Sailkatu gabe

GEOGRAFIA (EUSKAL LURRA)

Pirinioak Euskal Herrian duen egiturak tolestura korapilatsua eta sakonune nabarmena eskaintzen ditu. Gailurrak txikitzen doaz Hiru Errege Mahaitik Aralarrera, herrialdearen erdigunera, eta Ordunteko mendietaraino, ostera, igotzen hasten dira. Gaingiroki, hiru mendi-lerro aipa ditzakegu:

1. Uren banalerroa edo Pirinioetako katea bera: (Hiru  Errege Mahaia (2.434 m), Ori (2.029), Aralar (1.427 m), Aizkorri (l.544), Anboto (1.296), Gorbeia (1.475 m), Urduña (1.039 m), Ordunte (Burgeño, 1.037).

2. Aurrekoaren pareko beste mendi-lerro bat, edo Aurrepirinioa (Leire, Erreniega. Sarkil, Andia, Gasteizko mendiak, Otero, Karkamo, Guibijo).

3. Garaiera txikiagoko mendilerroen hirugarren segida, aurrekoen ia paraleloa, Ebrok zulatua Haron, Obarenes mendiak izeneko zatian (Alaiz, Eskinza, Kantabria, Obarenes).

Horietatik guztietatik abiatzen dira mendialdeak, iparralderantz edo hegoalderantz, halako ugaritasunean, non itxura labirintiko eta korapilatsua ematen baitiote herrialdeari. Kantauri aldean, Pirinioetatik abiatzen diren kontrahormek haran malkartsuak eratzen dituzte, eta ibai handietan isurtzen dira: Saison, Errobia, Ugarana, Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Ibaizabal, etab. Zuberoa, Behe Nafarroan eta Lapurdi aldean, mendigune batzuk daude, edo Pirinio aurrekoak, Pirinioetako ibaiek zeharkatzen dituztenak: Oskitz, Hotxamendi, Pagaburu, Iparlatza, Baigura eta Urzuia mendiak. Gipuzkoako erdialdean Nafarroatik Bizkaira doazen mendiak: Unamuno, Urdelar, Adarra, Uzturre, Hernio, Elosumendi, Irukurutzeta, Muneta, Arrikurutz eta Arno. Bizkaian, Kalamua, Urko, Mendibil, Oiz, Bizkarki eta Berriaga mendiak. Bilboko itsasadarraren beste aldean, Sasiburu mendikatea eta Trianoko mendiak.