Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Inprenta ezartzeak jauzi kualitatiboa ekarri zuen jakintza hedatzeari dagokionez. Penintsularekin alderatuz Euskal Herrira inprenta berandu iritsi bazen ere, badira albisteekin lotutako hainbat aipamen goiztiar. Esate baterako, bada 1593koa den bat, urte hartan Bilbon izandako uholdeei buruzkoa, Juan de Mongaston errioxarrak idatzia. XVII. mendearen hastapen hartan ezaguna zen beste "kontalari" edo "kazetari" euskaldun bat Pedro de Adrada izan zen. Hark "Frantziako Baionan" jaiotako haur bati buruzko aipamen bat osatu zuen, "hogeita hamahiru begi natural" zituena, "hogeita hamahiru egunez bizi izan zena, eta hirutan hitz potoloak esan zituena". Aipamen hori 1613an argitaratu zen "Gorteko handitasunari eta Errege Gure Jaunaren jardunaldiari buruzko" erromantze batekin batera, lehenengo Baezan eta gerora Bartzelonan. Lekukotzetan ageri den lehen "kazetari" gipuzkoarra Donostiako Juan de Neyra izan zen, hark izenburu hau duen aipamena idatzi zuen 1630ean: Relación verdadera que trata del lastimoso suceso, y desgracia que sucedió en la Villa de San Sebastian de Vizcaya, Puerto de mar, en este año de 1630. En el qual declara el gran daño que hizo, el incendio y temerario fuego, el tiempo que durò, y la cantidad de casas que se quemaron, personas y haziendas, y la diligencia que se hizo para ataxarle . Aipamena Pedro de Udobrek inprimatu zuen Burgosen.

1638ko irailaren 7an Espainiako ejertzitoak Hondarribiko setioa burutu zuen, hala, Frantziako tropek egindako erasoei eutsi nahirik bi hilabete baino gehiago iraun zuen erresistentzia hasi zen. Gertaera hark oihartzun handia izan zuen eta aipamen andana inprimatu ziren Penintsulako hainbat lekutan eta baita Euskal Herriko probintzietan ere. 1638an Martin de Aspilquetak aipamen hau inprimatu zuen Bilbon: Relación de todo lo sucedido en Fuenterrabia, desde que el príncipe de Condè la puso cerco, hasta que se retiró con afrentosa huida. Urte hartan bertan, Logroñon inprenta zuen Matias Maresek aipamen hau argitaratu zuen: Relación verdadera del socorro que a Fuenterrabía dieron los Excelentissimos Almirantes de castilla, y el Marques de los Velez Virrey de Navarra, Generales de ambas coronas en esta faccion, vispera de Nuestra Señora de Setiembre.

Esan bezala, Hondarribiko jazoerek oihartzun handia izan zuten, eta euskarazko hainbat aipamen ere, bertsotan emanak, moldatu ziren gaiarekin lotuta. Bat gaztelaniazko bi sonetoz lagunduta argitaratu zen, Canción vizcayna en metro y hecha en alabanza de los hechos heroycos de D. Domingo de Heguia izenburupean, nahiz eta adituen artean Egiaren kanta gisa ezagutzen den.

Euskal lurretan sortutako aipamenei dagokienez, 1651an Relación de sucedido en la Villa de Bilbao, y otras partes, Viernes ocho de setiembre deste año 1651, dia del nacimiento glorioso de nuestra Señora, con los recios temporales de las aguas izenburua duen aipamena argitaratu zen Bilbon, gero Madrilen berrinprimatu zelarik. Egileari buruz zalantzak daude, dena den, frantziskotarrek edo Matias Maresek argitaratutakoa dela uste da, izan ere, bigarrenak bi inprenta zituen Bizkaiko hiriburuan.

Gipuzkoari dagokionez, ezagutzen dugun lehenengoa Huarte familiak argitaratu zuen hogei urte beranduago, Donostian finkatu eta probintziako inprimatzaile ofizial gisa jarduten hasi eta gutxira: Relación Verídica, Varios festines, Corridas de Toros, y banquetes. Fiestas que la nobilissima ciudad de San Sebastián hizo al nacimiento de D. Sebastián Baltasar Carlos Calders y Rojas, hijo de D. Phelipe Ramon de Calders y Marimon, y de Doña Catalina de Rojas y Sosa, à los doze y treze de junio de 1672. Ikus daitekeenez, garaiko ohiturari jarraiki izenburu luzea hautatu zen, azal erdira argitaratutako 13 orrialde dituen eta garai hartan Gipuzkoako gizarteak zuen albiste premia islatzen duen aipamen horrentzat.

Huarte familia izan zen Euskal Herrian kazeta-paper edizioak ateratzen hasi ziren lehenengoak. Donostiako San Vicente elizatik hurbil kokatzen ziren prentsetatik hiru izenburu ezberdin atera ziren. Dena den, egoerak hala eskatzen zuenean, aldizka aipamenak ere editatzen zituzten. , esate baterako, Breve relación de lo que sucedió en la N. y L. Ciudad de San Sebastián el día 7 de Diciembre del año 1688. Impreso en la Ciudad en casa de don Pedro de Huarte, junto a la Parroquia de San Vicente izenburua zuena.

Nahikoa ongi ezagutzen dugu 1680-1704 bitartean Huarte familiak garatutako kazetaritza-jarduera, hiru kazeta argitaratu zituztelarik (horietako bi aldi berean, txandakako astetan): Noticias Principales y Verdaderas (Bruselako gaztelaniazko kazeta baten berrargitalpena), Noticias Extraordinarias del Norte (Europako gerretako gertakariei buruzko kazeta originala), eta XVII. mendearen hasieran Extracto de Noticias Universales, Caracaseko Konpainia Gipuzkoarrarekin eta Peñafloridako kondearen altzoan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuen Gipuzkoako burgesiarekin lotura argia zuena.

Bitxia badirudi ere, gizarte horrek (jite horretako lehenengoa Espainian) ez zuen inoiz egunkaririk argitaratu, prentsa eta kazetaritzarako interesa agertu zuen arren. Gizarte hartako bi kidek egindako proposamenak, Valentin de Forondak (Madrileko kazeta-paperetan sarritan idazten zuena) eta Narroseko markesak egindakoak, ezetsi egin ziren. 1704an Huarte Familia Iruñera mugitu zen eta Extracto delakoa editatzeari utzi zion. Ordutik eta 1808an frantziarrak Euskal Herrira iritsi arte, ez zen berezko kazetarik izan. Ipar Euskal Herrian bederen, Baionan, bazen kazeta bat, Journal Maritime de Bayonne, izenekoa, 1757. urtera arte argitaratu zena. XIX. mendeko lehen herena zeharkatu arte Euskal Herriko albistegiak Donostia-Baiona ardatzaren baitan zeuden.

XVIII. mendea, gainerakoan, lurralde mortua da Euskal Herriko kazetaritzari dagokionez. Zergatik sartu zen prentsa berandu samar eta nahikoa zalantzati Euskal Herrian? Arrazoi nagusietako bat demografikoa da, ezbairik gabe. Esate baterako, Bilbon 10.000-11.000 biztanle inguru soilik bizi ziren XVIII. mendean. XVIII. mendean zehar Bilboko burgesiaren eta Euskal Herriko gainerako hirien informazio-iturri guztia kanpotik sartzen zen.