Kontzeptua

Testuingurua euskal mitologian

Testu mitolologikoak oso mugatuak dira. Batetik, aspaldikoak izaki, haiek sortu zireneko testuinguruko elementu asko bidean galdu egin direlako, testuaren pixkanakako txirotzea eraginez. Bestetik, testu mitologiko berriak biltzeko aukerak hutsaren hurrena direlako (kontalariak hilik daudenez, aspaldiko bidai liburu zahar eta ezezagunen bat agertzea bezalako "mirakulu" gertagaitz bat baino ezin espero). Arkeologiak luzatzen dituen datuak testuinguru hutsune horien osagarri izan daitezke zenbaitetan. Arkeologiari esker dakigu trikuharriak hilobiak direla, eta talde- hilobiak gainera, eta horregatik dakigu bertan jentilen taldea hobiratu zela dioskun legenda jatorragoa dela trikuharria sorgin baten etxea dela dioskuna baino. Bestalde, trikuharri batzuk Erdi Aroraino irits daitekeen erabilpen berankorraren zantzuak erakusten dutela jakiterakoan (noski berriro Arkeologiari esker), gogoeta egiten dugu hainbat mito guganaino heldu badira ez zaiola agian zor herriaren gordekortasun harrigarriari, baizik eta mito horien araberako erritoak guk uste baino luzaroago eta gure garaitik hurbilago iraun izanari. Eta trikuharri asko mugarri modura ipinita daudela erakusten digutenean, pentsa arazten digute, legendetako etxeko defuntuek agian ez zirela kristautasunak utzi dituen bezain indarge, eta taldearen esparrua gorde eta zaintzeko funtzioa ere bete ahal izan zutela noizbait. Arkeologia, mitologia ez bezala, gauza da, teknika berriei esker, argibide gero eta gehiago eskaintzeko eta horregatik erne eduki behar da begi bat beti hari begira.