Kontzeptua

Testuingurua euskal mitologian

Batzuetan gertatzen da mitologiak argibide adierazkor bat sudurraren aurrean jarri eta haren garrantzia antzemateko gauza ez izatea, ikusten ari garen hori xumeegi edo ohikoegi izaki, batere nabarmendu gabe geratzen delako. Horregatik arrunt garrantzitsua da kontalariaren eta kontakizunaren testuinguruetan sartzen ikastea, eta gauzak haien begiz ikusten saiatzea, kontakizunean ageri diren elementuak behar bezala balioesteko. Esate baterako, jentilen indarraren kontua anekdota hutsa modura ikusten ohitu gara. Halako harritzarra mendiz mendi jaurtikitzen zutela, bizkarraren gainean hainbeste zahagi-ardo edo zaku-gari urrundik ekartzen zituztela nekatu gabe, edota elizak aldamiorik gabe eraikitzen zituztela harlandu handiak behetik gora beso-indarrez boteaz. Egunaren erdia eserita ematen dugunok nekez imajina dezakegu nekerik gabeko lan eskerga horien kontakizunak eragin zezakeen plazera, egunero esku-lan nekezean zaildutako laborari penatuen gogoan. Jentilen nekerik gabeko lanaren irudia sortu zutenak, harrizko aizkorez basoak soildu eta labakiak sortzen zituzten nekazariak ziren. Haien penak nozitu beharko genituzke jentilek haientzako zekarten idealizazioa bene-benetan ulertu ahal izateko. Egunero beso-lan gogorrean ezinbestean jardun behar zuten haientzat, jentilak ziren gure gazteentzat eliteko kirolariak edo pop-musika izarrak gaur egun izan daitekeenaren pareko zerbait: eredurik miretsiena eta desiratuena. Beste adibide bat aberastasun aipamenena da. Piraten altxorrak edo mila eta bat gauetako ipuinetakoak literaturan eta telebistan ikusten ohituta, ez da erraza bere neurrian baloratzea lamiñen urrezko txarrantxa, Mariren urrezko orrazea, edo, are gutxiago oraindik, jentilen ogi txuria. Baina gauza horiek aipatzen dituztenen larruan sartu ezkero, objektu horiek izan daitekeen aberastasunik handiena adierazi nahi dute: esandako piraten altxorrak edo mila eta bat ipuinetakoen pareko. Aberastasunak utzi eta errepara diezaiogun eguraldiari. Eguraldiaz hitz egitea guretzat, igogailuetan eta holakoetan ezezagunen bat topatu ezkero zerbaitez hitz egin behar eta, hautatu ohi den gai arrunta baino ez da. Gure testuinguru honetatik mugitu ezean nekez uler daiteke eguraldiaren gorabeherei buruzko ezagutzak (berdin dio egiazko ala balizkoak), Naturaren gaineko kontrol sinboliko funtzioa nola jokatzen duen. Eguraldiaren gorabeherak ulertzea, gorabeherok bideratzeko lehen urratsa da, eta gizaki neolitikoak Naturaren gainean hartu duen boterearen azken urratsa. Ura joare batean hiru aldiz isuri ezkero bedeinkaturik geratzen dela jakiteak, kanpaien magian pentsa arazten digu, eta lehen objektu metalikoek eragin bide zuten liluran. Metal hots berri haiei espiritu gaiztoak uxatzeko bertutea esleitu zien herriak. Aldi berean, zintzarria jauzi teknologiko harrigarria izan zen, abereak mendian bere kasa uztea eta noiznahi erraz aurkitzea ahalbidetu zuena, aberastasun iturri berria zabalduz: mendiko abeltzaintza. Norberarena den ohiko testuingurutik jalgitzeko imajinazio ahalegin horrek garamatza ikustera halaber belaze berdeak eta ardiak ez direla natura kultura baizik, baserritarrak ez duela inolako errespeturik naturarentzat, behiak jeztea normala dela baina animalia bati esnea ostea tabu larria izan bide zela paleolito garaian, beste izaki bizidunen gaineko erabakiak hartzea iraultza izan bide zela Neolito hasieran, e.a. Hauek guztiak inguru arkeologiko, historiko eta antropologikoaren ezagutzan oinarritzen dira, eta garrantzi nabarmena dute mitologiaren interpretazioa aberastu, eta batez ere, interpretazio hori gaur egungo mitologia sortu berrietan oinarritzea saihesteko.