Kontzeptua

Foru-kasazioa

Aurreko atalean irudikatu dugun ibilbide historikoaren zenbait momenturi argazki bat ateratzea dagokigu orain. Ikusi ahal izan dugun bezala, Hegoaldeko euskal lurraldeek berezko gobernu-sistema ia oso bat eduki dute 1876. urte arte [Iparraldekoek, leunagoa, 1789ko Frantziar Iraultza arte]. Data hura da, beraz, foruen abolizioaren adierazle; hots, Hegoaldeko euskal lurraldeen berezko Zuzenbide publikoa desagertzearen isla historiko-juridikoa. Ordu arte, euskal lurraldeek, Foru-eraentza disziplina-anitzaren baitan, izan dute berezko sistema judiziala, foruek ere argi jasotzen duten moduan. Atal honen bizkarrezurra hornitzeko, hiru azpiatal eraiki dira: lehenengoa, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako sistema judiziala bilduz; bigarrena, Nafarroako justizia administrazioa aztertuz eta, bukatzeko, hirugarrena, Iparraldeko euskal lurraldeena jasoz.

Beste foru-instituzioekin alderatuz, sistema judizialari bagagozkio, nabarmendua izan da batasuna urria dela hiru lurralde hauen artean. Sistema judizialek ezberdintasunak ageri dituzte euren artean, batasunarekin bateraezina ez den pluraltasuna nabarmenduz.

Bizkaia

Bizkaiko Jaurerrian, berezko foru-justizia administrazioak funtsezko garrantzia izango du, Bizkaiko foru-sistemaren ardatz diren hainbat elementu bermatuko baititu: kaparetasunaren babesa, norbanakoen eskubide eta bermeak mantentzea eta Bizkaiko berezko zuzenbidea aplikatzea, besteak beste. Hauek dira Bizkaiko sistema judizialaren oinarrizko ezaugarriak:

  1. Lehenbizi, kontuan hartu behar da Epaileen eta Tribunalen sistema ezberdina dela Bizkaia osatzen duten eskualde edo lurralde-eremuen arabera: Durango, Bizkaia 'nuklearra', Enkarterriak eta Hiribilduak. Maila honetan ere pluraltasuna nabarmena da.
  2. Bestalde, materia berak ezagutzeko eskumena duten hainbat instantzia judizial dagoela ere azpimarratu behar da. Honek sistema oso konplexua bilakatzen du, oso ugariak baitira Tribunal eta instantzia ezberdinen arteko eskumen-gatazkak, batez ere bigarren instantzian.
  3. Oso arrunta da, eskema horretan, helegite ugari aurkeztea instantzia bat baino gehiagotan. Horregatik, prozesuak asko luzatu egiten dira. Hau zuzentzeko, askotan instantzia kopurua mugatzera joko da.
  4. Batez ere Durangon eta Enkarterrietan, etengabeak dira etxekoek, lehenengo udal-instantzia mantentzearren, Korrejidoreen esku-sartzeen kontra eutsitako borrokak. Tira-bira hauen oinarria argia da: bizkaitarrek euren auziak bertako Epaile eta Tribunalek ezagutzea nahi dute, eta ez Epaile edo Tribunal arrotz batek. Alde batetik, etxekoek beti ezagutzen dutelako askoz ere hobeto bertako Zuzenbidea, antzinako ohituretatik eratorria. Bestalde, prozesu edo auzi bat kanpoan izateak gastuak dakarzkie bizkaitarrei: etxetik aldentzea eta, beraz, bertakoez zuzenean ezin arduratzea. Ideia hau Bizkaiko 1526ko Foru Berriak berak jasotzen du (VII. Titulua; I. Legea).
  5. Bizkaiak, halaber, Epaileen, Tribunalen eta euren laguntzaileen jarduera kontrolatzeko sistema bat ezartzen du, baita horiek euren ekimenengatik duten erantzukizuna ere (Foru Berria, IV. Titulua, I. eta II. Legeak).
  6. Azpimarratu beharra dago, bestalde, Bizkaian, banderizoen borroken garaian, Ermandade-Alkateak badaudela baina, borrokak amaitu bezain laster, desagertu egiten direla (XV. Mendean), Ermandadeak ez baitu loturarik mantenduko Jaurerriarekin. Horregatik, ez du jada Foru Berriak organo judizial gisa jasotzen, garai batean funtzio hori baduten arren.
  7. Azkenik, ezaugarri orokor gisa aipatzeke ezin utzi daiteke bizkaitarrek gorengo instantzia judizialetan duten 'babes' berezia. Espainiar estatuko Tribunalen historian zehar Valladolideko Kantzelaritzan bizkaitarrek duten Sala bereziarena kasu bakarra izango da. Bertako arduraduna den Epaile Nagusiak aditua izan behar du Bizkaiko zuzenbidean, eta soilik kasu horiek aztertzen ditu bere Salan (Foru Berria, XXIX. Titulua, III. eta X. Legeak). Epaile hori, halaber, bizkaitarrei Bizkaitik kanpo daudenean sortzen zaizkien prozedura zibilak eta penalak ezagutzeko eskumenduna da, beti ere euren kaparetasuna frogatzen badute. Eta froga hori izapidetzearen arduraduna ere, Epaile Nagusia izango da (FB, I. Titulua, XIX. Legea).

Bizkaiak dituen lehenengo epaileak, IX. mendetik aurrera eta XV. mende arte, honako hauek dira: PRESTAMERO NAGUSIA eta Gernikako Kongresu Orokorrak aukeratutako BOST MERINO, Bizkaiko bost merindadeetan justizia administratzeko hautatuak. Prestameroak arlo zibilean eta penalean eskuduntzak ditu eta Jaurerri osoan dauka jurisdikzioa. Merinoak epaiak exekutatzeaz arduratzen dira. Bizkaiko 1526ko Foru Berriak aurreko sistema horretatik abiatuz, honako hau marrazten du bere arauetan, beti ere Epaileak eta euren Laguntzaileak argi bereiztuz:

Epaileak:

  1. Burdinolen Alkateak;
  2. Bertako Alkateak;
  3. Enkarterrietako Udalbatzetako Alkateak;
  4. Hiribilduetako Alkateak eta Orduñako Hiriko Alkatea;
  5. Foru-Alkateak;
  6. Korrejidorearen Tenienteak;
  7. Korrejidorea;
  8. Bizkaiko Diputatu Orokorrak;
  9. Bizkaiko Epaile Nagusia.

Laguntzaileak:

  1. Prebosteak
  2. Prestameroak;
  3. Merinoak.

Gipuzkoa

Gipuzkoan, XV. menderako, badago foru-egitura judiziala finkatua. Analisia laburtzeko, honako aspektu hauek azpimarratzen dira:

  1. Udal-justizia administrazioa
  2. Ermandadeko Alkateak
  3. Jurisdikzio bereziak
  4. Probintzia-justizia administrazioa

Udal-justizia administrazioa

Epaile arbitroak: Ekitatez arazoak konpontzen dituzten arbitroak dira, ez epaileak. Auziko alderdiek aukeratzen dituzte euren kasua ebazteko, bide judiziala ekiditearren. Erdi Aroan eta Aro Modernoan garrantzi handia hartzen dute. Epaile 'ofizialekin' batera osatzen dute arazoak ebazteko euskarri juridikoa eta batez ere arlo zibilean betetzen dute euren jarduera.

Ohiko Alkateak: Gipuzkoako hiribilduetan lehenengo instantziaz arduratzen dira hauek, arlo zibilean zein penalean, Korrejidorearekin batera. Udalerriko zenbait auzokok aukeratzen dituzte, "milarrak" eta "formazioa" dutenek. Epaimahai batek eta prebosteek laguntzen dituzte Alkate horiek. XVI. mendetik aurrera, ugariak dira Batzar Nagusiei egiten zaizkien eskaerak, Korrejidoreek Alkate horien lehenengo instantziako eskumena errespeta dezaten.

Auzo-Alkateak: Hiribilduekiko dependentzian dauden herrien edo auzoen Alkateak dira. Auzo horietan aukeratzen dituzte eta dagokion Ohiko Alkateak izendatzen ditu. Euren jarduera Ohiko Alkateek delegatzen dizkien eskumen batzuk exekutatzean datza, Zuzenbide zibilaren eremuan eta kantitate gutxiko auziei dagokienez. Alkate hauek desagertuko dira auzo eta herri horiek hiribildu bilakatzen doazen neurrian.

Alkate Nagusiak eta Alkate Nagusien Tenienteak: Hiribilduetan funtzio judiziala Ohiko Alkateen eskuetan erortzen den bitartean, Alkate Nagusiek Gipuzkoako Alkatetza Nagusietan betetzen dituzte funtziook. Udalerriak dira, Alkatetza Nagusi hauek, 'Unibertsitate' ezberdinez osatuak, Batzar Nagusietan ordezkaritza bakarra eta bateratua dutenak (Areria, Sayaz eta Aiztondo, adibidez). Erregeak izendatzen ditu eta normalean udalerritik kanpo bizi direnez, Tenienteak izendatzen dituzte euren izenean jarduteko.

Ermandadeko Alkateak

Zigor arloan eta gaizkileak atxilotzeko sortzen dira Ermandadeak lurralde askotan, jakina den bezala. Foruetan jada jasotzen diren zigor arloko arauak indartzeko eta exekutatzeko organo judizial kolektibo gisa, alegia. Alkate hauek epaileak dira, beraz, Ermandadearen eskumenpean sartzen diren kasuak ebazteko izendatuak: indarkeria, erailketa, lapurreta, sutea eta Elizetan lapurtzea). Lurralde eremuari bagagozkio, 'partiduetan' banatzen dira. Partidu bakoitzak Ermandadeko Alkate bat dauka, Ermandadeak daukan jurisdikzioa aplikatzeko. Eurek izapidetzen duten prozedura oso laburra da eta epaiak oso zorrotzak eta eraginkorrak. Batzar Nagusiek gertutik jarraitzen dituzte Ermandadeko Alkateek emandako epaiak eta zenbaitetan zuzendu ere. Apelazioan, Ermandadeko Alkateek emandako epaiak Erregeak bakarrik ezagutzen ditu, edo eta honek izendatutako Batzordeak. XVII. mendean desagertuko dira, beharrezkoak izateari uzten diotenean.

Jurisdikzio bereziak

Garrantzitsuenak hauexek dira:

Burdinoletako Alkateak: Urtero burdinoletako jabeek euren artean izendatutakoak dira, inolako forma jakinik gabeko prozedura jarraituz euren arteko gatazkak konpontzeko. Gatazkak, gehienetan, zibilak dira. Pixkanaka figura hau ahultzen joango da, burdinoletako jabeek eta langileek nahiago izango baitute Korrejidorearen Tribunalera joatea euren liskarrak ebazteko. Korrejidoreak absorbituko ditu Alkateok.

Saka-Alkatea: Gipuzkoak dauzkan jurisdikzio berezietatik garrantzitsuena hau da. XV. mendean agertzen da figura hau eta Erregearen errentak defendatzeko sortzen da: atzerrira zenbait ondasun ateratzea eta bertatik beste batzuk sartzea debekatuz.Urte beteko kargua da eta Batzar Nagusiek izendatzen dute. Laguntzaileak izango ditu eta mugetan egongo da ondasunon inportazioak eta esportazioak kontrolatzeko, baita, nolabait, kontrabandoa ikuskatzeko ere. Azkenean Irunen jarriko du bere erresidentzia, eta bertan kartzela propioa ere izango du, baita letradu baten aholkularitza ere. Bere epaiak bakarrik apelatu ahal izango dira Gaztelako Kontseiluaren aurrean, eta bere kargua bukatzean, Batzar Nagusien aurrean kontuak eman beharko ditu.

Indietatik Heldutakoaren Epailea: Donostian kokatzen da eta Indietatik etorritako itsasontzien kontrola darama. Bere epaiak Indietako Kontseiluaren aurrean bakarrik apelatu daitezke. Bere funtzioa beste epaile batek absorbituko du XVIII. mendeko bukaeratik aurrera: Donostiako Itsaso Komisarioak. Saka-Alkatearen funtzioak errespetatuko ditu, baina lur- eta itsaso-kontrabandoaz aritzen den epailearen funtzioak bere baitan hartuko ditu.

Erret Armen Komandantea edo Kapitain Orokorra: Bizkaian eta Araban ez da existitzen figura hau baina Gipuzkoan garrantzitsua da. Hondarribian eta Donostian kokatuko da. Jurisdikzio militarra dauka. Eskumen-liskar handiak izango ditu ohiko epaileekin, eta 1544ko Konkordiaz geroztik, bere esku geratuko dira militarrek euren artean dauzkaten auziak konpontzea. Aldiz, militarrek zibilekin dituzten liskarrak ezagutzeko, eskumena mistoa izango da ohiko epaileekin batera. Elkarrekin jardungo dute kasu horietan.

Probintzia-justizia administrazioa

Probintzia osoan jurisdikzioa duten kargu judizial garrantzitsuenak, Korrejidorea eta Batzar Nagusiak izango dira. Hauek, Bizkaian ez bezala, funtzio judizialak izango dituzte:

Korrejidorea: Jakina da Korrejidorea Erregearen ordezkaria dela probintzian; funtzio politiko, militar eta judizial garrantzitsuak bere esku dituena, alegia. Lehenengo instantzian eskumena izango du, Alkateekin batera, kasu zibilak eta penalak ezagutzeko, nahiz eta bere funtzio ezagunena, Ohiko Alkateek emandako epaien apelazioa ebaztea izan. Korrejidorearen epaiak Valladolideko Kantzelaritzaren aurrean errekurri daitezke. Korrejidorearen Tribunala ibiltaria da Gipuzkoako lau hiribilduren artean: Donostia, Azpeitia, Azkoitia eta Tolosa. Hiribildu bakoitzean Tribunalak ematen duen denbora ere aldakorra izan da garaiaren arabera: hiru hilabete hasieran, gero sei, urte bete eta, azkenik, hiru urte. Laguntzaile ugari izango ditu Korrejidoreak eta kargua bukatzean, Batzar Nagusien aurrean kontuak eman beharko ditu. Kargu honek XIX. mende arte iraungo du, berezko sistema judiziala abolitu egiten duten arte.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak: Eskumen judizialak izango dituzte: a) Ermandadeko Alkateen jarduera eta epaiak ikuskatzea edo eta zuzentzea; b) Zenbait auzi ezagutzea, batez ere herri, auzo, unibertsitate eta auzo-batza ezberdinen artekoak direnean, edo eta pertsona asko tartean biltzen dituztenean; c) Gipuzkoatik kanpo gipuzkoarren kontra egindako delituak ezagutzea; d) Sorginkeria; e) Kargu publikoen kontrako delituak; e) Eskriturak faltsutzea. Kasu guzti hauetan eskumena esklusiboa da eta soilik apelatu daitezke epaiak Gaztelako Erregearen edo eta bere Kontseiluaren kideen aurrean.

Araba

Ibilbide kronologikoa abiapuntu hartuta, Arabak mendetan zehar izan duen sistema judiziala laburbiltzen saiatuko gara atal honetan, kontuan izanik, beste lurraldeek baino lehenago galdu zituela berezko ezaugarriak, Gaztelako justizia administrazioa ia lurralde osoan gailenduz. Azter ditzagun, laburki, ezaugarriok:

Arriagako Kofradia: Erdi Aroan zehar, 1332. urte arte, Gaztelako Erregearen jurisdikzioarekin batera Arriagako Kofradiarena dago indarrean, bakoitza bere lurralde-eremuan. Arriagako Kofradiaren jurisdikzio-eremuan Erregearenak ez dauka eskumenik; funtzio judiziala Kofradiako Jaunak dauka, zuzenean edo ordezkari bidez (Prestameroa, Arabako Alkateak edo Epaile Unibertsalak), kasu zibilak zein penalak ezagutzeko. Bertako zuzenbidea aplikatzen dute eta apelazioa Justizia Nagusiaren aurrean egiten da, euretariko bat baita kargu hori daukana. Kofradia 1332. urtean desagertzen da, borondatez bere burua entregatzen baitio Gaztelako Koroari. Geroztik Gaztelako sistema judiziala aplikatuko da ia Araba osoan, Aiarako lurraldea kenduta, berezko Forua baitu. Hala ere, Borondatezko Entregan argi galdatzen dute arabarrek, Gaztelako sistema indarrean jarri arren, euren kasuak epaituko dituzten epaileak bertakoak izan behar dutela.

Ermandadea: Araban ezin utzi daiteke aipatzeke Ermandadea. Zigor arloan dihardu batez ere, jakina den bezala. Arabako lurraldean garrantzi handia hartzen du Ermandadeak. Bere baitan, Ermandadeko Alkateak daude, Ermandadearen jurisdikzioan funtzio judiziala dutenak. Prokuradoreak eta Komisarioak ere egongo dira Ermandadean, Alkate horiek izendatzeko, euren jarduera ikuskatzeko eta, beharrezkoa bada, emandako epaiak zuzentzeko. Batzar Nagusiek ere funtzio hori egikarituko dute Ermandadeari dagokionez. Herri bakoitzak Ermandadeko Alkate bat izango du eta denak egongo dira Arabako Ermandadearen barruan. Hauen epaiak Diputatu Orokorraren aurrean errekurritzen dira.

1) Ohiko Alkateak: Bere lurralde-eremuan lehenengo instantziaz arduratzen dira: auzokoek aukeratzen dituzte, Jaurerrietan izan ezik, Jaunak izendatzen baititu zuzenean edo eta, auzokoek aukeratuta, Jaunak berretsi. Aro Modernoan, aholkulariek lagunduta emango dituzte euren epaiak.

2) Alkate Nagusiak, Justizia Nagusiak edo Gobernadoreak: Arabako Jaurerrietan jarduten dute eta Jaunak izendatzen ditu Jaurerri osoko lurraldean aritzeko. Jauna ordezkatzen dute eta astero audientzia publikoan betetzen dute euren funtzio judiziala, lehenengo instantzian zein apelazioan. Euren epaiak Valladolideko Kantzelaritzan errekurritu behako dira.

3) Diputatu Orokorra: Araban ez da Korrejidorerik egongo, beraz, Diputatu Orokorrari dagozkio hari beste lurraldeetan dagozkion funtzioak. Ermandadeko autoritate gorena dugu: Ermandadeko Alkateen jarduera ikuskatzen du eta euren epaien apelazioa ezagutzen du. Formazio handiko pertsona, bere epaiak apelatuak izan arren exekutatzen dituena eta, denborarekin, lehenengo instantzia ere bere esku hartuko duena. Pribilegio gisa, bere epaiak errekurrituak izan daitezke soilik Erregearen edo Kontseiluaren aurrean, ez Valladolideko Kantzelaritzan.

XIX. mendean foru-sistema judizialak zuzenean egiten du talka Gaztelako Tribunalen antolakuntza berriarekin. Foru-ezaugarriek zailtasun handia topatzen dute Gaztelako sistemarekin bateragarriak izateko orduan, izan ere, Koroak, Konstituzioetan behin eta berriz ezarritako oinarrizko printzipioek argi adierazten duten bezala, estatuaren subiranotasuna, botereen arteko banaketa eta jurisdikzio batasuna aldarrikatuko baititu.

Valladolideko Kantzelaritza desagertzen da 1834ko Erreformaz geroztik: Bizkaia Sala desagertzen da, noski, eta hiru lurraldeen azken instantzia Burgoseko Audientziara eramaten dute. Egungo Espainiako Auzitegi Gorena sortzen da 1894an. Sistema berri horretan, Bizkaiko eta Gipuzkoako Korrejidoreen lana kolokan jartzen da: lehenengo instantziako epaitegiak sortuko dira eta epaile profesionalen esku jarriko dira, euskal Alkateen eskumenak desagerraraziz. Aldaketa progresiboa izango da (Gerra Karlistak tartean), baina behin-betikoa.

Atal honetan, Nafarroako berezko sistema judizialari bagagozkio, eta SALINAS QUIJADA-ren analisia abiapuntu hartuta, bi aro ezberdinduko ditugu:

1) Goi Erdi Aroa: Elizaren jurisdikzioa eta jurisdikzio feudala alde batera utziz, Erret Kuria agertzen da funtsezko instituzio judizial gisa. Erregeak ezagutzen ditu auziak eta Kuriak Erregea laguntzen du funtzio horretan, beste instantziek konpondu eziniko kasuei bagagozkio (nobleen arteko liskarrak, eliztarren artekoak eta mistoak, batez ere). Erret Kuria izango da geroago sortuko den Tribunalen sistemaren enbrioia. Kuriarekin batera, Batzar edo Asanblada Judizialaz ere hitz egin behar da, justizia administrazioaren sistema osoaren abiapuntua, alegia. Hasiera batean herritarrek osatzen dute, gero Erregeak edo Jaunak izendatutako epaileek. Aldeen alegazioak, frogak eta ebazpena emateaz arduratzen da.

2) Behe Erdi Aroa eta Aro Modernoa: Mailakatuagoa agertzen da jada sistema judiziala. Ikus dezagun.

1. Ohiko Alkateak: Udalerrietako epaileak dira, lehenengo instantzia euren esku dutenak, garrantzi gutxiko kasu zibil eta penalak ezagutzeko. Printzipioz, erregeak izendatzen ditu, baina udalerri batzuek euren epailea izendatzeko pribilegioa daukate. Alkate edo epaile horiek astero hirutan audientzia publikoa ospatu behar dute eta epaiak Erregeak onartu behar ditu. Ohiko Alkate hauen gainetik, Alkate Nagusiak egongo dira (Jaurerrietan izango dute jurisdikzioa eta Jaunak izendatuko ditu), hiribilduetako arduradunak dira eta inguruko herri eta auzo askoren gaineko jurisdikzioa dute, kasu zibilak eta penalak ezagutzeko eskumendunak.

2. Erret Gortea edo Gorte Nagusia: Tribunal bat da eta XIV. mendean agertzen da lehenengoz. Lau Alkatek edo Epailek osatzen dute: batek Erregea ordezkatzen du, besteak Eliza, besteak Noblezia eta azkenekoak hiribilduak. Bi Salatan antolatzen dira. Lau Notario, Prokuradore Fiskala eta justizia-exekutatzaileak daude bertan lanean, halaber. Ohiko Alkateen eskumena gainditzen duten kasuak ezagutzen dituzte lehenengo instantzian eta baita horiek emandako epaien apelazioa. Nafarroa Gaztelaren esku jausten denean ia berdin mantenduko da Gorte edo Tribunal hau, aldaketa larregirik gabe. Gorteak emandako epaiak Erret Kontseiluaren aurrean errekurritu ahalko dira.

3. Nafarroako Erret Kontseilua: Funtzio politiko garrantzitsuak betetzeaz gain, 1450ko Oliteko Gorteez geroztik, Nafarroako Auzitegi Gorenaren funtzioak eskuratzen ditu, hots, kasu zibil eta penal guztien azken instantzia, alegia. Kontseilua osatzen dute: Arduradunak, sei Epailek eta Erregeak aukeratutako lau Alkatek. Arduraduna eta bi Epaile Erregeak izendatuko ditu, eta ez dira Nafarrak izango. Kontseiluak sala ezberdinak izango ditu, baita, funtzionatzeko orduan, plenoa eta batzorde murriztua ere.

Sistemaren abolizioa, beste Hegoaldeko euskal lurraldeekin gertatzen den bezala, XIX. mendeko prozedura arloko erreformaz geroztik gauzatzen da. 1834ko urtarrilak 29ko Erret Dekretuak Audientziak sortzen ditu eta, aurreko azpiatalean aipatu dena hemen errepikatuz, 1894ko martxoak 24ko Erret Dekretuak egungo Espainiako Auzitegi Gorena. 1834ko apirilaren 21eko Erret Dekretuak partidu judizialak sortzen ditu eta ordu arte Alkateen esku dauden eskumen judizialak epaile profesionalei esleitzen zaizkie. Orobat, 1835eko irailaren 26ko Erret Dekretuak Justizia Administrazioari buruzko Behin-behieneko Erregelamendua onartzen du. Nafarroako Erret Kontseiluak izena mantentzen du baina, errealitatean, Audientziek izango dituzten eskumen berak izango ditu. Probintziako Tribunal Gorena izango da, finean.

Estatuak Nafarroarentzat egindako 1841eko abuztuaren 16ko Hitzartutako Legeaz geroztik, Nafarroan estatuaren sistema judiziala gailenduko da. Prozedura eta auzitegien antolaketa estatuak lurralde osorako sortutakoa izango da. Negoziatzaileek soilik lortuko dute Audientzia Iruñean geratzea eta estatu osorako Kode Orokorrak egin arte, Nafarroak bere legedia mantentzea. Adituen iritziz, Erreinu bat izatetik probintzia soila izatera pasako da Nafarroa.

Hiru lurraldeen berezko sistema judizialaren azterketa banan-banan burutuko dugu, izenburuan lurraldeok aipatutako ordena jarraituz.

Lapurdi

Erdi Aroan, Lapurdiko Bailean, sistema judiziala Baileko Tribunalak ezaugarritzen du, Baileak presiditutako Tribunala, alegia. Kuriaren oinordeko (hasiera batean, bederen, herri-ordezkaritza daukana), Uztaritzeko Gaztelu parean dauka egoitza. Funtzionario judizialek osatzen dute, Zuzenbidean jakitunak. Presidentea, aldiz, Bailea, noble bat izan ohi da, Erregearen ordezkaria eta zuzenbidean ezagupenik gabea. Bere eskumenak justizia arlokoak eta militarrak dira. Horregatik, laster utziko ditu bere eskumenak Teniente Orokorraren esku: hau bai, zuzenbidean aditua izango da eta, denborarekin, bere kargua instituzio bilakatuko da, 1493tik aurrera berak presidituko baitu, izatez, Baileko Tribunala.

XV. mendetik aurrera, bi Teniente izendatuko. Bata kasu zibilak ezagutzeko, eta bestea kasu penalak eramateko. Ziur asko ez da beharrezkoa egiten, Lapurdin sortzen diren kasuak ebazteko, bi Teniente izendatzea. Adituek diote Frantziar Monarkiak kargu horiek, dirua ateratzearren, salgai jartzen dituela eta familia ahaldunek erosi egiten dituztenez, hori dela bi kargu egotearen arrazoia, ez Tribunalaren beharra bera. Horregatik, 1757. urtean bikoiztasuna desagertu eta Tenientea berriz bakarra izatera igarotzen da, Hody familiaren eskutik. Belaunaldiz belaunaldi, familia ahaldunek izango dute kargu hau euren esku, benetako epaile-dinastiak sortuz.

Tenientea da, beraz, Tribunalaren benetako presidentea. Erregeak izendatuko du Biltzarrak eskainitako hiru izenen artean. Esperientziadun abokatuen aholkularitza izango du, hauek harekin batera ospatuko baitituzte epaiketak. Erregearen Prokuradoreak eta Erregearen Abokatuak ere badute bertan bere funtzioa erregearen ordezkari gisa eta bestelako funtzionarioak eta laguntzaileak ere bilduko ditu Tribunalak. Tribunalaren eskumena lehenengo instantzian oinarritzen da, kasu zibilak eta penalak ezagutzeko. Tenientearen epaiak errekurritu ahal izango dira Lanneseko Seneskalaren aurrean, Baionan kokatua. Eta, azken instantzia, Bordeleko Parlamentua izango da.

Behe Nafarroa

Behe Nafarroako sistema judizialari buruz ari garenean, etapa ezberdinak bereiztu behar dira:

1) 1512. urtea baino lehen: Behe Nafarroa, etapa honetan, Nafarroaren parte da. Nafarroa da. Ez dago lurraldea bitan zatituta. Bakarra da. Garai honetan hiru jurisdikzio existitzen dira autoreen iritziz: Alkate txikia edo merkatuko Alkatea, herritarren auziak lehenengo instantzian ezagutzen dituena; Alkate Nagusia, beste horien epaien apelazioa ezagutzen duena; eta Erret Gortea, nobleen auziak ezagutzen dituen Tribunala, hamabi gizon aberatsek osatua eta Gorteko Alkateak presiditua.

2) 1512. urteaz geroztik: Nafarroako erregeek berrantolatu behar izango dute sistema judiziala egoera berrira egokitzeko, Nafarroa Garaia Gaztelaren esku geratzen baita. Hala, Nafarroako Kantzelaritza sortzen dute, Iruñeko Gortearen hutsa betetzeko. Urte horretatik hasita eta 1620. urte arte, Pauen Nafarroako Parlamentua sortzen den arte, sistema judiziala horrela antolatzen da: Bailaratan edo eta estatuetan (herrialdeetan) banatzen diren lurraldeetan, justizia administrazioa organo judizialek eramango dute, Erregearen ordezkariek edo eta euren Tenienteek (herriak aukeratutakoak eta epaile batek edo bik lagunduta) presiditutakoak. Lehenengo instantzian kasu zibilak eta penalak ezagutzen dituzte eta euren epaien apelazioa Nafarroako Kantzelaritzan burutuko da. Hiribilduek euren epaimahaiak izango dituzte (Jurats) eta nobleen arteko auziak zuzenean Nafarroako Kantzelaritzan ezagutuko dira. Jaurerriek, halaber, euren jurisdikzioan eskumena izango dute, berezko funtzionarioek eramana. Bestalde, 1611ko Foruak epaileen laguntzaile mordoa izendatzen ditu: Kartzelariak, Atezainak eta Notarioak, nafarrak eta euskaldunak izan behar dutenak, gainera. Azken instantzia Nafarroako Kantzelaritzak ezagutuko du, esan bezala. Erregeak izendatutako funtzionarioek osatzen dute: Presidenteak, Kantzelariordeak, sei Kontseilarik, Abokatu Orokorrak eta Prokuradore Orokorrak.

3) Luis XIIIak 1620an aldarrikatutako Batasun Ediktuaz geroztik: Frantziar Koroak eskuratzen ditu Nafarroako eta Bearneko lurraldeak Ediktu honen bidez. Nafarroako Kantzelaritza desagertzen da eta Pauen kokatuko den Parlamentu subirano bakarrean batzen da Bearneko Kontseilu subiranoarekin. Nafarrak neurri honen aurka jardungo dira baina ez dute euren instituzioa mantentzea lortuko. Egingo zaien kontzesio bakarra Parlamentu berriak euren izena eramatean datza: Nafarroako Parlamentua. Organo hau izango da Behe Nafarren, Zuberotarren eta Bearnetarren azken instantzia judiziala Frantziar Iraultza iritsi eta berau ezabatu arte. Organo honen sorrerarekin Nafarren oinarrizko printzipio bat betiko galtzen da: Nafarrak Nafarroan epaituak izatea eta epaileak ere nafarrak izatea. Pauen kokatzen den organo berria zuzentzen dutenak ez dira euskaldunak izango eta nafarrek hara joateko gastu guztiak jasan beharko dituzte. Arazo hauek konpentsatzeko, Luis XIIIak Saint-Palaiseko Seneskaltza sortzen du, baina azken instantzia Nafarroako Parlamentua izanik, arazoak ez dira konponduko.

Zuberoa

Zuberoako Tribunal ezagunena Lixarreko Gortea da, Lixarreko intxaurrondopean betidanik bildutakoa eta, ziur asko, Bizkondearen Tribunalaren oinordekoa. Presidentea, Mauleko Kapitai-Gaztelaua da, arlo zibilean zein penalean eskumen unibertsalak izango dituena. Presidentearekin batera, Tribunala Zuberoako hamar Jaurerri garrantzitsuenetako Jaunek osatzen dute (zortzi egunero sesioetara joan behar dutenak), baita berrogeita hamar lur-jabek ere (lau sesioetatik batera soilik joan behar dutenak). Denborarekin, presidente lanak honen Tenienteak beteko ditu. Erregeak izendatutako Notarioa ere egongo da, baita funtzio judizialak betetzen dituzten Mezulariak ere. Gortearen jurisdikzioarekin batera, beste jurisdikzio bereziak ere badaudela aipatu beharra dago, beste euskal lurraldeetan gertatzen den bezala.

Lixarreko Gorteak emandako epaiak apelatzeko, bi aukera izango ditu errekurritzaileak: Daxeko Gortera edo Lanneseko Seneskalaren Gortera joatea. Azken instantzia, hauen ondoren, Guyenneko Epaile Nagusia (Zuberoa ingelesen menpe dagoen bitartean) edo eta Bordeleko Parlamentua izango dira (azken hau Zuberoa frantsesen menpe dagoenean). Saiakera bat baino gehiagoren ostean, 1691an Frantziar Erregeak -'Matalaz' erreboltaren ondorioz-, azken instantzia Nafarroako Parlamentuan kokatuko du. Zuberotarrak Nafarroako Parlamentuaren aurrean euren ohiturak defenditzen jarraituko dute, 1731an Frantziar Koroak debekatzen dituen arte, 'Cartas Patentes' delakoak derrigorrez aplikaraziz. Foruen kontrako ofentsibak Lixarreko Gortea kentzea lortuko du, azkenean.