Kontzeptua

Basajaun

Gizaki eiteko izaki handi, bizkor, iletsu, basatia, oihanetan eta kobazuloetan bizi da eta artaldeak zaintzen laguntzen du piztiak uxatuz eta ekaitzen etorrera iragarriz.

"Beste behin, baziren Ezterenzubiko bazterrean, Espainiako mugan, hiruzpalau unai, bat, mutiko gazte bat. Haien etxolara, haiek loak hartu zirenean etortzen zen Antxo Basajauna berotzera; berotu, eta haien jatekoetarik jaten zuen. Ogi bat izaten zuten unaiek beste askariekin, eta hartatik puska bat uzten zuten gau guziez, " Antxoren partea".

Gau batez, parte hura ez zela zatitzen ikustearekin, mutiko ttipi hark esaten du: - "Non duzue Antxoren partea?" Emaiok heurea nahi baduk "- ihardesten diote. Mutikoak bere partea uzten du ohizko mahaiaren gainean. Basajauna etortzen da, bere ohituraren arabera. Berotu denean jaten du mutikoaren partea. Berotu eta jan duenean partitzen da, eramaten dituelarik unaien arropa guztiak, mutiko gaztearenak salbu. Gau hartan elur bat egin zuen gaitza. Biharamun goizean, arropak falta zituzten unaiek esaten diote mutikoari: -"Habil gure arropen bila." -"Ni ez." -"Habil otoi!" -"Zer emango didazue?". Biga txar bat bazuten eta hura hitzematen diote.

Mutikoa partitzen da eta basajauna zegoen leizera heltzean oihu egiten du: -"Antxo, emazkidazu lagunen arropak!" -"Ez dituzte izanen." -"Otoi, emazkidazu, bila igorri naute." -"Zer eman dizue saritzat?" -"Biga txar bat." -"Torkik beraz, eta to ere hurritz zaharo hau. Marka ezak heure biga eta emazkiok honetaz ehun eta bat zarta, ehun eta batgarrena handiena."

Mutikoak egiten du Antxok esana,ematen dizkio ehun eta bat zartak eta denbora laburrik barnean biga hark eman zizkion ehun eta bat abelgorri eder.

Denbora haietan, Basajaunek hitz egiten zuten giristinoekin" (Cerquand, 1875-87).

Proposatutako definizioak propio uzten ditu alde batera "basajaun" izenpean aurki daitezkeen beste hainbat eite eta funtzioko pertsonaiak. Izan ere, euskal mitologian eta oro har, ahozko literatura guztietan, jatorri diferenteko motiboak etengabeko elkarrekintzan ibili ohi dira, hainbat ideia loturen arabera elkartuz, eta horren ondorioz, edozein izaki mitologikoren azpian, jatorri ezberdinetako ezaugarriak aurki ditzakegu nahaste-borrastean. Horregatik ezinezkoa da interpretazio saioetan hastea, pertsonaiaren benetako nortasuna zein den aurrez erabaki gabe. Izen beraren azpian bildu diren nortasun ezberdinen argitze lan hori bereziki korapilatsua da basajaunaren kasuan. Hiru dira osagai nagusienak:

  1. Basajaun basatia, ilez beterikoa, bizkor eta indartsua, piztiak baino arinago lasterka egiten duena, uda eta negu arroparik gabe dabilena, inoiz gaixotzen ez dena, basoko piztiak eta sustraiak janez elikatzen dena.
  2. Basajaun artzaina, abeltzainei lagundu eta haien esker oneko opariak jasotzen dituena (ogia, esnea, sutondoko berotasuna, ...).
  3. Basajaun-jentila, San Martin Txiki edo Haxerihargaitz heroien legendetan ageri dena, hauen lapurreta maltzurren biktima. Ondasun edo jakituria gutiziatuen jabe da.

Hiru oinarrizko nortasun hauen nahasketatik eta gaiztotze-bideetatik uler daitezke basajaun-legenda guztiak, bai Euskal Herrian, bai eta Europan zehar ezagutzen direnak ere. Ez dirudi halere, hiru nortasunok jator eta berezkoak direnik, besteak beste haien artean kontraesanik ez delako falta.

Basajaunaren erreferentzietan kausi daitekeen lehen kontraesana, bere sen on edo gaiztoaren ingurukoa da, baina hori kristautasunak eragindako gaiztotze-bidearen ondorioa baino ez da. Jatorriz basajauna artzainen artera biltzen zen eta ardiak zaintzen laguntzen zituen, eta gero artaldeak sakabanatzeko jolas gaiztoan dibertitzen da. Jatorriz, artzainek ordainetan utzitako opariak kontsumitzera hurbiltzen zen gauez, eta gero opari biltze horiek lapurreta bailiran kontatzen zaizkigu, artzainen esnea eta gaztak osten dituela hainbatetan esaten denez. Alde horretatik zalantzarik ez da, basajaun jatorra, Antxoren legendan ikusi duguna dela, eta ez beste gaizto lapur hori.

Zalantza ordea, bere basatitasunaren inguruan pizten da. Mendiko abeltzaintzari loturik egonda, nolabait naturak eta kulturak muga egiten duten esparruan kokatzen da. Artzaina eta artzaintza kulturaren adierazpena dira, baina gizakien bizilekuetatik urrun dabiltza, basoen mugan dauden larredietan, basoan gorderik dauden naturaren indarren menpe sarritan. Eta Basajauna adiskide dute. Natura, artzainen kulturaren etsai da, baina Naturaren irudikapena (Basajauna) artzainen adiskide da eta naturaren agerkarietatik babesten ditu (ekaitzak direla edo otsoak direla). Basajauna da baina ez da ardiak jatera datozen otsoen buruzagia, ardiak otsoetatik babesten dituen izakia baizik.

Kontraesana, bere itxura fisikoari eta bere elikadurari heda dakizkioke. Euskal Herritik irten gabe, alderdi basatia azpimarratzen duten deskribapenak ditugu (Zuberoan Cerquand-i esan ziotenaren arabera, hartza bezain iletsu, hozberoaren urtaro- gorabeheren beldurrik gabe gau eta egun oihanetan ibiltari, beti indartsu eta osasun onaren jabe, basoko piztiez eta belar eta sustraiez elikatzen da), edota goragoko testuan bezala, giza-antzekoago ikusten dugu, elurtea bota duen gau hotzean artzainen etxolako sutondoan berotuz eta haiek utzitako opariak janez. Euskal Herritik kanpo ere, antzeko tentsioa aurki daiteke deskribapenaren bi alderdion artean,- naturala eta kulturala, alegia-, izaki iletsua eskuan makila duela dabilela ikusten dugunean Alemanian esate baterako. (Makila, erauzitako zuhaitz enborra izan ohi da, erraldoitasunaren azpimarragarri). Berriro Euskal Herrian, deskribapen fisikoari dagokionez, deigarria da oso, ile ugariaz gain, Basajaunak beste inolako ezaugarri zoomorfikorik ez izatea, gure mitologian ahuntz zangoak eta ahate oinak hain ugariak direla ikusita.

Dena den, Basajaun-naturala eta Basajaun-kulturalaren arteko nahaste-borraste hau aspalditik datorren kontua da. Duela bi mila urte aurki dezakegu erromatarren menpeko munduan. Faunus jainko erromatarra eta honen Greziako lehengusu Pan, ataka berean dabiltza: artzain eta artaldeen jainko babesleak dira, abereen ugalkortasuna ematen dutenak eta otsoa urrun mantentzen dutenak. Erromatarra bizartsu baino ez zen hasieran eta greziarra berriz, ahuntz iletsu itxurakoa gerritik behera, bai eta adarduna ere, baina apurka-apurka greziar lehengusuaren antza gero eta handiagoa hartu zuen, erabat asimilatuta geratu arte. Sevillako San Isidorok bere Etimologiak lan ospetsuan, "iletsuen" (pilosi) zaku berean sartzen ditu biak. Natura eta kulturaren muga-mugan egote horrek, Basajauna basatiago irudikatzeko bidea ematen du noiznahi.

Jatorriz zenbat ile duen erabaki ezinik ere, basajaun-artzainaren interpretazioa hobetsi behar da, basatitasunak eta ondorengo testuinguru kristauak errazago bihurtzen dutelako ilea haztea, galtzea baino. Esan nahi baita, errazago erantsiko zaizkiola pertsonaiari basatitasunaren azpimarragarri diren ezaugarriak bestelakoak baino, eta horrek erakusten du basajaun-artzainaren jatortasuna.

Sen konplexu horretako hirugarren elementua, basajaun-jakintsuarena da. Muskiako basajaunen legendetan ikusten ditugu basajaunak hainbat sekreturen jabe, eta Cerquand-ek bildutako beste batzuetan berriz, urrezko objektu zoragarriak dituzte. Dena den bi kasuotan badirudi dohain eta objektu horiek aitzakia baino ez direla legendetako heroiek, - San Martin Txiki eta Haxerihargatx hurrenez hurren-, beren maltzurkeria erakuts dezaten, haiek ebatsiz. Maltzurkeriazko ebasketa hauek, basajaun hauen atzean jentilak ikustera bultzatzen gaitu, legenda-arketipo oso zabaldu baten arabera.

Dena den, esan beharra dago basajaun-jakintsua ageri dela Euskal Herritik kanpo, italiar Alpe eta Apeninoetan hain zuzen, bertan irakatsi egiten baitie artzainei hainbat esneki nola ekoitzi, hala nola, gurina, gazta eta gaztanbera, bai eta animaliak nola hazi eta etxekotu. Hirugarren alderdi hau Basajaunaren (uomo selvatico) adin izugarriarekin lotu ohi da, beste tokietan jentilen jakituriarekin gertatzen den legez. Hainbeste gauza daki aspaldikoa delako.

Erromako mitologiak ageri duen izakirik antzekoena Silvanus jainkoa da, batzuetan Faunus-ekin asimilatu dena, baina azken honen konnotazio sexualik gabea. Silvanusek ere abereen ugalkortasuna eragiten du eta otsoak urrun mantendu. Eta gainera bera omen da mugarriak lehen aldiz erabili zituena sailen arteko mugak azaltzeko. Alde horretatik bada, gizakiei zerbait erakutsia. Silvanus ez zen Erromako jainko ofiziala eta ez zuen beraz ez tenplurik ez eta egutegiko egun jakinik, baina bere kultua oso zabalduta zegoen herritarren artean, eta hori erromatar aitzineko mitologia eta usadioen indarren erakusgarritzat jo ohi da.

Goragoko testuan azaltzen den motako basajauna, hots, abeltzainen adiskidea, otsoa urrun mantentzen duena eta ugalkortasuna emateko gai dena, Pirinioetan, Alpeetan eta Apeninoetan ageri da bereziki, azken bietan gainera, artzainei hainbat jakituria erakusten dielarik. Ez da erraz argitzen ahal hedadura esparru horrek zer adierazten duen: hirurak noski mendiko abeltzaintza eremuak dira, baina ez dira abeltzaintza eremu bakarrak Europan. Mundu germanikoan berriz, basajaun-basatiaren eredu ugari dagoen arren, abeltzaintzarekiko lotura falta da. Eta hutsune guztiok, geografikoak, nahiz ideologikoak, betiko zalantza topatzen dute, argia egiteko oztopagarri: aspaldiko banaketaren erakusgarri ote dira ala gordekortasun maila diferenteen adierazgarri? Beste ziklo mitikoen gordekortasun mailari begiratuz gero, lehen hipotesia hobetsi beharko litzateke, eta aipatu den banaketa geografikoa garai bateko eragin esparruarekin loturikotzat jo. Zehatz-mehatz ezer esateko balio ez badu ere, joera baten erakusgarritzat hartu beharko litzateke, mendiko abeltzaintzari loturiko kulturaren nondik norako nagusien zirriborrotzat.

Basajaun-artzaina eta Tartaloren arteko loturari buruz, lotura berorren konstatazioa baino ezin dugu egin. Ezin uka Tartalo, basajaun-artzainaren gaiztotze-bide bat izan daitekeenik, baina izatekotan ere, ez dago esaterik non, noiz eta nola gertatu bide zen prozesua. Bai ordea esan liteke ez duela ematen prozesu hori Euskal Herrian gertatu zenik.

  • BARANDIARAN, J.M. Diccionario Ilustrado de Mitologia Vasca. Obras Completas I. alea. Bilbao, 1972.
  • BARANDIARAN, J.M. Eusko Folklore. Obras Completas II. Alea. Bilbao, 1973.
  • CERQUAND, J.F. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau. 1875.
  • CERQUAND, J.F. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau. 1881-82.
  • CERQUAND, J.F. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau. 1884-85.
  • CERQUAND, J.F. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau. 1886-87.
  • LAPUCCI, Carlo. Il libro delle veglie. Racconti popolari di diavoli, fate e fantasmi. Garzanti Libri, 1988.
  • SAN ISIDORO DE SEVILLA. Etimologías. [Kontsulta data: 2011ko abuztuak 24].
  • SMITH, Willian. Dictionary of Greek and Roman Antiquities. 1870. [Kontsulta data: 2011ko abuztuak 24].
  • WIKIPEDIA. Wilder Mann (Gizon basatia). Wikipedia-ko artikulua. [Kontsulta data: 2011ko abuztuak 24].