Dantza

Maskaradak

Arratsaldean 'fonctions' (hainbat idazlek euren argitalpenetan Maskaradaren parte hori deskribatzeko erabilitako hitz frantsesa) delakoak plazan egiten dituzte. Ekintzak jarraigoko kideak Barrikada haustia antzezteko ordenean jarri eta plazara sartzerakoan hasten dira. Berehala hainbat dantza eta saio tartekatzen dituzte. 'Beltzei' ofizio ezberdinak (zikiratzaileak, ferratzaileak, zorrotzaileak eta galdaragileak) antzeztea dagokie. Beste garai batzuetan, 'beltzen' taldeko pertsonaia horiek euren burua baztertzen zutela zirudien, besteengandik bereizteko biarnesez edo frantsesez hitz egiten baitzuten. Besteak, berriz, orokorrean bertako herritarrek darabilten hizkuntzan mintzo dira: euskaraz.

Nahiz eta urtero zehatz-mehatz ez izan egitura bera , eta aspaldiko hainbat informaziok aipatutako ekitaldi batzuk, arratsaldeko antzezpena esaterako, ez zirela existitzen dioten arren, laburki Maskarada batean honako ekitaldi hauek bereiz daitezke:

  1. Kereztuek [zirikatzaileak] zamalzaina harrapatu eta haren zirikatzea antzezten dute.
  2. Marexalek [ferratzaileak] zamalzaina ferratzen dute.
  3. Aintzindariek hainbat dantzatan parte hartzen dute. Horien artean Gabota, Godalet Dantza eta Bralia haustia deitutakoak nabarmentzen dira.
  4. Zorrotzaileek [xorrotxak] jaunaren ezpata zorrozten dute. Ekintza guztiak kopla kantuen, dantzaren seriotasunaren eta elkarrizketa ironiko eta barregarrien artean gertatzen dira.
  5. Buhameak taldea bere buruak, buhame jaunak, sermoi edo pherediki bat errezitatzen duelako nabarmentzen da. Emanaldia (zurezko) ezpatekin dantza bat eginez bukatzen dute. Dantza honetan ez dute inolako koordinaziorik erakusten, mugimendu arritmikoak egiten dituztela dirudi.
  6. Kauterek [galdaragileek] jaunaren agindu bati jarraituz galdara bat konpontzen dutela eszenifikatzen dute. Galdaragile batzuk agindutakoa betetzen duten bitartean, haien nagusiak, kabana handiak, ikuslegoaren aurrean sermoi bat irakurtzen du, azken urtean munduan eta dauden herrian izandako gertakizunen berri emanez. Jaunak galdara konpontzeagatik emandako dirua banatzerako orduan eztabaida bat sortu eta Pitxu hiltzen da. Gauzak horrela, medizinari deitzen diote eta honek, bertaratutako guztien poztasunerako, hura berpiztea lortzen du.
  7. Azken kanta eta jautziak. Maskaraden amaiera gisa bi ekitaldi daude. Oso estetikoak dira eta herritarren partaidetza bultzatzea dute helburutzat. Bukaerako lehen emanaldian aktore guztiak momentu horretarako zehazki konposatutako abesti bat abesteko biltzen dira. Bigarrenean, aldiz, zirkulu bat osatzen dute Aitzinaphika eta Moneinak dantzatzeko, ikusle guztiei dantzara batzeko gonbita eginez.

Dantza horien eta beste batzuen ostean, antzezpena ofizialki hurrengo urtera arte amaitutzat ematen da, baina herriko tabernan edo tabernetan festak aurrera darrai, tragotik tragora abestiak kantatuz.

Maskaradak, jarraigoaren pertsonaiei eta dantzei dagokionez, herrialdeko antzerti-lanik osoenak eta askotarikoenak dira zalantzarik gabe. XX. mendeko hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadez geroztik, eta zehazki mende honetan zehar, bere biziraupena parte-hartzaile gazteek ekarritako indarrean oinarrituta dago, emakumezkoen ekarpena ere oso garrantzitsua izanda.