Kontzeptua

Klunitarren aroa

Kluniazense hitzak aipamena egiten dio Cluny monasterioaren inguruan garatu zen kongregazio erlijiosoari, Borgoñako lurraldean. Akitaniako Guillermo dukeak dohaintzan eman zion hiri frantses hau Aita Santuari 910. urtean eta bertan fundatu zen aipatutako monasterioa. Erlijio zentro honen helburuetako bat beneditarren erregelaren berrikuspena eta erreforma izan zen, Nursiako Benitok sortutakoa VI. mendean Italiako Montecassino monasterioan. Beneditarren erregelak monjearen bizitza osoa egituratzen zuen hiru ezaugarri nagusi hauen inguruan: otoitza, lan intelektuala eta abegi ona. Clunyko monjeen lana beneditarren erregelaren jatorrizko garbitasuna berreskuratzea zen, denboraren poderioz indarra galdu baitzuen. Era berean, monasterio honen fundazioaren bitartez zera lortu nahi zen: existitzen ziren beste erlijio zentroak ere Clunyko ereduarekin uztartzea. Horrela, monasterio desberdinen artean nagusi zen sakabanaketa gainditu nahi zen eta kristau munduaren batasuna bultzatu.

Clunyko monjeen bizitzeko modua erregela beneditarraren egokitzapenean oinarritzen zen, alderdi izpirituala sustatuz. Ia ez zuten inolako lanik burutzen, eskuz edo praktikoa. Kastitateak, obedientziak, kantuak eta otoitz liturgikoak Clunyko monjearen bizitza finkatzen zuten. Bere jarduera liturgikoa eukaristiaren ospakizun kolektiboan oinarritzen zen eta orduz orduko hainbat ofiziotan, otoitza eta kantuaren bitartez adieraziak. Badakigu koruak, monjeek osatua eta txantreak zuzendua, salmoa egunean zazpi aldiz abesten zuela eliza prozesioan zeharkatzen zuen bitartean. Errezoa gizaki guztien izenean eskaintzen zen, baina, bereziki, dohainak eskaintzen zituztenen alde, euren oparien bitartez ordena aberastuz.

Eskuzko lana morroiek eta basailuek egiten zuten, hau da, jainkozko ofizioetan parte hartzen ez zutenak. Clunyko bizimoduaren beste ezaugarri batzuk honako hauk ziren: elikadura ugaria eta anitza eta garbitasunaren eta janzkeraren inguruko oso arau zehatz eta zorrotzak betetzea. Pribilegio horiek kontutan hartuta, eta ordenan sartzeak eskaintzen zituen ospea eta segurtasun ekonomikoarekin batera, ez da harritzekoa, erlijio bokazioa alde batera utzita, hainbat lagunek ordenan sartu nahi izatea. Monje asko nobleziaren kide ziren edo jatorri aristokratiko zeukaten eta horietako askok pontifize-tronua eskuratu zuten.

Barne antolamenduari dagokionez, hasiera batean erakundearen zorroztasunak ordenaren hedapena ahalbidetu zuen, baina handik gutxira zentralizazio horrek eta egituraren malgutasun ezak garapena geldiarazi zuen eta ordenaren gainbehera ekarri zuten. Feudoaren inguruan morrontzan oinarrituz eratutako orduko sistema ekonomiko-sozialari so eginez, Clunyko monasterioa eraberritzearen erdigune bezala eraiki zen eta ordenaren ama etxea bezala ere. Barrualdean, Clunyk hierarkiaren araberako egitura zeukan, piramidearen antzekoa, abadea izanik botere guztiak bere gain hartzen zituenak. Beste eskumendeko guztiak, prioretxeak zein menpeko abadiak, zuzenean bere esanetara zeuden, eta menpekotasun keinu bezala, urtero tributua ordaintzen zioten. Era berean, Clunyko abadeak menpeko monasterioak zuzenean zelatatu eta kontrolatzen zituen eta beste abade eta priore guztiak pertsonalki izendatzeko eskubidea berarentzat gordetzen zuen. Clunyren autonomia eta boterearen beste adibidea, edozein botere laiko edo eklesiastikotik at zegoela erakutsiz, Erromako egoitzarekiko zuen menpekotasun zuzena zen.

Ordenaren garapenean eragina izan zuen beste ezaugarriak abadeen aginduetan eman zen egonkortasuna izan zen. Sorrerako etapan (910-994) Bernon, Odon, Aimar eta Mayolo abadeak nabarmendu ziren, euren bizitza erregela beneditarra zabaltzen eta monasterioen erreforma irakasten eman baitzuten. Hedapen handiena izan zuen garaian, une gorenean alegia, XI. mendean, Odilon abadea (994-1049) eta Hugo de Semur abadearen (1049-1109) agintaldietan Clunyren boterea indartu zuten. Hedapen handiena lortu zuen momentu horretan ordenak 10.000 monje baino gehiago eduki zituen, hainbat herrialdetan banatutako etxeetan sakabanatuta, besteak beste, Frantzia, Espainia, Italia, Alemania, Ingalaterra, Eskozia eta Polonia. Clunyko monasterioa erreferentziazko gunea zen eta horren menpe zeuden sortu berriak ziren monasterio handiak eta txikiak zein beste erlijio ordenetako abadia handi batzuk ere.

XI. mende amaieratik XII. mendearen hasierara bitartean Clunyren gainbehera hasi zen. Prozesu horretan hainbat eragilek parte hartu zuten, esaterako, barne egituraren zorroztasuna, eta horren ondorioz ordenaren geldialdia, izpiritu kluniazensearen pixkanakako munduratzea, arazo ekonomikoak eta Cister bezalako ordenen agerpena, bizitza ohitura soilagoen alde eginez.

Hurrengo mendetan, ordena berrien agerpenak (zistertarrak, kartusiarrak, domingotarrak, frantziskotarrak, eta abar) eta hainbat alderditan eman zen monasterioko bizitzaren espezializazioak (laguntza, aszetika eta armada) kongregazioak eragina galtzea ekarri zuten. Frantziako iraultzaren urtetan Clunyko monasterioa arpilatua izan zen eta suntsituta; bertako altxorrak eta ondasunak konfiskatuak izan ziren eta publikoki enkantean atera ziren. Denboran zehar, Cluny, hainbat adarretan zatituta, beneditarren ordenaren ordezkari nagusia bihurtu da.