Kontzeptua

Kauterak

Zuberoako Maskaradako pertsonaiak dira, Maskarada Beltzeko kideak. Auverniako galdaragileak dira, eta bere eginkizuna lapikoak konpontzea da.

Haien nagusia Kabana deitzen da (Chahoren denboran Obergni deitzen zela), eta morroi bakoitzak badu bere izena, haien berokiaren atzekaldean daramaten kartel handi batetan jarrita dagoena. Horien artean ezagunena Pitxu da, galdaragileen ikaslea, txikiena, komikoena eta trebeena, besteen ofizioetan parte hartzen duelarik, eta Kauteren ofizioan ere paper berezia duena.

Maskaradaren taldean azkenengoak doaz, Buhameen atzetik.

Kapela beltza daramate, hegazti luma eta arkume buztanekin apainduta; beroki beltz luzea, praka ilunak eta botak belaunetaraino; eskuetan badaramate adar okerrekin egindako makilak, kaskabiloekin, eta taldekideek lapiko zulatu batzuk daramate.

Kabanak, Kauteren nagusiak, liburu handia darama, eta eskuan zigorra, haren morroiak lan egin arazteko; batzuetan betaurreko handiak ere daramazki, liburua irakurtzen laguntzeko.

Sallaberryk lapikoak astotxo baten gainean zeramatzatela esaten digu bere deskribapenean.

Kauterek frantsesez hitz egiten dute Auvergnia-ren moduan.

Barrikadetan azkenengoak sartzen dira plazara, Buhamiekin batera, Beltzen martxaren soinuarekin. Edozein moduan dantzatu eta gero, plaza erdian pilatzen dira bata bestearen gainean. Pitxu, trebeena izanik, guztien gainean botatzen ohi da.

Kauteren ofizioaren eginkizuna arratsaldeko saioko azkena da. Haren ostean, azken abestia kantatzen dute, eta denak batera, bai maskaradako partaideek bai eta ikusleek, zenbaik jauzi edo muxiko dantzatzen dituzte.

Kauterak sartzen dira plazan eta dantza bat egiten dute, borobil batetan, kapelak eskuetan, jauzika eta bultzaka.

Dantza amaitu eta gero, Kabanak, Kauteren nagusiak, haren morroiak jartzen ditu lanean, lapikoak konpontzen. Bitartean, bere Predikia edo hitzaldia botatzen du. Sarritan, haren hitzaldia moztu behar izaten du morroiei errieta egiteko, lan egiten ez dutelako.

Gero, morroiek Jaunari "konpondutako"" lapikoak aurkezten diote. Bera, ordea, zulatuta daudela ohartzen da eta ez du lana onartzen. Berriz lanari ekiten diote, eta bigarren aldiz Jaunarengana doaz, oraingoan lapikoaren zuloak haien kapelekin estaliz. Jaunak ontzat ematen du lanaeta ordainketa gisa, airera botatzen ditu txanpon batzuk.

Guztiak joaten dira arrapaladan txanponen bila, eta plaza erdian pilatzen dira, Pitxu behekaldean geratzen delarik. Pilaketa hau desegiten dutenean, Pitxu ez dela mugitzen ohartzen dira: Pitxu hil da!.

Buhamien artean bat-batean egiten dute ohe moduko bat, eta horren gainean Pitxu jartzen dute. Medizina deitu eta berehala agertzen da. Medizinarik ez badago, beste Kautera batek betetzen du haren eginkizuna.

Bitartean, Kabanak Pitxuren testamentua hartu eta irakurri egiten du.

Medizinak, tresna izugarri handiekin, Pitxu operatzen du, bere sabeletik gauzarik sinesgaitzenak ateraz. Operazioa amaituta, petardo bat botaz (edo beste era batetan, maskarada bakoitzaren irudimenaren arabera), Pitxu berpiztu egiten da eta plaza uzten dute Beltzen martxarekin.

Bitxikeria moduan, Herellek 1914. urtean Kauterekin batera Gathuzaina eta Kantiniersa ateratzen direla dio,; behin plazan Kantiniersa erretiratzen da, baina Gathuzaina plazan jarraitzen du funtzioan zehar, eta momentu batetan bere tresnarekin Kabanari aulkia kentzen dio, bera lurrera jauziz.