Kontzeptua

Testuingurua euskal mitologian

Joera bat bada, aspaldiko garaietatik egundainoko ibilbide labur, zuzen eta igurtzirik gabea irudikatzeko mitoen azterketan. Helmugako planoaren ilusioa deitzen zaio horri, txirrindularien esprintetako aurrez aurreko kamararen ikuspuntuak bikain erakusten baitu adierazi nahi dena: denak elkarren gainean baileuden ageri dira eta mirakulua dirudi elkar jo eta erori gabe irautea. Gertatzen dena ordea zera da, ez daudela bata bestetik hain hurbil eta tarte handi samarrak daudela euren artean. Mitologia aztertzerakoan ere, testuinguru historikoak zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta tarte handiagoak sumatzeko gauza izango gara, orduan eta urrunago ibiliko gara gehiegizko sinplifikazioetatik. Ezaguera horrek gaitzen gaitu bereizteko mito batzuk oso zaharrak direla eta beste batzuk berriz oso berriak. Santuen eta Amabirjinen esku-hartze mitikoak elizak non eraiki behar diren erabakitzeko garaian, XVI eta XVII. mendean benetan gertaturiko auzi historikoen isla dira. Beste hainbeste gertatzen da apaizek egin behar omen dituzten Mariren aurkako konjuruen inguruan. Mari oso zaharra da, haren egoitza ixteko egindako konjuruak duela hainbat mila urte egin bide dira, baina jardun horren inguruan egiazko auzi bat sortzen da duela laurehun urte inguru. Mito zahar baten ibilbide luzean, mitologia horrek indarrean dirauen artean, eraldatze eta eguneratzeak gertatzen dira, eta horien eraginez zaharra eta berria elkarren ondoan egon daitezke. Hiru mila urteko sekuoiaren adina haren gerriaren loditasunean ikusten dugu, baina haren azala eta gainean hazi zaion huntza berriak dira. Duela hiru mila urteko zuntzak haren bihotzean daude gorderik. Ezin dira ikusi, sumatu bakarrik. Ikusten den guztia nahiko berria da. Historia eta Historiaurrearen ezagutzak perspektiba hau mantentzen laguntzen dute, zaharra eta berria bereiziz. Honek ahalbidetzen du, esate baterako, jentilen akaberaren mitoan Kixmi eta Jesukristo eranskin berriak direla ohartzea. Kristautasunaren zabaltzea, Erdi Aroko sermolarien jarduna, garai bereko bestiarium izeneko liburuetan tximuei buruz zabaldutako irudia eta balioespena, testuinguruko datu horiek dira, bestela ezinezkoa litzatekeen argitasuna ematen digutenak. Azterketa mitologikoak erakusten digunean San Martin Txiki edo Mateo Txisturen atzean eskandinaviar mitologiako pertsonaiak ezkutatzen direla, Historiak baieztatzen digu aurkikunde hori ez dela erratua eta baduela bermerik, gaizki samar ezagutu arren, zalantzarik gabekoa den normandoen presentzian VIII eta XI. mendeen artean. Historian ikasten dugunean lamia izena era orokorrean erabili ohi zela Europa osoan Erdi Aroaz geroztik sorgin izena baino lehen, mundu paganoko edozein izaki izendatzeko, badakigu ez dugula erotu behar euskal lamiñen nortasun konplexua ulertu nahian, izen berarekin izaki arrunt ezberdinak irizten direlako, eta gure jarduna izan behar dela asmatzen saiatzea zenbat eta nolakoak diren hor azpian nahaspilaturik dauden izaki diferenteak. Ipotxik ba al dago euskal mitologian? Burniaren aurreko metalgintzak utzi al du arrastorik euskal mitologian?