Kontzeptua

Mitologia

Egun, mundua gero eta arrazionalista eta laizistagoa bilakatzen ari da. Testuinguru horretan Zientzia gida argigarri modura dakusagu mundua eta inguratzen gaituzten gauzak interpretatzeari dagokionez. Zenbaitetan, gainera, fedezko dogma ere bilakatzen da.

Erlijioak (oinarrizkoak nahiz eraikiak) edo sakratutzat jotako munduak indarra galdu dutela dirudien arren, oso sendo diraute haien sustrai sozial eta egiturazko edo funtzionalari so. Baina ikus dezakegunez, krisialdietan jendeak mundu exoteriko edo magikora jotzen du atzera, irtenbide bila edo. Dena den, askotan, erabiltzen diren ereduak betiereko hiru ikuspegien sinkretismoak baino ez dira: magia, erlijioa eta zientzia.

Ezagutza-esparru horiek eta esperimentazioa, elkar hartuta ala elkarren aurka jarrita, indartu edo ezartzeko ahalegina egin izan da antzinatik; betiere, gure ustean irristakor eta labainkor samarrak diren muga batzuk zehazteko eginahalean. Hots, magiak, hartako intuizioa erabiliz, sarritan sartu du muturra erlijioaren edo zientziaren esparruan; erlijiozko ospakizunetan magiazko errituak barneratu dira edo arrazoi metodikotik eratortzen den ezagutzaren logika ukatu egin da hainbat erlijioetan; zientziari dagokionez ere, sarritan mago eta alkimisten esperientziak baliatu izan dira eta, hala izan ez denean, egia zientifikoak kutsu ia erlijiozkoz deskribatu izan dira.

Guztiek helburu bera partekatzen dute, hau da, inguruan dugun mundua interpretatzea. Hori horrela izanik, batez ere, erlijioaren eta magiaren esparru betierekoek (elkarren osagarri eta arerio direnak) mundu jainkotiarra egituratu dute pixkanaka eta, era berean, gero eta hedadura handiagoa duen hartako mundu mitologikoaren antolakuntza (konplexutasun gehiagoz edo gutxiagoz) gauzatu dute. Hasiera batean, ezezaguna edo gutxi landutakoa izan dena, oinarrizko erlijioen kasuan gertatzen denez: animismoa, naturalismoa eta totemismoa. Eta ondoren, egituratu eta sofistikatu egin dira, erlijio nagusi direlakoak sortuz .

Orokorrean eta bitxia dirudien arren, unibertsoaren gaineko ikuskerari dagokionez edo hura hainbat mailatan egituratzeari dagokionez, kultura askotan ia unibertsal diren eskemak jarraitzen direla aipatu behar da, hala hautematen direnak: mundu zerutiarra, mundu lurtarra eta lurpeko beste bat. Logika hori oinarri hartuta eraiki dira erlijioak, haietako denbora mitikoak eta mitologiak eta, baita, erritu, sineskera eta usadio ugari ere.

Edozein kultura hartzen badugu, logikoa denez, mitologia ez da erlijiozko kosmogonia baten inguruan batzen den multzo humano edo fededun-komunitate bati buruzko ikuskera espiritualaren berehalako ondorioa. Kosmogonia hori sortuz, birsortuz, desagertuz edo aldatuz doa. Modu horretan (uneko sinesmen erlijiozko edo filosofikoen arabera), kohesiorako indar jainkotiar, naturaz gaindiko eta kolektiboak sortzen dira pixkanaka.

Bada guztietan antzekotasun bat, hau da, kolektibitate edo kultura ezberdinetan denbora mitiko jakin bat edo denboren jatorri jakin bat ezarri ohi da (puntu horretan izaki guztiak berdinak ziren eta haietako pertsonaia mitikoek indar eta ezagutza arras garatua izaten zuten). Haiek behin-betiko desagertu aurretik sekretu ezkutukoenak azaleratzen dira arbaso edo zibilizazioko heroi baten eskutik, lurralde bateko antzinako biztanleen kultura baitaratzen duena. Denbora mitiko hori aldizka oroitu egiten da edo modu erritual batean birsortu. Horrela, uneoro komunitatearen gogamenean iltzatzen da.

Erritua eta mitoa oso elementu garrantzitsuak dira herri baten ikuskera erlijiozko edo sineskeran. Mitoaren bidez munduaren hastapena edo jazoera jakin baten oroimena azaltzen da modu alegorikoan. Azalpen horren inguruan hura erregularki birsortzeko zenbait arau ezartzen direnean, erritual bat dugu. Hori dela eta, ez da harritzekoa gure kultura tradizionalean festa-ospakizunen inguruan izaki mitologikoak topatzea edo bizitza kolektiboak bere erritmoarekin jarraitu ahal izateko ziklo bat sortzeko irrika hautematea.

Errituaren sostengu nagusia festa da. Mitoak, aldiz, alegiak, ipuinak edo elezaharrak ditu zutabe, jazoera jakin baten jatorriaren gaineko bertsio herrikoia emate aldera. Narrazio tradizional horien helburua komunitate bateko kide guztiak sentimendu magiko eta erlijiozko jakin batez zipriztintzea da. Baliabide hori iniziaziozko erritu askotan erabili izan da, iniziazio-prozesuan dagoenarengan beldurra edo sekretismoa sortzeko eta, are, kolektiboko gainerako kideentzat tabu diren zenbait ezagutza helarazteko.

Modu horretan, Kantauri isurialde edo zerrendako herrietan kultura mitologiko aberatsa dago, beste latitude batzuetako sinesmen eta usadioen kontraste argian. Horrela, mediterraneoko kulturetan, besteak beste, mundu grekoko olinpo handia edo imaginario erromatarra dauzkagu. Europa iparraldean eta erdialdean bikingoen edo germaniarren istorio bitxiak aurki ditzakegu. Halaber, herri zeltikoen mundu mitiko aberats eta anitza dakusagu. Guztietan nabari da arrazazko jatorria edo jatorri mitikoa duen ikuskera bitxi bat, ingurune natural eta sozialaren lekutze jakin bat eta bizitzaren egitura zehatz bat. Dena den, aipagarria da halaber, espekulazioek ziotenen aurka, kulturak eta mitologiak historikoki herrien arteko loturen ondorioz sendoz joan direla eta, modu horretan, bakoitzak bere mundu sakratua finkatu du edo, are, beste latitude batzuetako inspirazioak mailegatu dira (adibide batera, hainbat kulturatan berdinak edo antzekoak diren pertsonaiak aipa daitezke: Polifemo edo bestelako ziklope batzuk). Hau da, antzinako munduan ere kulturen arteko truke garrantzitsuak izaten ziren eta, horregatik, hedatutako ikuskeraren aurka, zera esan dezakegu, ez ditugula kolektibo egonkor edo finkoak.

Testuinguru orokor horretan, euskaldunen herriak Lurraren gurtza oinarritzat hartuz altxatu ditu bere zutabeak (Ama Lurra) eta, zenbaitetan, jainko ezezagun bati erreferentzia eginez (Jaungoikoa), Zeruarekin eta atmosferako zenbait numenekin lotzen dena. Finean, mundu bat teilatu zerutiarrean, beste bat lurrazalean eta beste bat lurrazpian.

Lurrak, bere airezko eremuan, bi alaba ditu: Eguzkia, egunaren ordu argitsuetan lurrazaleko bizitzaren jaun eta jabe dena eta, Ilargia, heriotzaren argia, gaueko izakien edo lurrazpiko munduaren ugazabandrea. Zeruko bi astro horiek desagertu egiten dira egunero zerumuga horretan eta Lurraren erraietako ezkutuko bide eta labirintoen barna bidaiatzen dute. Bitxia da forma laua eta lurrazpiko sistema konplexua duen planetaren gainerako ikuskera horrek oraindik iraun egiten duela pentsatzea. Horrez gain, pentsaera herrikoian Naturako lau elementu funtsezkoen (airea, ura, sua eta lurra) ikuskera klasikoa ere mantendu egin da, aldi berean, bizitzaren edo gizakiaren existentziaren oinarri direnak.

Adierazi bezala, eguna eguneko izakientzat edo lurrazaleko eta hartako espazio eta eragintzako biztanleentzat egina da eta hori argi geratzen da esaldi honetan: "Eguna egunezkoarentzat eta gaua gauezkoarentzat". Bietako ordezkariei so ikus dezakegu bat datozela klasikoki edo zientifikoki landareen, animalien edo gizakien munduen artean egin izan den bereizketarekin. Bereizketa hori antzinako garaietan edo mitoak sortu aurretik sortu zen, izaki guztiak berdinak ziren garaietan, non animalia eta landareek ere hizketarako gaitasuna zuten.

Animaliak betiereko zerrendaren arabera aurkezten dira, hots, positibo edo onuragarriak (astoak, erleak, oilarrak, ardiak, etab.) ala negatibo edo kaltegarriak (apoak, sugeak, beleak, putreak, euliak, etab.) eta, jakina, sailkapen horretan beti ez da adostasun orokor eta ahobatezkoa izaten. Ez dira falta halaber, babeserako elementu modura aurkezten direnak (haize-orratzetako oilarrak edo azkonarraren hatzaparrak zinginarri modura). Eta, era berean, landare ugari gizatiartutako espazioak babesteko ikur modura agertzen dira (eguzki loreak, lizarraren adaxkak edo leizarra, elorri zuri edo elorrioak, erramua edo ereñozara, etab.). Orobat, haietako propietateak erabiltzen dira sendagarri modura.

Pertsona edo gizakien artean Lurrako biztanle ziren zenbait izaki mitiko edo antzinako (jentilak edo mairuak), berezko elezaharren jabe diren heroiak eta gizakiz haratagoko/gizaki bikoiztasuna ageri duten izakiak agertzen dira, "gu" eta "besteak" dikotomia ohikoa erakutsiz.

Edozein kulturatan ohikoa izan da historiaurreko mundu bat edo mundu mitiko bat finkatzea. Kultura horietan, gurean bezalaxe, orduan egungo lurraldea izaki handiz beterik zegoen, indar ikaragarria zutenak eta, gure kolektibitateari so, ezagutza ezinbestekoak zituztenak. Pertsonaia horiek jentilak (kristautasunaren aurreko gizakoitasun edo paganismoarekin antzekotasun bitxia agertzen dutenak) edo mairuak ziren eta haiekin batera bizi izan ziren gizakiak. Horrela, pixkanaka beren espaziotik apartatu ziren edo iragarritako amaierako unean finkatu. Pertsonaia mitikoen gainbehera, dirudienez, Aralar mendilerroan gertatu zen, izan ere, jentila zahar baten aholkuei jarraiki, argidun laino baten aurrean harrizko muinoaren azpian eman zieten lur beren buruei. Egun harrizko muino hori Jentilarriko trikuharri izenez ezagutzen da. Orobat, Olentzero izenez ezagutzen den ohiko ikazkinari eta azken jentilari egindako erreferentziak ere ez dira gutxi. Azken jentilak, Gabonetan Jainkoaren edo Kixmiren jaiotza iragarria oroitarazten digu beti, bere espeziaren desagerpena gogoratzearekin batera.

Mairuak izendatzen diren izakiak lurrazpiko bizitzarekin lotzen dira edo Euskal Herriko gune jakin batzuetan isolatuta agertzen dira (Moroa, Maruelexa, etab.). Gune horietan tumuluak agertu ohi dira, lurrazpian gordetako altxorrekin lotzen direnak (larruzko azal handitan edo metalezko pertzetan gordeta). Europan tradizionalki mundu musulmanaren etengabeko mehatxuarekin lotu izan dira eta moro edo arabiar gisa hautematen dira (sarritan antzezpen herrikoiak egiten dira haiek irudikatzeko eta imaginario erlijiozkoan ere irudikatu ohi dira).

Bestalde, zibilizazioko zenbait heroik eskuratu edo lapurtu zituzten antzinako biztanleek menderatzen zituzten elementu edo sekretuak (sua egiteko modua, burdinaren soldadura, garia erein eta ehotzea, zerra, nekazaritza eta abeltzaintza orokortzea, etab.). Gure artean San Martin, Martintxiki edo Martiniko nabarmendu behar da. Pertsonaia horri esker, lehen biztanleen kultura eskuratu ahal izan zen pixkanaka, ingurune edo espazio berrira egokitzeko prozesuaren barruan.

Lehenengo pertsonaia horiekin batera aipagarri dira heroi klasiko edo historikoak, beren balentria, aparteko jazoera eta elezaharrekin. Horietako batzuk historiko gisa aurkezten dira (Errolan, Errege Xalomon, Mateo-txistu, Argizagiteko gizona, etab.) eta haien abenturak puztuta, gutxi-gehiago. Beste batzuk pertsonaia sinbolikoak dira edo kristautze-prozesuan erabakigarriak izan direnak (San Miguel, San Gabriel, San Martin eta San Elias arkanjeluak, etab.). Horiek dira erreferente berriak kolektibitate mestizoaren barnean.

Horiez gain, gizaki izaeratik haratagoko izakien anbiguotasun edo bitasuna ere aipagarria da. Horiek existentzia bikoitza dute (ontasuna eta maltzurkeria) eta itxura gizatiarrarekin batera beste forma zehatz edo etereo bat erakusten dute (besteak beste, gizotsoa, patuaren jabe diren aztiak, intxisuak eta sorginak).

Berebat, pentsamendu herrikoia hartzen badugu kolektibo berekoak diren kideen eta kidetasun eta nortasun sentimenduen arteko dikotomia ezinbestekoa da mugak zehaztu eta ezberdintasunak finkatzeari dagokionez. Alderdi hori agerikoa da oraindik, baita egun daukagun gizarte modernoan ere. Ezberdintasuna sinplea eta argia da, hots, "gu" eta besteak. Gure kulturari beha, ezberdintasun hori euskaldunak eta kanpotarrak edo arrotzak (edo atzerritarrak) bereizteko erabiltzen dugun forma linguistikoan nabari da. Azken termino horrekin bizimodu eta pentsamolde jakin bat duen arraza edo kolektibo batetik aparte daudenak izendatzen dira. Hala, alde batetik, ijitoak edo buhamiak ditugu; agoteen komunitatea ere hor sartzen da, baita ijito eta agoteen arteko mestizajea ere (kaskarotak), edo juduak, fedegabeko edo paganoak eta, are, heretikotzat jotzen diren beste zenbait ere.

Gainera, gizarte edo gizakiz osatutako komunitate gehienetan gazteen sozializazio-prozesua iniziazio-erritualekin burutzen zen (autokontrolerako eta erresistentzia fisiko nahiz mentalerako probak eginez, ekintza fisikoak gaindituz, jokabide-kodeak bereganatuz eta ezagutza ilunen jakintza eskuratuz gauzatzen zirenak). Modu horretan, heldutzat jotzen ziren gizarte horretan. Horren ostean, festa kutsuko pertsonaien agerpena baitaratzen zuten, gutxiago edo gehiago kolektibo horretako imaginario mitologikoarekin lotzen zirenak. Hori, batez ere, erritu ziklikoetan gertatzen zen. Gaur egun, pertsonaia mitiko eta festa kutsuko tradizional nahiz sinboliko horiek nonahi agertu ohi dira. Horren adibide dira, Ujankoa (Urte Zaharrean ohikoa dena), Olentzeroa (Gabonetan agertzen dena), inauterietako pertsonaia ugari (Zanpantzar, Miel Otxin, Basajauna eta Basandereak, etab.) landareen irudikapen bizidunak (sasiak, pazkoa edo basabitxilorea) eta kristautasunari dagozkion hainbat eta hainbat pertsonaia (munstroak, mingorriak, heriotza, etab.).

Gaueko izakiak, horien artean Gauekoa pertsonaiaren bidez pertsonifikatzen dena (gaueko jeinu nagusia) dugu eta, jakina, baita ilargiarekin lotzen dena (ilargia) edo gaueko jeinu edo iratxo argitsu batekin lotzen dena (gauargia edo argiduna izenez ezagutzen dena). Gauekoa gaueko iluntasunean agertzen da (deabrua, haize-bolada edo munstroa izan daiteke) eta une horietan gizakiak kanpora ateratzeko aukera arautu edo mugatzen du, bere zigor gogorrak jasotzeko arriskupean (abisu modura egindako marken bidez eta, are, arau-haustea egiten zuenaren desagerpena eraginda).

Horregatik, ez da harritzekoa gaueko espiritu hori heriotzarekin edo defuntuen agerpenarekin lotzea, eta baita gaueko zenbait espiriturekin ere (orokorrean Ireluak izenez ezagutzen direnak). Azken horien barruan, aldi berean, etxe barneko izakiak (Inguma, galtzagorriak, etab.), haitzuloetako jeinuak (Satan, herensugeak, sorginak, etab.) eta basokoak (gizotsoak, maruak, ireltsuak, Basajauna, Tartalo, etab.) barneratzen dira.

Halaber, aipagarria da "komunitate bakoitzak bere sekretuak dituela, arreta handiz gordeta, haur, emakume eta arrotzek ezagut ez ditzaten" . Haurren kolektiboa, emakumeena edo Naturako indarren mehatxupean isolatuta bizitzera behartutako taldeak (artzainak, arrantzaleak, ikazkinak, ehiztariak, etab.) izan dira naturaz gaindiko izaki eta indarren erasoa maizen jaso ohi dutenak. Eraso horiek sarritan gaixotasun (fisiko edo psikikoak), istripu eta heriotza modura agertzen dira; bahiketa, desagerpena edo enkantamendu gisa ere bai; eta, are, era guztietako oldartze edo loaren nahastearen bidez.

Arestian esan bezala, gaua eta hildakoen argia nahiz ilargia dira mundu ilun, lurrazpiko eta haratagokoen babesleak. Hau da, sarritan lotzen dira heriotzaren (heriotza, erioa edo balbea) irudikapen klasikoarekin eta defuntu edo arbasoen agerpenaren ilunekin (hildakoen agerkundak). Hildakoen agerkunde horiek arima argitsu (argia) modura, jaberik gabeko itzalen (gerixetia) gisa edo defuntuaren espektro (arima edo izugarria) modura agertzen dira bizidunen artean. Orokorrean, bideetan harat-honat ibiliz ikusi ohi dira eta bizi ziren artean egindako promesak betetzeko itxaropena erakusten dute edo gaueko erromesaldi lazgarriaren amaiera eskatuz, bizidunek beren otoitz eta mezen bidez ahalbidetzen dutena. Dena den, badira gizakien ekintzak zigortzera datozenak edo bizidunen nahimenak betetzen laguntzera datozenak.

Gurean ezagutzen ditugun gaueko espirituen artean aipagarri dira Ireluak. Horiek hainbat espaziotan koka ditzakegu, etxeko izaki, lurrazpiko izaki edo uretako izaki modura. Etxeko esparruan jendeak izaki nano batzuen onura jaso zezaketelako sineskera zegoen. Izaki horiek intsektu edo gizaki itxuraz ager zitezkeen edo orratzontzi batzuen barnean eskuratu edo eros zitezkeen eta sekulako dinamismoa erakusten zuten lan egiteko edota jasotako aginduak betetzeko orduan. Etxeko jeinu horiek izendatzeko izen ugari erabiltzen ziren, esate baterako, famileriak, galtzagorriak, prakagorriak, mamarroak, etab. Orobat, ontasuna egiteko asmoz edo, bederen, asmo arriskutsurik gabe, gaueko beste izaki batzuk ere sartzen ziren etxe barrura, adibide batera, Maidea edo Saindi-Maindia edo, are, lamiak aipa ditzakegu, afariko soberakinak jatera agertzen zirenak. Bitxia badirudi ere, bi jeinu horiek kristautasunaren aurreko zenbait zantzu zituztela uste zen eta, biak urrezko objektuz ematen zieten esker ona ongileei.

Etxeko espazio hori alde batera utzi gabe, badira gaueko zenbait izaki edo jeinu maltzur ere, loaren nahastea, loaren murriztea, gaixotasuna eta heriotza ere sorraraz zezaketenak. Horrela, gauean zehar senti daitekeen asaldura hori aideko edo bildur-aizea izenez ezagutzen da eta hori eragiten duen jeinua Inguma da; bestalde, Gaizkinak gaueko izaki maltzurrak dira eta burkoetako oihalak kutsatzen dituzte gaixotasunak edo heriotza sorrarazteko.

Lurrazpiko izakien esparruan adibide ugari ditugu. Hor topatzen dugu euskal mitologiako jeinu nagusia (Mari edo ama lurra irudikatzen duen jainkosa), aireko, lurrazpiko eta basoko bizitzako espektro anitzekin harreman estua duena. Mari Lurraren erraietan bizi da, aberastasun izugarriz betetako kobazulo eta leizeetan eta, zenbaitetan, babesgune batetik bestera su bihurtuta edo erratzean hegan eginez mugitzen da edo, bestela, ahari bihurtuta edo zaldiz bultzatutako gurdi batean. Izaki anbibalentea da, hau da, bere borondatez laguntza eman dezake edota zigortu egin dezake gezurra esan, lapurretan ibili, handikeria ustean ibili, hitza hautsi, errespeturik eza agertu nahiz ondokoari laguntzarik ez emateagatik. Antzinatik hainbat botere aitortu zaizkio (Mariren orakulua eta indar atmosferikoak kontrolatzen ditu), gizakien ukoa du bizi-sostengu eta zenbait manamenduren jabe da, hori dela eta, antzinatik askotan gurtu izan da gurtza naturaletan.

Maju, Sugaar edo Sugoi izan du ezkontide (bizidunekin ezkonduta ere agertu izan da). Izaki hori lamien nagusi gisa agertzen da eta ezkontza horretatik, alde batetik, seme maltzur eta deabruzkoa sortzen da, Mikelats izenekoa; eta, beste alde batetik, Atarrabi edo Axular (itzalik gabeko apaiza), adeitsua dena eta bere anaiaren maltzurkeriaren aurka borrokatzen dena.

Lurrazpiko beste jeinu maltzur bat dugu herensugea edo suge handia (zenbaitetan zazpi buru dituena), herensugea edo iraunsuge izenez ezagutzen dena. Bizi den eskualdeko gazteak eta azienda ditu elikagai. Errementari bat, aingeruak edo San Miguel arkanjelua bera dira ustez haren desagerpena edo heriotza eragin dutenak.

Lurrazpiko jeinuen artean Mariren eraldatze ugari aurki ditzakegu edo emakumezko jeinu horren hainbat aldaera. Kobazulo eta leizeen inguruan agertzen dira eta, sarritan, animalia itxura erakusten dute: zezengorria, txahalgorria, behigorria, zaldia, putrea, aharia, ardia, akerra, ahuntza, urdea, txakurra, etab. Itxura aldakorrez agertu eta aipatu zuloen inguruan dabiltzan oinezkoak lurrazpiko munduetara erakartzeko ahaleginean ibiltzen dira.

Halaber, gaueko jeinuak dira oinezkoak ikaratzen dituen txakurra (Mirokutana); adarrez hornitutako haitzuloetako gizona (marua), artzainak bahitu edo azienda lapurtzen duena; basoko jeinu maltzurra edo otso-gizona (gizotsoa); eta horren maltzurrak ez diren beste zenbait, esate baterako, ireltsuak izenez ezagutzen diren animaliak (astarra, ahari beltza, urdea edo sua jaurtitzen duen txoria).

Bada hainbat kulturetan ezagutzen den bat, hots, begi bakarra duen ziklope greziarra, mitologia klasikoan jite antropofago handia duena. Izaki hori Polifemo izenez ezagutzen da eta gure kulturara Tartalo, Torto edo Alarabi izenak hartuta iritsi da. Basajauna edo Anxoa fisikoki deskribatzeko erraldoi iletsu eta basoko jauna dela esan ohi da. Basoa eta hartako biztanleak babesten dituen pertsonaia da, bertan burutzen diren eguneroko jarduerak zaintzeaz gain (artzaintza eta antzekoak). Sarritan bere emaztea alboan duela agertzen da, hots, Basanderea.

Satanas deabru edo maltzurra ospakizun eta gurtzetan agertzen da, esate baterako, sabbat edo akelarrean. Hura ere lurrazpiko izakitzat jo da eta, are gehiago, infernuko ateen zaindaritzat hartu izan da, harako eroale. Gure kulturan izendapen bitxiak hartu ditu, besteak beste, deabrua, etsaia edo beste mutila. Are, zenbaitetan (batez ere, lanak eraginda isolatuta ibiltzen diren kolektiboetan, hau da, arrantzale edo artzain artean), izendatu ere ez zen egiten, hura aipatzea tabua baitzen. Deabru talde handiaren laguntza duela (mikolak) esan ohi da eta, pentsamolde herrikoiaren arabera, Mariren semeen heziketa haren eskuetan utzi zen (Mikelatsek bere ikasbidea jaso du eta Atarrabi edo Axular, berriz, ihesean joan zen).

Euskal Herrian sorginkeria-prozesuak aski ezagunak dira, izan ere, XVI. eta XVII. mendeetan zehar jazarpen basatia jasan zuten eta asko izan ziren Inkisizioaren aginduz sutzarrean erre ziren edo tortura sadikoak pairatu zituzten pertsonak. Maltzurraren jarraitzaileek gurtza satanikoak antolatzen zituzten eta kobazulo eta larreen ingurutan elkartzen ziren. Hegan joaten ziren hara eta, ondoren, ustez jaunaren begiradapean nolabaiteko "meza beltza" ospatzen zuten. Bitxia bada ere, pertsonaia horietako gehienak emakumezkoak ziren eta sorginak izenez ezagutzen ziren. Gizonezkoak aztiak edo intxisuak ziren eta kolektiboen zein horien interesen aurka baldintza klimatiko txarrak edo lazeriak sortzearen erruduntzat jotzen ziren. Halaber, biraoak eta begizkoak egitea, pertsonen gaixotasun edo heriotzak eragitea, haurrak bahitu eta desagerraraztea eta askotariko jarduera maltzurrak sortzea leporatzen zitzaien .

Uretako izakiak dira gaueko espirituen azken aldaera. Horiek laku, ibai eta itsasotan kokatzen dira. Emakumezko pertsonaia interesgarriak eta anbibalenteak dira, esate baterako, lamiak edo laminak, beti uretatik gertu ibili ohi direnak, urrezko orrazia hartuta. Animaliaren oinak (hegazti edo ahuntzarenak) dituzte eta zubiak eraikitzeko zaletasuna dute. Gure geografian asko dira izaki horren izena hartu duten toponimikoak: Orobat, sorginak eta itsas lamiak ere aurki ditzakegu. Hauek maltzurragoak dira, izan ere, ekaitzak eta itsasaldeko hondamendiak eragiten dituzte.

Bestalde, Odei (trumoi edo ekaitza) aipatu behar da, atmosferako jeinu edo numenen arteko nagusi. Hark seme maltzur bat du (Aidegaixto), besteak beste, haizea, tximista edo tximistargia edota behe-lainoa kontrolatzen dituena. Baina badu beste seme bat, onbera, Ortzi izenez ezagutzen dena eta zerumuga, ortzadarra edota izarrak nahiz hondamendi naturalak (suteak, uholdeak, erauntsiak, etab.) bermatzen dituena.

Odei atmosferako fenomenoen gaineko kontrol orokorra duen jeinu nagusia da eta jainko zerutiarren (Zeus Grezia klasikoan; Jupiter Erroman; Thor mitologia bikingo edo norvegiarrean) moduko botereak ditu. Bi seme biki izan zituen, aurretik esan dugunez izaera kontrajarria dutenak.

Aidegaxtok izaera maltzurra du (aire maltzur edo tximista modura agertzen da) eta Mari jainkosarekin edo defuntuekin (behe-laino trinko edo jeinu gogor modura agertzen dira) lotzen da. Bere aitak bezala, tximistargia edo oneztarria kontrolatzen du. Aitzitik, Ortzi zerumugan edo zeru zerutiarrean agertu ohi da, izaera onbera du eta Mariren alabekin (Eguzkia eta Ilargia) edota izarrekin (izarrak) lotzen da. Bere nahimenez agertzen dira ortzadarra (ortzadar) eta Hartz Handiaren izar-multzoa (Zazpi izarrak edo Ahuntzak).

Seme horien agindupean eta eremu berean bigarren mailako jeinu batzuk edo izaki negatiboak agertzen dira. Modu horretan, natural eta ukigarri (berezko) denaren aurka aireko izaki edo naturaz haraindiko bat agertzen da Aidea edo Aidekoa izenekoa. Azken horrek harreman estua du etxeko jeinu maltzurrekin, esate baterako, Inguma edo Gaizkinea izenekoekin eta, era berean, lotura estua du lau puntu kardinaletatik datozen haizeekin. Eluaso haize-bolada edo elur-haizezko zurrunbilo modura agertzen da. Lausoa behe-laino edo gurma modura agertzen da eta Aizebiur haize-bolada edo -zurrunbilo modura. Halaber, gogoan izan behar da ekaizte batean haizea dabilenean, txistu edo txakurraren ulu moduko bat entzuten dela. Hori Mateo txistu eta bere txakurrek sortzen dute, amaigabeko ehizaldian baitabiltza.

Enbataren jeinua ere maltzurra da. Hura Eate izenez ezagutzen da eta sute suntsigarriak, uholde izugarriak eta urakan-haizeak sorrarazteko gai da, bidean topatzen duten oro suntsi dezaketenak. Eta azkenik, atmosferako numenen multzoarekin amaitzeko Traganarru aipatu behar da, itsasoko zaparrada edo enbaten eragilea.

Garatu berri dugun eskema honetan euskal pentsamolde herrikoiak kosmogonia mitologiari buruz duen egitura korapilatsu eta konplexua argitzea izan da asmoa. Izan ere, erlijio izatera iritsi gabe mendeetan zehar iraun duen esparrua da, modu aldakor batean irauten duten estratifikazio anitz eta zantzuak oinarri hartuta; euskal mitologiak badu gehiago garatu diren beste batzuen antzik, baina, hala ere, berezko alderdi ugari mantentzen ditu, kristautasunaren aurreko sineskeren funtsezko esentziarekin batera. Jasotako informazio asko eta asko, ahanzturaren zulotik berreskuratua, Jose Miguel de Barandiaranek egindako lanari zor diogu.

Funtsean, bitxia badirudi ere, kontrajarri egiten ditu, alde batetik mundu zerutiarra (beste olinpo mitologiko batzuetan jainkoen aterpe dena) eta, beste alde batetik, mundu femenino, ilun eta lurrazpiko baten nagusitasuna. Azken horretan Naturak guztia inguratzen du. Bestalde, izaki positibo eta negatiboak elkarren aurka jartzen ditu, modu horretan, gure kulturan agertzen diren jeinu eta numen ugarien arteko harremana dinamizatzen da. Orobat, hainbat ipuin eta elezaharrei esker, kolektibitatea bideratuko duten kontzeptu moral eta filosofikoak adierazten edo ematen dira. Eta, jakina, sinbolismoen zerrenda hori horien sortzaile izan den gizarteko egitura eta esparru ugaritan islatzen da.

  • ARRINDA ALBISU, Anastasio. Religión Prehistórica de los vascos. Donostia: Auñamendi, 1965.
  • ASIÁIN ANSORENA, Alfredo. "Narraciones folclóricas navarras: recopilación, clasificación y análisis". Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoak, 81. zbk. Iruña: Nafarroako Gobernua, 2006.
  • AZKUE, Resurreccion Mª. de. Euskalerriaren Yakintza. Madril, Bilbo: Euskaltzaindia & Espasa Calpe, 1989.
  • AZKUE, Resurreccion Mª. de. Cancionero Popular Vasco. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • AZKUE, Resurreccion Mª. de. Cuentos y leyendas. Donostia: Orain, 1995.
  • BARANDIARAN IRIZAR, Luis de. Antología de fabulas, cuentos y leyendas del País Vasco. Donostia: Txertoa, 1985.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel de. Bujería y brujas. Donostia: Txertoa, 1994.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel de. Diccionario de Mitología Vasca. Donostia: Txertoa, 1984.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel de. Mitología Vasca. Donostia: Txertoa, 1994.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel de. Mitología del Pueblo Vasco. Bilbo: Etor-Ostoa, 1997.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel de. Obras Completas. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1973.
  • DURKHEIM, Emile. Las formas elementales de la vida religiosa. Madril: Alianza, 2008.
  • CALLEJO, Jesus. Los dueños de los sueños. Bartzelona: Martínez Roca, 1998.
  • CARO BAROJA, Julio. Brujería vasca. Donostia: Txertoa, 1985.
  • CARO BAROJA, Julio. Las brujas y su mundo. Madril: Alianza, 2006.
  • CARO BAROJA, Julio. Magia y brujería. Donostia: Txertoa, 1987.
  • CARO BAROJA, Julio. Ritos y mitos equívocos. Madril: Istmo, 1974.
  • CARO BAROJA, Julio. Sobre la religión antigua y el calendario del pueblo Vasco. Donostia: Txertoa, 1984.
  • DUESO, Jose. El mundo encantado de los Vascos. Donostia: Jose Dueso, 1999.
  • ELIADE, Mircea. Herreros y alquimistas. Madril: Alianza, 2007.
  • ERKOREKA, Anton. Begizkoa / Mal de ojo. Bilbo: Ekain, 1995.
  • EUSKO Jaurlaritza eta ELAI-ALAI euskal dantzari taldeak. Antropología de la muerte: símbolos y ritos. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1986.
  • HEZKUNTZA, Unibetsitate eta Ikerketa Sailak. Basajaunen kondaira. Bilbo: Gestionet-Ibaizabal, 2003.
  • JIMENO JURIO, Jose Maria. "Los mayordomos en Nafarroa". Dantzariak 9. zbk.; 1979.
  • KANTABRIA, Gobernua. Mitología de Cantabria (CD-rom eta CD). Santander: Tantin, 1999.
  • LANCRE, Pierre. Tratado de Brujería Vasca. Tafalla: Txalaparta, 2004.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. Máscaras fustigadoras. Euskonews, 2004, 242 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. La señal de la cruz . Euskonews, 2004, 249 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • MALINOWSKI, Bronislaw. Una teoría científica de la cultura. Madril: SARPE, 1984.
  • ORTIZ-OSES, Andres. Los mitos vascos. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2007.
  • PEÑA SANTIAGO, Luis Pedro. Fiestas, costumbres y leyendas de Navarra. Donostia: Txertoa, 1984.
  • SATRUSTEGI, Jose Maria. Mitos y creencias. Donostia: Orain, 1995.
  • SATRUSTEGI, Jose Maria. Solsticio de Invierno. Iruña: El Diario de Navarra, 1974.
  • SATRUSTEGI, Jose Maria. Solsticio de Invierno. Iruña, 1988.
  • SORDO SOTRES, Ramin. Mitos de la Naturaleza en Asturias y Cantabria. Jogueru Bilduma.
  • VAN GENNEP, Arnold. Los ritos de paso. Madril: Alianza, 2008.
  • ZINZARRI. Euskadi insolita. Donostia: L. Haramburu-editor, 1980.