Kontzeptua

Foru-kasazioa

Goi Erdi Aroan, VIII eta XII. mendeen arteko garaian, eszenatoki juridikoa arau sakabanaketak ezaugarritzen du: hiri-ordenamenduak dira protagonistak, hiri bakoitzean bizi direnenentzat hainbat aspektu juridiko arautzen dituzten lehenengo testu idatziak. Fenomeno honi lokalismo juridikoa esaten zaio, eta hirietan indarrean dauden ordenamendu horiei, berriz, Zuzenbide lokalak. Bestela esanda: foruak. Foru hitza, Goi Erdi Aroko hiztegi juridikoan gehien erabiltzen denetakoa da, Katalunian izan ezik, bertan ez baitute inoiz ere erabili. Foru hitzaren esanahia anitza da: alde batetik, forua, aparteko arautzat hartu izan da, baina baita toki jakin batean indarrean dagoen ordenamendu juridikoa identifikatzeko termino gisa ere. Foruak jasotzen duen edukia abiapuntu hartuta, forua lurralde edo herri baten zuzenbidea biltzen duen testuari ere deitu izan zaio. Esanahi ezberdin hauek foruen artean egin beharreko bereizketa burutzen laguntzen digute.

Alde batetik, foru laburrak edo foru frankoak daude (hiri gutunak), erregeek eta jauntxoek hiri eta hiribilduei emandakoak, hiri horiek birpopulatzeko asmoz, bertako biztanleei eskainitako pribilegioz osatuak. Forua, kasu honetan, aparteko araua da, berezia, toki jakin batean indarrean dagoen euskarri juridikoa. Foru frankoen ondoan, ordea, herriak sortutakoak eta erregeak onartutako foruak daude, herriaren ohiturak testu idatzi batean jasotzen dituzten berezko foruak. Forua, bigarren testuinguru honetan, herri edo lurralde baten zuzenbidea jasotzen duen testua da. Kronologiari erreparatuz, aurrena foru laburrak agertzen dira hirietan, erregeak hiri bat sortzeko edo birpopulatzeko tresna gisa. Beranduagokoak dira berezko foruak, baina lurraldearen benetako zuzenbidearekin lotura estuagoa agertzen dute, herriaren ordezkariek idatzitakoak baitira, euren ohitura zaharrei sakon erreparatuta. Forudunen arteko elkarbizitza arautzeko berme sendoagoa eskaintzen duten testu juridikoak, jada indarrean dagoen zuzenbidea jaso egiten baitute.

Euskal lurraldeetan ere fenomeno hau oso adierazgarria da. Lehenengo foruak laburrak dira, XI. mendetik aurrera, zuzenki edo zeharka, errege ezberdinek euskal hiribilduei eskainitakoak, beroiek birpopulatzeko edo indartzeko helburuaz. Foru frankoak dira hauek, burgesak: merkataritza bultzatzeko eskaintzen ditu erregeak, hiribilduak sortzeko edo indartzeko. Frankoak dira, pribilegioak eskaintzen dituztelako, hiribildura biztanle berriak hurbil daitezen eginikoak. Foru laburrak edo frankoak familiaka biltzen dira: euskal hiribilduek jada beste lurraldeetan indarrean daudenak bere egiten dituzte, izena aldatuz. Alde batetik, Logroñoko Foru Frankoa dago [Alfontso VI.ak Logroñoko biztanleei eskaintzen diena 1.095. urtean], Bilbok eta Gasteizek hartutakoa. Bestetik, Estellako Foru Frankoa aurkitzen da [Antso Ramírezek 1.063an emandakoa], Donostiak bere egiten duena 1.180. urtean, Antso Jakitunaren eskutik. Beste euskal hiribildu guztiek, izena aldatuz, testu hauek bere egiten dituzte, lurraldearen arabera.

Hiribilduek foru frankoei esker lortzen duten status pribilegiatuak erreakzio bat eragingo du, ordea, landa lurrean edo Lur Lauan. Bi bloke hauen arteko tentsio progresiboak eta landa lurreko biztanleek jasaten duten desoreka sozio-juridikoak eragiten du, finean, hauek ere euren zuzenbidea idatziz jasotzeko grina. Horren adibide bikaina dira euskal lurraldeen ohiturazko zuzenbidea, aurrenekoz idatziz jasotzen duten foruak, Bizkaian Araban zein Nafarroan, Gipuzkoak ez baitu berezko forurik inoiz osatuko. Bizkaiari dagokionez, eta lurraldearen egiturari erreparatuz: Enkarterriak [1394ko Avellanedako Foru Zaharra eta 1503ko Enkarterrietako Foru Berritua]; Durango [data zehatza ezezaguna da baina Durangoko Merindadeko Forua XIV. mendekoa dela diote adituek], eta Bizkaia 'nuklearra' [1452ko Bizkaiko Foru Zaharra]. Hiru lurralde-eremu bizkaitarrek euren ordenamendu juridikoa bateratuko dute 1526ko Bizkaiko Foru Berriari esker [Enkarterriek bere egiten dute Foru Berria 1574an], Bizkaia osoko Lur Lauari geroztik aplikagarria izango zaion testu bakarra izango baita. Orozkoko bailara 1785ean sartzen da, behin-betiko, Bizkaiko lurralde-eremuan, baina ordu arte ere Bizkaiko Forua aplikatzen zaio, bertako Lur Laua bailitzan. Bizkaiko hiribilduak eta Orduñako Hiria, ordea, Foruaren eremutik kanpo geratuko dira, bertan indarrean egondako foru frankoek Gaztelako zuzenbidea absorbituko baitute, eurak tresna juridiko gisa eskasak geratzen diren momentutik gaur arte.

Arabari dagokionez, halaber, Aiarako 1373ko Forua izango da aiaratarren berezko ohiturazko zuzenbidea jasoko duen testu idatzia; beste arabar guztiek Gaztelako zuzenbidea izango dute ordenamendu juridiko nagusitzat. Gipuzkoak ohiturazko zuzenbideari eutsiko dio egunerokoan, idatzia egon ez arren, hiribilduetatik kanpo geratzen den Lur Lauari dagokionez; hiribildu horietan, beste lurraldeetan bezala, Gaztelako zuzenbidea izango baita aplikagarri. Nafarrek, 1237ko Foru Zaharra izango dute euren berezko zuzenbidea jasotzen duen lege-testu, gerora Nafarroako Foru Orokorraren muina izango dena, 1330ean eta 1418an 'hobetua'. Iparraldeko euskal lurraldeek euren ohiturazko zuzenbideak eratutako instituzioak bizirik mantenduko dituzte -ingelesen eta, beranduago, frantsesen menpe-, 1789an Frantziar Iraultzak ezabatzen dituen arte. Lapurdin aipagarriak dira 1215eko Baionako Hiri Forua eta 1514ko bi Bilduma -indarrean dauden ohitura orokorrei dagokienez, bata Lapurdirentzat eta bestea Baionarentzat [Lapurdi eta Baionaren arteko banaketa argi erakusten dute hainbat testuk]-. Zuberoari bagagozkio, berriz, aipagarria da 1520ko Ohituren Bilduma; eta Behe Nafarroari dagokionez, azkenik, 1611ko Foru eta Ohituren bilduma.

Hala, Erdi Aroko panorama juridikoa argi marrazten duen mapa agertzen da berezko foruak onartzen direnetik, batez ere Hegoaldeko euskal lurraldeetan: alde batetik, hiribilduak daude, foru frankoek ahalbidetuta, Gaztelako zuzenbidea jasotzen dutenak [1348ko Alcalako Ordenamenduaren eta Partiden eskutik]. Bestetik, Lur Laua -Gipuzkoan eta, Aiara kenduta, Arabako lurralde ia osoan izan ezik-, berezko foruek arautua. Euskal instituzio publikoen eremuan, ordea, lurralde bakoitzeko Batzar Nagusietara ordezkari guztiak joango dira, bai hiribilduetakoak baita Lur Laukoak ere, komunak diren gaiez aritzeko. Batzar partikularrak ere badaude haiez gain, hiribilduek haien artean egiten dituztenak edo eta Lur Lauko ordezkariak eurei dagozkien gaiez aritzeko.

Berezko foru hauen ondoan badaude ERMANDADEAK; bandoen arteko borrokek eragindako ondorioei aurre egiteko asmoz sortutako erakunde judizial kolektiboak. Ermandadeak Euskal Herriko probintzia gehienetan sortzen dira XIV. mendetik aurrera [Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Lapurdin], eta indar nabarmena izatera iristen dira lurraldearen egituran. Foruek aurreikusten duten Zigor zuzenbidea ez den beste zigor-araudi bat eratzen da ad hoc Ermandadeek aplika dezaten. Delitu eta zigor berriak sortzen dira bandoen arteko borrokak eragindako ondorioei aurre egiteko tresna eraginkor gisa. Zigor zuzenbide berezi hau Ordenantzen bidez eratzen dute Batzar Orokorrek. Aipagarriak dira Bizkaian, oso ezagunak direlako, 1342ko Ordenantzak edo Koadernoak, Nuñez de Lararen eskutik onartutakoak, eta 1394koak, Gonzalo Mororenetik. Borroken eragin gordinari aurre egiteko, Gaztelako Koroak ere eskua sartzen du, ezohiko neurri gisa, 1487ko Chinchillako Ordenantza hiribilduetan eta hirietan aplikatuz, banderizoen aurkako neurri oso zorrotzak jasotzen baititu. Baina bizkaitarrek ez dute testu hau ondo hartzen. Borrokak eteteko neurriak biltzeaz gain, hiribilduen gaineko kontrola areagotzen baitu, besteak beste, haiek Batzar Orokorretatik baztertuz eta Lur Lauarekiko dagoen distantzia indartuz. Ordenantza zorrotz horrekin eragiten den krisialdia konpontzeko, 1630eko KONKORDIA aldarrikatzen da, zeinak hiribilduei baimentzen dien, prozedura jakin baten bidez, Foruak bere egitea, Gaztelako zuzenbidea baztertuz.

Euskal lurraldeen foru-eraentzaren benetako dimentsioa ez da, ordea, Foruen arauek islatzen dutena soilik. Egia da Foruak diziplina anitzeko testuak direla: berezko Zuzenbide zibilari, Administrazio Zuzenbideari, Zigor zuzenbideari eta Prozedura Zuzenbideari buruzko arauak jasotzen dituzte, euskaldunen ohiturazko zuzenbidea lege idatzi bihurtuz. Baina orain, guri dagokigunez, funtsezko datua honako hau da: euskal lurraldeek berezko egitura politikoa eta judiziala izango dute mendetan zehar, nahiz eta batzuek Gaztelako Koroarekin egindako itun politikoaren ondorioz mantendutakoa dela esan, eta, beste batzuek, aurretik existitu eta Gaztelako Koroaren inbasioaren oinarrian -eta Gaztelako monarkiaren zentralizazioaren menpe-, erregeek nahi izan dutelako (edo komeni izan zaielako) euskaldunoi mantentzen utzi dizkiguten zenbait berezitasun edo pribilegio direla azpimarratu. Edozelan ere, eta eztabaida garrantzitsu hori orain alde batera utziz, ezin uka daiteke gure iragan politikoari eta judizialari buruz hainbat eta hainbat adituk eskaintzen duten ikerketa sendoa:

euskal lurraldeen foru-sistemak gobernu-sistema jakin batean du abiapuntua. Banakoen eskubideak defendatzen dituen sistema da [herritarren arteko berdintasuna kaparetasun unibertsalaren oinarrian; oinarrizko eskubideen babesa: tortura, epailearen esku hartzerik gabeko atxiloketak eta zorrengatiko kartzelaratzea debekatuz, etxebizitzaren bortxa-ezintasuna eta akusaziozko printzipioa aldarrikatuz...], berezko Zuzenbide zibila daukana familiaren eta oinordetzaren eremuan; berezko instituzio publikoak dituena [auzo, eskualde eta herrialde mailan], berezko sistema militarra, berezko justizia administrazioa, berezko ogasuna (zerga-salbuespena) eta sistemaren berezko defentsa tresnak ere ['foru-pasea'] badituena, alegia.

XIII-XVIII. mendeen artean loratu eta trinkotzen den sistema [Gaztelako Koroaren menpe dauden beste lurraldeetan gertatzen den bezala: Aragoi eta Katalunia] eta XIX. mendetik aurrera indarrez desagerrarazten dutena.

Foru-eraentzen abolizio-prozesua gogorra eta luzea izango da. Felipe V.aren XVIII. mendeko Planta Dekretuen saiakera zentralizatzailea abiapuntu hartuta, mota askotako ekimenak ugarituko dira, XIX. mendean zehar, euskal lurraldeen foru-sistema ezabatzeko helburuak gidatuta. Manuel Godoy Ministro espainiarrak lehentasunezko erronkatzat dauka euskal lurraldeen foru-sistemarekin amaitzea, horretarako borroka ideologiko anti-foralista zorrotza aurrera eramanez. Ildo honetan, enkargu ofizialen babespean idatzitako hainbat obra historiko-juridiko agertzen dira, foru-sistema bera inoiz existitu ez den 'mito' hutsa bilakatu nahian. Egun, oraindik, doktrinaren zati batek diskurtso horri eusten dio. Edozelan ere, bestelakoak dira foru-sistemaren desagertzean pisu nabarmena izango duten ekimen politikoak eta juridikoak: 1808ko Baionako Estatutua [96, 101, 116, 117 eta 144. artikuluak]; 1812ko Cadizeko Konstituzioa, 1837ko Espainiako Konstituzioa, 1837ko irailaren 16ko Legea (Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak disolbatuko dituena], 1839ko urriaren 25eko Legea [1. eta 2. artikuluak: Foru Aldundiak birjartzen ditu baina sistema judiziala ezabatzen du, foru-pasea debekatua geratzen da, eta, besteak beste, banderaren onura galtzen du Bilbok], 1841eko urriaren 29ko Erret Dekretua [Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak disolbatzen ditu Probintzia Diputazioak indarrean jarriz, estatuaren sistema judiziala ezartzen da foru-justizia administrazioa ezabatuz, aduanak kostara eta mugetara eramaten dira, udaletxeak estatuko sistemaren arabera antolatzen dira] eta 1845eko Espainiako Konstituzioa, jada neoforalismoa delakoaren garaian. Estatuaren eta euskal lurraldeen arteko tentsioa areagotuz doa, urtez urte (barealdi batzuk tartean: 1871ko urtarrilaren 25eko Erret Dekretua eta, batez ere, Espainiako I. Errepublikaren garaian, 1873ko Espainiako Konstituzio Federalaren Proiektua) eta 'negoziazioa' ezinezkoa izanik, estatuaren zentralismoa garaile ateratzen da. Prozesuaren gailurra 1876ko uztailaren 21eko Legeak irudikatzen du, 1876ko Espainiako Konstituzio monarkikoaren babespean eta Cánovas del Castilloren eskutik: euskal lurraldeen foru-sistema abolitu egiten dute eremu publikoari dagokionez. Ordu arteko foru-instituzioak galdu egiten dira.

Euskaldunok sutsu mantendu dugun foru-sistemaren defentsak geure autogobernuaren nahia argi islatzen duela ondorioztatu dute adituek. Are gehiago: CLAVERO irakaslearen hitzetan, foralismoak federalismoa ezkutatu du beti, federalismo estalia estatuaren konstituzionalismo bateratuaren aurrean. Gure historian zehar, errealitate eta aldarrikapen iraunkorra, alegia. Espainiako monarkiaren Berrezarkuntzaren garaian jada murgilduta, federalismo birtual horren adibidetzat hartu izan da, berez, 1878. urtetik aurrera martxan jartzen den tresna juridiko berria: kontzertu ekonomikoa. Estatuko Gobernuaren eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako Aldundien arteko akordioa oinarri, kontzertua estatuaren eta hiru probintzien arteko harreman ekonomikoak zein administraziozkoak arautzeko sistema konstituzionala da Kontzertua, estatuko legebiltzarraren kontroletik kanpo geratzen dena, eta hauek hari ordaindu beharreko kupoa muintzat duena. Aldundiek kudeatutako finantza-autonomia antolatzen duen tresna juridikoa; eremu fiskalean, estatuaren eta probintzien arteko 'tratu' eta 'negoziazio' esparrua sortzen duena, adituen artean aldeko eta kontrako iritzi argiak esnatu dituena, alegia. Lehenengo kontzertu ekonomikoa 1878tik 1887rarte egongo da indarrean; bigarrena, 1887tik 1894rarte; hirugarrena, 1894tik 1906rarte, eta laugarrena, 1906tik 1925rarte [laugarren hau Liga Foral Autonomistaren garaian kokatzen da, 1917an hiru aldundiek Espainiako Erregeari bidalitako -eta gerora ahaztuko den- mezuaren garaian, lehenengoz euskal lurraldeen eskubide historikoak esamoldea erabiltzen hasten den garaian]. Tartean, foru-sistema berreskuratzeko saiakerak badaude: 1917ko mezuaren ildotik, 1918ko azaroak 3an euskal Diputatu Abertzaleek Espainiako Kongresuan aurkeztutako Lege Proiektua.

Bosgarren kontzertu ekonomikoa Primo de Riveraren diktadurapean (1923-1930) onartzen da. Indarrean egongo da 1925tik 1937rarte. Espainiako II. Errepublikaren garaian kontzertua mantendu egiten da, baina, 1936ko Espainiako Gerra Zibilaz geroztik, bi probintzia euskaldunek izandako jarrera antifrankista dela eta, 1937ko ekainaren 23ko Lege-Dekretuaren bidez, sistema kontzertatua ezabatzen da Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Kausa frankistaren aldeko jarrera mantentzeagatik, kontrako jarrera hartuko da Araba eta Nafarroari dagokionez, eta bertan eraentza berezia mantenduko da. Egoera honetan heltzen gara 1978ko abenduaren 6an onartutako Espainiako Konstituziora eta bere Lehenengo Xedapen Gehigarriaren edukira. Araban ordu arte indarrean egondako kontzertua izango da Xedapen honen filosofiaren eredua baita autonomia erkidegoa osatzean eta 1979ko Euskadiko Autonomia Estatutuak hartutakoa ere (41. art; Zortzigarren Xedapen Iragankorra). Honela, 1981eko maiatzaren 13ko Legea izango da egun indarrean dagoen kontzertu ekonomikoa onartuko duena, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoari dagokionez. Berau izango da, ordu arteko eta Espainiako Konstituzioaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean egongo den sistemaren arteko zubia, Zuzenbide publikoari bagagozkio.

Esan beharra dago, bestela ere, ponentzia honen muina gure Zuzenbide publikoaren eremuan kokatzen den arren, Zuzenbide pribatuari dagokionez atal honen hasieran aipatutako Foruak ez dituela 1876ko uztailaren 21eko Legeak ezabatzen. Foru hauek -Bizkaiko 1526ko Foru Berria, Aiarako 1373ko Forua eta Nafarroako 1237ko Foru Orokorra-, eranskinen proiektuen arrakasta eza ikusita, indarrean jarraituko dute XX. mendeko bigarren erdirarte, Zuzenbide pribatuari bagagozkio. Hala, Foruak Konpilazioek ordezkatuko dituzte, geure lurralde batzuen arau nagusi gisa: 1959ko Bizkaiko eta Arabako Konpilazioak eta 1973ko Nafarroako Konpilazioak edo Foru Berriak. Gipuzkoak lege-testu berri hauen eremutik kanpo egoten jarraituko du, baita Arabako lurralde-eremu gehienak (Aiara kenduta). Bizkaiko hiribilduak eta Orduñako Hiriak ere. Baztertutako eremu hauetan Gaztelako zuzenbidea eta, gerora, estatuarena, egongo da indarrean, esan bezala.

Mapa hau izango da gure zuzenbide pribatu idatziaren erakusgarri, 1992. urte arte. Izan ere, 1978ko Espainiako Konstituzioko 149.1.8. artikuluak onartuta, legebiltzar autonomikoek izango baitute eskuduntza euren berezko Zuzenbide zibila mantentzeko, aldatzeko eta garatzeko, beti ere estatuaren zenbait eskuduntza esklusibo errespetatuz. Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrak 1992an onartzen du Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari Buruzko Legea, egun indarrean dagoena; eta 1999an sartzen du bertan Gipuzkoako Foru Zibilari buruzko araudia. Egun, oraindik, ulergaitza suertatzen den arren, EHFZZLren eremutik kanpo jarraitzen dute, Bizkaiko hiribilduen zentro historikoek eta, Aiara kenduta, beste Arabako lurralde osoak (Laudio eta Aramaio izan ezik, Bizkaiko zuzenbidea baitzaie aplikagarri)