Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Gerra zibilaren ostean, Iruñean, El Pensamiento Navarro, Diario de Navarra eta Arriba España izan ziren egunkari gailenak. Baina, ezbairik gabe, erreferentziazko egunkari nagusia gatazkaren ostean berriro argitaratu zen La Gaceta del Norte izan zen, hala Euskal Herrian nola Penintsularen iparraldean (hartako zuzendaria, Jose Maria Urquijo, gerran eraila izan zen). Halaber, mugimenduaren aldeko prentsak indar handia hartu zuen. Bilbon, Mugimenduaren prentsari lotzen zaio Hierro arratsaldeko egunkaria. Gasteizen, El Pensamiento Alavés homogeneo bilakatu zen; Donostian, La Voz de España (1936) nagusitzen zen eta gero Unidad etorri zen. Lehen lerroan ez bazen ere El Diario Vasco mantendu egin zen. Bilbon, El Pueblo Vasco egunkaria El Correo Español egunkari falangistara batu behar izan zen derrigorrez, hala, XX. mendearen atarian erabakigarria izan zen argitalpena sortu zen. Hainbeste non, talde gisa eratu baitzen, eta mendea aldatzearekin batera, Espainiako eta Euskal Herriko komunikazio arloko talde garrantzitsuena bilakatu zen Grupo Correo delakoa, gerora Vocento izendatu zena. Horien artean La Gaceta del Norte izan zen frankismoan garapen handiena izan zuena, argitalpen saldo batekin.

Erregimenaren aurkako erantzunak erbestetik iritsi ziren, gehienbat. Bigarren Mundu-gerraren ostean, Herria astekariak (oraindik argitaratzen dena) Eskualduna ordezkatu zuen. Pierre Lafitte zen bertako zuzendari. Euskal Herriko ekialdean gailena izaten jarraitu zuen eta da oraindik ere, beste aldizkari batzuk ere argitaratzen diren arren: Oiharzuna, Etchea, Gazte. Bitartean, Latinoamerikan ere hainbat gauza plazaratu ziren. Caracasen beste Argia bat kaleratu zen, euskaraz oso-osorik, 1946-1948 artean. Alderdi ezberdinek beren ahotsa helarazteko hainbat organo argitaratu zituzten. Horietan ere euskarak bazuen bere tokia, oso urria izan arren. Eusko Ikaskuntza debekatu egin zen.

1949an euskarazko kulturarentzat oso garrantzitsua izan zen aldizkari bat ekoizteari ekin zitzaion Guatemalan: Jokin Zaitegiren Euzko Gogoa, Andima Ibinagabeitiaren kolaborazioa ere bazuena. Urte batzuen buruan, Zaitegik aldizkaria Miarritzen kaleratzeko erabakia hartu zuen, 1956-1959 artean.

Euskal Herrian, Iruñeko kaputxinoek 1945tik aurrera Zeruko Argia erlijio-aldizkari berria editatzea lortu zuten. Urte horretan bertan, Gipuzkoan, Anaitasuna erlijio-aldizkaria plazaratu zen, 1980eko hamarkadaraino iritsi zena. Haiekin batera sortu ziren karmeldarren Karmel aldizkaria 1951n, eta 1954an mugaz bestaldean Othoizlari aldizkaria. 1956an Jakin sortu zen, pentsamenduari buruzko aldizkaria, hasiera batean erlijioarekin lotura estua zuena.

Halaber, haurrentzako hainbat aldizkari sortu ziren (Pottolo eta Umeen Deia) eta 1950eko hamarkada horretako hondarrean euskarazko irrati-saioak berrabiarazi ziren, batez ere, Radio Juventud de San Sebastián, Segura Irratia eta Eibar Irratiaren bidez. 1947an klandestinitatean eta Amerikako erbestean Euzkadi Irratia sortu zen. Eta BBC ospetsuak ere euskarazko hainbat saio emititu zituen.

1960eko hamarkadan erregimen frankistak oldarraldia baretu zuen apur bat eta euskarazko hedabideek arnasa hartu zuten. Zenbait kultura-aldizkari sortu edo berreskuratu ziren (Euskara, Egan, ASJU, Vianako Printzea, Gure Herria), Aipagarria da Jon Mirandek sortutako Igelak heterodoxoa eta, halaber, azpimarragarria da haurrentzako hainbat aldizkari ere zabaldu zirela, esate baterako, Kili-kili. Irratian euskarak bere tokia berreskuratu zuen oso motel baina etengabe, esate baterako, Radio San Sebastián irratian, Voz de Guipúzcoa irratian eta erlijiozko hainbat irratitan: Segura Irratia (1956), Radio Popular de Pamplona (1959an domingotarrek sortua), Arrate Irratia (1959), Radio Popular de Bilbao (1959), Radio Popular de Loyola (1961) eta Radio Popular de San Sebastián (1962), azken biak jesuitek sortutakoak.

Javier Diaz Noci