Literatoak

Harriet, Bernard Maurice

Ez dirudi Harrieten bizimodua oso gorabeheratsua izan zenik, obra askorik ez zuen argitaratu eta ematen du hainbat urte igaro zituela euskara eta euskal testuak arakatzen. Obretatik atera ditzakegun datuez gain, Arantxa Hirigoyenek kaier aski interesgarria aurkitu zuen Baionako apez-etxean. Kaier horretan bi zerrenda ageri dira: lehenengo eta behin, Harrieten liburutegia osatzen zuten obren zerrenda, eta, bigarrenik, Harrietek bere hiztegia egiteko erabili zituen obren zerrenda. Bada, bi izenburu-sorta horiek informazio aski baliagarria ematen dute lapurtar hiztegigilearen iturriez eta ezagutzaz.

Harrieten liburutegiaz denaz bezainbatean, berrehun eta berrogeita hamabost obra zeuden, baten bat errepikaturik, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz, batik bat. Esan nahi baita, sasoi hartarako liburutegi handia zeukan lapurtarrak etxean erabilgarri. Liburu argitaratuez gain, hainbat eskuizkribu eta kopia ere bazituen Harrietek etxean, eta gaiei gagozkielarik, literatura, erlijioa eta historiazkoak dira aipagarrienak. Bertan zeuden obretatik aipagarrienak, ziur aski, euskal egileenak dira; izan ere, horiek ematen dute aditzera zein euskal egile eta zein obra ezagutzen zuen. Besteak beste, honako egile hauen obrak zituen Harrietek etxean: Juan Bautista Agirre, Juan Antonio Mogel, Jean Duvoisin, Manuel Larramendi, Agustin Kardaberaz, Jean Pierre Arbelbide, Joannes Etxeberri Ziburukoa, Pedro Antonio Añibarro, Bartolome Olaetxea, Jose Francisco Aizkibel, Joannes Haraneder, Bernard Gazteluzar, Joannes Leizarraga, Pedro Astarloa, Bernat Etxepare, Andres Ithurzaeta, Juan Ignazio Iztueta, Bernard Larregi, Arnaud Oihenart, Martin Harriet, Agosti Xaho, Francisco Lardizabal, Gratien Adema, Antoine Abbadia, Francisque Michel, Jules Vinson, Arturo Campion, Wilhelm von Humboldt, Willem J. Van Eys, Luis Luziano Bonaparte, eta abar.

Aurreko zerrenda arretaz begiratzea nahiko da ikusteko garai guztietako lanak ezagutu zituela Harrietek: zaharrena Leizarragaren Testamendu Berriaren itzulpena da, 1571koa, eta gehienak XVIII. eta XIX. mendeko egile eta obrak dira. Harriet 1904an hil zela jakinik, argi dago autore zaharragoekin batera, azken orduko egileen lanak ere ezagutu eta baliatu zituela, besteak beste, bere hiztegi mardula egiteko.