Kontzeptua

Maskarada Gorria

Gorriak

Zuberoan neguan egiten diren antzezpen ezagunak dira Maskaradak. Pluralean hitz egiten da, Maskaradak, bi Maskarada edo bi talde zeharo ezberdinetan banatuta daudelako: Maskarada Gorria eta Maskarada Beltza.

Maskarada Gorria horrela deitzen da, dudarik gabe, bere kideen kolore nabariena gorria delako, eta Maskarada Beltzeko kideengandik argi eta garbi bereizten dira.

Gorriak dantzari finak, onak dira, jantzi ikusgarri eta dotorez apainduta agertzen zaizkigu eta beti arauak errespetatzen dituzte; euskeraz hitz egiten dute eta bertakoen, Zuberotarren rola betetzen dute.

Maskaradeetan nabaria da Maskarada Gorria eta Beltzaren arteko aldea: lehengoek zibilizazioa eta bigarrenek basakeria irudikatzen dute.

Maskarada Gorria ondoko pertsonaiek osatuta dago: Txerreroa, Gathuzaina, Kantiniersa, Zamaltzaina y Entseñaria, Jauna eta Anderea, Laboraria eta Laborarisa, Marexalak eta Küküleroak.

Maskarada Gorri eta Beltzaren arteko banaketa egiterakoan, pertsonaiaren funtzioa eta hizkera kontutan hartu dugu, eta ez musikarien kokapena, batzuren iritziari jarraituz, banaketa puntua definituko zuelarik, hauxe Maskarada ezberdinetan oso aldakorra delako.

Guilcher-ek dionez, pertsonaia batzuk Maskarada Gorriak dira argo eta garbi, hain zuzen, Aintzindariak, Marexalak eta Kukulleroak, eta beste batzuk, Buhameak edo Kauterak Maskarada Beltzekoak dira, zalantzarik gabe. beste batzuk ordea, Jauna eta Anderea, eta Laboraria eta Laborarisa, ez lirateke izango ez Gorriak eta ez Beltzak. Kerestuak talde bateko zein besteko partaidetzat hartzen dira, eta beste pertsonaia batzuk, hain zuzen, Entseñaria eta Txorroxak, zalantzazko sailkapenekoak dira.

Lehenengo bost pertsonaiek, hain zuzen, Txerreroak, Gathuzainak, Kantiniersak, Zamaltzainak eta Entseinariak beste azpitalde bat osatzen dute, Aintzindariena, horrela deituta taldearen aurretik doazelako.

Maskarada Gorriko kideak dantzari onak izan behar dira (hoberenak Aintzindariak dira), kolore biziko arropa dotorekin jantzita; ordena eta arauak errespetatzen dituzte. Zuberotar gizartea irudikatu eta euskeraz hitz egiten dute.

Ez dute inolako paper barregarririk, guztiak duinak baitira. Ez da ikusten Gorririk txantxa baldarrik egiten edota eskupekoa eskatzen.

Maskaradeetako taldean, aurreko aldean joaten ohi dira, bainan, esan den bezala, batzuetan, beste pertsonaiak haien artean tartekatzen dira, alegia, Kerestuak edo Txorrotxak.

Maskaradako ekitadi osoan Gorriek beraiek daukate ekitaldiaren ardura, bai antolakuntzan (Jaunak agintzen du Maskaradan) bai eta dantzetan ere.

Maskarada Gorriaren barruan, Aintzindarien taldeari aipamen berezia egin behar zaio, bost dantzari hoberenak osaturik (batzuetan gehiago, pertsonaiaren batzu bikoiztuta atera daitezkelako), emankizun osoan parte-hartze handia daukatelako.

Aintzindariek ematen dituzten pausuak, zailtasun handikoak, batzuetan ballet klasikoko pausuen antza daukate.

Caubisens dioenez, dantza hauek XVI. mendean Tresville kondeek eta beraien musketeroek Frantziako kortetik ekarrita izan litezteen.

Ezin dugu baztertu, hala ere, kontrako zentzuan eragina izatea ere, eta zuberotarren zenbait pausu Frantziako kortera eramanak izatea, eta ballet klasikoak bereganatzea, zeren "Pas de basque" edo "Saut de basque" deritzaten pausuak aurkitzen bait ditugu.

Goizeko barrikadetan, Aintzindariak dira barrikaden aurrean dantzatzen dutenak, gero beste Gorriak, eta barrikada gainditzen denean, orduan sartzen dira Beltzak arrapaladan eta oihuka, bata bestearen gainean amaitzeko.

Dantza batzuk Aintzindariek bakarrik egiten dute, pausu zail eta arinekin, trebetasun eta entrenamendu handia eskatzen dutenak: Gabota, bai Berria eta Zaharra (dantza borobilean), Godalet (edalontzi baten inguruan egindako dantza) edota Satan (azken hau Kantiniersek bakarrik dantzaturik, Pastoraletako dantza da, baina batzuetan Maskaradetan ere ikus daiteke).

Godaletan, Aintzindarietaz aparte, Marexalen nagusia ere sartu daiteke, Herellek dion bezala.

Branliaren kasua, haren berezitasunagatik, aparteko aipamena merezi du: Branlian, Jaunak eta Laborariak soka zuzentzen dute, bi muturretan jarritak. Haien ondoan, Jaunaren bikotea (herritarren artean aukeratutako neska noblea, edota, gaur egun, Anderea bera) eta Laborariaren bikotea (herritarren arteannneska aukeratuta edota, gaur egun, Laborarisa bera) jartzen dira, eta neska horien artean, soka osatuz, Maskaradeetako beste pertsonaiak eta ikusleak kokatzen dira.

Aintzindariak (Entseñaria izan ezik, hau Jauna eta Laborariaren artean, baina haiei heldu gabe jartzen bait da) barruko borobil batean jartzen dira eskutik heldu gabe.

Lehenengo zatia jauzi bat da, lasaia, "Kontrapasa" deritzona. Honetan bi borobilak jauziaren pausuak jarraitzen dute, Bigarren zatian, "Braletik Jaustia" deritzona, kanpoko soka geldirik geratzen da eta Aintzindariak dira, bai barruko borobilean zeudenak bai Entseinaria, banakako emanaldia egiten dutenak. Zati hau amaitzerakoan, Entseinaria bere lekura itzultzen da, eta beste Aintzindariek alde egiten dute. Azkenengo zatian, "Karakoiltzia" deritzona, sokarekin irudi ezberdinak eta zubiak egiten dira, eta Jauna, Entseinaria eta Laborariaren dantzaldi batekin Branlia amaitzen da.

Egitura hori Euskalherrian dauden beste Soka-dantzen antzekoa da (Aurreskua, Ingurutxoa, Dantza luzea, Ttun-ttuna, etab.).

Aintzindarien berezitasuneekin amaitzeko, jauzi edo muxikoetan, Aintzindariek barruko borobil berezi batetan, plaza erdian, kokatzen direla aipatu behar da eta gainontzeko Gorriek beste borobil handiago batetan, Aintzindarenaren kanpotik. Kanpoko borobilekoek erloju orratzen aurkako norabidean hasten badira, pausuak lurretik eginez, Aintzindariek, erloju orratzen zentzuan dantzatzen dute, aireko pausu zail eta ikusgarriak eginez.

Maskarada Gorrikoek ere Kadrillak egiten dute non, normalean Jauna/Anderea eta Laboraria/Laborarisa bikoteak bakarrik parte hartzen bait dute, nahiz eta, batzuetan bereziki ateratako neskatxek ere parte harten duten (Urbeltzek aipatzen ditu Urdinarbe 1977ean) edo ta Kukullekoek eta Marexalek.

Arratsaldeko saoian Maskarada Gorrikoek ofizio ezberdinen antzezpenean ere parte hartzen dute: honela, Txerreroa Kerestuekin sartzen da plazan, bidea zabalduz; Zamaltzaina, Marexalen eta Kerestuen ofizioetan parte hartzen du, Kantiniersa, baita Kerestuen ofizioan, eta Jauna, Txorrotxen eta Kauteren ofizioetan.

  • ALFORD, Violet. "Les Mascarades Souletines en 1914 et aujourd'hui", Dantzariak ; 2. Donostia: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1971.
  • ANGUIOZAR, Martin de (BERRAONDO, Ramón de). "Danzarines suletinos". Euskalerriaren Alde ; Donostia: Martín y Mena, 1929, 310. zenb, 361-367 or.
  • ANGUIOZAR, Martin de (BERRAONDO, Ramón de). "Danzarines suletinos". Txistulari; Donostia:Asociación de Txistularis, 1930, 13, zenb.
  • BADE, J. "Le Carnaval chez les Basques de la Soule", L'Observateur des Pyrenées, 1840, 6. zenb.
  • BERZAITZ, Pier Paul. "Maskaradak".El mundo de los Pirineos. Fiestas Tradicionales, Bilbo: SUA Edizioak, 2001, 24. zenb., 22-25. or.
  • CAUBISENS, J. B. "Costumbres populares - El Carnaval Suletino", Dépêche de Toulouse-k itzulita. Euskalerriaren Alde. 1923, XIII. urtea, 57-59. or.
  • CHAHO, Joseph Augustin. Biarritz entre les Pyrenées et l'ocean. Itinéraire pittoresque. Bayonne : A. Andreossy, 1855.
  • CHAHO, Joseph Augustin. "Viaje a Navarra durante la insurrección de los Vascos (1830-1835)", Martin de Anguiozar-ek itzulita. Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1930, 21-1. zenb. 113-114 or.
  • DANTZARIAK IPAR-EUSKADIKO ORDEZKARITZA (POLO, M.J.C.). "Ziberoako Ihauteria". Dantzariak. 1978, Ale Berezia 2.
  • GUILCHER, Jean Michel. "La tradition de danse en Béarn et Pays Basque Français". Paris:Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984
  • HERELLE, George. "Les Mascarades Souletines", Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1914, 8, 368-385. or.
  • HERELLE, George. "Les Mascarades Souletines (Suite)", Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1923, 16, 159-190. or.
  • IHAUTERIAK 93. ALTZÜRÜKÜKO MASKARADA. Bilboko Arriaga antzokian 1993eko Otsailaren 21ean egindako emankizunean banatutako esku programa.
  • JAN TA LO, "Xuberoko Maskarada", Txistulari 1972, 71. zenb.
  • LEIZAOLA, Fermin. "Carnaval Rural", Dantzariak ; 28. zenb. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1984.
  • MASKARADAK-LA MASCARADE. ZÜBEROKO HERRI IHAUTERIAK-CARNAVAL POPULAIRE DE SOULE. SÜ AZIAren sail bereziak - Les cahiers de SÜ AZIA. 1993.ko Urtarila - 2. zenb.
  • MICHEL, Francisque. Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa literature et sa musique. Paris : Librairie de Firmin Didot Freres. 1857.
  • SALLABERRY, Jean Dominique Julien, "Les Mascarades Souletines", La Tradition au Pays Basque, Paris, 1899, 265-280 or.
  • SAN SEBASTIAN, Koldo "Maskarada. Carnaval en el Pirineo Vasco". Deia, 30/01/1994, 30. or.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Intento de clasificación de los carnavales rurales vascos en 1983 y 1984"", Dantzariak ; 33. zenb. Iruña: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1986.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Le retour des Mascarades", Dantzariak ; 39. zenb. Iruña: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1987.
  • URBELTZ, Juan Antonio. Dantzak. Caja Laboral Popular, 1978.
  • VEYRIN, Philippe. "Le plus ancien zamalzain connu". Txistulari. 1965, 44. zenb. 26. or.