Kontzeptua

Klunitarren aroa

Clunyko monjeek hasitako monasterioen erreforma laster asko Europako lurralde guztietan barrena zabaldu zen. Espainiako lurraldean, Nafarroako erregeak (Sancho III.a Nagusia) eta Gaztela eta Leongo ondorengo erregeak (Fernando I.a eta Alfontso VI.a) ekimenaren alde agertu ziren eta, gainera, existitzen ziren erlijio zentroak Clunyren menpe jartzen saiatu ziren. Erregela beneditarraren hedapena interes erlijioso eta politikoen eraginez bultzatu zen. Clunyko monjeak Espainian zehar kristautasuna zabaltzen saiatu ziren, liturgia mozarabiarra liturgia erromatarrarekin ordezkatuz eta Santiagorantz erromesaldi bide berriak irekiz. Lan horiek guztiak burutzeaz gain, musulmanei berriki birkonkistatutako lurretan birpopulatze lanak egitea ere guztiz garrantzitsua izan zen.

Gaztela-Leongo erromanikoan Clunyk izan zuen eragina erakusten duten hainbat testigantza badira, besteak beste, Carrion de los Condeseko San Zoilo eta Dueñaseko San Isidro monasterioak, biak Palentzian, eta Leonen Sahaguneko San Benito.

Modu berean, Katalunia aldeko monasterio garrantzitsuenetan ere Clunyko monasterioaren eragina suma daiteke, Lonbardiako eragina ere ikus badaiteke ere. Horien artean hauek nabarmentzekoak dira: Santa Maria de Ripoll, San Pere de Roda, San Marti del Canigo eta San Miquel de Cuixa monasterioak, azken bi horiek Ekialdeko Pirinioetan izeneko frantziar departamentuan.

Monasterioen berrantolatzerakoan eta lurraldearen birpopulatze prozesu horretan, Clunyko ordenak elizak, ospitaleak eta zubiak bezalako beste eraikin mota gauzatu zituen.