Kontzeptua

Foru-kasazioa

XX. mendeko hirugarren hamarkadak dimentsio berri bat ematen dio Hegoaldeko euskal lurraldeen autogobernuaren desioari. Helburua argia da, autore gehienen iritziz: autogobernu horren isla izango den Autonomia Estatutua lortzea Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroarentzat. Ez dute zenbait eskumen ekonomiko eta administratibo biltzen dituen testu bat bilatuko, Kontzertuak jada finkatzen duena luzatuz. Autonomia politiko baten bila arituko dira Hegoaldeko euskaldunak etapa honetan, lau lurraldeen berezitasunak errespetatuko dituen instituzio komun bat lortu nahian. Erregimen 'neoforalaren' eta 'kontzertatuaren' dimentsioa nabarmen gaindituko duen egoera politiko bat irudikatu nahian arituko dira, alegia. Estatu espainiarraren eta euskaldunen arteko mendetako liskar politikoari konponbidea topatzea izango da erronka nagusia, egun indarrean dagoen autonomia-estatuaren aurrekari hurbilena.

Primo de Riveraren Diktadura jada agortua eta, ondorioz, Monarkia baztertua, Espainiako II. Errepublika aldarrikatzen da. Hegoaldeko euskal lurraldeen Estatutua lortzeko bidean pauso ezberdinak emango dira hurrengo urteetan. Lehenbizi, Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako 'Euskal Estatutuaren Aurreproiektua' azpimarratu beharra dago, Eusko Ikaskuntzak 1931ko maiatzaren 31an onartutakoa. Lehenengo aldiz erabiliko du testu honek "País Vasco" esamoldea, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa herri gisa batuta aurkezteko. Estatu espainiarraren barruan lau lurraldeek estatu autonomo bat osatzen dutela aldarrikatzen du Estatutuak, halaber, lurraldeen arteko autonomia nabarmenduz. Espainiar estatuarekiko harremanetan eredu federala, beraz, eta Hegoaldeko euskal lau lurraldeen artean, egitura konfederala. Foru-berrezarkuntzaz haratago doan planta berriko eredua marrazten du Estatutuaren Aurreproiektuak, Suitzako modeloari jarraiki.

Botere judizialari bagagozkio, Estatutuaren II. Tituluko 4. artikuluak, Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren sorrera aurreikusten du, eta, harekin batera, Euskal Kidego Judiziala azpimarratzen du, euskal epaile eta magistratuek osatua. Orobat, testuaren III. Tituluko II. Kapitulua Botere judizialaren antolaketari buruz ari da, 14. artikulua, hain zuzen ere. Batik bat, hemen nabarmendu behar duguna zera da: Estatutuaren Aurreproiektuak apustu argia egiten du berezko euskal botere judizial bat eraikitzearen alde, euskal estatu berriak antolatutako boterea, alegia. Apustuak erabat aldatzen du Espainiar estatuko botere judizialaren egitura, berezko antolaketa argia proposatuz:

  1. Auzo epaitegiak ezabatzea
  2. Lehenengo Instantzia eta Instrukzio epaitegiak aldatzea
  3. Bilbon Lurralde Audientzia ezarri eta Iruñekoa mantentzea
  4. Probintzia Auzitegiak mantentzea
  5. Euskal Auzitegi Gorena sortzea, hiru Salakin: Zibila, Administrazioarekiko Auzi-prozesua eta Lan zuzenbide arlokoa. Auzitegi honen eskumenen artean, 14.5. artikuluak esanbidez aipatzen du gure ikerketaren muina den kasazio-helegitea, Zuzenbide zibilaren eta Merkatal Zuzenbidearen aplikazioari dagokionez: "...creación de un Tribunal Supremo Vasco, con tres Salas, una de lo Civil, otra de lo Contencioso Administrativo y otra del Trabajo y Reforma Social, que entenderán: la primera, en los recursos de casación relativos a la aplicación del Derecho civil y Mercantil, y recursos gubernativos contra las calificaciones de los Registradores de la Propiedad de las cuatro Provincias...".
  6. Justizia administrazioan jarduten dutenei, Notarioei eta bestelako funtzionarioei, euskararen ezinbesteko ezagupena galdatzea.
  7. Euskal Kidego Judiziala osatuko duten kideak Euskal Auzitegi Gorenak aukeratzea eta izendatzea.

Estatutuaren Aurreproiektuak eztabaida sakonak eragingo ditu euskaldunon artean, batez ere, Nafarroari buruzkoak eta akonfesionaltasunari buruzkoak. Eztabaida horien ondorioz, bi bloke nagusi sortzen dira alderdi politikoen artean, eta estatuko Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetara bakoitza testu ezberdin batekin joango da. Ezkerreko alderdiek proposatuko duten testua Aurreproiektuaren oso antzekoa den bitartean, gehiago aldenduko da eskumako alderdiek aurkeztutakoa. Azkenean, Alkateen mugimenduak konbokatutako Asanbladak testu berri bat hautatuko du Lizarran, 1931ko ekainaren 14an: Lizarrako Estatutua, Eusko Ikaskuntzaren Aurreproiektua eskumakoen, nazionalista konfesionalen eta karlisten gustura aldatuz eratutako testua. Udalerri asko falta izango dira asanblada horretan, eta ordezkatuak daudenek aldaketa nabarmenak egingo dizkiote Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako Aurreproiektuari. Terminologia zaharrera bueltatzen da Lizarrako Estatutua, foru-berrezerpena aldarrikatuz eta Aurreproiektuak aurkeztutako eredu federala disolbatuz. Adituen iritziz, Espainiar estatuaren errealitate konstituzionalarekin uztartzeko aukerak nabarmen gutxituz. Eskubide historikoen esamoldearen eraikuntzan elementu oso interesgarriak aurkezten ditu Lizarrako testuak, egun erabiltzen diren formulen aitzindaria baita. Eusko Ikaskuntzaren Aurreproiektuak hainbeste zaintzen duen euskaldunen arteko adostasuna ez du Lizarrakoak lortuko, hala ere. Hori da, askoren iritziz, bere akatsik larriena. Botere judizialari bagagozkio, orobat, ez du Lizarrako testuak aldaketarik eragiten Aurreproiektuan jasotako diseinuan.

Hainbat Estatutu Proiekturen ostean, Espainiako II. Errepublikako 1931ko Konstituzioa onartuta eta urte bereko abenduaren 8ko Dekretuari jarraiki, Espainiar estatuko behin-behineko Gobernuak argi uzten du nortzuk bideratu behar duten euskaldunon aspirazioen euskarri juridiko-politikoa, hots, estatutu berria: Espainiako Gobernuak aukeratutako eta kontrolatutako lau Diputazioetako Batzorde Kudeatzaileek. Lau Diputazioetako Batzordeek idatzi egingo dute Estatutuaren Proiektua 1932ko martxoaren 21erako. Baina Nafarroako eskumaren estrategiak Nafarroa prozesutik kanpo utziko duenez [bertako udalerrien 2/3en baietza galdatzeko klausula onartzea lortzen baitu eta bozketan ez baita portzentaia hori eskuratuko], eta Kataluniako Estatutua 1932ko irailaren 9an onartuta, beste Proiektu bat jartzen da martxan Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Diputazioen Batzorde Kudeatzaileen esku. Azkenean, 1933ko azaroaren 5an erreferenduma konbokatzen da. Parte hartzea oso altua izango da, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Espainiako Errepublikako Konstituzioak galdatutako portzentaia erraz lortuko da. Espainiar estatuko hauteskundeak ospatuko dira bi aste geroago eta eskumak irabaziko ditu oraingoan. Ondorioz, Estatutua bertan behera geratuko da.

Hala ere, aipagarria da 1933ko Batzorde Kudeatzaileen testuan botere judizialari egiten zaion erreferentzia, gure gaiari bagagozkio, 19.10. artikuluan:

"Un fiscal asistido del personal dependiente que se estime preciso ejercerá en el Tribunal Superior las funciones propias de su Ministerio, con extensión en todo el País Vasco en orden a la vigilancia para el exacto cumplimiento de las leyes promulgadas por el mismo y a la intervención que le corresponde en los negocios judiciales que hayan de ser resueltos en todas sus instancias, y por virtud de los recuros de casación y revisión exclusivamente por la Judicatura Vasca".

Ikus daitekeenez, Eusko Ikaskuntzaren Estatutuaren Aurreproiektuak (14.5. art), Lizarrako Estatutuak (14.5. art) eta Batzorde Kudeatzaileen 1933ko Estatutuak (19.10. art), argi aipatzen dute, botere judizialaren antolaketari buruz ari direnean, eta Euskal Auzitegi Gorenaren edo Auzitegi Nagusiaren eskuduntzetariko bat bezala, kasazio-helegitea ezagutzea, azken testuan, berrikuspen-helegitearekin batera, alegia.

Hala jasoko du ere, Espainiako II. Errepublikaren bukaeran onartuko den 1936ko Euskal Estatutuak, bere 3.3. artikuluan:

"El Tribunal Superior Vasco que será nombrado conforme a la legislación interior, tendrá jurisdicción propia y facultades disciplinarias en las materias civiles y administrativas cuya legislación exclusiva corresponda al País Vasco, conociendo de los recursos de casación y revisión que sobre tales materias se interpongan".

Azken testu hau, 1936ko Estatutua, 1933an onartutakoa abiapuntu gisa hartzen duena, 1936ko martxoaren 1ean ospatzen den hauteskunde orokorren bigarren bueltak eragindako emaitzek ahalbidetuko dute, Indalecio Prietoren babespean. Ezkerreko estatutua, EAJren hauspoari esker ere sortutakoa; batez ere, Agirrerena. Hasieran 53 artikulu eta 9 titulu dauzkana eta, bukaeran, bost titulu eta 14 artikulu soilik bilduko dituena.

Gerra Zibilak Hegoaldeko Euskal Herria bi zatitan banatzen du: Arabak eta Nafarroak, gehiengoa tradizionalista eta katolikoa edukita, altxamenduarekin bat egingo dute; Bizkaiak eta Gipuzkoak, gehiengoa abertzalea eta ezkertiarra edukita, bat egingo dute, ordea, Errepublikarekin. Gerra Zibila hasita, Errepublikako espainiar Gobernuak, egoera zaila gainean, Euskal Estatutua onartzen du, 1936ko urriaren 6ko Legea dela medio. Hurrengo egunean Madrileko Gazetak publikatuko du testua. Testu hau ez da herriak onartutakoa izango, erreferendumik ez baita egongo Espainiako Gorteek onartu baino lehen, 1933ko testuarekin gertatutakoarekin alderatuz. Garai haietan Estatutu hori izatea ezer ez izatea baino hobea dela usteko dute gure ordezkari gehientsuek, batez ere EAJren buruek, 1936ko hauteskundeetan emaitza onak jaso eta gero. Euren aspirazioak nabarmen gutxituko ditu azken testu honek, teknikoki ere gabeziak aurkezten dituena. Herriarentzat eta herriak onartutako testua ez eta 'emandako kartaren' tankera hartuko du 1936ko testuak: eskubide historikoen, foruen eta Euskal estatuaren erreferentzia oro ezabatuak geratzen dira eta Nafarroaren etorkizuneko integrazioa ere aipatu gabe uzten du.

Euskal Gobernu Autonomikoaren lehenengo Lehendakari Jose Antonio Agirre jeltzalea izendatuko dute 1936ko urriaren 7an, Gernikako Batzar-Etxean bildutako mila bat zinegotzik, gehiengo zabal batekin. Koalizio gobernua osatuko dute hiru probintzietarako, behin-behineko izaeraz, Gerra Zibilak dirauen bitartean. Baina 1937ko udan Frankoren tropek bukaera jarriko diote 1936ko Estatutuari eta Euskal Autonomiari: Euskal Gobernua erbestera pasako da, Agirre Lehendakari izanik eta, hau hiltzean, Leizaola. Eta hala izango da, hamarkadetan zehar, 1975an Franko Diktadorea hil arte eta 1978an egun indarrean dagoen Espainiako Konstituzioa aldarrikatu arte. Frankoren Diktadurapean, Arabak mantenduko du soilik harentzako onartutako Kontzertu Ekonomikoa.