Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Enpresako berripaperak albistez egituratzen ziren eta helburu komertziala zuten erabat. Mota horretako argitalpenek indarra hartu zuten apurka. Horren adibide da 1870-1871 bitartean argitaratutako El Noticiero. Beste adibide bat El Noticiero de Navarra izan daiteke, "egunkari ez politiko" izendatzen zena eta 1873an karlistaldiari buruzko informazioa argitaratu zuena astean hirutan. Tankera horretakoa izan zen 1875ean kaleratu zen Diario del bloqueo de Pamplona. Kalitatezko prentsa sortzeko beste ahalegin bat Diario de San Sebastián izan zen, lehen sasoi batean 1872-1876 bitartean argitaratu zena (gerora, bigarren sasoi bat izan zuen 1878-1887 bitartean).

Errepublika 1874ko abenduan erori zen Martinez Campos jeneralaren altxamenduak eraginda. Horren ondorioz, Espainiako monarkian dinastia borboitarra berrezarri zen. Horrek konstituzio berri bat eta inprentaren inguruko legeria berri bat (aurrekoa baino zorrotzagoa) ekarri zituen, prentsa federala eta karlista bertan behera uzteko dekretu batekin batera. Hain zuzen, orduan, Berrezarkuntza hori iristear zela, eta karlisten porrota gertu zela (Bilboko setioa dagoeneko gainditua zegoen), egunkari berri bat agertu zen, oso-osorik enpresari eskainia. Manuel Echevarria Torres egunkariko lehen zuzendari izan zenak sortutako El Noticiero Bilbaíno, alegia. Ideologia gehienbat errepublikanoa bazuen ere, Echevarriak alderdi jakin baten ahots politiko hutsa izango ez zen egunkari bat sortu nahi zuen, errentagarritasun ekonomikoa bilatzen zuen argi eta garbi eta, horretarako, ahalik eta jende gehienaren eskuetara iritsi behar zuen. Hala, "gure irakurleei Espainian eta atzerrian gertatzen diren gertakarien berri emango diegu, inpartzialtasun osoz" adierazi zuen lehen alean. Beranduago etorri ziren beste egunkari batzuk, esate baterako, El Anunciador Vitoriano edo La Voz de Guipúzcoa.

Ordutik aurrera, Berrezarkuntza osoan zehar kazetaritza-politikoa eta enpresakoa txandakatu ziren. Mendea aldatzearekin batera, Bilboko hiru egunkari nagusiek hiru ideologia oso zehatzekin bat egin zuten: La Gaceta del Norte (1901) ideologia katolikoaren organo bilakatu zen; Miguel Moyak sortutako El Liberal (1901) liberalismotik sozialismora mugitu zen aurrerago, Indalecio Prietok bereganatu zuenean; bestalde, Euzkadi (1913-1937) nazionalisten egunkari nagusia izan zen, nahiz eta beste batzuk ere baziren (La Tarde edota noizean behin argitaratzen zen Tierra Vasca. Azken hori Eusko Abertzale Ekintzak bultzatua, dagoeneko 1930eko hamarkadan). Are gehiago, Espainiako lehen bi kirol-egunkariak garai horretakoak dira: Excelsior eta bere ondorengoa izan zen Excelsius. El Noticiero Bilbaíno artean argitaratu egiten zen eta XX. mendeko lehen herenean beste batzuk agertu ziren: El Diario Vasco Donostian eta El Pueblo Vasco Bilbon (biak oraindik argitaratu egiten ziren gerra zibilaren ostean eta gure garaietara ere iritsi ziren), edo El Día, hau ere, Donostian. Gasteizen, XX. mendeko lehen hereneko bi argitalpen nagusiak La Libertad eta El Heraldo Alavés izan ziren. Bigarren hori, Oriol familiak baitaratu zuen eta karlismoaren ahots bilakatu zen El Pensamiento Alavés izenburupean. Iruñean El Pensamiento Navarro izan zen egunkari nagusia.

Halaber, euskarazko prentsak ere garapen handia ukan zuen XX. mendeko lehen herenean, nahiz eta baztertutako komunikazio-sistema izaten jarraitu zuen. Gerora (1919) Euskaltzaindiko lehen lehendakari izan zenak, Resurreccion María de Azkue apaizak, bi astekari sortu zituen (egunkari itxurakoak), nolabaiteko jarraipena eta proiekzioa izan zuten euskarazko lehen egunkaritzat har daitezkeenak eta hizkuntza horretako kazetaritzaren oinarriak finkatu zituztenak: Ibaizabal (1897-1899) eta Euskalzale (1902-1903).

Garai hartan argitaratu zituen Sabino Aranak ere bere egunkariak: Baserritarra eta Bizkaitarra. Ordutik aurrera ideologia nazionalista gaztelaniaz argitaratu zen nagusiki eta euskaraz oso aldizka agertu zen. Modu horretan, EAJ alderdiaren nazionalismoaren eskutik, berezko hizkuntzak beti estatus eta balio erantsia eskuratu zituen sinbolikoki, benetako komunikaziorako tresna izatetik urrun. Horren ondorioz, egunkari nazionalistak beti gaztelaniaz plazaratu ziren jendartera (Euzkadi 1913-1937 egunkaria paradigma gisa har daiteke, El Liberal sozialistarekin eta gerra zibilera arte irakurle gehien izan zituen La Gaceta del Norte egunkari katolikoarekin batera). Euskara ez zen horren berandu iritsi hedabideetara, zehazki, irratira. Euskal Herrian sortutako lehen irrati-etxea Radio San Sebastián izan zen, 1925ekoa.

Hori dela eta, ez da harritzekoa euskarazko kazetaritzaren ekimena berezko hizkuntzaren garapenarekin asko arduratutako sektoreek (klero sekularra neurri batean, elkartetan antolatuta edo gabe, esaterako Euskaltzaleak elkartean, dagoeneko 30eko hamarkadan; 1918an sortutako Eusko Ikaskuntza elkartean eta 1919an sortutako Euskaltzaindian) edo gailentzen zen nazionalismoarekin kritiko agertzen ziren sektoreek (EAJ alderdiaren konfesionalismoaren eta kontserbadorismoaren alternatiba laiko eta urbano gisa azaltzen zirenak) bultzatu izana.

Dena den, XX. mendeko lehen hereneko euskarazko aldizkako argitalpen garrantzitsuena Argia izan zen zalantzarik gabe. Egunkari itxurako astekari hori 1921ean hasi zen kaleratzen, Donostiako laiko eta erlijioso batzuen eskutik. 1936ko uztailera arte izan zen kalean larunbatero eta eduki informatiboa zuen oso-osorik. Lehen garai hartatik bi izen nabarmendu behar dira: Gregorio Mugica eta Victor de Garitaonandia. Astekariaren lehen sasoi hartan (Primo de Riveraren diktadura iritsi arte) Argia apolitiko gisa azaldu zen. Argiaren ardatz ideologikoa, horrenbestez, euskaltzaletasun katolikoa zen (ez zena soilik eta ezinbestean nazionalista), Euskal Herriko indar konfesionalen batasuna aldarrikatzen zuena.

Argia garrantzitsua izan zen, besteak beste, Jose Maria Agirre Lizardi poeta, kazetari eta EAJ alderdiko buruzagiaren eskutik 1929an planteatu zen euskarazko lehen egunkaria sortzeko bidea urratu zuelako. Euskarazko egunkaria, kristaua eta informatiboa, Madrileko El Sol edo La Voz hartuko zituena eredu modura. Azkenean, ordea, proiektua bertan behera geratu zen. Badirudi EAJ alderdiak Gipuzkoan egunkari berri bat ateratzea lehenetsi zuela eta hura babestu. 1930ean kaleratutako El Día, hain zuzen, alderdiaren estrategiari jarraiki, goitik behera gaztelaniaz atera zena, euskaraz sekzio bat izan arren.

Gerra zibila lehertu zenean, egoera errotik aldatu zen euskarazko kazetaritzari zegokionez. Gipuzkoako argitalpenak itxi egin ziren (modu horretan, besteak beste, Argia astekariak bere ibilbidea amaitu behar izan zuen), eta baita Bizkaian euskaraz egiten ziren asko ere (Ekin astekari erlijioso-politikoa). Nafarroan ere gauza bera gertatu zen uztailaren 18an "nazionalek" probintzia hartu zutenean (hala, Zeruko Argia galdu zen). Hots: 1936ko uztailean agertzen zen panorama (Argiak makina berriak erosi zituen eta photo-magazine itxura hartu nahi zuen Time edo París Match kazeten antzera) hondoratu egin zen.