Kontzeptua

Artearen Historia. Eskultura

Erromako Inperioaren desagerpena eta erromanikoaren hasiera artean, teknika eta tradizio artistiko erromatarrak galdu egin ziren. Pobretutako gizarteak ez zuen arterako aukerarik, eta horregatik, kalitate baxuko artelanak egin ziren garai haietan Euskal Herri osoan.

Gainera, kristautasunaren nagusitasun gero eta gehiago mesfidati begiratzen zion bolumenaren aldeko tradizio greziar-erromatarrari eta bi dimentsiotako arte zuzena egiteari garrantzi handiagoa eman zion. Horren adibide, Villatuertako X. mendeko erliebe aurre-erromanikoak.

Arte islamiarrari begiratzen badiogu, ez dago aztarna handirik Euskal Herrian, baina Tuterako meskitako harri eta igeltsuzko xehetasun batzuek eraikuntzaren aberastasuna adierazten dute. Bestalde, Leireko monasterioan gorde zen bolizko kutxatxoak Kordobako artisau tailerren maila erakusten du.

Europako hainbat tokitik zetorren erromanikoaren hedapenarekin iritsi zen eskultura monumentalaren eta bakarkako irudien berreskurapena, XI. mendean.

Kristau elizaren indartzeak Europan antolaketa politikoa eta ekonomikoa bultzatu zuen eta pixkanaka sortzen ari ziren Erdi Aroko estatuek artearen suspertzea ekarri zuten.

Nafarroako erresumaren finkatzeak monasterioak, hiriak, bideak, azokak, eta abar antolatzea ekarri zuen, eta sarritan erregeek bultzada handia eman zioten erlijio zentroei horrek zekarren artearen suspertzearekin batera.

Eskultura monumentala horren adibide garbia da. Arkitektura lan ia guztiek eskultura lotuta zeramaten, bai jainkoari laudorioa egiteko, bai erlijioaren pasarteak eta irakaspenak jende arruntari azaltzeko.

Leire bezalako erlijio gune interesgarrietan ikusten dira erromanikoko eskultura monumentala berreskuratzeko lehen adibide trakets, baina ausartak, XI. mendekoa den kriptako zutabeen kapiteletan.

Bainan Euskal Herrian katedralen eraikitzeak hartu zuen arkitektura eta eskultura lan handienak. Iruñea eta Baiona finkatu ziren bi zentro erlijioso nagusi moduan, eta batez ere Iruñako katedral erromaniko zaharraren arrastoak iritsi zaizkigu. Katedralak izan zuen klaustroko kapiteletan Santiagotik etorri zen Esteban hargin maisuaren tailerrak lan egin zuen, XII. mendean.

Pixkanaka, erromaniko betea zentro erlijiosoetatik beste gune herrikoiagoetara edo landa guneetara zabaldu zen, Zangozako eliza nagusian sarrerako atean ikusi dezakegun bezala.

Eskultura irudien kasuan berriz, ikusezina ikusgai egiteko erabiltzen zen erromanikoko lehen garaietan, eta batez ere, Kristo gurutzean eta amabirjinaren kultua zabaltzeko. Pintatutako eta koloreztatutako zurezko irudiak izaten dira gehienetan, Lizarran San Pedro de la Rua eta Torres del Rio-ko gurutziltzatuetan eta Euskal Herrian oso zabalduta dagoen Andre Mariaren irudietan ikus daitekeenaren arabera.

Eskultura zibila ez da ugaria, nahiz eta Euskal Herrian adibide onak ditugun Lizarrako Nafarroako erregeen jauregia izeneko aurrealdean.

Gotikoaren etorrera ere erlijio gune indartsuekin lotuta ikusten dugu Euskal Herrian.

Europa aldeko gotikoa berehala hasi zen erromanikoko eskultura sinbolikoa eta forma aldetik ez oso naturalista ordezkatzen. Egiteko era berriek aurre hartu zioten estilo zaharrari eta naturalismo eta espresio erlijioso handiagoa eskatzen zuten irudi motak azkar ailegatu ziren Iruñako apezpikutzara eta gortera. Katedral berriak arkitektura eta eskultura tailer askoren lana eskatzen zuen, eta behin bukatu ondoren, baita eskultura eta altzari liturgikoak ere. Tuterako katedraleko mendebaldeko atean topa daiteke XIII. mendeko Chartreseko estiloaren etorrera Euskal Herrira; baina 1280. urtean eraikitzen hasi zen Iruñako katedraleko klaustroan ikus ditzakegu eskultura gotikoaren adibide ederrenak, ateen inguruan egindako dekoraziotan, batez ere Ate Ederra. Gauza bera gertatzen da Baionako klaustroa eta sakristia lotzen duen ateko eskulturarekin. Zoritxarrez, Baionako katedraleko arkitekturari lotutako eskultura gehiena galduta dago, hurrengo mendetako gatazken ondorioz.

Iruñako eta Baionako katedraletako tailerretatik irtendako ereduekin batera Gaztelakoak edo urrutiagokoak ere sartu ziren Euskal Herriko lurralde batzuetan, eta gotikoak arrakasta handia izan zuen Euskal Herriko hirietan eta herrietan.

Haietako herri asko garai hartan sortu ziren edo garatu ziren, merkataritzaren suspertzeari esker, eta horregatik adibide ederrak topa ditzakegu han eta hemen sakabanatuta. Elizetako sarreretan biltzen zen dekorazio monumental gehiena, erlijioaren pasarte inportanteenek jendearen arreta beregana zezaten, sarritan garaiko polikromia gorde dutenak (edo geroko berriz pintatzeak), bestalde. Horren adibideak dira Gasteizko elizetan dauzkagun ataurreak: Santa Maria eliza nagusia alde batetik eta San Pedro eta San Migel bestetik (guztiak XIV. mendekoak). Gauza bera esan daiteke Erriberri, Tutera, Guardia eta Debakoari buruz, azken hau besteen bertsio herrikoiagoa.

Bakarkako eskulturetan, Kristo eta Amabirjina nagusi izaten jarraitu zuten gotikoko mendetan. Oraingo honetan, gizatiarragoak azaltzen zaizkigu eta naturalago jantzietan eta anatomian, erlijioa ulertzeko era berriaren eskakizunari lotuta, alegia.

Azkenik, hilobi eskultura gotikoaren eredu ederra dugu Tournaiko Jehan Lomek egindako Karlos III.aren eta Trastamarako Leonor emaztearen hilobia Iruñako Katedralean.