Literatoak

Agirre, Juan Bautista (1742-1823)

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Agirre Asteasukoa. Asteasu, 1742-1823.

Bernat Etxeparerekin gertatu bezala, Juan Bautista Agirrez dakigun gehiena bere obretan irakurritakoa da. Jakin, badakigu sorterrian hil zela, eta, artean, bertako erretore izan zela. Bere liburuetako batean Juan Antonio Mogelen laguna zela idatzi zuen. Bada, garaia eta asteasuarrak izan zitzakeen harremanak gogoan harturik, Luis Villasantek Añibarro ere lagun izango zuela defendatu zuen: "tampoco parece aventurado suponer que mediaran lazos parecidos entre Juan Bautista Aguirre y el P. Añibarro, ya que éste era amigo de Moguel, como vimos." (1961: 219).

Agirre Asteasukoaren lehenengo obra aipagarriak Confesioco eta Comunioco Sacramentuen gañean Eracusaldiac, lenvicico Comunioraco prestatu bear diran Aurrentzat, eta bidez Cristau acientzat ere bai dauka izenburutzat. Tolosan argitaratu zen 1803an, eta laurehun orrialde baino gehiago hartzen dituen katixima da, non kristau dotrinaren berri luze ematen baita. Izenburuak dioenaren bidetik, umeak Lehenengo Jaunartzerako prestatzen ari diren irakasleei begira idatzitako obra da; irakatsi beharrekoaz gain, nola irakatsi ere azaltzen du. Obra bera euskaraz idatzirik egon arren, hitzaurrea gaztelaniaz ageri da.

Gipuzkoan oso obra erabilia izan zen, orduan eta ondoko hamarkadetan: 1823an berrargitaratu zen bigarrenez eta XX. mende hasieran azkeneko aldiz.

Agirre hil eta hogeita zazpi urtera kaleratu zen, ordea, bere obra nagusia, hiru liburukitan: Jesu Cristoc bere Elizari utzi ciozcan zazpi Sacramentuen gañean Eracusaldiac, Jaungoicoaren Legueco Amar Aguinteen gañean Eracusaldiac eta Jesucristo eta Virgiña chit Santaren Misterioen, eta beste cembait gaucen gañean Eracusaldiac (Tolosa, 1850).

Hiruretan Asteasukoaren sermoiak biltzen dira, "Erakusaldiak" laburduraz aipatu ohi dira. Euskarazko erlijio-literaturan leku garrantzitsua daukate, eta are garrantzitsuagoa gipuzkeraren baitan: "Es tal vez el mejor escritor guipuzcoano de la época antigua, o sea, anterior a 1880? (Villasante, 1961: 220).

Lehenbiziko liburukian sakramentuen gaineko idatziak biltzen dira, bigarrenean Hamar Aginduen ingurukoak eta hirugarrenean Jesukristo eta Ama Birjinaren misterioari lotutakoak.

Larramendi ostekoa eta gipuzkoarra izanagatik, eskasa da andoaindarraren eragina Agirrerengan. Badirudi ulerterraztasuna bilatu zuela Asteasukoak, eta entzule zuen herriarengandik ez zuela gehiegi urrundu nahi izan. Hizkera aberatsa eta aldi berean ulergarria baliatu zuen, berezko jario ikusgarria zeukan, eta horrek izan zuen bestelako ondoriorik:

"La riqueza y naturalidad de la prosa de este último [Agirre Asteasukoa] fue una de las razones que llevaron al príncipe Bonaparte a inclinarese por los modelos de Lardizábal (1806-1865) y del mencionado Aguirre de Asteasu a la hora de encomendar la traducción de la Biblia al euskera guipuzcoano" (Aldekoa, 2004: 62).

  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Juan Bautista Agirre". [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
  • ALTUNA, Fidel. "Aurkezpena", in Juan Bautista Agirre. Erakusaldiak. Antologia. Zarautz: Elkarlanean. Klasikoak, 1999.
  • BIDADOR, Joxemiel. "Eusebio López: Impresor y vascófilo lodosano". FLV. 2006, 103 zbk., 473-486. orr.
  • MICHELENA, Luis. Historia de la literatura vasca. Madrid: Minotauro, 1960.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Oñati: Sendo, 1961.