Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XVIII. Mendea

Hegoaldean XVIII. mendean hasi zen euskarazko liburuen ekoizpena, Iparraldean baino askoz beranduago. Gainera, eliz-liburuetara mugatu zen. Izan ere, gaztelania zen letra-hizkuntza, euskara irakaskuntzatik kanpo zegoen. Larramendiren gramatika eta hiztegiaren eraginez, mende erditsutik aurrera gipuzkera literarioa sortu eta garatu zen. Kardaberaz eta Mendiburu jesuitek erlijio liburu ugari argitaratu zituzten. Haien eragina nabaria da Ubillos eta Lizarraga Elkanokoagan. Azken honek hegoaldeko goi-nafarreraz idatzi zuen.

Andoainen sortua, jesuita, Salamancako Unibertsitatean- irakaslea. Hiztegigilea, gramatikalaria, kritikaria, predikalaria, teorikoa politikan etab. Obrak:

El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Salamanca, 1729).

Diccionario Trilinguë del Castellano, Bascuence y Latin (Donostia, 1745)..

Euskararen etorkiaz: De la antiguëdad y universalidad del Bascuence en España (1728).

Euskal Herriari buruzko idazlan historiko-politikoak: Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (1736). Askoz geroago argitaratu zen Sobre los fueros de Guipuzcoa (1983).

Corografía o descripción general de la M.N. y M. L. Provincia de la Provincia de Guipuzcoa askoz geroago argitaratu zen (1882). Idazlan hau Gipuzkoa eta bere ekonomia, izakera, bizibide, jolas, erlijiozaletasun eta hizkuntzaren deskripzioa da. Euskaraz Mendibururen Jesusen Bihotzaren Debozioa-ri hitzaurrea (1747) eta sermoi batzuk ere idatzi zituen Larramendik. Etorri handikoa agertzen da, diztiratsua, erretorikoa, ugaria eta aberatsa hitzetan, umoretsua ere bai.

  • Larramendiren eragina eta gipuzkera literarioaren sorrera

Larramendik bere gramatika (1729) eta hiztegiaren bidez (1745) euskara kultura hizkuntz bihurtu nahi izan zuen. Bere hiztegiak, obra erraldoia, eman dio Larramendiri ospea. Hitzak euskara idatzi eta mintzatutik jaso zituen, baina beste asko, larregi, asmatu ere bai: hitz teknikoak edo jakintza arlokoak, hain zuzen. Larramendiren eraginez, euskara idatzia (dotrina-liburuak) eta are mintzatua (sermoiak) hobetu egin ziren eta duintasun bat jaritsi zuten.

Larramendi, maisu ezagutua izan zen bere garaian eta eragile handia euskal literaturan ehun urtez eta gehiago, Hegoaldean batez ere baina Iparraldean ere bai. Hiztegigileen iturri izan zen XVIII eta XIX. mendean, Pizkunde garaian bereziki entzute ona izan zuen, baina, ondoren, XX. mendean, jaitsialdia.

Larramendiren eraberrikuntzaren ondorioz gipuzkera literarioa sortu zen, ondorengo idazleek (Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos) garatu zutena.

Kardaberazek eta Mendiburu predikalariak ziren eta erlijio liburuak ateratzeko asmoa hartu zuten. Haien liburu gehienak otoitz eta debozioliburuak izan ziren, euskara ulerterrezean idatziak.

Gipuzkerazko liburugintzak gorakada izan zuen XVIII. mendearen. erditsutik aurrera. Baina mende bukaeran beheraldia etorri zen. 1766an euskal liburuak argitaratzea, are erlijio liburuak, galerazi egin zuen Aranda ministroak. Argitaratzeko baimena korrejidorearen edo eliz agintarien eskutan zegoen, eta hori eragozpen handia izan zen, diru arazoez gainera.

Hernanin jaioa, jesuita, Jesusen Bihotzaren debozioa zabaltzen eta Kongregazioak eraikitzen jardun zuen. Euskal liburugintzaren bultzatzaile eta zabaltzaile izan zen.

Dotrina, aszetika eta otoitz liburu idatzi eta argitaratu zituen. Bestelako obra batzuk ere idatzi zituen Kardaberazek. Ospetsua da euskara eta haren ikasbidearen gainean idatzia: Euskeraren berri onak: eta ondo eskribitzeko, ondo irakurteko, ta ondo itzegiteko Erreglak (1761), euskal erretorika deitua izan dena. Zuzen eta ongi mintzatzeko eta idazteko arauak ematen ditu, euskal erretorika naturalaren ereduak eskainiz. (Kristauaren ) Kortesia izenekoak (1745-1767 bitartekoa) mutikoen jarduerak eskolan eta etxean, kalean eta elizan nolakoa izan behar duen erakutsi nahi du.

Kardaberazen gipuzkerak mendebalderunzko (bizkaierarunzko) joera du. Lexikoan ez da garbizalea, Mendiburu den bezala. Baina bizia eta ugaria da. Kardaberaz oso irakurria izan da beti.

Oiartzungoa, jesuita, hizlari handi eta ospetsua. Moral estua erakutsi zuen euskal dantzak eta zezenak zirela-eta Larramendirekin izandako eztabaidan.

Obra ezagunenak:

Jesusen Bihotzaren Debozioa (1747), itzulpen edo moldaera, aldez behintzat. Bigarren edizioak (1751) nafar euskara kutsua areagotu zuen; edizio horretan nabaria da lapurtar idazle klasikoen eta bereziki Etxeberri Ziburukoaren antzekotasuna.

Otoitz-gaiak , 3 liburukitan (1759-1760).

Maisutzat ezagutua, ospea eta eragina izan zuen Ubillos eta ondorengoengan (J. A. Mogel, Agirre Asteasuko, G. Arrue). Hiztegian garbizalea da Mendiburu, nahiz ez Larramendiren hitz berrien zalea. Berrizalea da atzizkietan, aberatsa adizkietan, landua joskeran eta hitzordenan, erraz eta dotore darabil hizkuntza, estilista da. Zurrun xamarra eta motela ere bai, ordea, esaldi luzeak jarri ohi ditu eta ez du indarrik.

Kristau doktriñ berri-ekarlea (1785). Liburu honek ospe ona izan du. Fleury-ren Catéchisme Historique-ren itzulpena da, gaztelaniatik, esaldiz-esaldi; ez hertsiki lotua, ordea. Lexikoan garbizalea da Ubillos, eta ez bereziki eta beti Larramendiren hitzak erabiltzeagatik. Hizkera landua, hautatua eta aberatsa du, jatortasuna galdu gabe. Axular, Larregi eta Mendibururen eragina du.

Joakin Lizarraga Elkanon sortu zen (Egues ibarra). Apaizgo osoa bere herrian eman zuen, eta bere mintzagaiak idatziz prestatzen zituen elizkizun eta kristau hezibiderako. Haren idazlan ugariak Kardaberaz eta Mendibururenen antzekoak dira edukiaren aldetik; hizkuntzan eta idaztankeran ere Mendibururen tankera du. Argitaratzeke gelditu ziren eta gehienak XX. mendeko azken bi hamarkadetan argitaratu dira. Urteko Igande guztietako Platikak edo Itzaldiak (1846), Pascual Iturriagak gipuzkera kutsua erantsita argitaratu zuen.

Lizarragaren garrantzia hizkuntza aldetikoa da batez ere: "goi-nafarrera hegoaldekoa" izendatu ohi den euskalkiaren lekuko da; egun desagertua da baina eta egile honen garaian Iruñerriko inguru osoan hitz egiten zen eta eremuz euskalki zabalena zen. Aberastasuna darakusa adizki eta hiztegi aldetik, batez ere nafarrerazko hitzetan. Idaztankeraz oparoa da.