Kontzeptua

Maskarada Beltza

Beltzak

Zuberoan neguan egiten diren antzezpen ezagunak dira Maskaradak. Pluralean hitz egiten da, Maskaradak, bi Maskarada edo bi talde zeharo ezberdinetan banatuta daudelako: Maskarada Gorria eta Maskarada Beltza.

Maskarada Beltzeko partaideek jantzi ilunak, zikinak eta urratuak daramatzate, bai eta apurtuak ere batzuetan. Euskal txapelik ez daramate, kanpoan erabilitako kapelak baizik . Euskal makilik ez daramate, bastoiak baizik . Zapatilak eraman beharrean, botak daramatzate.

Beltzek ez dakite ondo dantzatzen, eta ez dute gizarteko arauak errespetatzen, beraienak baizik; arrotzen rola betetzen dute eta gizartearen behe mailetako kideak dira: bere lana egiten ez dakiten morroiak, edo lanean jarri beharrean jolasean jartzen direnak, haren Nagusia, zigor kolpeekin, lan egin arazi behar dielarik; lanaren prezioan bezeroari lapurtzen dioten lotsabakoak, gero haien artean elkarri lapurtzen diotelarik.

Maskaradeetan nabaria da Maskarada Beltza eta Gorriaren arteko aldea: lehengoek basakeria irudikatzen dute, lehenengoek zibilizazioa irudikatzen duten bitartean.

Maskarada Beltza ondoko pertsonaiek osatuta dago: Kerestuak, Txorrotxak, Buhameak, Kauterak, eta Medizina.

Haiekin batera, Maskarada batzuetan, Aintzindari Beltzak ere ikusten dira: izan daiteke haietako bat edo beste, edo talde osoa, Aintzindari Gorriek egiten duten dantzen karikatura egiten dutenak.

Maskarada Gorri eta Beltzaren arteko banaketa egiterakoan, pertsonaiaren funtzioa eta hizkera kontutan hartu dugu, eta ez musikarien kokapena, batzuren iritziari jarraituz, banaketa puntua definituko zuelarik, hauxe Maskarada ezberdinetan oso aldakorra delako.

Guilcher-ek dionez, pertsonaia batzuk, Buhameak edo Kauterak, Maskarada Beltzekoak dira zalantzarik gabe. Baina beste batzuk, Jauna eta Anderea, eta Laboraria eta Laborarisa, ez lirateke izango ez Gorriak eta ez Beltzak. Kerestuak batzuetan talde bateko zein besteko partaidetzat hartzen dira, eta beste pertsonaia batzuk, hain zuzen, Entseinaria eta Txorrotxak, zalantzazko sailkapenekoak dira.

Esan bezela, dantzari txarrak dira, dantzetan sartzen dira, baina dantzen ordena eta pausuak jarraitu gabe; beti dabiltz oihuka, jendea zirikatzen eta trufatzen. Haien ofizioetan egiten dituzten dantzak, batez ere Buhameena eta Kauterena, ez daukate inolako antzarik Gorriek egiten duten dantzekin.

Kanpotarrak dira: Kerestuak, biarnotarrak; Txorrotxak, behenafarrotarrak; Buhameak, frantsesak, eta Kauterak, Auverniarrak. Medizinak ere, nahiz eta Zuberoan finkatuta, kanpotarra ere izan ohi zen.

Maskaradeetako taldean atzekaldean datoz, nahiz eta batzuetan, beraietako batzuk, Kerestuak edo Txorrotxak alegia, Gorrien artean joan ahal dira. Bereziki Buhameak eta Kauterak ez dute taldearen ordena jarraitzen, eta lerrotik ateratzen dira, jendeari trufa egiteko.

Haiek antzezten duten ofizioetan ezaugarri bitxiak topatzen ditugu, aipagarriak direnak:

  1. Lana ez da inoiz "ona lehenengo aldian". Beti gertatzen zaie lehenengo aldian lana txarto amaituta geratzen dela. Hala ere, hortaz ohartzen dena ez da, kasu bakoitzean, nagusia dena, baizik eta Jauna, eta, honek atzera botata, errepikatzera behartuta daude. Egia esan, bi aldizko lan hori Marexalen funtzioan ere ikusten dugu, baina nabariago da Beltzen funtzioen artean.
  2. Pitxuren partaidetza. Lehen aipatutako lanaren bi eginkizunen artean, hirugarren saiakera egiten ohi da, Pitxurekin hauxe. Saiakera honetan, normalean lana ez da bukatzen ere egiten, ez eta Jaunari aurkezten ere. Idazle batzuei jarraituz, Pitxuk egiten duen paper hau, batzuetan ikusleen artean aukeratutako mutil batek egiten zuen.
  3. "Predikiak" edo hitzaldiak bakarrik Beltzek egiten dute. Gorriek Maskaradeetan ez dute hitz egiten, Beltzek ordea bai, gehienetan ohiuka, eta haien funzioetan, Predikiak egiten dute, hain zuzen, kasu bakoitzean Nagusia dena, bai Buhame Jaunak eta Kauter Jaunak.

Amaitzeko, Zuberoako jauzi baten letra ekartzen dugu, non Zuberotarrek Buhameei buruz zeukaten iritzia ikus bait daiteke.

Buhamiek badakite trikun trakun egiten,
trikun trakun egin eta oilaskoen ebasten.

Buhamiek badakite oilaskoen ebasten,
oilaslkoen ebats eta sasipean gordetzen
Buhamiek badakite sasipean gordetzen,
eltze zarrean egosten, salda onaren egiten.

Buhamiek badakite salda onaren egiten,
bai eta ere haien haurrek katiluan edaten.

Buhamiak erosi du lau sosetan ogia,
lagunari saldu dio bost sosetan erdia.