Kontzeptua

Zanpantzar

Frantsesa: Saint-Pansard edo Saint-Pansart; Biarnoera: Sent-Pançard.

Zanpantzart, Sanpantzar edota Japantzar izenen atzean hainbat esanahi ezberdin aurki ditzakegu, beti ere elkarren arteko loturekin.

Zanpantzart hitzaren lehendabiziko esanahia lastoz edo iratzez beteriko panpintzarraz ari zaigu. Panpin hau (edo hauek, bi izan zitezkeelako) inauterietarako egiten zen eta azken egunean, epaitua eta kondenatua izan ondoren, erretzen zen. Iparraldean aurkituko dugu gehienbat Zanpantzarra, baina beste izen batzurekin eta, kasu batzutan, beste datetan ere Hegoaldean aurki dezakegu: Miel Otxin, Lantzeko inauterietan erretzen den panpina; edo Hombre de paja delako Ilarduia aldean, adibidez. Zaku honetan ere Inauteriz kanpoko datetan erretzen diren Judas izeneko panpinak koka daitezke. Kasu guztietan helburua garbikuntza errituala delarik. Kasu guzti hauetan Zanpantzarra inauteriaren pertsonifikazioa litzateke, bai eta garai honetan egiten diren gehiegikeriena ere. Hau oso garbi ikus dezakegu R.M. de Azkuek Lekeition jasotako esaera honetan, beti ere soberan edan eta jan denean esaten zena: "Egin dozue Zanpantzar eta Mari Galleta" (Azkue, 1989).

Zanpantzarraren erretzea inaute-asteartean edota, Zuberoan sarri askotan egiten zen bezala, hausterre-egunean egiten zen. Honetatik datorkio bere bigarren esanahia: Zanpantzar izenarekin ezagutzen dira ere inauteriak eta, zehatzago, inaute-asteartea edota hausterre-eguna: "Gaur dala, Maria kale, bihar dala Zanpantzart, egin dezagunarte tripan larruan zart" (Azkue, 1989). Azkuek jaso zuen Orioko esamolde hau, inauterien hirugarren egunean esaten zen: Pantzarteguna ez litzateke derrigorrez inauterietako egun bat. Zanpantzar erretzen den egunari ematen dio izena eta, kasu honetan, hausterre-egunez ari da.

Hitzaren hedadura, Estornes Lasaren arabera, Oriotik ekialderantz Iparraldearen barna zabaltzen da. Baina, ikusi dugun bezala, Azkueren datuek Bizkaiara ere handitzen dute eremua: "Gutxik dakite Bizkayan itz onen berri. Oso ezaguna da beste euskalkietan". Nafarroan Garmendia Larrañagak jasotzen ditu datuok, baina Malerreka eskualdean bakarrik: Ituren, Zubieta eta Eratsunen (Garmendia, 1987). Hemen agertzen zaigu Zanpantzarraren hirugarren adiera: mozorroa, mozorratuarena, alegia. Hau da, zehazki, Eratsun herriaren kasua, inguruko herrietan erabiltzen den hitza mozorroa bada ere. Garmendiak esaten digu Zanpantzarra Ttuntturro eta Joaldunaren sinonimoa dela, eta hau da, hain zuzen, jorratu behar dugun azken adiera.

Izan ere, Zanpantzar izenarekin Ituren eta Zubietako inauterien pertsonaia batzuk ezagutzen dira eta bidenabar, herri horietako ihauteriak. Baina izen hori ez dago sartuta herrietako ahozko euskal tradizioan. Beraien euskara garbian erdaraz Zanpantzar deitzen zaionari, haiek Joalduna deitzen diote. Prentsa da Zanpantzar izena zabaltzen duena. Izan ere, prentsa izan zen lehendabizikoa Ituren eta Zubietako inauteriak deskubritzen eta bera izanen da izen hori inauteriekin lotuko duena lehengo urteetan. Ez da, ahatik, erabiliko duen izen bakarra: kaldurroak, ttuntturroak, txantxurroak etab erabiliko ditu joaldunei deitzeko. Gaur egun, Iturenen Zanpantzar da joaldunen erdarazko izena.

Joaldunak Ituren eta Zubietako inauterietako pertsonaiak dira. Izena eta ezaugarririk nabarmenena gerria zintzilik daramatzaten joareetatik datorkie. Denborarekin pertsonaia hauek inauteri horien ikur eta ikono bihurtu dira. Garmendia Larrañagak dioenez, Zubietan joaredunak esaten zaie.

Baina ez dira Zubieta eta Ituren halako joaldunak izan dituzten herriak. Inguruetako herrietan, izen bera jaso ez arren, honelako mozorratuak izan dira ere bai. Hau Beintza-Labaienen kasu da:

"... Hauzoko erdiko etxeetan puskak biltzeko prestatzen ziren. Hau kono itxurako eta koloretako zintak zeramatzan txanoa edo ttuntturroa zeramaten bi gaztek egiten zuten. Bi gaztik gona gorria, atorra eta eguneko galtzak jazten zuten. Gerrian zeramaten sokan bi joare aundiek eramaten zituzten eta oinetan abarkak, esparzinak, zapatak ala botak artilez egindako zapiñekin. Gazte pare honen ttuntturro eta gona danboliñ etxekoandriak egiten zituen" (Garmendia, 1984).

Saldiasen, aldiz, joaldunak zuten izena:

"Arratsaldez mozorratzen ziren. Horietariko batzuk yoaldunak zuteni zena. Hauek makil bat eskuan ibiltzen ziren, buruan paperez forratutako kopazko txanoa zeramaten, zeinetik koloretako paperezko zintak eskegiten ziren; eta gerrian soka batetik zintzilik hiruzpalau polunpak" (Garmendia, 1984).



Pertsonaia guzti hauek desagertu dira eta bakarrik Ituren eta Zubietakoak gelditzen zaizkigu.

Izenak adierazten duen bezala eta Saldiasko deskribapenean ikusi dugun moduan, joaldunen osagarririk adierazgarriena joarea da; Pulunpa izeneko joarea, alegia, joareetan haundiena.

Nahiko gauza gutxi dakigu gerra aurreko joaldunei buruz: joaldun gutxi ateratzen zela eta, gaur ezagutzen dugun moduan, bakarrik Iturenen; aurpegia estaltzen zuten zapi beltz batekin. Hau ttuntturroaren azpitik sartuta eta aurretik zintzilik eramaten zuten lepoaren atzekaldean lotzen zelarik. Azpikogonak ez omen ziren beti txuriak izan. Autore ezberdinek esaten digute beste kolore batekoak izan zitezkeela: beltzak edota laranja kolorekoak, hain zuzen. Abarkak larruzkoak eta jantziaren gainerako atalak mantendu ziren.

Behin guda bukatuta inauteriak debekatu ziren. Hala ere, Ituren eta Zubietako inauteriak jarraitu ziren ospatzen, hau da, joaldunak atera ziren kalera urte latz horietan. Baina ez zen erreza izan. Hasierako momentuetan denuntziak eta isunak izan ziren eta negoziatu behar izan ziren aldaketak. Beraien artean joaldunei zegokienak zeuden. Egia esateko, aldaketa bakarra izan zen: ordurarteko joaldunak arpegia zapi batez estaltzen zuten eta horri uko egin behar izan zioten.

Zubietan ez zegoen, Iturenen bezala, joaldun taldea antolaturik. Joaldunak bazeuden, baina 50ko hamarkada arte ez zen antolatu Iturengoaren antzera: ordurarte, lerro batean zihoazen (lerro "indioan") eta joareak ipur-masailen gainean zeramatzaten. Soinua ez zen, beraz, orain entzuten dugun bezain erritmikoa.

Saldiasen ikusi dugun bezala, Iturenen ere joaldunak puska biltzean ibiltzen ziren gainerako mozorroekin batera etxez etxe. Honetarako goizean goiz biltzen ziren Herriko etxean eta hortik abiatzen ziren egunean zehar etxe guztietan eskatzeko. Egun osoa joareak joka.

Iturengo taldeak (Ituren-Latsaga-Aurtitz) berdintsu janzten eta jotzen zituzten joareak. Hala ere, guk ezagutzen dugun joareak lotzeko tankera hori (eta beraz, modu oso erritmikoan jotzeko ahalmena) Aurtitzen egiten zen bakarrik. Geroago batu zen lotura hori eta berarekin batera, joaldunek jotzeko egun deigarria egiten zaigun soinu bateratua sortu zen.

Janzkeraren aldetik berdintsu janzten ziren. Batez ere, Iturengo joaldunak: Buruan paperez edo oihalez egindako txano konikoa, ttuntturro deitzen dena. Puntilekin apainduta, goiko partetik kolore aunitzetako zintak zintzilik txanoaren luzera hartuz. Puntan, oilar-lumak.

Soinaren gainean, aitzinetik eta gibeletik jeisten diren ardi larruak, gerri osoa estaltzen duen ardi larruraino. Azken larru honen gainean pulunpak jarriko dira. Sorbaldan eta larruaren gainean bi joare ttiki, mingainik gabekoak. Azpian, laneko atorra.

Joareak handiak dira: pulunpa izenekoak 6-8 litrokoak (litrotan neurtzen dira joareak), bertan, Zubietan eginak.

Gorputzaren beheko aldea galtzak eta azpiko gonak. Agian noizbait izan baziren lihozkoak, XXI. mendearen hasieran kotoizko jantziak dira. Galtza, urdina eta azpikogona, txuria.

Galtzak txorkatilean bilduz eta oinak jazten, artilezko zapinak. Zapatak edo ezpartinak edo botak osatzen dute jazkera.

Apaingarri gisa, lepoaren gainean gorri kolorea nagusi duen zapi haundi bat. Eta eskuetan zaldi buztanez egindako hisopua.

Memento hauetan ez da joaldun asko karrikaratzen inauterietan. Joare, pulunpa gutxi dago Iturenen, osotara 10-12 joaldun ateratzeko adina. Garestiak dira joareak eta ez dago sosik gehiago erosteko.

Zubietako joaldunek ere modu ezberdinean janzten ziren:

"Zubietan, 1955. urte arte gutti goitti beheitti, eguneko arropa arruntaren gainetik soilki ardi larrua jartzen zuten joareak eramate aldera. Txapela janzten zuten. Data hortatik aurrera hasi ziren azpikogonak, ator txuria eta ttuntturroak erabiltzen. Lehen denek abarkak erabiltzen zituzten. Gaur batzuk, autoen gurpilez egindakoak erabiltzen dituzte. Orokorrean, denek botak eramaten dituzte" (Arizmendi, 1976).

Hamarkada garrantzitsua izan zen Joaldunentzat. Herrietako gazteak egurketara aterako dira Iratira eta Frantziara eta handik ekarriko dituzte joare handiagoak eta joare gehiago erosteko dirua ere bai. Hurrengo urteetan gero eta joaldun gehiago ikusiko da kaleetan. Ordu arte ezezagunak izan ziren inauteriak eta pertsonaiak prentsan agertuko dira eta lehendabiziko ikerketa etnografikoen helburu bilakatuko dira.

Urte hauetan ere lehengo turistak agertuko dira joaldunen ibilaldiak ikustera eta joaldunek aurreneko emankizuna emango dute herritik kanpo Euskal Herriaren eta euskalduntasunaren ikur bihurtu arte.

Prozesu luze honetan joaldunen gaurko itxura finkatzen da: joareak lotzeko era batzen da, haien tamaina 10-12 litrotan kokatzen da; galtzak kotoi urdinezkoak dira, zapinek bidea ematen diete kotoi edota zuntz artifizialezko galtzerdi txuriei; gomazko abarka beltzak, eta ttuntturretako puntetan oilar lumek partekatzen dute tokia faisai edota pauma lumekin; Aurtizkoak Iturengoengandik hainbat xehetasunetan hasi dira ezberdintzen: zapiak, ttuntturroak, joareak jotzeko era.

Beraien irteerarekin lotutako hainbat ohitura ere aldatzen dira. Orain Herriko etxeko ganbaran janzten dira eta eguerdirarte ez dira kalera ateratzen. Kale nagusietan ibili eta gero, segun eta zein egunean den ondoko herrira joaten dira bisitan ala ondoko herriko joaldunak hartzen dituzte. Aspaldian oinez egingo zen bidea, gaur egun gehiena furgonetaz egiten dutelarik.

Agian, aldaketarik sakonena izan da Zubietako joaldunek lortu duten egituraketa Zubietako inauterietan. Aurreko hamarkadaren aldaketei segida emanez, Iturengoen antzera antolatuko dira, baina kostako zaie Iturendarrek ateratzen duten soinua ongi ateratzea:

"Kosta egiten zait nire buruari azaltzea zergatik Zubietako zanpantzarrek erritmo gabezia daukaten. Iturengo lagunekin batera doazenean desafinatzen dutela erran genezake. Ez dute soinua batera ateratzen" (Arizmendi, 1976).

Aspaldi horretan egon zen ezberdinketa erritmikoa gainditu dute eta iturendarren parera jotzen dute.

Aldaketak aldaketa, indartsu heldu dira XXI mendera joaldunak. 2011. urtean 62 atera ziren bi herrietan.

2009. urtean Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasuna izaera aitortu zieten Ituren eta Zubietako inauteriei eta, horiekin batera, joaldunei.

  • ARIZMENDI AMIEL, Elena de. Vascos y Trajes. Donostia-San Sebastián: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y publicaciones, 1976.
  • AZKUE, Resurrección María de. Euskalerriaren Yakintza. Literatura popular del País Vasco. Tomo I. 3. argit. Madrid: Espasa-Calpe / Euskaltzaindia, 1989.
  • ECHEGUT, M.O. Le carnaval à Ituren et à Zubieta. En Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. Iruñea-Pamplona: Institución "Príncipe de Viana". Año XXIII, 58 zbk., 137-185 orr.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Lexico etnográfico vasco-Euskal Lexiko Etnografikoa. 1. argit. Donostia: Haranburu, 1984. [Kontsulta data: 2011ko irailak 18].
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Carnaval en Navarra. 1. argit. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y publicaciones, 1987.
  • OZKOIDI, Mikel-IRUJO, Karlos. Carnavales de Lantz-Ituren-Zubietako Ihauteriak. 1. argit. Iruña-Pamplona: Institución "Príncipe de Viana", 2009.