Dantza

Maskaradak

Jaia antolatzaileen herrian bertan eszenaratzen da, edota parte-hartzaileak gonbidatzen dituzten bestelako herrietan. XX. mendeko laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan, Pirinioetatik (Euskal Herritik) haratagoko herriek eta hiriek luzatutako gonbidapenei baiezko erantzuna ematea ohitura bihurtu zen.

Denboraren joanean gauza asko aldatu badira ere, batzuk anarkiarik ez dagoela gogorarazten saiatzen dira, ezarritako ereduak mantentzen direla adieraziz. Lehen eta azken emanaldiak horren adibide dira, oraindik ere jarraigoa osatzen duten kideen jatorrizko herrian edo herrietan egiten baitira.

Inauteriak berak eratzen duen testuingurua funtsezkoa bada ere, dantzak Inauteriekin harremanik ez duten garai, leku eta egoeratan antzeztu direla aipatu behar da. Dantzak honako leku eta saio hauetan eszenaratu direla jasota dago: Zuberoaz kanpoko landa inguruko herrietako jai eta azoketan; Mauleko (Zuberoako hiriburua) jatetxe eta hoteletan, bertan ostatu hartutako lagunen aurrean; Hego Euskal Herriko eta Frantziako hirietako antzoki ospetsuetan; Europatik kanpo, etorkin zuberotarren elkarteek antolatutako ospakizunetan; eta ez dugu ahaztu behar dantza hauek lagunak oturuntzetan edota ezkontzetan biltzen direnean inprobisatzen direla.

Jarraigoa askotariko pertsonaiek osatzen dute, aurkako bi taldeetan ordenatuta daudelarik: alde batetik gorriak daude, eta bestetik beltzak.

Talde gorriko partaideak hauek ditugu: aintzindariak [lehenak edo aurrekoak]; jauna eta anderea; laboraria eta laborista; marexalak [ferratzaileak] eta küküileroak [gandorra dutenak]. Beltzen artean berriz honakoak aurki ditzakegu: kereztuak [zikiratzaileak]; xorrotxak [zorrotzaileak]; buhameak [ijitoen tribua], kauterak [galdaragileak] eta medizina [medikua].

Aintzindariak taldea bost pertsonaia ezberdin antzezten dituzten dantzari batzuek osatzen dute: entsainaria edo banderazaina [bandera edo estandartea daramana]; xerreroa edo txerreroa [errementaria?]; gatia edo gatüzaina [katua]; zamalzaina [zaldi itxurako gizona edo zentauroa]; eta kantiniersa [kantinera]. Marexalak edo manetxalak bi pertsonaia dira: ugazaba eta ikastuna edo morroia. Küküileroaren papera partaiderik gazteenei ematen zaie, eta ez dira beti kopuru berdinean agertzen. Hala ere, ohikoa bi edo hiru izatea da. Kereztuak, xorrotxak bezala, bi dira: ugazaba eta ikastuna edo morroia. Buhameak lau pertsonaia dira: buhame jauna [ijito erregea]; zilintzau; beste biek ez dute izenik. Kauterak Kabana handi [txabola handia] taldeko burua eta Pitxu, Fripu eta Pupu [nagusiaren laguntzaileak] dira. Medizina pertsona bakarra izaten ohi da.

Beste batzuk ahaztu egin dira: artzaina eta arkumeak (artzaina eta atxuriak), bizargina, notarioa, espainiarra, kedar-garbitzaileak, eskalea eta apezpikua. Beste batzuk, aldiz, noizean behin agertzen dira, emakumezko ijitoa edo hartza esaterako. Hartzaren mozorroa Europa eta batez ere Euskal Herri osoan zehar asko hedatu da, eta hartza da 'beltzen' taldeari bere pantomimak egiteko laguntza eskaintzen diona, hain zuzen ere.

Maskarada 'gorriko' pertsonaia nagusiek (entseinaria, xerreroa, gatüzaina, zamalzaina eta kantiniersa) urte jakin batzuetan zehar antzeko kopiak izan zituzten aurkako taldean, baina, iragarri dezakegunez, kasu honetan jantzietan kolore beltza zen nagusi.

Puntu honetan, gaia aztertu duten hainbat idazlek Maskaradetako pertsonaia ezberdinak izendatzeko hainbat forma ortografiko proposatu dituztela adieraztera behartuta gaude. Esaten dugunaren adibiderik esanguratsuenak honako hauek dira: kukulleroak, kherestuak, txorrotzak, entseñaria, gathuzaina, zamaltzaina edo kantiniertsa.