Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Euskaraz oso-osorik idatzi zen lehen egunkaria ezin zen egiazko egunkaritzat ere hartu. Joseph-Augustin Chaho ezagunak abiarazi zuen Uscal Herrico Gaseta dugu aipagai. Chahok karrera politikoa egin eta Frantziako Errepublikarako hauteskundeetara aurkeztu nahi izan zuenean sortu zuen. Chahok bazuen esperientzia, izan ere, frantseseko egunkariak argitaratu izan zituen aurrez (L'Ariel, Le Republicain de Vasconie), eta euskal hiztunen botoa bereganatu nahi izan zuen aipatu argitalpenarekin. Uscal Herrico Gaseta astekaria zela esaten bazen ere, aparteko bi ale soilik kaleratu ziren hilabete baten buruan.

Joseph Augustin Chahok Gaseta argitaratu eta urte hartako amaieran, eta ideologia horrek euskal nekazarien artean hegemonia eskuratu nahi zuela uste zutenen erantzunaren ondorioz, xuriak izenez ezagutzen zirenek, hau da, erregezale, kontserbadore eta errepublikaren aurkakoak zirenek, beren ahotsa zabalduko zuen argitalpena egitea erabaki zuten. Urtean behineko argitalpena, almanaka modura. Eskuzko egutegi hutsa izatetik haratago, informazio eta ideologiaz betetako almanaka. Jean-Baptiste Etcheberry abadearen Escualdun laborarien adiskidea almanakaz ari gara. Haren iritziz, "gehiegizko askatasunak askatasuna bera suntsi dezake", eta Frantziako Iraultzarekin "erlijioa eta lege onak alboratu egiten dira". "Dena den, bada gauzak eraberritzea nahiko lukeenik. Jainkoak libra gaitzala!", amaitzen du abadeak (Escualdun laborarien adiskidea, 1849).

Badira, halaber, euskal eremuan frantsesez editatutakorik ere. Iraultzaren aurretik Pauen argitaratutako Almanach du Parlement de Navarre pour l'année de grâce 1781 izan zen horietako bat. Orobat Pauen Almanach du département des Basses-Pyrénées. Année bissextile 1792 agertu zen. Dagoeneko XIX. mendean beste bi zenbatu ditzakegu 1848. urtea iritsi aurretik: Almanach de la ville de Bayonne por l'année bissextile 1808 eta Calendrier du Département des Basses-Pyrénées por l'an VII [et suivantes], 1808-1826 bitartean agertu zena.

Errepublikano edo gorrien ardatz nagusia Euskal Herriz kanpoko udalerri batean lekutzen zen, hain zuzen, Biarnoko Pauen. Dena den, euskaldunen hauteskunde-barrutiaren barnean zegoen udalerri hori. Bada, han, Egunari berria edo conseillu oneco almanaca argitaratu zuten aipatu gorriek 1852an. Urte batzuk beranduago, gauza bera egin zuten Baionan, tradizionalki xuriak nagusitzen ziren gunean (gainera han kokatzen zen gotzaintzaren babesa ere bazuten azken horiek): Almanaca berria edo egunaria. Haren atzetik etorri ziren beste batzuk, antzeko izenburua hartuta, errepublikanoen hautagai nagusi Henri-Martial Berdolyk bultzatuta. Hark Le Réveil Basque astekari elebiduna editatu zuen beranduago, Julien Vinson euskaltzalearen tintaz idatzia.

Neurri batean, almanaka horiek Chahok zabaldutako ildotik jarraitu zuten tonu askoz ere apalagoan izan arren. Errepublikanoen sistemaren abantailak euskaldunei azaltzeko ahalegina ziren, burgesiaren iraultzan oinarritutako sistema politikoari zegokion gogo-oinarria hedatu nahi zen, laikoa eta demokratikoa izango zena eta jabetza pribatua babestuko zuena.

Gerora isiltasun garai luze bat etorri zen -Kalifornian bizi ziren immigrante euskaldunen komunitatean argitaratutako euskarazko bi astekari salbuetsita, Escualdun Gaseta, 1885-1886 y Californiako Eskual Herria, 1893-1897 eta bete beharreko egitekoa bukatuta eta immigrante elebakarren belaunaldiaren txanda heldu zenean, desagertu zirenak-, 1880eko hamarkada arte luzatu zena. Orduan, elkarren aurkako bi astekari argitaratu ziren, orduko hartan ere arrazoi politikoak bultzatuta. Alde batetik, Pauen errepublikanoek Le Réveil Basque argitaratu zuten (izenburuak hala iradokitzen ez duen arren, ia oso-osorik euskaraz zegoena) eta, hari erantzunez kontserbadoreek Eskualduna kaleratu zuten Baionan. Bigarrenak soilik jarraitu zuen eta hori izan zen astekari bakarra 1944. urtera arte.