Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XVIII. Mendea

Neoklasizismoa XVIII. mendean arte, literatura eta kultur arlo guztietara hedatu zen mugimendua da. Neoklasizismo hitzak klasizismo berria adierazten du, hau da, Erroma eta Grezia zaharra eta idazle klasikoak berriro eredutzat hartzea. Neoklasizismoaren arabera arteak eta literaturak gizartean egiteko handia dute eta irakatsi egin behar dute. Neoklasizismoak gizartea aldatzeko heziketa morala aldarrikatzen du. Ilustrazioarekin batera dator eta arrazoian sinesten du.

Espainian barroko eta barrokoaren ondokoari darraio, apaindura gehiegiz beteak zirenak. Frantziatik sartzen da: Boileau (Art Poétique, 1674) Luzan-ek ezagutarazten du Espainian (Poética, 1737). Lantzen diren genero nagusiak filosofia, politika, gizarteari buruzko saiakera, kritika, teatroa eta alegiak dira.

Euskal Herrian ilustrazioaren eskutik neoklasizismoak indarra hartu zuen. Ilustrazioak neoklasizismoaren didaktismoa bultzatu zuen, batez ere genero batzuetan: teatroa eta alegiak (neurtitzez batez ere). Teatroak jostarazteko eta aldi berean irakasteko asmoa zuen -bereziki herri xeheari, bere jokaera eta ohiturak zuzen zitzan-. Ilustraturek arautegi neoklasikoa eta "hiru batasunen" (ekintza, tokia, denbora) araua ezarri zuten; ez estu-estu, hala ere. Komedia eta batez ere opera komikoa landu zuten, frantses eredukoa. Teatro hau, ordea, ez zen herri xehearentzat, ilustratuentzat, zaldun eta elizgizonentzat baizik, hots, goi-mailakoentzat. Teatroan X. Munibe, Peñafloridako kondea nabarmentzen da.

Alegia ilustrazio garaiko genero eredugarrietarik bat da, neurtitzetan bereziki. Bergarako Mintegirako idatzi zituen Samaniego arabarrak bereak (Fábulas Morales, 1781ean I. lib.) eta Ibañez de la Renteria lekeitiarrak (Fábulas en verso castellano, 1789an I lib.; 1797an II.a). Genero hau Mogeldarrekin sartzen da euskal literaturan, beranduxe bada ere. Hain zuzen, J. A. Mogelek hitz neurtuzko alegiak aurkeztu zituen ilustratuak biltzen ziren Adiskideen Batzarrean, argitaratzeko asmoz, nahiz ez zuen lortu. Bestenaz, ilustrazio giroko zenbait poesia ere badira (ik. Kantuak eta Neurtitzak).

Xabier Munibe azkoitiarra, Peñafloridako Kondea, euskal ilustrazioaren arima izan zen. Zientzia eta letretako ikasketak egin zituen Toulousen. Ekimen handiko eta alderdi aunitzeko gizona izan zen: ideologoa, politikaria, jakintsua, musikalaria, teatro jokalaria, idazlea etab.

Adiskideen Batzarrea edo Elkartea erakundea sortu zuen 1764an, euskal kultur erakunde garrantzitsuenetarikoa Euskal Herriko historian. Adiskideen Batzarrearen emaitzarik preziatuena Bergarako Mintegia izan zen, kapareriaren semeak hezteko sortua. Ahalegin nagusienak teknika eta zientzia ikertzeari eta ezaguera zabaltzeari, eraberrikuntzari eta Euskal Herriaren aurrerapen eta ongi-izate orokorrari zuzendu ziren, "Irurak bat" goiburu zutela. Literaturaren edo arteen arloko emaitzak, ordea, apalagoak izan ziren.

Obrak:

Gabon-Sariak (1762). Gabon kantak dira baina ohikoak baino landu eta apainduagoak. Neurkeran ahapaldi desberdin anitz dituzte: segidillak, ariak, koplak... Ilustrazioko ideiak agertzen dira: nazio arteko anaitasuna, lanaren eta jakintzaren balioa, bakearen beharra aurrerakuntzarako... Obra honekin euskal literatura l ilustrazioan sartzen da.

El Borracho Burlado, Opera Comica, en Castellano y Bascuence (1764). Mozkorti baten eskarmentua du gai, lotsaren bidez lortzen dena. Balio dramatikoak eta literarioak ditu: Txanton Garrote pertsonaia nagusia barregarria da, hizkuntza molde eta neurkera bakunak dira eta herri sundazko esaera zahar eta esapideak ageri dira. Bergaran antzeztu zuten arrakasta handiz, kondea bera izanik zuzendari eta antzezleetariko bat. Hitzaurrean egileak ohartarazten du lan osoa euskaraz eman nahi izan zukeela, baina euskalki kontuak eta antzezleei egokitzeko eragozpenak zirela-ta, ezin izan zuela hori egin. Alderdi dramatikoa gaztelaniaz dago ia osorik, eta euskaraz, aldiz, kantatua den partea. Egilearen esanak gorabehera, baliteke Munibek bi hizkuntzak nahita erabili izatea, gehienek euskara ulertuko baitzuten, eta gaztelania zer esanik ez.

Muniberen euskara bere sorterrikoa baino zabalagoa da, badu Larramendi eta Kardaberazen. En Gabon-sariak eragina, eta beste euskalkietako hitz eta formak ere badira, batez ere bizkaierazkoak. Gabon-sariak-en, ordea, tokiko hizkerak eta hitz berri larramenditarrek esku handiagoa dute.

Muniberen euskarazko lanak hitz neurtuzkoak dira, eta egileak bere burutik sortutako doinuekin kantatzekoak. Gaztelaniaz gehiago idatzi zuen (kritika, gutun edo saiakera kritikoak, opera komiko bat eta poemak).

Antzerki labur bat idatzi zuen Joakin Maria Alzibar-Jauregi azkoitiar familia leinargitsu eta aberatsekoak, eta Altzibar etxeko sukaldean antzeztu zuten 1772an: Grand tourra. Duela urte gutxi aurkitu eta argitaratu zen (2007). Europako hiriburuei buruzko hitz-aspertua da, Ilustrazioak Europan zabaldutako espiritu berriaren erakusburua. Entremes moduko hau komikoa da; pertsonaia ezjakinek eragiten dute barregarritasuna eta etxe onekoak irakasten (aristokraziaren egitekoa zen jende xehea heztea). El Borracho Burlado-ren kasuan bezala, etxe onekoen atseginerako antzeztuko zen antzerkitxo hau ere.