lumentza eta Santimamiñe bera). Tresnak -ia ziur emakumeek eta nagusiek eginak- dibertsifikatu egin ziren. Tresna zakarrez osatutako bilduma hartan karrakagailuak, zizelak, punta zizelkatuak, borrak, arraspak, hezurrezko objektuak, puntzoiak, azagaiak eta abar zeuden. Haietaz gainera, belarritakoak, kutunak eta zintzilikarioak ere baziren (arte mobiliarraren lehen adierazpenak) eta larruak erabiltzen ziren estalki gisa. Maila handiagoko artea loratu zen pintura eta erliebe solutrearretan (Isturitze). Kultura-olatu hark magdaleniarrean lortu zuen mailarik gorena, eta arrasto distiratsua utzi zuen historiaurreko haitzulo hauetan: Lumentza, Santimamiñe, Bilinkoba, Armiña, Atxurra, Baltzola, Ermittia, Urtiaga, Aitzbitarte, Alkerdi, Berroberria, Angelu, Hariztoi, Isturitze, Altxerri, Ekain, Artxilondo, Hiriburu eta abar.

Azken glaziazio-artekoarekin (Holozenoa) eguraldia gozatzean eta harriak leuntzeko teknikak hobetzean, beste aldi bat hasi zen: Neolitoa (K.a. 9.000tik 2.000ra). Neolitoak 7.000 urte inguru iraun zuen, eta oso garrantzitsua izan zen, gizateriak bi egitate ezagutu baitzituen: nekazaritza eta abeltzaintza. Iraultza neolitikoak kontsumo-gaien ekoizle bihurtu zuen gizakia. Aurkikuntza handi haien lehen aztarnak Santimamiñen (ardi-hezurrak) eta Lumentzan (alea ehotzeko errota bakuna) aurkitu ziren. Bobidoak, zaldiak eta ahuntzak etxekotzen eta zerealak ereiten hasi ziren (lehenago, berez hazitakoak bildu eta berehala jan besterik ez zen egiten). Lehen lan-banaketa garrantzitsu haren babesean zeramika primitiboa sortu zen, zume edo zumitz gainean eskuz moldatua; ehiza, nekazaritza eta abeltzaintza hasiberriekin batera, lapikoak eta platerak iritsi ziren eskulangintzara. Aztarna neolitikoak dituzten haitzuloetan (Isturitze, Bolinkoba, Urtiaga, Uriogaina, Lumentza...) leundutako haitzen arrastoak, adarrez egindako orratzak, mailuak, pikotxak eta abar aurkitu dira. Gizakia sarraskitik salbatu duten hainbat tresnari ere haitzak eman die izena: aizkora, aizto, aitzur...

Ezer gutxi dakigu historiaurreko lehen eskulangileez; hala ere, haien eskuen abileziari eta haiek erabilitako materialei esker sailka ditzakegu gu historian sartu aurreko urteak: Harri Aro Zaharra, Harri Aro Berria, Metal Aroa, Kobre Aroa, Brontze Aroa, Burdin Aroa. Metala gure lurraldean sartu berri zela, demografia-eztanda geldia izan zen, klima hobetzeak eta bizi-mailak gora egiteak (lehenengoz abeltzaintzan eta nekazaritzan soberakinak izateagatik) eragindakoa. Ondorioz, ia biztanlerik ez zuten eskualdeak, pixkanaka betez joan ziren. Artalde transhumanteen joan-etorria nabaritzen hasi zen, batik bat goialdeetako larreetan; esate baterako, Gorbeian, Aizkorrin, Urbasan, Gibijon, Iratin, Elosun eta Lindusen (triku-harri ugariko inguruak denak). Beheragoko lurrak ere jendeztatu ziren; hala nola Belate, Mairulegorreta, Altzania eta Koartango. 5.000 gizaki inguruk hartu zuten aterpe haitzuloetan eta, behin-behinean, txaboletan. Ehizatik (% 60) eta abeltzaintzatik bizi ziren. Biztanle haietako bakar batzuk, behealdeetan ezarri ziren, eta ehizatzeari utzi ez arren, nekazaritza egonkorra praktikatu zuten, baita eskulanak ere, aisialdian.

Kalkuluen arabera, Kobre Aro edo Eneolitikoa K.a. 2000tik 1200era luzatu zen gure lurraldean. Kobrea agertu zenean, lantzen eta gezien puntak, aizkorak, aiztoak, apaingarriak, puntzoiak, eztenak eta abar egiten hasi ziren, eta horiek moldatu egin zituzten larru-, harri- eta buztin-langintza tradizionalera. Ordurako artilea ere ehuntzen zen, metalezko nahiz hezurrezko tresnen bidez, eta gainalde leuna zein apaindua zuten zeramikazko ontzi, suil eta tresnak egiten ziren. Brontze Aroko aztarnak, armak, erremintak eta lanabesak agertu dira, besteak beste, Goikolau, Oialkoba, Aralar eta Santimamiñeko indusketetan, K.a 1200etik 600ra arteko aldiari dagokion geruzan. Aldi hartan hedatu zen ehunak eta gurdi gurpilduna erabiltzea. Gutxi gorabehera, 600. urtetik aurrera hasi ziren bizitokiak aire zabalean eraikitzen eta burdina erabiltzen. Europako migrazio-korronteek (batez ere zeltek) eragina izan zuten gure biztanlerian. Zelten kulturaren adarretako bat Pirinioen iparraldetik sartu zen egungo Nafarroaren eta Gipuzkoaren mugaraino. Cromlech edo baratzearen kultura izan zen hura. Beste adar batek hegoalderantz jo zuen, eta herrixka gotortuak eratu zituen. Ordurako baziren elikagaiak ekoiztu beharretik liberatutako lehen eskulangileak laborari-komunitate haietan; nagusiki, Araban eta Nafarroako hegoaldean: Castejon (Arguedas), Kutzemendi, Salbatierrabide, Iruñea, Murgia, Arrola (Nabarniz), Etxauri, Oro, Guardia; La Hoya), Artaxoa eta abar. Eskulangile haiek katiluak, arropetarako apaingarriak, zeramika, lantzak, goldeak, ezpatak eta burdinazko igitaiak (Etxauri) egiten zituzten. Orduan sortu ziren ehungailu pisuduna (Kutzemendi), eta buztinlarien tornua, seguruenik almeriar transhumanteek ekarrita. Hala ere, baratzearen kultura, artzainena eta nekazariena zena, ez zen iritsi herrialdearen mendebaldera, Arabaren eta Bizkaiaren muturrera eta Gipuzkoaren zati handi batera. Izan ere, alde haietan artzaintza zen nagusi eta eskulangintza noizean behingo jarduera zen, ez lanbidea. Horretaz gainera, dirua ez zen ezagutzen, gauza baliotsuak erabili arren, gaien truke-balioa adierazteko (Estrabon, III, 3, 7).

Jakina da erromatarrak iritsi zirenean, bizimodua goialdeko larreetatik haranetara jaitsi zela, "pax romana" deritzonari eta inperioak eraikitako komunikazio-sareari esker. Sare horrek hirigune berri samarrak lotu zituen. Astorga-Bordele bide ospetsuan zeuden, besteak beste, gune hauek: Deobriga (Zubilarra), Beleia, Suessatio, Tullonium, Alba, Aracelium (Arakil), Alantone, Pompailon (Iruñea) eta Iturissa. Lapurdum (Baiona) Novempopulaniako tribunoaren egoitza izatera iritsi zen. Banca, Muscaria (Tutera), Araciel (gaur egun hutsik), Flaviobriga, Asparren, Oiasso (Oiartzun?), Tullonium (Dulantzi), Osma, Arroitz, Carasa (Garrüze), Imus Pyreneus (Donibane Garazi) eta Atharratze biztanleria finkoa zuten tokiak ziren. Bilbo Plinioren Amanum Portus edo Ptolomeoren Flaviobriga izan ahal izan zen. Antza denez, bi hirigune nagusiak bi Iruñeak izan ziren (Nafarroakoa eta Arabakoa), gorantz zihoazen merkataritza- eta eskulangintza-guneak baitziren, batik bat II. mendean. Erromatarrek hedatu zuten hegoaldeko lautadetara mahastien, olibondoen eta zerealen laborantza. Hiriguneetan garatutako eskulangintzari buruz diharduela, Gerhart Rohlfsek latinaren eragina nabarmentzen du errementariek zerabilten terminologian: mailu, tobera, kate, ingude, aingura eta abar. Euskarazko golde hitza ere latinezko culter hitzetik omen dator. Inperioaren erorialdiaren ondorioz, bizimodu hiritarra galdu eta ekonomia naturala itzuli zen. Menditarren eta erromatarren arteko borroken berri jasota dago IV. mendetik. Hala ere, gertaera horien aurrekoak dira (hain zuzen ere III. mendekoak) lapur baskoien erasoak eta nekazari bagauden liskarrak. Hiriak (zibilizazio-uharteak) barbaroen menpe geratu ziren; bi Iruñeak erre eta hartu zituzten. Bisigodoen aurkako borroka etengabea izan zen V. mendearen hasieratik, baina egoerak okerrera egin zuen 711. urtean, musulmanak heldu zirenean.