Kontzeptua

Foru-kasazioa

Historian zehar gure lurraldeek berezko sistema judiziala izan dutela argi uzten dute hainbat eta hainbat ikerketek. Gaur egun, aldiz, berezko sistema judizialik ez dago. Hegoaldeko euskal lurraldeak Espainiar Estatuaren organigrama judizialpean kokatzen dira; Iparraldekoak, ostera, Frantziar Estatukoan barne. Hegoaldeko euskal lurraldeek berezko sistema judiziala mantenduko dute 1876. urte arte, Zuzenbide publikoaren eremuan gure foruak abolitu egiten dituzten arte. Ordutik aurrera eta Espainiako 1978eko Konstituzioa aldarrikatu arte, parentesi bakarra izango dute lurraldeok autonomia instituzionalari bagagozkio: Espainiako II. Errepublikak ahalbidetutakoa eta, ondorioz, Euskal Autonomia Estatutuek jasotakoa. Iparraldeko lurraldeek, berriz, 1789ko Frantziar Iraultzaz geroztik ez dute berriz ere berezko sistema judizialik edukiko. Ponentziaren atal honek, beraz, gaur arteko ibilbide historikoari jarraipena eta bukaera ematen dizkio, gure lurraldeek mendetan zehar izan duten berezko sistema judizialaren azterketa bilduz. Bi azpiataletan banatu da azterketa: lehenengoan, zazpi lurraldeek izan duten foru-sistema judizial bereiztua jasotzen da, 1876. eta 1789. urte arte, Hegoaldekoentzat eta Iparraldekoentzat, hurrenez hurren; bigarrenean, eta soilik Hegoaldeko lurraldeei dagokienez, abolizioaz geroztik Espainiako Bigarren Errepublikak ahalbidetutako autonomia-tartea azaltzen da.