Kontzeptua

Tartalo

Tartalo, euskal mitologiako artzain ziklopearen izena da. Tartaro eta Torto ere baderitzo hainbat lekutan, eta Alarabi, Markinako eskualdean.


Azkue


Tartalo ziklopea da, alegia, begi bakarra du bekokiaren erdian. Indar izugarriko erraldoia da, kobazulo batean bizi da eta bertara bildu ohi du gauez bere artalde ederra. Gainera, kristauak jaten ditu harrapatu ezkero. Hauek dira huts egin gabe pertsonaiari atxikitzen zaizkion ezaugarriak. Beste hainbat ezaugarri berriz, han-hemenka eta bertsioen arteko adostasunik gabe azaltzen ditu: batzuetan bakarrik bizi da, batzuetan emaztea du, ez du ematen dena den taldean bizi denik beste ziklopeekin. Halere, Tartaloren legenda jentilei gertatutakoa bailitzan kontatzen duen bertsiorik ere bada. Barandiaranek berriz, lehen artzaintzat hartzen dutela diosku.



Tartaloren legenda oso zabalduta dago Euskal Herrian eta bertsio ugari bildu dituzte etnografoek. Hauen artean nabarmen, J.F. Cerquand XIX. mendean iparraldean eta Jose Miguel Barandiaran XX.ean hegoaldean. Honatx zaharrenetako bat, Cerquand-ek Zuberoako Santa Grazin bildutakoa, euskara batuko itzulpenarekin:

"Haur bat juan züzün egün batez oihanialat. Batü zizün Tartaro bat eta Tartaro harek eraman zizün bere etxerat. Tartaro harek egün oroz jaten zizün jente bat eta haur haren aldia ere ari züzün huilantzen. Gai batez Tartaroa einherik jin züzün eta lo jarri züzün suphazter khantian. Ordian haurrak zer ez dü egiten?. Hartzen dizü gerren bat eta irazten diozü boronteko begi bakotxa. Gero Tartaroaren aharien artian gordatzen düzü. Bortha ez beitzian idekitzen ahal, ez zakizün nula behar zian eskapatü. Hartzen dizü aharirik handiena eta lahardekatzen dizü: Gero haren larriaz üngüratzen düzü eta txintxarria lepuan ezartzen dizü.

Biharamenian Tartaroa abiatzen düzü aharien kanpo igortera eta jarten düzü bortha saihexian haurra eskapa ez dakion. Haur hori egoiten düzü emeki emeki azkenetarik, bena Tartaroak hunkitzen zitizün igaitian ahariak oro. Haurra hunkitziareki, ezagützen dizü eta lotzen ziozü ilheti, bena larria ützirik haurra eskapatzen ziozü. Ordian Tartaroa lasterrez abiatzen ziozü ondoti, bena ez zitezün gida. Ürthikiten diozü erhaztun eder bat hüra har dezan. Haurrak hartzen dizü eta ezarten erhi txinkarrian. Bena erhaztun harek oihu egiten zizün: " Ni hebe, ni hebe!" eta ordian Tartaroa lasterrez huna ziozün haurrari eta hatzeman abantzu zizün. Nahi zizün erhaztuna ideki bena ez zirozün. Zer egiten du ordian? Erhia muzten dizü eta ürthekiten dizü bere erhaztunareki hur handi bat beitzen harat. Erhaztuna ari beitzen aitzina oihuz: "Ni hebe, ni hebe!" Tartaroa hur hartarat jauzi züzün eta han itho.


"Haur bat joan zen egun batez oihanera. Topatu zuen Tartaro bat eta Tartaro hark eraman zuen bere etxera. Tartaro hark egunero jaten zuen gizon emakumeren bat, eta haurraren aldia ere ari zen hurbiltzen. Gau batez Tartaroa nekaturik etorri zen, eta lotara jarri zen sutondo txokoan. Orduan haurrak zer ez du egiten? Hartzen du burduntzi bat eta iragazten dio kopetako begi bakarra. Gero Tartaroaren aharien artean gordetzen da. Atea ezin zuen ireki eta ez zekien nola alde egingo ote zuen. Hartzen du aharirik handiena eta zintzurra mozten dio: Gero haren larruaz bildu eta txintxarria lepoan ipintzen du.

Biharamunean Tartaroa abiatzen da ahariak kanporatzera, eta jartzen da ate saihetsean haurra eskapa ez dakion. Haur hori egoten da isil isilik azkenekoekin, baina Tartaroak ukitzen zituen igarotzerakoan ahari guztiak. Haurra ukitu eta bertan ezagutzen du eta iletatik heldu. Baina larrua utzirik haurra eskapatzen zaio. Orduan Tartaroa lasterka hasten zaio atzetik baina ez zitekeen gidatu. Jaurtitzen dio eraztun eder bat hura har dezan. Haurrak hartzen du eta ipintzen du behatz txikian. Baina eraztun hark oihu egiten zuen: "Ni hemen, ni hemen¡", eta orduan Tartaroa lasterka bertan zetorkion haurrari, eta harrapa hurren zuen. Nahi zuen eraztuna ireki, baina ez zezakeen. Zer egiten du orduan?, behatza mozten du, eta ondoan zegoen ur handi batetara botatzen du eraztuna eta guzti. Eraztunak aurrera segitzen zuen oihuz: "Ni hemen, ni hemen!", eta Tartaroa ur hartara jauzi zen eta bertan ito" (Cerquand, 1875-87) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Tokian tokiko hainbat aldaera gertatzen dira halaber Tartalo itsuaren gida-baliabideari eta heriotza motari dagokienez. Zabalduena eraztun salataria bada ere, iheslariaren lasterka-hotsa aipatzen da noizbait Tartaloren gida-baliabide, eta ur handi eta osinen batean itotzearen ondoan, amiltzea ere aurki dezakegu heriotzaren eragile.

Burruntzi edo antzeko tresnaz heroi batek itsuturiko artzain ziklopearen kondaira hainbat tokitan erregistratu da, horri buruzko ikerketa alderatzaile monografikorik oraindik egiteke badago ere. Eredurik ezagunena Homero-ren Odisean ageri den Polifemo da zalantzarik gabe. Greziar eta erromatar autore klasiko gehiagotan ere ageri den ziklope hau Siziliako irlan kokatzen du Homerok, arraza bereko jendarte bateko kide bezala. Ulises da, bertsio klasiko honetan, ziklopea itsutu eta haren ardiak ebatsita ihes egitea lortzen duen heroia. Pirinioetan zehar ere, artzain ziklopearen legenda zeharo zabaldurik dago: Bécut deritza gaskoien artean Bearnen eta Bigorran, Lou Gigant Sault-en eta Ulhart Foix-en, baina azken izen honekin ezaguna da baita ere Frantziako Alpeetan. Azkenik, Antoine d'Abbadie euskaltzalearen duela mende eta laurden pasako aipamena dugu, antzeko kondaira Abisinian entzun zuela 1843an, Aarne-Thompson kondaira aurkibide ospetsuak afrikar eredu bakar bat ere eskaintzen ez duen arren (AT1137).

Polifemoren kondaira Grezia eta Erroma klasikoan hain sonatu eta zabaldua izateak zailtasuna dakarkio pasadizoaren jatorria eta esanahia argitzeko lanari. Izan ere, horrek ugaritu egiten baititu istorioak eduki ahal izan dituen hedatzeko aukerak eta bideak. Lehenik eta behin, euskal barianteak eta Homeroren eredu klasikoaren artean oinordekotzarik ez dagoela esan dezakegu, ikertzaileen ahobatezko iritzia aipatuz. Ahobatezko ustea da halaber, Homerok artzain ziklopearen pasadizoa asmatu ez, baina, apaindu baino ez zuela egin, ordurako zabaldurik zeuden hainbat ahozko tradizio jaso eta nahasiz.

Esanahiari dagokionez, pasadizoa ez da kontatzen sortu zen testuinguru berean, eta sortze garaian izan zitzakeen funtzioa eta adierazkortasuna aspaldian galdu dituenez, lotura hori etenda, ipuin moduko bilakabidean abiatzen da fikzio hutsa bihurturik, ezaugarri eta anekdota berriz osatuz. Aztertu egin behar da beraz, elementurik jatorrenak zein izan daitezkeen asmatzen saiatzeko. Funtsezko ezaugarriak hauek dira: artzain ziklopea jentilen antzeko erraldoi bat da. Bertsio gehienek trikuharriekiko lotura zuzenik azaltzen ez badute ere, klasikoek Sizilian eta Asia Txikian kokatzen dituzte, hots, trikuharri kontzentrazio handiko bi lekutan, eta Europan zehar agertzen duen banaketa ere esparru dolmenikoarekin bat dator. Gainera, eta beranduagoko asimilazioak badira ere, herriak jentilekin nahasi egin ditu zenbaitetan, Ataungo Muskiako jentila ziklope bihurturik edota Zegamako trikuharri bati Tartaloetxe izena ipiniz. Artzain ziklopea jentilaren antzeko izakia da, baina bertsio gaiztoa baino ez du. Jentilak bi eratara azaltzen zaizkigu mitologian: zintzo eta gaizto. Zintzo, era berezko eta jatorrean, eta gaizto, jentil-aroaren ondorengo erlijio eta kultura nagusien azpian geratzeak eragindakoan. Tartalok berriz ez du bertsio zintzorik.

Tartalo eta bere ahaide guztiak ugalkortasuna eta aberastasunari lotzen zaizkio: artalde ederrak dituzte, urrezko adarrekiko ardi gizenak, gazta mardulak eta zahagi-ardo beteak. Haien kobazulo edo etxolara datorren heroia berriz narotasun hori gozatu eta ebastera joan ohi da. Tartaloren indar handiagoari, heroiaren maltzurkeria handiagoa aurkatu eta nagusitzen zaio azkenik.

Elementu hauek guztiek, heroi kulturalaren ebasketaren hipotesia iradokiko lukete, horren adierazpen esplizituak huts egiten badu ere. Ataungo San Martintxikik Muskiako jentilei nekazaritzaren sekretuak lapurtu zieneko pasadizoaren antza handiko eskema azaltzen dute artzain ziklopearen pasadizo guziek, ez Euskal Herrikoek bakarrik. Ulisesek ardi gizenak osten dizkio Polifemori eta ume gaskoiek hildako ardien urrezko adarrak biltzen dituzte Bécud-en zuloan, baina ez batek eta ez besteak ez dute heroi kulturalaren teknologia lapurreta parekatzen. Hasieran plazaratu den Santa Graziko bertsioan egon liteke kakoa: euskal bertsio gehienetan eraztun salatariaren motibua agertzen da, sarritan oso trakets sartuta kontakizunaren harian. Bertsio ia guztietan, eraztunak gidatzen du ziklope itsutua ia-ia iheslaria harrapatzeraino. Santa Graziko bertsioan, heroiak ardi-larrua bizkarrean eta zintzarria lepoan ipintzen ditu ardi itxurapean ezkutatzeko. Halere, eraztun salatariaren sarkeria dela eta, kontalaria ahaztu egiten da zintzarriaz, honek ere hots gidagarria zabalduko zuen arren. Zintzarriaren lapurreta eta zintzarriaren teknologia kristauen artean zabaldu izana balira kontakizunaren funtsa jatorra, bete betean sartu ahal izango litzateke Tartaloren kondaira heroi kulturalen lapurreten sailean.

Gaur egungo urruntasunetik bereiztea zail egiten bazaigu ere, zintzarrien asmaketak iraultza ekarri bide zuen abeltzaintzan. Abeltzainek zintzarri guztien hotsak bereizi ohi dituzte, eta entzute hutsez jakin, abereak norenak diren eta zein abere den zintzarria daramana. Zintzarriek abeltzaintzaren ekoizkortasuna nabarmen emendatu zuten, abereak mendian zaintzarik gabe utzi zitezkeelako eta gero noiznahi aurkitu. Eta zalantzarik gabe, gainerako aurrerapen teknologiko guztien antzera, zintzarriek ere euren mito eta kondairak izan dituzte, jatorrizko testuingurua galdu ondoren haiek ere galdu diren arren.

Artzain ziklopeen ardi eta gazten bikaintasunaren aipamenak, Tartaloren "lehen artzain" izendapenak, eta ardiak banan bana nola ezagutzen zituen hainbat bertsiotan ageri diren xehetasunek, lapurreta kulturalaren hipotesia indartzen dute. Eta eraztun salatariaren motiboaren ugaritasunak eta zintzarriaren "fosilak" adieraziko lukete zintzarria zela hain zuzen, nahita edo nahigabeko lapurreta-gaia kondairaren bertsio jatorretan.

Azkenik, Tartaloren bertsio zintzorik gabeko izate gaiztoak eta, salbuespenak salbuespen, leku jakin batekiko loturarik ezak, zera adierazten du: pertsonaia jentilen mitologiatik eratorritako gaiztorapen bat dela, baina gaiztotze prozesu hori Euskal Herritik kanpo beste lurraldeetan gertatu zela, eta gaizto bihurturik iritsi zela euskaldunen artera, trikuharrien kulturaren ondorengo beste kultura batek gaizto bihurturik, agian zintzarrien teknologiarekin batera.

  • AARNE, Antti. The Types of the Folktale: A Classification and Bibliography. Translated and Enlarged by Stith Thompson. 2nd rev. ed. Helsinki: Suomalainen Tiedeakatemia / FF Communications, 1961.
  • ARETTE-LENDRESSE, Pierre. Légendes de la Montagne et de l'Adour. Biarritz: J&D éd., 1994.
  • BARANDIARAN J.M. "Diccionario Ilustrado de Mitologia Vasca". Obras Completas I. alea. Bilbao: TUL, 1972.
  • BARANDIARAN J.M. "Eusko Folklore". Obras Completas II. alea, Bilbao: TUL, 1973.
  • BLADÉ, Jean-François. Contes populaires de la Gascogne. Paris: Maisonneuve, 1886. 1 libk.
  • CERQUAND, M. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau. NN, 1875.
  • CERQUAND, M. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau NN. 1881-82.
  • CERQUAND, M. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau NN. 1884-85.
  • CERQUAND, M. 1886-87 "Légendes et récits populaires du Pays Basque". Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau NN. 1886-87.
  • DARDY, Léopold. Anthologie populaire de l'Albret, sud-ouest de l'Agenais ou Gascogne landaise. Agen: Michel et Médan, imp. Lenthérix, 1890. 2 libk. Lavardac: IEO Vent Terral, 1984 (berred).
  • JOISTEN, Charles; ABRY, Nicolas; JOISTEN, Alice. Êtres fantastiques, patrimoine narratif de l'Isère. Grenoble: Musée dauphinois, 2005.
  • LALANNE, J. V. Coundes biarnès coueilluts aus parsaas.... Cazaux, 1890.