Kontzeptua

Olentzero

Olentzeroren sorreraren inguruko agiririk ez da ezagutu oraindik eta berez, kondaira zaharrenak Joxe Migel Barandiaranek Aralarreko artzain baten hitzetan entzundakoaren antzekoak dira.

Gizon haren esanetan, kondaira belaunaldiz belaunaldi igaro omen zen ahozko tradizioari helduz, istorio bera behin eta berriro errepikatuz: jaieguna ospatzen ari zirela, baliteke neguko solstizioa izatea, jentilak Aralarreko Matxabaletako zelaian dantzan zebiltzan eta bat batean hodei bat eurengana gerturatu zen eguzkia estali arte. Bertan bildutakoak izutu egin ziren eta agure zaharrenak zera esan izen, hodeiak Kixmiren etorrera iragartzen zuela. Orduko hitzak aintzat hartuz, horrek zera esan nahi zuen, Kristoren etorrera, kristauaren helduera eta euren kulturaren amaiera. Horregatik zera ohiukatu zuen:

Sortu dek Kixmi, Galduak gaituk. Jauzi mallotik bera¡

Agure zaharren nahia bete egin zuten eta amildegitik behera bota zuten eta bitartean hodeiak artzain guztiak akabatu zituen banan bana, bat izan ezik, eta bizirik geratu zen horrek inguruko herrixketara jaitsi zen gertatutakoaren berri ematera: berau Olentzero zen eta kristau bertsioaren arabera, Kristoren etorreraren berri ematen duen mezularia da. Antzinako kondairetan aldiz, ordura arte bizirik iraun zuen kulturaren amaieraren ikurra litzateke. Olentzerok argi berriaren etorrera ere iragartzen du, eguzkiaren argia, garai horretan egunak gero eta luzeagoak baitira.

Aralarren kondairan aipatzen diren lekuak Jentillarri izena hartzen du.

JSA

Urte amaiera edo neguaren amaiera irudikatzen duela dirudien kristautasunaren aurreko pertsonaia sinbolikoa. Bere izenak aldaerak ditu herrialdeko herriaren arabera: Olentzaro Orexa, Lesaka eta Arakilen; Olentzero Bera, Irún, Oiartzun eta Donostian; Orentzaro Zarautzen; Onentzaro Andoainen; Orantzaro Berastegi eta Larraunen. Bere aldaeradun izen honen eremua beraz, kostaldea, Gipuzkoako Beterri eta Nafarroako zati batean datza. Izen honen inguruan biltzen diren gai batzuk beste leku batzuetan beste izen bati lotuta doaz :Xubilaro (Arakil), Suilaro (Sara), Xiularo (Uhart-Mixe), Suklaro (Zaraitzu), Galerre (Agurain eta Alegia), Kalerre (Uribarri-Ganboa), Putierre (Amarita). Lezoko Isasti historiagilearen arabera, Onenzaro esaten zitzaion Eguberriari XVII. mendean eta hitz honek "onen aro" esanahi duela dio.

Resurreccion Maria Azkuek esanahi bera ematen dio. Beste interpretazio batzuk O-en Antifonen garaia izendatzeko erabiltzen zela diote edo "Olerien aroa" (Caro Baroja) edo "Noelen aroa" (Severo Altube). Satrusteguik bertakoagoa den esaera batean sinesten du:

"Halere, hitz honen bilakaeran atzera jotzeko azken aukera bat dago,iturri bitxietan bilatzen aritu gabe. Oles, euskal tradizioan oso sustraituta dagoen termino ezaguna da. Erronda kanten sinboloa da eta eskean ibiltzea esanahi du. Gaur oraino, Bizkaiko herri batzuetan (Oleta, Otxandio, e.a.) olez-olez ibili espresioa darabilte mutikoen eskeak adierazteko. Nafarroan ere adiera hau ezagutu zeneko arrasto frogagarriak badira. Urdiainen jasotako Olentzeroren abestian, ageri da":

Olez, olez,
bakallu jalez,
bost eta sei hamaika
txorixorik ez balin badago
igual dela lukainka
.

JMB

Ez dirudi zalantzak dagoenik, Olentzerok urte amaiera irudikatzen duela esaterakoan, aldaerak aldaera. Irudikapen ohikoena Gabon Gauean agertzen den gizon irrigarri batena da. Oiartzunen bere emaztearekin bizi den ikazkina da; Zarautzen, begi gorriak ditu, odolduak; Elduain, bere aurpegia beltza da, ikatzez zikindua; Larraunen, urteak egun adina begi ditu, gehi beste bat; Berastegin, ote sortak bizkarrean ageri da eta igitaia eskuan; Zarautz, Lizarra eta Oiartzunen jatuna da; Elduain, Lizarra eta Berastegin Gabon Gauean etxetako tximiniatik sartzen da eta hori dela eta ongi garbitu behar da bide hori; Oiartzunen sukaldera joaten da familia lotara joan denean eta gau horretan etxea goxatzen duen Olentzero enborra berotzen da sutan; Berastegin bere ote sorta erretzen du eta horrela berotu egiten da. Oiartzun, Lesaka, Leitza, Goizueta eta Arakil bezalako herrietan Olentzero lastoz eta trapuz egindako panpina moduan irudikatzen dute eta aulki batean kokatzen dute; modu horretan eramaten dute etxez etxe Eguberritako eskea egitera; umeek egunez, helduek gauez. Oiartzunen mutiko bat ikazkin jantziz janzteko ohitura dago eta aulkian eramaten duten etxez etxe panpina eraman beharrean.

Gauza bera egiten zuten lehen Beran, Pasaian, Andoainen eta Elduain. Larrauneko herrietan tximinian Olentzaroren irudia zintzilikatzen duten txapela buruan eta igitaia eskuan, gauerdiko meza igaro arte; Lesakan, Leitzan eta Arakilen leiho batean izaten dute. Beran eta Oiartzunen Olentzaro Kristoren jaiotza iragartzen duen pregoilaria dela diote. Begira zer abesten duten Oiartzunen Olentzerorekin eskean ibiltzen diren gazteek:

"Olentzero juantzaigu
mendira lanera
Intentziyuarekin
ikatz egiter
Adittu duenian
Jesus jayo dela
lasterka etorri da
parte ematera".

.

Azkenik, Lesakako gazteek herriko plazan Olentzaro irudikatzen duen panpina erretzen dute, jale aseezin hori:

Olentzero guria
eziñ degu ase,
bakarrik jan dizkigu
hamar zerra gazte;
sayeski ta solomo
tripazayak haste,
Jesús jaio dalako
konsola zatezte

Antzeko zerbait egiten dute Goizuetan:

Olentzero,
buru haundia,
entedimentu gabia,
bart arratsian,
eran omen du
bost arruado Zagia.

ay urde tripa haundia!
Orra, orra, gure Olentzero
pipa hartzen duela
exerita dago
kapoiak ba ditu
Arrautzatxuakin
bihar berendatzekozato arduakin.

Jayo da, jayo da
Jaungoikuaren semia,
jayo da, jayo da
gure pozgarria.

Belengo portalian
gabaren erdian,
gayo da gure Jesús
estalpe batian...

Jayo da, jayo da...etc.

Arabako zenbait herritan Gabon Zahar egunez sutzarrak pizten dituzte eta amaitzera doan urtea irudikatzen duen zahagia erretzen dute eta kalez kale eramaten dute piztuta abesten duten bitartean: Erre pui erre, ipurdia erretzera. Putierre (Amarita). Izen horietako batzuk, Gabon Gaueko eta Gabon Zaharreko sutzar eta panpinak bezala, Gabon Gauez erretzen den egur berezi batekin dute zerikusia herrialdeko leku askotan. Subilaro hitzak, bere osagarrietako bat. -subil "zuhaitz enbor"- duela dirudi, argi eta garbi egur hori erreferentzia egiten diolarik. Izenen artean hauek aurki ditzakegu: Olentzero-enbor (Oiartzun), Onontzaro-mokor (Larraun), Gabon-subil (Antzuola eta Abadiño), Gabon-mukur (Bedia), Gabon-zuzi (Zegama), Gabon (Trasponte), Porrondoko (Agurain), Subilaro-egur (Aezkoa), Suklaro-egur (Zaraitzu) eta Sukubela (Liginaga). Egur hau etxeko sutondoan jartzen da Gabon Gauez. Ekintza hau egiten da Euskal Herriko etxe askotan Laudio, Trasponte, Agurain, Bedia, Otxandio, Arratia, Abadiño, Soraluze, Antzuola, Zegama, Oiartzun, Ezkirotz, Eraso, Arakil, Zaraitzu edo Liginagan, besteak beste.

Ezkirotz eta Elkanon hiru egurrek pizten dute sua gau horretan: bata Jaungoikoaren omenez, bestea Santa Mariaren omenez eta hirugarrena etxetiarren omenez. Eraso eta Arakilen gainera, makila bat jartzen dute etxetiar bakoitza babestuaz eta beste bat jartzen dute eskaleak babesteko. Trasponten. Gabona edo Gabon Gaueko enborra oso luzea izan ohi zen eta etxean egoten zen urte guztian; Larraunen sutondoan izaten zuten Gabon Gau egiunez, egun eta gau; Laudio eta Agurainen Gabon Zaharrera arte; Arratia, Otxandio eta Zaraitzun Gabon Gauez soilik. Oletan Gabon Zaharrean pago enborra pizten dute etxean eta berarekin batera aurreko urtean soberan geratu zenaren zatia erretzen dute. Gabon enborra Gabon Gauez erretzen zenez, bertute bereziak zituela uste da. Oiartzunen bere sutan prestatzen dute gau horretako afaria. Antzuola eta Abadiñon ere gauza bera egiten dute eta gainera, afalostean familia kide oro suaren inguruan biltzen da berotasun bila.

Elduain gau horretan sutzar handi bat egiten saiatzen dira; bestela, Olentzaro tximiniatik sar daiteke igitaia eskuan eta guztiak akabatu ditzake. Ezkirotzen Gabon Gauean Jaungoikoari eskaini zitzaion enborra jartzen dute etxeko atarian Urte Berri edo San Antonio Abad egunez eta haren gainetik igaroarazten dituzte etxeko animalia guztiak: hala, hauek ez dira istripuz hilko urte berrian zehar. Ohitura bera zegoen lehen Oiartzun eta Arakilen. Agurainen etxean jartzen dute zarata handiko ekaitza gerturatzen den aldiro, laino arriskutsu hori uxatu asmoz. Otxandio eta Arratian hazitarako zezen bat dagoen etxetan, Gabon Gaueko afarian zehar etxeko sutondoan bi makila jartzen dituzte mutur batetik erre daitezen. Atera ondoren, bitako bat printzatzen dute eta bestea printzadura zeharkatuz kokatzen dute, biekin gurutze bat eginez. Ondoren, gurutze moduko hau zezenaren ukuiluan kokatzen dute urte horretan animaliak maminpartidu izeneko gaixotasuna har ez dezan. Aezkoan enborra edo haren ikatzak gordetzen dituzte, hauek piztuz behiak gaixotasun honekin kutsatzen direnean errapeak pairatzen duen gogortzea senda dezakeen fumigazioa sortzeko. Oletan Gabon Zaharrean erretako egurra, familiarteko afariaren ostean ukuilura eramaten da, azienda gaixotasunetatik babestu asmoz. Zornotzan, etxean Gabon Gaueko enborra sutan jarriz gero, erbinudeak etxetiarrak eta hazienda ez dituela kaltetuko uste da.

Gau horretan ez diote suari itzaltzen uzten; bestela urte beteren buruan familiako kideren bat hilko denaren beldur dira. Bedian, Gabon Gaueko enborra edo haren ikatzak gordetzen dituzte, izan ere, tokiko sinesmenaren arabera etxea bedeinkatzen dute. Liginagan Gabon Gaueko enborrari artaldean emeak jaiotzearen ahalmena ematen diote. Ibarrurin Gabon Gauean sutan sortzen den errautsak lursail edo soroetara eramaten dira San Esteban egunez eta bertan gurutze forman askatzen dira animalia kaltegarriak sail haietatik at bidaltzeko. Erason, inor hiltzen den aldiro, Gabon Gauen bere izenean erre zen makila kokatzen dute aldamenean. Olentzarori dagozkion ekintzok -aro, pertsonaia, Gabon Gaueko enbor eta sutzar- San Juan edo udako solstizioaren parekoak dira eta erlijio indoeuroparretan ohikoak diren ospakizun eta erritu sinboliko edo magikoak, kristau kutsukoak, islatzen dituzte. Pertsonaia ahazmenean erortzear zegoen gerraondoan eta bere indarraldia, beste folklore gai batzuekin gertatu den bezala, 60. hamarkadan altxa zen euskal nazionalismoari zor zaio. 70. hamarkadan bere etorrera Gabon Gaueko Santa Klaus eta Papa Noelen etorrerarekin lotu zen. Etorrera hori irrikaz itxaroten zuten umeek, izan ere, lehen Errege Magoak nola, hala etortzen zen orain pertsonaia hau opariz eta misteriozko elementuz beteta. Berritasun hau ere nazionalismoak sartu zuen, batez ere, ikastolen bitartez.

JMB

Donostian Olentzeroren inguruko tradizioa berreskuratu egin zuten Gerra Zibila (1936-1939) bukatu eta urte gutxira, beste herrietan baino lehenago alegia. 1945ean Koruko Andra Mariaren Schola Cantorum-eko euskal dantzak lantzen zituen taldeak lehenengo irteera antolatu zuen. Berau gaizki bukatu zen hiriko kaletan barrenahainbat istilu gertatu baitziren, poliziak festa giroko ekimena zen hura aberriaren aldeko aldarrikapentzat jo zuelako.

1946ko ekitaldiak honako eragile hauen eskutik bideratu zen: Jose Luis Urbieta, Joaquin Mendizabal, Jose Mari eta Alejandro Arregi. Oraingoan Kursaaletik abiatu zen kalejira balitz bezala, San Antonio Abad ospitalekoTuberkulosiaren aurkako Pabilioiaren alde.

1947an hiru Olentzero izan genituen eta 1948an Olentzero bakarra atera omen zuten "Gau Txori taldearen eskutik alegia. Garai hartan Arroca kalean zuen egoitza eta garai hartako prentsan honela zioten "beste taldeek antolatutako Olentzeroekin bat egingo dute", besteak beste, Karmeldarrek eta Antiguako Luistarrek prestatutakoa. Goizaldi elkarteak 1959tik 1963ra bitartean antolatu zuen Olentzeroren irteera.

Euskal dantzetako taldeak eta hainbat parrokietako gazte jendeak eragindako kristau taldeak izan ziren ekimen horien eragile nagusiak. Eliza Katolikoarekin ere tirabirak izan zituzten. Honek abenduaren 24an jaiotzak jartzeko ohitura zeukan eta Olentzero ohitura paganotzat jo zuen. Arazoa Eguberrietako egunak bananduz konpondu zuten: abenduaren 24an Jaiotzak jarri zituzten eta 31an Olentzeroren eguna bilakatu zen.

Handik gutxira, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak, Gazteen Frontearen gabon-kanta lehiaketa eta hainbat Olentzerok Eguberritan arazorik gabe elkarrekin aritu ziren, 1958an denak bat egin arte, Gipuzkoako plaza dagoen Jaiotza inauguratu zenean alegia. Bertara Olentzero ere etorri egin zen eta diorama baten bitartez irudikatu zuten.

Donostian laurogeita hamarreko hamarkadan, Olentzerok lepoan hartuta kalejiran zeramaten pertsonaia soila izateari utzi egin zion eta desfile propioa izatera ailegatu zen, karroza dotore baten gainean ere azalduz. Horrela, betiko tradiziozko izaera galdu egin zuen, Errege Magoen parekoa bilakatu nahian alegia.

JSA