Kontzeptua

Testuingurua euskal mitologian

Esan dugu euskal mitologiak ez duela lehengai berririk eskaintzen ahal. Azterketaren aurrerabidea beraz, erkaketatik baino ezin da etorri. Euskaldunak zeharo umezurtz gaude Europan gure hizkuntzaren jatorriari dagokionez, ez ordea gure kultura eta mitologiari begiratu ezkero. Horretaz jabetzeko gure inguruko mitologiei begiratu behar diegu, haiek ikasi eta ulertu. Berdintasunak eta ezberdintasunak zehazki marraztu. Ezaupide honetatik ondorioztatzen da, esate baterako, euskaraz bildutako mitologia guztia ez dela indoeuropar-aitzinekoa (badira erromatar eta germaniar jatorriko mitoak ere, kristautasunaren bidez sarturikoez gain), eta indoeuropar hizkuntza batean jasotako mitologia berriz, indoeuropar-aitzinekoa izan daitekeela. Horretarako argi eta garbi marrazturik egon behar du zer den mitologia bat eta bestea, ez bakarrik ageri diren pertsonaien aldetik, baizik eta baita ere, bakoitzak jorratzen dituen esparru begikoen definiziotik, eta bakoitzak bideratzen dituen ereduen eta zabaltzen duen ideologiaren azterketatik. Honi eskerrak posible da euskal mitologiaren barneko elementu exotikoak agerian uztea, eta Europako hainbat eskualdeko indoeuropar aitzineko elementu mitikoak aurkitu eta antzeko euskal elementuekin lotu eta osatzea.