Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Gertakari sozial, politiko, ekonomiko eta komunikaziozko asko liberalen eta kontserbadoreen arteko lehiaren eraginpean ziren. Azken horiek, Euskal Herrian, gehienetan karlistekin bat egin zuten, gerrak eta foruaren eztabaidak eraginda. Eztabaida hori 1876an amaitu zen euskaldunen foruak ezereztatu zirenean. Era berean, urte horietan probintzia ezberdinetako aldizkari ofizialak sortu ziren. Aldizkari horietan bando bakoitzaren ideologia islatzen da: 1833ko Bizkaiko aldizkari ofiziala eta 1834ko Gipuzkoako aldizkari ofiziala liberalak dira; aitzitik, Boletín de Navarra y Provincias Vascongadas delakoa eta, bere aurrekoa, Gaceta de Oñate, karlistak ziren.

XIX. mendeko 30eko hamarkada osoan zehar hainbat egunkari sortu ziren, artean egunerokoak ez direnak, Euskal Herriko hiru hiriburutan: El Compilador Militar de Vizcaya, 1835ean; El Bilbaíno, 1837an, liberala eta foruzalea; orobat, lehen karlistaldiaren aurreko urte horietan beste bi sortu ziren, hain zuzen, El Vascongado eta El Vizcaíno Originario, alde bateko zein besteko gizarteari lotuak.

Badirudi inork ez zuela egunkarietan euskaraz argitaratzeko premia sentitu lehen karlistaldia iritsi zen arte. Orduan, Donostiako liberalek erreginari astean bitan euskarazko orri bat argitaratzeko eskatu zioten "cuyo principal objeto sea el desvanecer las falsas noticias que propalen los rebeldes, inspirar la justa confianza que se merece el maternal Gobierno de S.M. y la seguridad de las ventajas que todos los españoles deben prometerse cono el Reynado de su augusta Hija". Gobernuak oniritzia eman zuen, baina euskarazko orri bat argitaratu beharrean, Donostiako liberalek gaztelaniazko egunkari bat inprimatu zuten, noizean behin probintziako nekazariei zuzendutako (eta ez egunkarien ohiko irakurleak ziren hiriko burgesei) euskarazko testuak tartekatzen zituena. Egunkari hura El Correo del Norte izan zen. Egunkari politiko, literario eta komertziala.

Gutxienez XIX. mendeko lehen erdian zehar, Araba, Gipuzkoa edo Bizkaian ekoitzitako egunkari bakarra ere ez zen egunero kaleratzekoa. Egunero kaleratu zen Euskal Herriko lehen egunkaria 1858an sortu zen (jakina, gaztelaniaz idatzia), Villa de Bilbao egunerokoa agertu zenean.

Lehen karlistaldia amaitu zenean, Euskal Herrian gero eta egunkari gehiago argitaratu ziren. Horietako batzuk, zazpi urte iraun zituen gerra baten ostean, tonu umoretsua zuten zinez, esate baterako, Gasteizko Las Folías,Papel lunático que saldrá cuando se le antoje a Farraca y Chambolín. Halakoak, neurri batean, aurrez sortutako beste egunkari batzuei erantzuna emateko sortu ziren, adibidez, urte horretan bertan (1840) sortutako eta izaera literarioa zuen Gasteizko El Mosaico delakoari erantzuteko. 1840an El Vascongado sortu zen, Bizkaiko agintari gorenen organoa. Agintari horiek liberal foruzaleekin bat egiten zuten gero eta gehiago, zeintzuk, aldi berean, korronte ideologiko modernoak babestu eta euskal foruak osotasunean mantentzea aldarrikatzen zuten. Nicolas Delmas inprimatzailea izan zen egunkari berriaren arduraduna. Egunkariak urtebete eskas iraun zuen. Nicolas Delmasek beste egunkari batzuk sustatu zituen Bilbon, esate baterako, El Avisador Bilbaíno (1853-1854).

Juan Eustaquio Delmas izan zen, ziur aski, garai horretako kazetari euskaldun nabarmenetako bat. 1820an jaio zen Bilbon Nicolas Delmas inprimatzailearen seme hau. Kazetaritza arloko lehen urratsak El Bilbaíno (1837) eta El Vascongado (1840-1841) egunkarietan eman zituen. Parisen egin zituen ikasketak, Sorbonan, eta Bilbora itzuli zenean, bere inprenta sortu zuen 1852an. Inprenta horretan hainbat egunkari editatu ziren: lehenik eta behin, Boletín de Comercio de Bilbao, eta gero Irurac Bat, garaiko euskal egunkari garrantzitsuenerako bat. Hil aurretik, eta foruak ezetsiak zirela, foruzaleen aldera egin zuen eta La Unión Vasco-navarra egunkariaren argitalpenean lagundu zuen.

Garai horretako egunkari garrantzitsuenetakoa Bilboko El Vascongado izan zen. Periódico mercantil, político y literario zen bere azpititulua. Nicolas Delmas inprimatzailea eta Manuel Urioste de la Herran ziren hartako arduradunak. Egunkari liberal moderatua eta foruzalea zen. Ideologikoki beste aldean ziren El Eco del Comercio, El Vizcaíno Originario eta El Liberal Guipuzcoano egunkariak.

1840an Liberal Guipuzcoano egunkariaren beste bertsio bat kaleratu zen Donostian, bi astean behin argitaratzen zen egunkari aurrerakoia. Merkataritza-interesekin bat egin zuen eta txantiloiko kazetariek lan egiten zuten bertan (moderatuek "lumaren mertzenario" izendatu zituzten). Laster Bilboko El Vascongado egunkaria aurka azaldu zitzaion; aitzitik, El Vizcaíno Originario eta Madrileko El Eco del Comercio aliatuak ziren.

El Vizcaíno Originario ere egunkari liberal eta aurrerakoia zen, 1841ean Bilbon sortu zena, urte hartan Bilboko gizartea astintzeko asmoz eratu zen Bilboko Sociedad Constitucional delakoaren eskutik.

1843an El Vizcaíno Originario egunkaria El Amigo de Vizcaya bilakatu zen. Bigarren aldi hartan Baldomero Olavarriak zuzendu zuen egunkaria. Egunkari berriak argi adierazi zuen bere asmoa, hau da, informazio politikoa baino informazio ekonomikoa eskaintzea, nahiz eta konstituzionalismoarekin lotutako enpresa bat izan.

Foruak interpretatzearekin sortutako polemikari dagokionez adostasun ahul batzuk baino ez ziren erdietsi. Guztiek ematen zuten beren iritzia Euskal Herriko politikagintzari zegokionez. 1849an Gasteizen soilik foruzalea izango zen egunkari bat sortzea proposatu zen, bestelako zantzu politikorik gabea. Irurac-Bat izendatu zen egunkari hori. Baina ez zen inoiz argitaratu.

Boletín de Comercio de Bilbao 1850ean hasi zen argitaratzen. Badakigu 1856ko apirilera arte kaleratu zela. Egunkari horretako sinadura adierazgarrienetako bat, XIX. mendeko bigarren erdialdeko politikari, jurista eta kazetari arabar nekaezin batena da: Ramon Ortiz de Zarate.

1853tik aurrera, gutxi gorabehera, (urte hartan argitaratu zen Avisador Bilbaíno, merkataritza eta literatura gaiak azaltzen zituen hiruhileko egunkaria) Bilbo inguruko kazetaritza Euskal Herriko kazetaritzaren gainetik agertzen hasi zen (hala zegokion bere garaian, izan ere, orduan Provincias Vascongadas izendatzen zen lurraldearen barnean oso gune garrantzitsua zen merkataritzari eta demografiari so), hala editatutako izenburu kopuruari nola horien ale-kopuru eta hedapenari so.

Dena den, ez da gutxietsi behar Gasteizko argitalpen gaitasuna, izan ere, 1865ean zortzi inprenta zeuden zabalik. Egia da, hala ere, Gasteizen beranduago gauzatu zela goi-milako informazioa zuen egunkarien argitalpena: halakoak izan ziren 1859ko El Alavés, 1861eko El Nuevo Avisador Vitoriano, 1863ko La Concordia, 1864ko El Nuevo Alavés eta 1864ko El Porvenir Alavés. Bestalde, garaiaren azken boladan prentsa politikoa agertu zen berriz ere: El Fuerista (1867) eta La Trompeta (1868), azken hori errepublikanoa.

1850 eta 1860 bitartean, biurteko aurrerakoian zehar bereziki (1854-1856), eraldaketa handiak izan ziren hedabideen egituran. 1857an Bilboko Bankua eta Tutera-Bilbo Trenbide Konpainia sortu ziren. Horri esker, Bizkaiko hiriburuak pixkanaka aurrera egingo duen gorakada ekonomikoa ukan zuen. Komunikazioetan izandako hobekuntzak, jakina, ondorio positiboak izan zituen kazetaritzako jardunean eta, prentsa-organoen edizioak klase dirudunen eskumen pribatu izaten jarraitzen bazuten ere, gero eta titulu gehiago sortu ziren eta beste hiri batzuetako egunkarietarako irismena ere zabaldu egin zen, hala, batez ere Madrileko prentsa eskuragarriago zegoen. 1864. urtera arte trenbidea ez zen Gasteizera iritsi. Orduan Madril-Irun linea Arabako hiritik pasatzeko moldatu zuten, hain zuzen, Banco de Vitoria finkatu zen urte berean.

Irurac Bat, ziurrenera, garai hartan eragin handiena zuen euskal egunkaria zen. 1852an hasi zen argitaratzen. Liberala eta foruzalea izaki, polemika garratza izan zuen neokatolizismoko kontserbadorismoaren ordezkaria zen Euscaldunarekin. Dagoeneko Euskal Herri batuaren ideia barneratzen zuen egunkariak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen aldarria hartuta (hortik dator bere izenburua). Carlos de Bilbao izan zen lehen editore arduraduna baina egunkariaren benetako jabea Juan Eustaquio Delmas izan zen. Camilo Villavasok ere idatzi zuen orrialde horietan. Hark, gainera, egunkaria dagoeneko egunero argitaratzen hasi zelarik, 1864an, bertako zuzendaritza hartu zuen eta 1869. urtera arte mantendu zen kargu horretan.

Bilbon bazen beste egunkari bat 1856an sortu zena, El Nervión izenekoa. Egunkari horretan liberalismo aurrerakoi batetik, foruak berritzearen aldekoa, Alderdi Demokratikoak ordezkatzen zituen jarreratarako trantsizioa islatzen da (nahiz eta alderdi hori ez zen Bilbon finkatu 1865. urtera arte). Halaber, prentsaren garapenaren arrastoak ikusten dira bertan, hots, hasiera batean oso politikoa zen prentsak dagoeneko ez zion muzin egiten informazioari eta formari dagokionez kalitatea mantentzeari, tipografia ere zainduz. Jose de Irigoyen izan zen egunkariaren gidaritzaz arduratu zena. Hark, gerora, ideologia demokratikoz zipriztindu ziren beste egunkari batzuk sortu zituen Bilbon: Diario de Anuncios (1864ko urtarrilla-abendua) eta Eco Bilbaíno (1865-1866).

1859tik aurrera Irurac Bat egunero argitaratzen hasi zen, orduan azaldu baitzen Bilbon lehen egunerokoa, hots, Villa de Bilbao. Azken horrek 1858ko urtarrilean eman zuen lehen urratsa eta bi urte baino gehiagoz izan zen kalean, 1860ko martxora arte. Miguel de Larumbe inprimatzailea izan zen hartako arduraduna. Isabel II erreginaren aldeko joera izaki, ideologia moderatua zuen egunkariak.

Esan bezala, 1860ko martxoan desagertu zen. Dena den, hurrengo egunean Euscalduna egunkariak hartu zuen Villa de Bilbao egunkariaren lekukoa. Hala ere, bestelako ezaugarriak zituen egunkari berriak, alderdi ekonomikoei ez zien horrenbesteko garrantzirik ematen eta arlo politikoan sakontzen zuen gehiago. 1860ko ekainean amaitu zuen bere ibilera. Urte hartako abuztuan ordea, El Eco Vascongado egunkariak hartu zuen ekainean desagertutako egunkariaren lekukoa eta 1861etik aurrera "egunkari politiko" bilakatu zen goitik behera. Jarrera katoliko, liberalismoaren aurkako eta landatar argia zuen, hain zuzen, Euscalduna birsortuak bere bigarren aroan (1861eko urrira arte) izan zuen jarrera. Aristides de Artiñano izan zen egunkari berriaren izenpe nagusia eta Irurac Bat egunkariarekin zuen lehia etengabea izan zen. Foruak ziren eztabaidagai nagusia, izan ere, Irurac Bat egunkarian irakur zitekeenez foruak liberalismoaren irudikapena ziren; aitzitik, Euscalduna egunkariari so foruak tradizioaren funtsa ziren.

Gipuzkoan ere informazio-kazetaritzarako lehen ekimen batzuk abiarazi ziren. Aipagarriena Baroja familiak sustatutako El Guipuzcoano egunkarian topatzen dugu, 1861-1867 bitartean astean hirutan kaleratzen zena.

Nafarroan argitalpen gutxi izan ziren garai horretan. Angel Garcia-Sanz Marcoteguiren arabera, 1860an, Iruñean egunkari bakarra zegoen Nafarroako Aldizkari Ofizialaz aparte, La Joven Navarra, alegia. Egunkariak joera liberala zuen eta Joaquin Jamar izan zen bertako zuzendaria 1863an, gerora, Donostiako El Aurrerá egunkariaren sustatzaileetako bat izan zena, dagoeneko Seiurteko Demokratikoaren barnean. Azkenean, 1865ean, Iruñeko lehen egunkaria argitaratu zen: El Progresista Navarro.

1867an política vascongada egunkariak Pedro de Egañak sortutako Madrileko La España egunkariaren babesa jaso zuen. Arabako Ahaldun Nagusi izateko aurkeztu zenean, Ramon Ortiz de Zaratek gidatutako El Fuerista egunkari gasteiztarra haren aurka azaldu zen. Gasteizko egunkarian Daniel de Arrese eta Ricardo Becerro de Bengoak ere idazten zuten, besteak beste.

Orobat, Gasteizen Vicente de Manterola kalonjeak Semanario Católico Vasco Navarro argitaratu zuen 1866 eta 1873 bitartean. Argitalpen hori oso garrantzitsua izan zen, ez soilik euskal kazetaritzari dagokionez, Espainiako komunikazioan ere garrantzia handia izan zuen argitalpen horrek.

Prentsa errepublikanoak ere izan zuen bere txokoa Euskal Herrian. Ordezkari nagusia 1869ko Laurac Bat izan zen, urte hartako ekainaren 23an adostutako Eibarko Itun Federalen babesean sortu zena. Pi I Margallen Alderdi Errepublikano Federalak Espainia osoan bultzatu zituen itunetako bat izan zen hura. Laurac Bat izan zen bidea urratu zuena, haren atzetik etorri ziren Donostiako La Justicia (1871tik aurrera kaleratzen zena astean bitan) eta La Igualdad, azken hori ere Donostian. La Fraternidad, 1871ko iraila eta abendua bitartean argitaratu zen eta Gipuzkoako Alderdi Erradikaleko organoa zen. Gasteizen ere zantzu horretako hainbat argitalpen agertu ziren, esate baterako, El Federal Alavés eta El Cantón Vasco, azken hori Fermin Herranen zuzendaritzapean.

Are ezkertiarragoak ziren langileen prentsa argitaratzeko saiakera ahulak. Horien artean, La Voz del Trabajador azpimarratu behar da, 1870. eta 1871. urteetan Bilboko Langileen Nazioarteko Elkarteko (LNE) tokiko federazioko ahotsa izan zena.

Halaber, literatura arloko egunkariek ere gorakadan jarraitu zuten. Araban era horretako argitalpen ugari zenbatu zitezkeen, ziur aski, garaiko euskal prentsaren barruan arlo horretako garrantzitsuenak izango zirenak. El Ateneo eta El Mentirón nabarmendu behar dira. El Ateneo 1870eko apirilean atera zen plazara eta 1884. urtera bitartean izan zen kalean. Gasteizko Zientzia, Literatura eta Arteko Ateneoaren organoa zen.

El Ateneo 1875tik aurrera eraberritu egin zen eta bigarren aro hori 1878. urtera arte luzatu zen; ondoren, Fermin Herranek zuzentzen zuen Revista de las Provincias Eúskaras argitalpenak hartu zuen Ateneoko organoaren lekua. Herranek 1866az geroztik La Ilustración de Vitoria eta haren ondorengoa, La Ilustración de Álava ere zuzendu zituen. 1869. urtean eta 1870. urtean, hurrenez hurren, kaleratutako La Ilustración Española y Americana eta La Ilustración de Madrid argitalpenen arrastoari jarraitzen zion aipatu ordezkoak.