Kontzeptua

Artearen Historia. Eskultura

K.a. II. mendean erromatarren etorrerarekin Euskal Herria Mediterraneoko arte tradizioarekin lotu zen. Bolumenaren aldeko greziar ohiturak, erromatartzearekin zabaldu ziren Euskal Herrian, sarritan tradizio indigena eta aurreko metalen kulturekin elkartuta.

Pintura erromatarra gordetzea zaila izan bada ere, eskultura adibide ugari ditugu Euskal Herrian, batez ere oso erromatartutako hirietan edo lurraldeetan. Adibidez Nafarroako Pompaelo (gaur egungo Iruñea), Civitas Cara (Santacaran), Andelos (Mendigorria inguruan), eta abarretan neurri handiko marmolezko eskulturak aurkitu dira, nahiz eta puskatuta edo egoera onean ez egon. Suposatzen dugu kanpotik ekarritakoak direla, nahiz eta pixkanaka, bertan tailerrak finkatuko ziren.

Aipagarriak dira jainko emakume batena izan daitekeen Santacarako aurpegi zatia eta erretratuaren zatia izan daitekeen Zangozako gorputz enborra, biak Kristo ondorengo lehenbiziko mendekoak.

Hala ere, Euskal Herrian dugun eskultura erromatar ikusgarriena Arabako Iruña-Veleia herrixkan aurkitutako Dama izenekoa da. K.o, I eta II. mende artekoa da eta burua eta besoak falta arren, kalitate handiko eskultura dela esan daiteke.

Bestalde, erromatarrak kokatu ziren toki guztietan azaldu dira gurtzarako eskulturatxoak edo sinismenekin lotutakoak, batez ere etxearen edo pertsonen babesa eskaintzen zituztenak. Aipatzeko modukoa da Foruan (Bizkaia) aurkitutako Isis-Fortunaren 6,5 zm-ko eskulturatxoa eta Hondarribiako Higer muturrean itsasoan aurkitutako jainkoen brontzezko eskulturatxoak, itxuraz, egurrezko altzari baten apaingarriak izan zitezkeenak.

Tradizio indigenari jarraipena emateko hilarri asko aurkitu dira Euskal Herri guztian. Hildakoaren grabatuak eta erliebeak izaten dituzte, eta horregatik informazio baliagarria eskaini digute erromatar kolonizazioari buruz. Akitanian euskararen ikerketarako oso baliagarriak izan direnak aurkitu dituzte, eta Araban eta Nafarroan landare apaingarriak, irudi eskematikoak eta beste irudiak dituztenak azaldu dira.