Kontzeptua

Foru-kasazioa

Kasazio helegitea, ez-ohiko helegitea da. Ez-ohikoa da, errekurrigarriak diren ebazpenak mugatuak direlako eta ebazpenok aurkatzeko kausak esanbidez legegileak berak aurreikusten dituelako. Bere helburua ebazpen zehatz bat baliogabetzea da, soilik arau bat urratzen duenean, materiala edo prozedurazkoa; baina helegitea ezagutu behar duen ad quem organoak egitateak eta frogak birbalioesteko aukerarik eduki gabe, hauek lehenengo eta bigarren instantziako organoei baitagokie.

Tradizionalki, kasazio helegitearen funtzioa 'nomofilaktikoa' izan da, hots, legebiltzarrak estatu osorako onartutako legeen aplikazio zuzena bermatzea. Espainiako Konstituzioko 123.1. artikuluak Espainiako Auzitegi Gorenari esleitzen dio eskumen hori, alegia. Frantziar estatuan sortzen da Auzitegi Gorenaren figura -Erret Kontseilua aitzindari duena-, hain zuzen ere, estatu osorako diren legeen aplikazio zuzena bermatzeko; horretarako beheko instantzietako organoek emandako epaiak 'kasatu' edo 'apurtzeko' ahalmena izanik. Funtzio nomofilaktikoarekin batera -eta auziperatuak babesteko funtzioaz gain-, kasazio helegitearen bitartez legeen interpretazio uniformea eta bateratua bilatzen da, Auzitegi Gorenaren jarraikako epaiek sortutako jurisprudentzia-doktrina dela medio. Autoreen iritziz, funtzio honekin EK-ko 9.3. eta 14. artikuluek, hurrenez hurren, aldarrikatzen dituzten ziurtasun juridikoa eta berdintasun printzipioak bermatzen dira. Hala, beheko instantziako organo judizialek ez badute Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia-doktrina jarraitzen, auziperatuen artean ezberdintasunak eraginez, hark epaiok baliogabetu ditzake. Praktikan, hala ere, kasazio arteko bidea oso luzea izaten da eta Auzitegi Gorenak ezin dio auzi bolumenari garaiz erantzun. Ugaritu dira, ondorioz, Konstituzio Auzitegiaren aurrean aurkeztutako babes helegiteak, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluan jasotzen den berdintasun printzipioa hausteagatik.

Ez-ohikoa ere bada, gaur egun, kasaziozkoarekin eta babes helegitearekin batera, prozedurazko arau-hauste helegitea. Izatez, 1881eko PZLan kasazio helegiteak bi modalitate zituen: arau-hauste materialagatikoa eta prozedurazko arau-hausteak eragindakoa. Indarrean dagoen 2000ko PZLk bi helegite atera ditu aurretiazko bi modalitate haietatik: arau-hauste materialari kasazio helegitea dagokio (477-489. art) eta prozedurazko arau-hausteari berariazko helegitea (468-476. art). Araudi honetan jaso egiten da autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusiek bi helegite hauek ezagutzeko duten eskumena (468 eta 478. art), baina, oraindik, prozedurazko arau-hausteagatiko ez-ohiko helegitea ezagutzeko eskumena ez zaie Auzitegioi onartu.

Eskumen falta hori dela eta, Espainiako Senatuan Talde Popularrak aurkeztutako 306. emendakina onartuta, EZLko 16.2. Azken Xedapenak, behin-behineko prozedurazko eraentza biltzen du ez-ohiko helegiteei buruz, egun aplikagarria dena BJLOren erreforma gertatu bitartean. Espainiako Auzitegi Gorenaren Lehenengo Salak, halaber, 2000ko abenduaren 12an, zenbait irizpide onartzen ditu kasazio zein ez-ohiko prozedurazko arau-hauste helegiteen izapidetzeari dagokienez, EZLko 16.2. Azken Xedapenak jasotzen duena barne. Azter ditzagun irizpideok eta behin-behineko eraentza hori, beti ere ponentzia honetan jorratzen dugun gaiari lotuta.

Kasazio helegite zibila ezagutzeko eskumena bi organok dute: Espainiako Auzitegi Goreneko Lehengo Salak (BJLOko 56.1 eta EZLko 478.1. art) eta autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusietako Zibil eta Penal Salak; azken kasu honetan, beti ere kasazio autonomikoari dagokionez, hots, autonomia erkidegoak duen berezko ordenamendu zibila urratzetik eratorritako helegiteei gagozkiola (BJLOko 73.1. a); EZLko 478.1.II. art). Bi organoen arteko eskumen banaketa, beraz, errekurritu egiten den epaiak urratutako arau juridikoaren araberakoa izango da: estatu osorako komunak diren arauak urratuak izan badira, merkatal arlokoak zein zibilak, EAGk izango du eskumena; aldiz, zuzenbide zibil autonomikoa osatzen duten arauak urratu badira, edo eta hauetariko batzuk komunak diren beste batzuekin batera, eskumena JANei dagokie. Azkenik, urratu den araua konstituziozkoa bada, eskumena, beti ere, EAGrena izango da. Eskumen funtzionala jasotzen duten arauak ez dira xedagarriak.

Derogatua dagoen 1881eko PZLk arautzen zituen, kasazio helegitearen kausen edo arrazoien artean, batetik arau materiala haustea ("in iudicando") eta bestetik, formazko akatsengatikoa ("in procedendo"). Indarrean dagoen PZLk binomio hau hautsi egiten du eta bigarren kasazio modalitatea errekurtso berri batera bideratzen du, jakina den bezala: prozedurazko arau-hausteagatiko ez-ohiko helegitea. Beraz, egun indarrean dagoen legediari begira, kasazio helegitea soilik tarteratu daiteke arau material bat hautsi egin denean, komuna edo autonomikoa. Beraz, kasazio helegiteak Probintzia Auzitegiak emandako epaia errekurrituko du, bere baliogabetzea eskatuz, beti ere errekurtsoaren bidez epaileak, arau materiala zehazterakoan, interpretatzerakoan edo egitateei aplikatzerakoan izan dituen akatsak adieraziz (PZLko 477.1. art). Prozedurazko arauak izan daitezke errekurtsoaren arrazoiaren parte ere, baina beti kasazio materialarekin batera aurkezten badira, hots, arau materialen urratzearekin lotuta. Bestela ez da kasazio helegitea onartuko. Izatez, ikusi den bezala, PZLko 16.1.1. Azken Xedapenak zehazki aurreikusten du autonomi erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusiek ezagutu behar dituzten kasazio helegiteetan posible dela prozedurazko arau-hausteengatiko ez-ohiko helegitea gehitzea, nahiz eta honek, printzipioz, BJLOko 56.1. artikuluaren xedapena urratu. Praktikan, beraz, prozedurazko arau-hausteak ere ikus ditzake JANk, beti ere kasazio materialarekin batera aurkezten badira (PZLko 469. artikuluak zerrendatzen dituen kausak oinarri hartuta). Eta, guri dagokigunez, urratutako prozedurazko arauek, berezko Zuzenbide autonomikoa osatzen badute, EK-ko 149.1.6. artikuluari jarraiki.

Printzipio orokor gisa, kasazio helegitea dela medio errekurrigarriak dira, bigarren instantzian Probintzia Auzitegiek emandako epaiak; ez, aldiz, autoak edo auto gisa atera beharko liratekeenak, lehenengo instantzian emandakoaren arabera. Epai errekurrigarri haien baliokide izango dira atzerriko epaien onartzearen eta exekuzioaren kontrako errekurtsoak askatzen dituzten ebazpenak, 1968ko abenduaren 27ko Bruselako Hitzarmenaren arabera.

Baina Probintzia Auzitegiek apelazioan emandako epai guztiak ez dira kasazioan errekurrigarriak izango. Hala, EZLko 477.2. artikuluan aipatzen diren hiru kausetariko batek egon behar du helegitearen oinarrian: (1) Oinarrizko eskubideen babes judiziala bermatzeko prozesuetan ematen badira, EK-ko 24. artikuluan jasotakoa kenduta; (2) Auziaren objektuaren kantitateak 150.000 euro gainditzen baditu; (3) Helegitea ebazteak kasazio-interesa agertzen badu. Hiru kasu hauek ez dira euren artean bateragarriak. Errekurritzekotan, hiru arrazoietatik bakarra hautatu beharko du interesdunak eta, behin aukeratuta, Auzitegiak ezin izango du beste batekin ordezkatu edo beste kausa batera bideratu.

Halaber, EZLko 477.3. artikulua arduratzen da kasazio-interesa noiz agertzen den zehazteaz. Helegite batek kasazio-interesa izango du:

1) Errekurritutako epaiak Espainiako Auzitegi Gorenak emandako jurisprudentzia-doktrinaren kontra egiten badu [gutxienez EAGren bi epai aipatu beharko dira helegitean eta errekurritutako epaiak zein puntutan eta zentzutan urratzen duen jurisprudentzia hori];

2) Errekurritutako epaiak jorratzen dituen aspektuekiko Probintzia Auzitegien jurisprudentzia kontraesankorra badago [Probintzia Auzitegi ezberdinei buruz ari gara, edo eta Auzitegi bera osatzen duten bi atal ezberdinek emandakoak; bakoitzeko bi epai irmo beharko dira, aspektu juridiko jakin bati buruzko jurisprudentzia jasotzen dutenak eta helegitean kontraesana zein den argi azaldu beharko da, kasuak antzekoak izanik] edo eta bost urte baino gutxiago indarrean daramaten arauak aplikatzen baditu eta, azken kasu honetan, ez balitz egongo oraindik Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarik eduki bereko edo antzeko aurretiazko arauekiko [dies a quo: araua indarrean sartzen deneko data; dies ad quem: errekurritutako epaiaren data];

3) Kasazio helegitea autonomia erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezagutu behar badu, kasazio-interesa egongo da, baita ere, errekurritutako epaia Auzitegi horren jurisprudentzia-doktrinaren kontrakoa bada edo eta doktrinarik ez badago, autonomia erkidego horrek duen berezko ordenamendu zibilari bagagozkio. Gogora dezagun, puntu honetan, EZLko 478.1.II. artikuluak dioena: Zuzenbide zibilari bagagozkio, kasazio helegitea ezagutzeko eskumena Espainiako Auzitegi Goreneko Lehenengo Salak dauka. Hala ere, autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusietako Zibil eta Penal Salek kasazio helegitea ezagutu ahal izango dute, beti ere, helegitea, epaiak autonomia erkidego horren berezko ordenamendu zibila osatzen duten arauak urratu dituelako tarteratu bada, eta autonomia estatutuan eskumen hori aurreikusi bada.

Laburbilduz, beraz, kasazio helegitea honako kausak direla medio aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusietan:

1) Auziaren objektuaren balioak 150.000 euro gainditzen baditu, eta ohiko epaiketaren objektua izan bada. Ezingo dira kasazio bidez ebaluatuezineko kantitateei buruzko epaiak errekurritu, ahozko prozeduran edo prozedura berezietan eman direnean. Azken hipotesi hauek soilik eskuratuko dute kasazioz errekurritzeko bidea, kasazio interesa baldin badute. Autonomia Erkidegoek kasazio gutxiago ezagutu ditzaten ahalbidetzen duen neurria edo filtro argia litzateke honako hau, berezko Zuzenbide zibila osatzeko eta berrindartzeko traba teknikoa, alegia.

2) Kasazio interesa baldin badu auziak, hots: 1) Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia urratzen badu; 2) Probintzia Auzitegien jurisprudentzia batasuna hautsi egiten badu; 3) Bost urte baino gutxiago indarrean daramaten arauak badira errekurritutako epaiarekin urratu direnak.

3) Zuzenbidea autonomikoaren corpusa osatzen duten prozedurazko arauak ere errekurri daitezke ez-ohiko prozedurazko arau-hausteagatiko helegitearen bidez, baina beti ere kasazioz errekurrigarriak diren epaiekiko, hots, arau-hauste material bati lotuta agertzen badira.

Hala ere, badago Legearen intereserako helegitea ere, Ministerio Fiskalak tarteratu dezakeena Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean, kasazioaren supostuetan sartu ezin diren bigarren instantzietan emandako epaien aurka, hark jurisprudentzia-doktrina bateratua eman dezan.