Kontzeptua

Artearen Historia. Eskultura

Azken gotikoko eskulturak iraupen handia izan zuen Euskal Herrian, Europako hainbat lurraldeen antzera. Hala ere, pixkanaka Italiako eta Flandesko ereduak sartzen hasi ziren, batez ere XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendearen hasieran.

Giro humanista berriak, antzinaterako bueltak eta gizakiaren gaineko kezka berriek eskulturaren aldaketa ekarri zuten.

Anatomiaren zehaztasuna, keinuen lasaitasun eta, oro har, naturari begira egindako eskulturak aurrea hartu zion espresio flandestarrari eta azken gotikoko arintasun eta dotoretasunari.

Garaiko ezaugarririk aipagarriena azken gotikoan hasitako ohitura baten garapena izan zen. XV. mendean gero eta ohikoago bihurtu zen elizetako aldare nagusia erretaula handien bitartez hornitzea, Iruñeko katedralean edo Lekeitioko elizan ikusten den bezala. Zurez egindako arkitektura egiturak irudi erlijioso nagusiak eta erliebe narratiboak inguratzen zituzten; guztia, polikromia aberatsez estalita bukaera ematen zitzaien, gehienetan urreztatuta.

XVI. mendearen bukaera aldera Euskal Herriko eskulturak garapen izugarria izan zuen erromanismoa izeneko eskolaren eskutik. Michelangelo eskultore italiarrak landutako estilo indartsu eta espresiboak eragin nabarmena izan zuen Euskal Herriko eskultore batzuen artean, batez ere Joanes Antxietarengan. Honek Michelangelok marrazten eta zizelkatzen zituen gorputz gihartsuak eta indarrez beteta, erretaulen irudietan erabili zituen, giza gorputzaren ahalmen espresiboak irudi erlijiosoetara ondo egokitzeko.

Iruñean finkatutako eskultore gipuzkoarrak, Euskal Herri osoan eta inguruko lurraldetan izugarrizko eragina izan zuen joerari hasiera eman zion. Ikasleen artean, Araban Lope Larrea eta Esteban Velasco aipa ditzakegu, Bizkaian Martin Ruiz de Zubiate, Gipuzkoan Ambrosio Bengoetxea eta Jeronimo Larrea eta Nafarroan Pedro Gonzalez de San Pedro.

Sarritan elizetako ataurretan ikus ditzakegun eskulturek erretaulen eredua jarraitu zituzten, harriz eginda badaude ere. Erdi Aroko arkitekturari egokitutako eskulturak mugak gainditu zituen eta fatxada osora zabaldu zitekeen, Pierres Picartek egindako Oñatiko Unibertsitateko aurrealdean edo Bianako eliza nagusian ikus daitekeen bezala. Gauza bera gertatzen da jauregietako fatxada nagusiak apaintzerako orduan: atea inguratzen duen dekorazio arkitektoniko eta eskultorikoa jartzen da; Eskoriaza-Eskibel jauregia Gasteizen, adibidez.

Hilobi eskulturaren barruan adibiderik ederrena Oñatiko San Migel elizan dagoen Rodrigo Mercado Zuazola gotzainaren hilobia da, ustez Diego de Siloe eskultoreak Andaluziatik ekarritako marmolez egindakoa.

Erromanismoak iraupen handia izan zuen nahiz eta barrokoko joera berriak beste lurralde askotan indarra hartzen hasi XVII. mendearekin batera.

Erretaula handien garaiak jarraipena izan zuen egiteko era berriak iritsi zirenean ere, nahiz eta ereduak eman zituztenak kanpotik etorritako eskultoreak izan. Bertako lantokiek Gaztelatik etorritako eskultore handien lanak jarraitu zituzten eta ereduak emateko zentro izateari laga zioten. Gregorio Fernandezek Gasteizko San Migel elizan 1624an diseinatutako erretaula nagusiak erromanismoaren ereduen bukaera suposatu zuen, Barrokoko jarrera naturalistagoen alde.

Erretaula barrokoak arkitektura elementuen eta irudien soiltasunaren aldeko garapena jarraitu bazuen ere, XV. mendetik zetorren arkitektura eskulturaren markoa izateko ohitura irauli egin zen XVII. mendearen 80ko hamarkadatik aurrera. Churrigereskoa izeneko erretauletan arkitektura marko konplexuek tarte gutxi lagatzen zuten erliebeentzat eta irudi solteak azaltzen ziren marketeriazko arkitektura urreztatuen artean; Iruñeko moja agustindar errekoletoen komentuan ikus daitekeenaren arabera.

Horrek jarraipena izan zuen rococo motako erretauletan, 1740 eta 1780 urteen artean. Arkitektura markoek sinesgarritasuna galtzen dute dekorazio ugariaren azpian ezkutatuta, eta horren ondorioz irudi erlijioso nagusien irudi gutxi batzuek ikusiko ditugu bereiztuta: Bergarako Oxirondoko Santa Maria, Bilboko San Nikolas, Segurakoa, Donibane Lohitzune eta Ainhoako erretaulak adibidez.

Azkenik, XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran, erretaula neoklasikoak tokia kendu zion pixkanaka rococo estiloko dekorazio gehiegi zuen erretaulari. Greziar-erromatar arkitektura klasikoak berreskuratu zituzten erretaularen egiturak eraikitzeko eta elizaren babesleak ziren santuen irudi hutsak azalduko dira koloma eta taulamendu klasikoen artean.

Erretaulaz gainera, XVII. eta XVIII. mendetan, eskulturaren barruan garapen handia izan zuten irudi erlijioso solteak, elizetan gurtzeko edo prozesiotan ateratzeko.

Arkitekturari egokitutako eskulturaren atalean, Barrokoko mendeak emankorrak izan ziren Euskal Herrian, elizaren eta nobleen indartzearen ondorioari esker: Donostiako Santa Maria elizako fatxada edo Nafarroan Sorladako San Gregorio Ostiense eliza horren adibide onak dira.