Kontzeptua

Testuingurua euskal mitologian

Komunikazioa idatzia ala ahozkoa ote den jakitea, bakoitzak bere ezaugarri propioak baititu. Kontatzaile eta entzuleriaren arteko harremana zer-nolakoa den. Amonak ilobari sukaldean esandakoak izan edota ganbaran auzolan giroan botatakoak ez dira berdinak. Giroa aldatzen da, asmoak aldatzen dira eta horrek guztiak testuari aldaketak eragin diezazkioke. Esate baterako amona-iloba artekoan transmisioa literalagoa izango dela pentsa daiteke, eta ganbarako auzolan girokoan kontakizuna "adornatzeko" pizgarri gehiago izango direla, elkarri inpresio ona egin nahirik dauden neska-mutilen artean. Kontalariaren asmoa entretenitzea izan daiteke, edo entzuleriari beldur eragitea, edo besterik gabe hari aitona-amonek kontatu zioten moduan hark ere ilobei kontatzea. Jarrera horren arabera testuak, entretenigarriago edo beldurgarriago bihurtuko duten ukituak jasan ditzake, edo batere ukiturik gabe bere transmisioa jarraitu. Komunikazioaren unea ere arrunt garrantzitsua da. Sukalde txokoan istorio batzuk errazago datoz burura beste batzuk baino. Eta leku zehatz bati loturiko istorioa nekez kontatuko da, inor leku hartan suertatzen ez bada. Trikuharrien inguruko folklore aberatsa dago Euskal Herrian, baina Barandiaranen aurretik Iparraldean Karlistaden garaian ibilitako etnografoek ez zuten gai horren inguruko ataundarrak adina material bildu. Noski Barandiaran trikuharri horiek industen ibiltzen zen eta haien aldamenean zelarik kontatzen zioten artzainek haien inguruko pasadizoak. Sukaldeetan baino ibiliko ez zen beste batek ezingo zukeen horrelako uzta bildu. Euskal Herriz kanpoko adibideren bat ekartzeko aipa dezagun hainbat leku eta garaietan kontu-kontalaritza jardun arrunt estimatua izatera iritsi dela, inguruan jendetza handiak biltzen zituena. Esate baterako VIII. mendeko Bagdad-en lehen mailako jarduera publikoa da, eta kontalari onenak pertsonai nabarmenak dira gizarte bizitzan. Testuinguru horretan istorioen zirkulazioa azkartu, motibu berrien txertatzeak ugaldu, eta kontakizunen aldakortasuna emendatu egiten da. Zer ikusirik ez beste testuinguru askoz ere kontserbatzaileagoekin.