Kontzeptua

Foru-kasazioa

Euskal lurraldeek mendetan izan dute berezko sistema judiziala, Foruek arautua.

Euren arteko ezaugarri komunak agerikoak dira, nahiz eta lurralde bakoitzaren justizia administrazio sistemak berezko berezitasunak mantendu izan dituen. Iparraldeko lurraldeek 1789ko Frantziar Iraultzaz geroztik galduko dute euren berezko zuzenbidea; Hegoaldekoek, berriz, Zuzenbide publikoari begira -eta honen baitan, bereziki, euren eraentza judizialari dagokiona- 1876ko Legea dela medio ezabatua ikusiko dute, Espainiako 1978ko Konstituzioa aldarrikatu arte. Geroztik, Hegoaldeko euskal lurraldeek Espainiar Estatuko sistema judizial bateratuan kokatuta, soilik mantentzen dute euren berezko Zuzenbide zibila 'etxean' interpretatzeko eta aplikatzeko aukera, autonomia erkidegoetan judiziozko instantzia gorena islatzen duten Justizia Auzitegi Nagusien aurrean tarteratu daitekeen kasazio helegitearen bitartez. Helegite hau ebaztean Auzitegiok ematen dituzten epaiek sortzen duten doktrina da Hegoaldeko ordenamendu zibilen iturrien osagarri, foru-kasazioa deritzonetik eratorria, alegia.