Kontzeptua

Testuingurua euskal mitologian

Testuingurua esan ohi zaio, testu bat ulertzen eta interpretatzen laguntzen duen haren inguruko argibide eta informazioen multzoari.

Testu baten testuingurua ia mugagabea dela esan daiteke, nahi adina aspektu eta ikuspuntu har baitaitezke aintzat. Eta testuinguruko argibideak zenbat eta ugariago izan, orduan eta aberatsagoa izango dira testuaren azterketa eta interpretazioa. Esate baterako, Harpa jotzea esaldiak esanahi testuala du, musika tresna bat jotzea, baina euskal testuinguruan brometan edo modu ez serioan jardutea adierazteko erabili ohi da. Testuinguruko datu horren ezean interpretazio testuala zeharo okerra izan daiteke. Baina haratago, testuinguruko datu egoki eta adierazkor gehiago ekartzen baditugu, esaldiaren ulermena arrunt aberastuko dugu. Darabilgun kasuan esate baterako, aipa dezakegu lan gogorraren apologia egin ohi duten euskal baserritarren artean, musika jotzea, eskuak zikindu gabeko fundamentu eskaseko lantzat hartu ohi zela mespretxuz, eta badirela ideia hori adierazten duten adibide gehiago ere. (Zer zala uste zendun enamoratzea? Bertan eseri eta, kitarra jotzea?, dio bertso zahar ezagun batek, andregaiak eskatuko dituen dirua eta estatus soziala emateko gogor lan egin behar dela gogora arazi baino lehen). Bestalde batek galde liezaioke bere buruari honelako mentalitatea zuten aspaldiko baserritar haiek nola izan ote zuten harparen berri, ez baitu ematen oso etxeko izan behar zutenik. Berriro testuinguruko datu apropos batek zera diosku, XVII. mendeko hondar aldera euskal elizetako musika kaperetan oraindik ohikoa zela harpa jolea, gero biolinen familiako instrumentuek ordezkatu bazuten ere, eta baserritarrek meza nagusietan harpa jolea hurbileko izan zutela ia mende batez. Horra beraz harpa jotzearen historia, bere testualtasun hutsa baino nabarmenki aberatsago eta adierazkorrago testuinguruaren ezagutzari esker.

Mitologiaren azterketan, testuinguruko argibideen bilketak erabateko garrantzia du noski. Aipatu azterketak bi urrats ditu: testuaren azterketa eta testuinguruarena, bigarrenak aurrenekoan ere eragiten duelarik. Esate baterako, mito baten hainbat bertsio ditugunean, guztien testuak erkatzen ditugu haietan elementu jatorrenak zein diren asmatzen saiatzeko, eta elementu berri edo eratorrietatik bereizteko. Itxuraz testu mailan baino egiten ez den azterketa honetan berriz, testuinguruaren itzala hortxe dago beti etengabe ikertzailearen intuizio eta hipotesiak gidatuz. Jentilen akaberaren bertsioen azterketa egiterakoan, akaberaren iragarle batzuetan laino bat ikusten dugunean, besteetan izar bat eta hurrengo batean berriz itsasoko urez betetako pertza bat, testuingurutik sorturiko intuizioek baino ezin dute gure hobespena gida. Edota jentil langile eta jatorren ondoan jentil anker eta gaiztoak ere badirela ikusita testuen erkatze hutsak ez garamatza inora, testuinguruaren ezagutzatik sinkretismoa deitzen den zerbait badela aintzat hartzen ez badugu. Testuinguruaren ezagutzak beraz, lanbro-lainoak bezala dena bustitzen du, baita testuen arteko erkaketa bera ere.

Esan dugunez, testuinguruaren aspektuak ia mugagabeak izan litezke. Dena den, interesgarrienak eta aintzat hartzen diren ohikoenak baino ez ditugu hemen aipatuko, halere zerrenda luzea osatuko dugularik. Jarraian aipatzen diren sailetan bildurik azalduko ditugu testuinguruaren aspektu nabarmenenak.